Gorpuak azaleratu ziren mangladian. Goiz batean, bat iritsi zen, biluzik, puzturik, aurpegirik gabe, seguruenik karramarro eta arrainek jana baitzuten. Gero, beste batzuk azaldu ziren, argi-txinta bakoitzarekin batera, eta molde berean: eskurik ez, garunik edo begitarterik ere ez. Orduan, herriak galdetu zion emakumeari ea zer gertatzen ari ote zen. Batzuek ahopean zioten barnealdeko Jandui erreginaren eta haren emakume gerrarien biktimak zirela. Oso atsegin zituzten emakumeok galegoek, orain, harroxko, uretan eta zuhaitzetan nagusi zirela uste zuten galego horiek. Beste batzuek hotsa zabaldu zuten apika portugesen Ama Birjinak, fedeaz arnegatzeagatik, itotako sinesgabeak zirela.
Egiaren bila, emakumeak herrixkatik alde egin zuen egun batzuetarako, norbaitek esan zuen Abaçaíri gomendioa eskatuko ziola. Xurema sakratua eraman zuen berekin, eta gorputza margotu zuen joandakoen memoriarekin. Zargaldurik itzuli zen, eta denen aurrean hitz egin zuen. Maistrek Ipuriara gosetua ikusarazia zioten lokatz artean igerian, baina orobat erakutsia zioten zein zen Gaitzik Gabeko Lurralderako bidea. Orduan, denak isildu ziren. Gaitzik Gabeko Lurraldea. Denek zuten gogoan nola lagundu zieten maíra galegoei portugesak azpiratzen eta jesuitak herrixkatik kanporatzen. Burdinazko eta bolborazko hitzak amaitu ziren. Infernuak eta pekatuak. Orain, maíra horiek beroriek oihana txikitzen zuten, eta ontziak ekartzen hondartzetaraino, gau zohardiaren koloreko gizon-emakumez zamatuak. Galiziako Errepublikaren eta Indietako Galiziar Konpainiaren izenean jarduten zuten. Agian Gaitzik Gabeko Lurralderako bideari esker beste etorkizun bat egongo zen, agian...
—Nahasmendua oso zuhaitz gora da —esan zuen emakume gazte batek.
Emakumeak baietz egin zuen buruarekin, hitzok entzunaz batera. Laztan egin zion. Elkarrekin joango ziren biak Konpostela Recifekora, eta han gobernadorearekin hitzordua eskatuko zuten; lehenago ere itunak sinatuak zituzten gizon bizardun harekin. Horrenbestez, bideari ekin zioten zenbait egunez. Zeruertz berde azkengabeak zeharkatu zituzten. Xendra bakartiak urratu zituzten. Coaçúaren eta xatobáren fruituez elikatu ziren. Xenipapoaren zuku mingotsa edan zuten; sua larruazalean, elkar maitatu zuten, bakar-bakarrik. Eta isil-gordean zeharkatu zituzten beste herri batzuen lurraldeak, gerra ez pizteko eta helduak ez molestatzeko. Harik eta, azkenean, zenbait egunsentiren ondoren, hiria begiztatu zuten arte harresiaren atzean tente. Hala, bada, Santiagoko ateak igaro zituzten gorputzak margoturik eta ilea edergailuz beterik.
Hiria borborka ari zen kale jendetsuetan. Kiratsak moteldu egiten zuen entelegua, eta zuhaitzak gerizperik gabeko hormak ziren. Soldaduez gainera, berak bezalako beste emakume batzuk ere ikusi zituzten, dagoeneko europar erara jantziak, baita esklaboak ere emakume zurien itzalkinak eramaten eta, jakina, gizon beltzezko ilarak salgai-garraioan moilatik hirira. Odolaren sunda sumatu zuten berehalakoan, eta, kasualitatez, biei mandacarúaren loreetara joan zitzaien gogoa, halako tristura handia uxatzeko. Hurrena, zubi luze bat zeharkatu zuten, uharte bateraino. Emakume gazteenak txunditurik zirudien, etxeak eta animaliak ikustean eta padura harrizko eta zurezko arkutan jauzika gainditzen zuen enbor erraldoi haren gainetik ibiltzean. Besteak bazekien nora joan. Ezagutzen zuen hiria, eta aise mugitzen zen kalezulo eta etxarteetan barrena. Gazteenak galdetu zionean noiz izana zen han lehenago, mundu jendetsu hartan, emakumeak erantzun zion ez zuela inoiz etorri behar izan zurien artera. Europarrek beti aurkitzen zituztela eurak lehenago, metal horiaren, azukrearen eta zur gorrixkaren ugaritasunak akuilaturik. Xurema sakratuak erakutsiko zizkiola, nonbait, harainoko bideak, bere izatearen harrotasuna eta memoria babestuaz batera.
