Beste mihilu adaxka bat hartu zuen, ahoan zeukanak aspaldi galdua baitzuen zaporea.
—Azkenean kalte egingo dizu.
—Utzi bakean.
—Orain ez hasi zakarkerietan nirekin.
—Norekin hasiko naiz, ba?
—Biok galdu gara, aizu! Ez da nire kulpa.
—Ezetz? Nola ailegatu gara, ba, hona? Ea, esan. Zer ostiagatik joan gara morroi hari segika? Herriko tabernan agurtu duzunean pentsatu dut ezaguna zenuela. Hark esan kala bateraino eramango gintuela, eta zuk bi aldiz pentsatu ere ez! Uste nuen adiskideak zinetela. Eta hara non tipoak amildegiaren erdian utzi gaituen, esanez artaldea biltzera joan behar duela eta bueltarako bide beretik itzuli besterik ez daukagula. Nik zer dakit, ba, zer bide egin dugun! Hemen ez dago-eta biderik!
—Urdurituta ez dugu lehenago aurkituko, emakumea.
—Zoaz pikutara.
Gizonak gerria heldu zion atzetik, eta musu bat eman saman.
—Ez al da polita ilunabarra?
—Gainera! Gautuko du, eta gu bidea aurkitu ezinik oraindik. Ikusten dut, bai, biharko albistegietan aterako garela. Ezin barregarriagoak izan. Deshidratatuta erreskatatuko gaituzte, ez badituzte bi gorpu hil aurkitzen, edo animaliaren batek erdi janda.
—Bai, putreek janda! Ea, xomorro. Erromantikoa da eta —aurrean gelditu zitzaion, besarkatu, eta ilea usaindu zion. Irrika bizia zuen hari musu eman eta denbora gelditzeko. Eta zer, galduta ere? Uharte batean zeuden oporretan, bakar-bakarrik, negu amaierako egun batean. Ezin pixka bat gozatu? Festa zapuzten iaioa zuen, gero, emaztea. Emakumeak zurrun zituen besoak.
—Utzi bakean, benetan. Ez dakit nola pentsa dezakezun hori orain. Telefonoan seinalerik gabe oraindik? Bai... Eta ez niri xomorro esan.
Kala eta amildegia atzean utzi zituzten. Sen hutsez segitzen zioten bideari; eguzkiak ez zien askorik laguntzen, ez baitzuten arrastorik ere zer puntu kardinaletan zeuden. Harrizko itxitura baten gainetik salto egin, eta lursail huts bat gurutzatu zuten.
—Ea, nahikoa dugu. Begira paisaia honi, ez dugu-eta berriz ikusiko. Noizbait aurkituko dugu bidea, ez da hain larria. Hau uharte bat da!
—Ez dut gaua izarpean pasatu nahi, hotza egingo du. Eta, gainera, bueltako ferrya galduko dugu. Axolagabe hutsa zara! Ez al duzu inoiz hasi behar helduek bezala jokatzen?
—Baina zergatik zara horrelakoa?
—Nolakoa?
—Horrelakoa... Zaren bezalakoa.
—A, primeran. —Ostikada bat eman zion harri koskor bati, eta, tiradizo batekin, beste mihilu adaxka bat hartu eta haginetan fuerte estutu zuen. Zerua mertxika kolorekoa zen.
Emakumeak proposatu zuen egun batzuetarako alde egitea. Baziren bi urte inora ateratzen ez zirela, bera beti liburu dendako ordutegiei lotua, gizona kontzertuekin batera eta bestera, eta biak juntatuta ere ia sosik gabe. Bikotekideek zaindu beharra daukate batak bestea, esaten zion Nuriak astearteetako yoga saioa afaritan luzatzen zutenean, ratafia tantatxo batzuekin bustita. Nuriak grazia egiten zion: harentzat, bikotekidea zaintzea zera zen, tarteka Tinderren ezagututako baten batekin zerbait espeziala egitea. Probatu! Ezetz, Nuria, ezingo nioke aurpegira begiratu bukatutakoan. Ai, neska, hori da hori lotsa eta pudorea izatea, eta zertarako hainbesteko duintasuna.
