Hemen nago. Bost minutu daramatza zain mezuak, tira, bost minutu daramatza zain Enekok Nereak mugikorra berriz hartu duenerako. Lanaldia amaitzean aldageletako dutxan sartu-irten azkar bat egitea erabakia zuen, baina uste baino beranduago atera da txandatik, igandea izanagatik ere, igande eguerdia izanagatik ere. Leku batzuetan ez baitauka Jainkoak berak ere egunik harentzat, ez Jainkoak ez beste inork kaferako tarterik, otordurik, atsedenaldirik, lo-ordurik: leku batzuetan makinak ez dira sekula gelditzen.
Atera da Nerea argirik inoiz itzaltzen ez den pabiloi handitik. Kanpoan, goian dago eguzkia. Aparkalekuko autoak joan-etorrian ari dira, txanda-aldaketaren seinale, eta ez du berehala ikusi Eneko gurasoen furgonetaren bolantearen atzean. Hesiaz bestaldera dago aparkatuta, izkina batean. Eskua airean astinduz agurtu du, ez daki ikusi ote duen. Kopilotuaren atea zabaldu, barrura sartu eta musu eman diote elkarri. Motxila atzeko aulkietan utzi du Nereak, janariz betetako poltsaren ondoan. Hamaiketakotik kafea eta ura baino jaso ez dituen urdailean hazi zaion zuloaz jabetu da, eta Enekok ogi-arrailetan pasatutako oilasko-bularki eta piper gorri epelez betetako tuperra eskuetan jartzean listuz bete zaio ahoa.
Asteburua ez den asteburua ahalik eta gehien aprobetxatzeak zera esan nahi du: lanetik atera eta etxetik pasatu gabe laneko arropa motxilan sartu, oporretakoa jantzi eta bidean abiatzea. Dena prest utzi dute bezperan, Eneko tabernara abiatu aurretik: motxilak prest, ahal den guztia furgoneta barruan, hotz mantendu beharrekoak hozkailuan. Igandeetan goiz ixten dute taberna, eta ohe berean elkarrekin pasa dituzte ordu gutxi batzuk gauean; Eneko iristerako Nerea lo, eta Eneko lo Nerea abiatzerako. Hala hitzartu zuten: goizean deskantsatuko zuen Enekok, berak prestatuko zuen bazkaria, eta berak gidatuko bidaiaren lehen partean. Nereak erosketak egin zituen, eta behar izanez gero bigarren zatian berak hartuko zuen bolantea.
Nekeak neke, laburra egin zaie bidea. Beldurra sartu zaio Enekori, kanpinean lekurik ez ote den egongo haiek iristerako eta Esako urtegia pasa eta gutxira baino ez dira gelditu, komunetik azkar batean pasatzeko. Lo arinean pasa du bidaia Nereak, Enekoren gurasoek utzitako CD bat bueltaka eta bueltaka ari dela. Helmugara hurbildu ahala aldatu da paisaia, berdatu, eta mendiak agertu zaizkie inguruan, altuera hartu dute haiek ere, bideak haranean gora egitearekin bat. Astelehena da, eta jende gutxi dago kanpinean oraindik, aukeran utzi dizkiete hiruzpalau lurzati.
Dena prest utzi dute furgonetan: ohea muntatuta, afaritarako tresnak eta jatekoak eskura. Itzalak luzatzen ari dira, baina oraindik egunaren beroa ez du erabat uxatu mendiko haizeak. Igerilekuraino hurbildu dira, elkarri esanez gutxienez oin-puntak uretan sartuko dituztela. Ez dute ia inor gurutzatu bidean. Bungalowetako terrazetan argiak pizten ari dira pixkanaka, zartaginak berotzen, mahaiak prestatzen. Igerileku ondoko tabernaren kanpoaldean aperitiboa luzatzen ari da familia bat. Igerilekua inguratzen duen belardia ia erabat hutsik dago. Uretan aita dirudien gizon bat, alaba dirudien haur batekin jolasean. Haien irri-oihuek eta uraren plisti-plasta hotsek hausten dute azkar datorren ilunsentiak mendi magalean pausatu duen elkarrizketa urrunez eta kilker-hotsez zipriztindutako isiltasuna.
Toalla zabaldu eta luze-luze etzan da Eneko, nagituta. Zuzenean uretara doala esan dio Nereak. Besapetik begira ikusi du Enekok igerileku sarrerako dutxaren hotzarekin nola bihurritu den. Hortik urpera bi pauso baizik ez ditu eman. Igerian aritu da pixka batean. Inguruari lotu zaio Eneko. Ez du distraitzekorik, furgonetan utzi dituzte mugikorrak. Kartera justu-justu hartu du Nereak, bueltakoan kanpineko dendan ogia eta zerbeza lata batzuk erosi behar dituztela-eta. Oraindik amaitu gabeko errepide batean gidatzen ari zen oraintxe, Nerearen zain pixka bat lehenago, bazkaria prestatzen, dutxa bero bat hartzen, lo seko, taberna itxi eta garbitzen, turista iritsi berriei kalimotxoak jartzen ari zen pixka bat lehenago. Zenbat denbora pasa da? Atzo zen, eta hala ere beste mundu batean daudela iruditzen zaio.
