Aspaldi zuen ikastolako patioan haren presentziaz ohartua nintzela. Hasmentan, pentsatzen nuen idorreriak joa zegoela, ezpainak irribarre betiereko batean hormatuak eta begiak zabal-zabalik, motots batean bildua zuen ile gorriak azala tenkatu eta betazalak jaustea galaraziko balio bezala. Geroago ulertu nuen aurpegiko giharrak mugitu ezin hura ez zitzaiola hertzeen funtzionamendu akastunetik heldu, ederra izateko eginahaletarik baizik. Haren kontura egiten nuen irri Mikelekin, nik bezala gustuko baitu Mikelek jendearen gaineko maltzurkeriak erratea, eta oraindik gustukoago jendea harroa bada.
Lagun ona da Mikel. Bizkorra. Enpatia falta du gabezia nagusia, baina lagun ona da; ezagutzen dudanetik seguru izan naiz noizbait problemarik izanen banu, lagunduko lidakeela inolako zalantzarik gabe.
Informatikaria da. Mundu irreal batean bizi da, argot niretako ulertezina ahoan duela beti. Nire txisteren batekin irri egin ondotik, berehala bueltatzen da bere maitasun bakarrera, dela programa baten bertsio berriena zer egiteko gauza den azaltzeko, dela sare ilunean zer-nolako gauzak eskuratzen ahal diren kontatzeko. Hain zuzen ere horregatik, buruan makinak, programa eta mundu birtualak bertzerik ez duelako, ez du enpatiarik, nire ustez; ikastolara semea jasotzera etortzeko astia izatea ere aski harrigarria gertatzen zait.
Ni, aldiz, arrunt enpatikoa naiz; hori dela eta, orain ez dut ilegorriaren gaineko txantxarik egiten, nahiz eta badakidan gure arteko txiste maltzur horiek berriz solasera ekarriko banitu, Mikelek irri eginen lukeela, edo, irririk egin ezean, ez lidakeela kargurik hartuko. Baina ez dut txantxarik egiten: hiru egun dira Ander desagertua dagoela, Mariaren semea, haurra desagertu zenetik gure gaiztakerien jomugak Maria duela izena ikasi baitugu. Izena ikastearekin batera akaso humanizatu egin zaigu lehen eskolako patioan figura irri-emangarri bertzerik ez zen hura, baina, tira, haren izenaren arrastorik izan ez banu ere, berdin-berdin errukituko nintzen haren penaz, ederki ulertzen baitut zer den haur bat sufritzen ari dela jakitea eta horren kontra deus ere egin ahal ez izatea.
Arras ongi dakit zer den hori, hain ongi ezen, enpatiak bulkatuta, besarkada bat eman nion Mariari atzo; egiazko besarkada, erran nahi baita, benetan sentitua, Ander haren semea batere gogoko ez dudan arren, kontu ezaguna baita mutiko problematikoa dela, oldarkorra eta gaizki hezia. Ikastolan guziek dakite, tira, jakin nahi duten eta ez ikusiarena egiteko hautua egina ez duten guziek badakite Ander abuson samarra dela, bullya erraten zaio orain. Horrelakoak dira bai Ander bai haren bi anaiak. Ez dira guti Anderren bromak direla medio gaizki pasatu duten haurrak, zeren, bai, haren amaren arabera, bromak dira kaltetuen gurasoek umiliazioak deitzen dituzten haiek; hala erran zion, hitzez hitz, ilegorriak berak Celiari, hau kontu eske joan zitzaiolarik, Anderrek Maddiri, gure alabari, errana baitzion neska higuingarria zela, alu zikin iletsu baten urrina zuela eta inork ez zuela sekulan bera gogoan kanpaia jotzeko gogorik izanen. Hala kontatu zidan Celiak ikastola ondoko kafetegi batean astero behin ere hutsik egin gabe egiten zidan txostenean, eta nola Maddiri azaldu behar izan zion zer zen kanpaia jotzea; halaxe kontatu omen zion mutikoaren amari ere, baina jaso zuen erantzuna izan zen baietz, aitortzen zuela mutikoaren txantxak gustu txarrekoak izaten zirela batzuetan, baina Ander gizajoa horrelakoa zela, beharbada zakarra bai, baina maltzurra ez, halere eskatuko ziola Maddiri horrelakorik ez errateko, kontuan izan zezala neskatikoak ez zituela broma horiek ulertzen.
