esti martinez

Bidegurutzeak

2024ko abuztuaren 25a
05:10
Entzun
(ID_17241634776865) Udako narrazioa, Esti Martinez

EXPRAi

Itziarrek astean behin, eta batzuetan bitan, garbitzen zuen Taxia, astearteetan normalean. Alfonbrak astintzen zituen, eskuko aspiradora bazter guztietatik pasa eta zapi garbi eta busti batekin tapizeriari ematen zion. Noizean behin, garbiketa tuneletik pasatzen zuen. Autoa neutroan jarri, aparkatzeko balazta askatu eta behingoz, irensten utzi. Eskuilen zarata eta aparra kristaletan. Bere lanak eskaintzen zizkion bizioetako bat zen, meditaziorako une bat.

Hamaika aldiz esana zuen bertan ezin zela jan. Zer esanik ez edan. Asteburuetan mahuka azpian ihes egiten zion kubataren batek hurrengo egunean tapizeriak salatzen zuena. Gazteak hiztun abiatzen ziren gauaren hasieran, itzulerarako poltsak izaten zituen eskura. Maite zuen gaueko sosegua, algararik gabeko irratsaioak, bera bakarrik asfaltoan. Egunak beste zarata mota bat zekarren, auzoetako umeak eskolara, errehabilitaziora joan-etorriak. Astearte arratsaldeetan bi ume eta bi bokata eramaten zituen musika eskolara, hori zen jateko salbuespena. Gurasoek eskatu zioten, meriendarako tarte bakarra baitzen. Musuzapi bana ematen zien hanken gainean jartzeko, baina alferrik izaten zen, hatz koipetsuen markak ere agertzen ziren tarteka.

Itziarrek bazekien nork eskatzen zuen elkarrizketa eta nork ez. Juana klinikara eramaten zuen astean bitan eta kopilotuan esertzen zitzaion. Fisioterapia jasotzeaz gain, beste motako terapia egiten zuen klinikarako joan-etorrietan. Sorbaldako kaltzifikazioa gutxienekoa zen semea etxera itzuli zitzaionetik. Josuk Juanaren asteleheneko bidaia probesten zuen meniskotik operatu zutenetik. Baina atzean joaten zen, isilik.

Ohiko bidaiak egiten ez zituen jendea atzean esertzen zen, kortesiazko agurra eta gero, Itziarrek galdera pare bat egiten zituen, erantzuna monosilabikoa zenean, bertan eteten zuen solasaldia. Horrelakoetan kanta-marmarrean aritzen zen, ezezagunekin espazio itxi batean zuen apeta bat zen.

Taxi lizentzia Karlosena zen. Itziar lantegitik kaleratu eta Karlos bi hilabetera jubilatu zen. Noizean behin jasotzen zituen deiak kenduta nahiko finkatuak zituen asteroko bidaiak. Ezusteko gutxi izan zituen, askok arriskuez ohartarazi arren. Asteburuetan izaten zen zalaparta handiagoa, pagatu gabe alde egin edo harropuztu izandako baten batekin taxia gelditu behar izan zuen noizbait. Oraingoz, istripurik ez. Bestela, nahiko lasaiak ziren hiriarteko ibilbideak.

Igandea zen, gaueko 23:30ak. Normalean igandeetan mugimendu gutxi izaten zen eta ez zuen deirik izaten. Sofak irentsita zuen sareko iruzurrei buruzko erreportaje mediatiko batean murgilduta telefonoak jo zuenean. Zerbitzu bat.

Gasolindegian hartu zuen emakumea. Atzean eseri zen. Helbidea galdetu zion, baina erantzuteko bitan pentsatu behar izan zuela iruditu zitzaion.