Eneko belarretatik toallara eta toallatik hanketara igotzen ari zaizkion inurriak gobernatu nahian ari dela iritsi da Nerea, blai, bere toallara. Bainu azkarra izan da. Ikusten duzu horko tipo hori? Bere alabarekin jolasean ari den horko tipo hori. Uste dut zipaioa dela. Beltza, gainera. Gehiegi mugitu gabe gizona begiz jotzen ahalegindu da Eneko. Alaba airean hartu eta uretara botatzen ari da, haurraren pozerako. Irri egiten dute biek neskatoak ur-azalerakoa egiten duenero. Seguru? Toallan eserita dago Nerea, tipoari begirik kendu gabe. Erabat. Gogoratzen duzu? Duela gutxi izan zen. Tabernarekin, turistekin, kalimotxoarekin, mugikorrarekin eta beste guztiarekin atzean utzitako mundu horretara itzuli zaio gogoa. Noski gogoratzen duela.
Gogoratzen du emakume bat bere etxeko balkoian negarrez, bi gazte bere alboan, pankarta bat, eta oihuak. Batez ere oihuak gogoratzen ditu. Kabroiak. Eta kolpeak, kolpeak ere gogoratzen ditu. Begi horiek ez dituzu gogoratzen? Begi urdin horiek, begirada hori. Aimar lepotik hartu zuen, justu ate aurrean geundenean, iritsi berri zirenean, hasieran. Uste genuen eraman egingo zutela, baina ostia batzuk eman eta alde egiten utzi zioten. Txandakatu egiten ziren tarteka, eta begi urdindun gizonkote hori lehen lerrora zetorren bakoitzean ezin zen saihestu tipoaren begirada. Beldurra ematen zuen. Enekok ez zien begitara begiratu, gertatzen ari zena asimilatzen saiatzen ari zen. Etxe bat husteko etorrarazi zituzten borraz eta peloteroz armatutako dozenaka ertzain horiek. Jendea haien teilatupe bakarretik botatzeko. Ezagutu zaitu? Ez dut uste, oporretan dago, ez? Bueno, gu ere… Ziur bera dela?
Kabroia. Nereak eserita jarraitzen zuen, belaunak besoetan hartuta. Albotik begira zuen Eneko. Ikusita bakarrik besoko mina jartzen zait berriz, eta tripakoa, eta burukoa, kabroi zikin horiek, eta udaletxeko koldarrak esanez horrelako kasuak diskrezioz eraman behar direla. Aurpegia behar da gero, andre bat eta bere familia etxetik bota eta, gainera, isilik eta besoak gurutzatuta egon behar garela esateko. Sutan jartzen nau kontuak, eta kasu bakarra balitz, gainera, baina ez, egunero horrelakoak, eta horrenbeste ostia banatzen ez direnak ere, bakardadean jasan behar direnak, lotsaz, etsipenez, indarrik gabe, isilik, diskrezioz. Gogoratuko ez dute ba. Denbora gutxi pasa da, eta denborarik pasa ez balitz bezala da haientzat, atzean utzitako mundua parez pare dute berriro. Nerea hizketan ari den artean atera dira uretatik aita eta alaba. Toallaz lehortu eta kanpineko kale, bungalow eta lurzati labirintoan barneratu dira. Lasai-lasai doa kabroia. Haizearen fina nabari dute azalean. Elkar besarkatu dute eta hostoen zaratari utzi diote hizketan tarte batez. Laster itxiko dute kanpineko denda. Zer egingo dugu afaltzeko? Lehen egunerako entsalada esan genuen, ezta? Izebaren baserriko tomate on horietako bat ederki sartuko zaigu.
martin bidaur
(Tolosa, Okzitania, 1996)
Filosofia ikasketak egin zituen, eta Itu Banda literatur taldearen sortzaileetako bat izan zen, baita Lekore literatur aldizkariarena ere. Gaztetatik dihardu literaturaren munduan. 2017an atera zuen lehen poema liburua: Itzulera (Susa). Haurtzarotik helduarora bitarte izan duen bilakaera poesiaren bidez azaltzen du Bidaurrek hartan. Haren hitzetan, zera azaleratu zuen, «oroitzapenak, lekuak, iragana aztertzeko nahi bat, eta batez ere, bizitzen jarraitzekoa». Lauaxeta saria jaso zuen 2018an lan horrengatik.