Hori guzia, jakina, oraingo tragedia gertatu baino lehen izan zen, artean ilegorriaz ez ezik haren senarraz ere gaizki erranka aritzen ginen tenorean. Gizona gutitan etortzen zen ikastolara, baina guk orangutan goitizena paratu genion ikusi bezain fite, neurri batean Mikelen konplizitatearekin ergel-handien familia haren bizkar irri egiteko plazer hutsagatik, baina neurri handiago batean Celiak egiten zizkidan txostenek sentiarazten ziguten amorrua nolabait arintze aldera, ez baitzuen iduri ez irakasleak ez eskolako bertze inork fundamentu egiteko asmo handirik zuenik, non eta ez zen ikasleei enpatiari buruzko alferrikako diskurtsoak entzunaraztea.
Naski hobe zukeen Mariak diskurtso horietarik zer edo zer aditu izan balu, arrunt sentiberatasun guti erakutsi baitzuen jazarpen gordina zenari broma deitu zion egunean. Ni, berriz, alferrik ibiliko nintzen saio haietan, zeren, errana dut lehenago baina gustatzen zait nire izaeraren nolakotasun hori nabarmentzea, betidanik izan naiz enpatikoa. Hartara, Maria gustuko ez izan arren, eta Ander nolakoa den xarmanki dakidan arren, atzo besarkatu egin nuen ilegorria, bere sufrimendua noraino konpartitzen dudan jakin zezan. Fuerte estutu nuen, nire enpatia sentiarazi nahirik.
Gaur goizean musu eman diot alabari eskolako atean, eta hirugarren aldiz gogorarazi diot, aste honetan aitarekin tokatzen bazaio ere, eguerdian aitatxi eta amatxi etorriko zaizkiola eske eta lo egitera ere haien etxean geldituko dela. Tarrapataka abiatu naiz bankura; gero, etxean, gauzak poltsa batean biltzen ibili naiz. Bururatu zaidan guzia: nabalak, mailu zahar bat, bi jostorratz luze, iskilinba batzuk. Nolanahi ere, gauza franko izanen ditut baserrian. Nabala handiak, igitaiak, daratuluren bat, bihurkinak. Motozerra bat. Ama hil zenetik hutsik dago, baina tresneria guzia han da oraindik.
Dirua gutun-azal batean sartua eraman dut; horrela, arratsean, zuzenean Mikelenera joanen naiz, berriz ere etxetik pasatu behar izan gabe. Naski nekatua itzuliko naiz, baina uste dut Mikelekin mozkortuko naizela. Harengan pentsatzen joan naiz autoan. Adiskide ona da. Laguntza behar duzularik uzten ez zaituztenetarik. Hori ospatzeko, trago batzuk hartu behar ditugu, zer demontre, sare ilunaren gainean zenbat dakien azaltzen didan bitartean.
Bidaia motza egin zait. Baserriko atea zabaldu eta zerritegiko atera hurbildu naiz. Kaka urrina sumatu dut lehen. Ondotik, hezetasunaren arrastoak ikusi ditut mutikoaren galtzetan eta mazeletan, isurkari diferenteek utziak. Sokak askatzeko egindako borrokaren seinaleak ere bai, esku-muturretan. Iduritu zait zerbait xuxurlatu duela. Maddiren aita zara, edo horrelako zerbait, eta ni ezagutzearekin batera itxaropen izpi bat piztu zaiola bisaian. Ezinbertzean, pena pixka bat sentitu dut aliketak bilatzen ditudan bitartean, zeren, gauza ororen gainetik, ni enpatikoa naiz.
santi leone puncel
(Iruñea, 1972). Idazlea eta historialaria da. Nafarroako foruen inguruan egin zuen doktoretza tesia, eta, historiaren alorrari lotuta, bi saiakera liburu ditu argitaratuak: Euskal Herri imajinario baten alde (2008, Elkar) eta Euskal Herria XIX. mendeko bidaia-liburuetan (2009, Alberdania). Narratiban, berriz, 2022an plazaratu zuen estreinako lana, Liztor mutanteak narrazio liburua (Susa). Munduko Poesia Kaierak bildumaren barruan, Saint-John Perse poeta guadalupetarraren poemak ekarri zituen euskarara 2021ean, eta hainbat hedabidetan ere kolaboratu izan du, besteak beste BERRIA egunkarian.