Danger

Danger

Susana Sanchez Arins. Vilagarcia de Arousa, Galizia, 1974. Filologia hispanikoa eta portugesa ikasi zituen lehenik, eta literatura konparatua gero. Irakasle da ogibidez hezkuntza sare publikoan. Xose Maria Perez Paralle Poesia Sari Nazionala irabazi zuen, 2008an [de]construçom lanarekin (Espiral Maior, 2009). Haren atzetik etorri dira Aquiltadas (Estaleiro Editora) eta A noiva e o navio (Atraves Editora), 2012an: seique (Atraves Editora), 2015ean; eta Carne da minha carne (Apiario Editora) eta Tu contas e eu conto (Atraves Editora), iaz. A Sega literatur kritikarako plataformako kidea da.

jarraia169825.jpg
Susana Sanchez Arins.
2019ko abuztuaren 11
12:03
Entzun

Maribel sartu da. Besterik gabe, atea jo edo arratsalde on esan gabe:

—Ez ditugu aurkitzen umeak. Hor al daude?

Eta bila hasi da. Dagoeneko bere etxe osoa arakatua du, sototik ganbararaino, ataria, Virucharen eta Batámen etxeak ere bai.

—Teleklubean?

—Itxita dago, eta ez daukate giltzarik.

—Atzeko landara joaten dira, baina, turrustako iturrira.

Hara joan da Irene, ea umeak teleklubean zeuden ontziekin jolasean xirripa eta osinetan. Umeak bi dira, izan, baina orain hiru daude. Manuel eta Bárbara dira herrixkako azken umeak. Adinkiderik izan ez, eta nagusiagoen atzetik ibiltzen dira beti; alegia, gure atzetik. Guregana etortzen dira gure plana zeinahi dela ere. Musika entzuten ari bagara, gurekin esertzen dira entzutera; Pablorekin barreka ari bagara, haiek ere hasten dira barrez, zirtoak ulertu ez arren; garajean txirrinduekin ari bagara, hantxe lotzen zaizkio mekanika ikasteari. Pin-ak esaten diegu, txikiak eta lapazorriak izateagatik. Hileon, Luis elkartu zaie, Venezuelatik heldu berria duten lehengusua. Han gauzak ondo ez daudenez, Fojora bidali dute ikasturte osorako.

—Ez ziren, ba, eskolara joango? Luisi erakutsi nahiko zioten, beharbada.

Kostatik Lalimera doan kamioak bi zati egiten du herria. Muga zeharkaezina izan da haurrentzat beti. Eskola alderdi batean geratzen zen; gu, bestean. Oinez joaten ginen, aitak lagundurik. Arin-arinka ailegatzen ginen marra zurietara, braust gelditu, nagusiaren zaintzapean betiere, eskuinetara begiratu, ezkerretara begiratu, eta adi, autorik ez datorrenean! Aita ez zetorrenetan, amona Lola ateratzen zen etxetik, bestela bezala beti, bilobari itxaroteko aitzakian, hark bidea zeharkatu behar ez bazuen ere, gu begiratzera. Halako jokamoldea lege da oraindik han. Eta indarrean dirau helduren batek lagundu gabe errepidea zeharkatzeko debekuak. Hala ere, badaezpada, Venezuelako lehengusuak parte txarreko eragina izan bailezake, han joan da Xurxo eskolaraino.

Maribelek kirioak airean dauzka. Zigarroak bata bestearen atzetik erretzen ditu.

—Ai, nebak baleki! Eta bera Caracasko kaleen beldur izan!

Gure amak infusio bat prestatu dio. Bitartean, herrikoak, ehizan, sakabanatu egin dira.

—Zer beste leku erakutsi diozue?

—Etxolak egitera joango ote ziren. Lehengo astean, kastro txikira eraman genituen.

Eta han joan gara Carmela eta biok, Melhako pistan barrena. Juanitoren etxerako zidorrean barrena abiatu gara: alde batean, eukaliptoak; bestean, adreiluzko hormak zerratokiaren parean.

—Gogoan duzu Josek, andaluzarenak...?

Carmelak arriskua aipatu du. Jose zerratokian sartu zen, ezkutatzeko eta besteoi sustoa emateko asmotan. Amak dena ikusi zuen sukaldetik. Ez zuen astirik izan garrasika esateko egur metatik jaisteko. Piloko enborretako bat erori zitzaion gainera, eta zanpatu egin zuen. Azkenean, hanka bat hautsi zuen, besterik ez, baina harrezkero zerratokia ere eremu debekatua bihurtu zen.

—Bueltakoan sartuko gara bistadizo bat ematera izua uxatzeko esperantzan.