- Iruñera. – Itziarrek zehazki nora jakin nahi izan zuen. Hirigunean sartzean esango ziola erantzun zion. Inprobisatzen ari zela zirudien, baina auskalo, taxilariak hamaika ikusteko jaioak dira.
- Nola freskatu duen... – bota zuen bezero mota igartzeko. Baina ez zuen erantzunik jaso. Atzerako ispilutik mobilarekin zegoela ikusi zuen. Zenbat elkarrizketa galtzen ziren pantaila horiengatik.  
- Fresko, ezta? – insistitu zuen ozenago. Uda izan arren, gauean freskatzen zuen egun horietako bat zen eta arropa gutxirekin zihoala iruditu zitzaion Itziarri.
- Bai.

Bakean utziko zuen. 3,15 eurorekin abiatu zen taximetroa. Irratiaren bolumena apur bat igo eta kantu-marmarrean hasi zen. Melodia sudurretik ateratzen zen buruan oraindik telebistak aipatutako iruzurrak zituen bitartean. Ezin zuen sinetsi berrogeita hamar pertsona iruzurtzea katuak salmentan zeudela zabaldutako mezu baten bidez. Nola zen jendea horren inozoa? Berari ez zitzaion halakorik gertatuko.

Bitartean taximetroa igotzen zihoan. Emakumearen telefonoa jo eta jo ari zen. Hirugarrenean bolumena kendu zion, baina dardara atzematen zen.  

Wifi konexio seguruak, pasahitzak eguneratzea, ezezagunen mezu elektronikoez ez fidatzea, egiaztatu transferentziak bankuko kontu batera joaten diren... edozein lekutatik heldu zitezkeen iruzurrak.

Mobilari begiratu eta emakumearen arnasa areagotzen zela iruditu zitzaion Itziarri. Normalean ez zuen bezeroak atzerako ispilutik bistaratzeko ohiturarik. Baina emakume horren urduritasuna nabaria zen hasieratik. Ilea lotu edo askatzen ez zuenean azkazalak ahora eramaten zituen.

Iruñera Berriozartik sartu ziren, emakumeak ez zion geldialdiaren berri eman.

- Non utziko zaitut?
- Hurrengo bidegurutzean dagoen eraikin horren aurrean.

Eskatu bezala autoa gelditu eta enbragea askatzearekin batera motorra ere gelditu zen. Itziarrek taximetroa seinalatu zion, 17,60 euro ziren. 20 euro eman zizkion eta Itziarrek bueltak itzultzerakoan eskuak dar-dar egiten ziola nabaritu zuen.

Bezeroa eskatutako lekuan utzi eta geltokia hura ez zela sentitu arren, martxan jarri zen. Mantso abiatu zen, atzerako ispilutik bistaz galdu gabe. Esan gabeko zerbait geratu zen taxi barruan, martxa sartuta lasai uzten ez zuena. Emakume hura arriskuan zegoela iruditu zitzaion eta errotondan sartu zenean bueltako bidea hartu eta bezeroarengana hurbildu zen berriz ere. Oinez zihoan, pauso arinean. Bere ondoan gelditu eta leihatila jaitsi zuen:

- Eramango zaitut beste norabait? – galdetu zion konplizitatez.

Emakumeak ingurura begiratu eta baietz erantzun zion. Eskua bular aurrean jarri eta erpurua ukabilean bilduta zuela erakutsi zion Itziarri.

esti martinez

(Iruñea, 1991). Irakasle ikasketak egin zituen, eta, idazle izateaz gainera, haur hezkuntzako irakasle ere bada, Iruñean. Gaztetan hasi zen idazten, eta 2012tik aurrera hasi zen sariak jasotzen. Urte hartan bertan, aipamen berezia jaso zuen Iruñeko Udalak antolatutako Egile Berrientzako Euskarazko 23. Literatur Lehiaketan. 2015ean, Petri Atarrabiakoa literatur saria irabazi zuen. Donostia Kulturak eta Balea Zuria argitaletxeak antolatzen duten Donostia Kultura Poesia Saria ere erdietsi zuen, eta bere lehen lana atera zuen hala: Azalberritze bat (Balea Zuria, 2018). Animalia domestikoak ipuin bilduma da haren azken lana (Elkar); 2023an kaleratu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.