Gobernadoreak erabaki zuen erregina indiar hari harrera egitea, urte batzuk lehenago lagundua baitzion portuges eta gaztelauen aurkako borrokan. Neurri batean hala jokatu zuen Errepublikak ikuskatzaile nagusia bidalia zuelako Konpostelatik Konpainia eta urrutiko lurralde haiek fiskalizatzeko. Emakume funtzionarioak iritzi ona eraman beharko zuen salbaien artean bera eraikitzen ari zen hiriaz. Asmo horretan, dagoeneko erakutsiak zizkion zoologikoa, kale harriztatuak, kanalak, sinagoga... Orain egiaztatuko zuen zeinen tratu abegikorra ematen zitzaien indigenei. Gogoetari lotu zitzaion. Gobernuaren Jauregia eraikin laukizuzen bat zen, bi dorre gora zeuzkana, bata farola eta bestea behatoki astronomikoa; Bost Punten Gaztelutik gertu zegoen. Ondo pentsatu beharra zeukan non harrera egin indiarrei, eta ikuskatzaileari, zirrara eragiteko. Horrenbestez, audientzien aretoa aukeratu zuen, peroba arrosazko oholez eta lurralde miragarri hari buruzko margolan koloretsuz hornitua. Azala margoturik zekarten bi natiboek, ikur estrainioak edergarri, janduíen tribu apika etsaiarenak ez bezalako ikurrak. Gobernadorea eserita zegoen aulki altu batean, eta ttotto bana eskaini zien bi emakumeei. Zutik, itzaletan erdi gordeta, Errepublikako ikuskatzaile nagusia begira zeukaten salako zokondo batetik.
—Ipuriara izugarria elikatzen ari zarete hildakoekin —esan zuen natiboak.
Gobernadorea deseroso sentitu zen, ozta-ozta ulertzen zituen sineskeriak aditzean. Kolpean, nerbiostu egin zen, ikuskatzaileak zer pentsatuko ote zuen, emakumeak, itxura batean, zinez sinesten baitzuen Galiziako Ermandade Santuen Errepubliken justiziaren printzipioetan.
—Ikusi zaituztet emakume esklaboen haragi umiliatua mangladira botatzen.
—Ikusi zaituztet oihaneko emakume kalituen gorpuak uretaratzen.
Gobernadorea zutitu egin zen sumindurik. Nolatan zekien halakorik indiar hark?
—Etorri naiz abertitzera Ipuriarak, zuek iratzarritako gizarrain beldurgarriak, irentsi egingo gaituela denok erremediorik gabeko izurri batean.
—Etorri naiz eskatzera zuek kutsatu eta hiltzen zaituzten eduki-nahi horrek eragindako sarraskia bertan behera uzteko.
—Litekeena da honezkero berandu izatea.
Orduan natiboak zutitu ziren. Bekoz beko begiratu zioten ikuskatzailearen aurpegi gordeari, eta ohartu ziren emakume-ñiñi haietan ere bazela bestelako lurralde baten ametsa. Gobernadoreak isilik jarraitu zuen, haiek geldiarazten ausartu gabe ere. Segituan, ikuskatzaile nagusiak ulertu zuen, begiak itxiz, bi emakumeek Gaitzik Gabeko Lurralderako bidea zeramatela beren barruan. Berak, Konpostelan neska koskorra zenetik, bizi osoan bilatutako huraxe.
Itzultzailea: Iñigo Roque Eguzkitza