Ezkerraldeko sastraka eta arboladietan kirik egin dugu. Gure ezkutuko etxoletako batzuk, udaldikoak, han egiten genituen, gu baino handiagoak ziren iratzeen artean (atera kontuak zein txatxarrak ginen). Umeak makurtuta egon zitezkeen, eta hots egin diegu, aurrera segitu ahala. Kastro txikian, haritzek beren lekua berreskuratzen dute, leku sakratuei zor zaien begirunea gordez edo. Kastro txikia, berez, mámoa motako hilobi neolitiko bat da, goragune bat gaztelu, jauregi nahiz gotorlekuak egiteko edo altxorrak bilatzeko aukera-aukerakoa. Gainaldea urraturik eta hondoraturik dago, eta aterpe ezin hobea da ezkutaketan jolasteko. Eta misterioarekin batera arriskua ere badago: handik metro gutxira pirotekniaren biltokiak daude, bolboraz mukuru, denik eta txinpartarik mendrenarekin lehertzeko gertu.

—Jakingo al dute ezin direla dinamitaren gordegietara hurreratu? —oraingoan neuk.

Kastro txikiaren tontorretik hots egin diegu, izenez. Antzeko oihuak aditzen genituen handik, errepidetik eta Currásko pistatik. Bidean barrena, Agrelo parean, Iñaki zihoan, Javier Ferrimekin, badaezpada otu ote zaien maiz bisitatzen genuen zizalarrera joatea. Han baizik ezin genituen ikusi amanitak, haien txapel gorria, azal zuria eta pozoi haluzinogenoak.

Currásko soroetatik Irene eta Pabloren ahotsak aditzen genituen. Beldurra larriagotu da. Nolatan ez dute erantzuten? Denok aditzen genion elkarri. Eta haurrak, hala ere, isilik.

Ama eta Maribel etxean zeuden oraindik. Mahaian, hautsontzian, hamar zigarroren mutxikinak; ondotxoan, hiru ezki-lore zorrotxo. Kalera irteten ari zirela iritsi gara.

—Kaperan elkartuko gara. Erabakiko dugu non bilatu.

Abiatu gara, eta Fina Batám batu zaigu.

—Lastategian ere begiratu dut, eta labearen estalpean, baina ez daude han.

—Ez zituen, ba, inork eramango?

—Harritzekoa da txintik ere ez esatea.

Herriko guztiak iristen hasi gara kaperaren aurreko plazara. Ferrimtarrak, batámtarrak, maisuarenak (gu), soutotarrak, Pereirarena, esnezalearenak, bikienak, Marinarenak… Parte eman dugu.

—Eskolan ez zegoen inor. Bempostaraino jaitsi naiz, eta Felisa tabernakoak ez du ikusi holako haurrik.

—Ez dut txokorik utzi miatu gabe Juanitoren etxetik Montoiroreneraino…

—Hobe dugu guardia zibilari deitu. Laster ilunduko du, eta orduan bai zaila bilatzea.

Horretan, barre batzuk aditu ditugu. Kaperaren atzealdetik zetozen, errepide aldetik. Herri-batzar osoak buelta hartu du, ume-algaren aldera. Hiru iruditxo agertzen ikusi ditugu. Stand by Me filmeko umeak ziruditen: Bárbarak Peppa Pigen bere motxila zeraman, eta makila batek lagunduta zihoan, erromesen pare; Luisek beste makila bat zeraman, eta Manuri, zeinak, esploratzaile-prismatikoak samatik zintzilik, taldearen burua baitzirudien, sorbaldetatik heltzen zion. Gelditu egin dira, zain zeuzkaten hogei aurpegiei erreparatu bezain laster; batzuk irribarretsu zeuden, beste batzuk deseroso, besteak arindurik.

—Ama, turismoa egitera joan gara Luisekin!

—Santo Antónioko iturrira eraman dugu.

—Hiru uhandre eta zapaburuak ikusi ditugu, eta hankak sartu ere bai, hondoa ikusi ez arren…

—Nik ez, nazka ematen dit. Ura iluna da.

Inori ez zitzaion bururatu Susoren etxeraino jaistea edo iturria arakatzea. Gure ama ikusi dut Maribelengana hurbiltzen eta eskua besoan ezartzen.

—Ez kutsatu zure beldurra. Ez dezatela jakin.

—Loreak ekarri dizkizute!

Eta Bárbarak eskuan zeraman ilen-sortatxoa eman dio amari.

—Noiztik hona atera zaitezkete etxetik baimenik gabe? esan du halako batean. Zoazte meriendatzera!

Itzultzailea: Iñigo Roque Eguzkitza

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.