Esan eta egin. Poltsak autoan sartu, eta emakumea gidariarenean eseri zen, gizona arduratuko zen musikaz. Ezin zara ordubete egon erre gabe? Gustatzen zait gidatu bitartean erretzea, badakizu. Eta zuk badakizu niri ez zaidala gustatzen tabako usaina... Ai, barkatu, jaitsi leihoa, ez da hainbesterako. Portura iritsi ziren, autoa ferryan sartu, eta eserlekuen bila hasi ziren. Polita izango da, ikusiko duzu, sasoi honetan ia ez da inor egoten. Eguna itsas zabalean argitu zuen. Eguerdian ailegatu ziren alokatutako etxera, olibondo arteko borda zuri batera; trasteak bertan utzi, eta bazkaltzera joan ziren herrian irekita zegoen jatetxe bakarrera. Porru krema, lupia errea eta ardo zuria. Gero, besotik helduta paseatzera joan ziren faroraino. Arroka baten ertzean eseri ziren, oinak zintzilik akuarelazko itsasoaren aurrean. Emakumeak esan zuen, ederki egoten da hemen, ezta? Logaletzen ari ziren. Izkina batean etzan ziren, hartxintxar eta sastraka artean, eta kuluxka bat egin zuten, harik eta, pixkanaka, haizearen marmarrak esnatu zituen arte. Ohartu zen emakumearen begiak so zituela. Zeri barrez? Barrez ez, irribarrez ari naiz; ezeri ez, zu ikusita. Emakumea besarkatu eta ipurdia atximurkatu zion. Hura salto batean altxatu zen; orain bai, barrez ari zara. Ea, goazen, berehala ilunduko du eta. Eta korrika joan ziren etxetxoan itxi eta mantapean irristatzera. Hori duela bi egun izan zen. Orain, uhartearen beste muturrean zeuden, nola irtengo.
—Zergatik aurpegiratzen dizkidazu halakoak? Jakin liteke zer esan nahi duen helduek bezala jokatzeak, mari-perfektu horren arabera?
—Ba, ardurak zeure gain hartzea! Oraindik ezin dut sinetsi nola egin diozun kasu ezagutzen ez zenuen tipo bati. Batek daki zer egingo zigun.
—Jainko maitea, a zer istorioak asmatzen dituzun. Mutil hark taldearen kontzerturen batera etorrita ezagutuko ninduen, eta nik ere ezagutzen nuen plantak egin ditut ez gaizki geratzeko. Jator portatu besterik ez zuen nahi, eta kalaraino ekarri gaitu. Hark erakutsi gabe, ez zinen sekula egongo halako paradisu batean.
—Niri bost. Amildegiaren erdian utzi gaitu kabroiak. Eta tira, moldatuko zarete.
—Lursailak zeharkatzen segitzen badugu, azkenean aurkituko dugu errepidea. Ez jarri halako muturra.
Laster etxalde bat ikusi zuten, bazen garaia! Gizon bat baratzea ureztatzen ari zen, eta besoak mugitu zituzten hark ikus zitzan. Kanpotarrak, seguru. Gizona atondoraino atera zen, baso bete ur eskaini, eta herrira iristeko bidea azaldu zien: hogei minutu, eta bertan izango ziren. Bideari segitu zioten egunaren azken argiarekin bat, itzalak urtzen hastean. Agudo ibili beharko zuten ontziratzeko. Gizonak sorbalda inguratu zion besoarekin:
—Nekatuta nago. —Emakumeak anis zaporeko azken arrastoa bota zuen ahotik.
—Ia iritsi gara. —Gizonarengan burua bermatu, eta, azkenean, gerria inguratu zion.
Garaiz iritsi ziren. Autoa azken solairuan aparkatu, barkuaren gainaldeko eserlekuak aurkitu. Lehertuta eseri ziren. Emakumeak erdizka utzia zuen nobela atera zuen, gizonak esan zuen lo pixka bat egingo zuela. Berehala hasi zen zurrungaka. Emakumeak gogoratu zuen elkarrekin bizitzen jarri zirenean grazia ere egiten ziotela zurrunga haiek. Harik eta denbora pixka bat pasatu eta iruditu zitzaion arte agian medikutara joan beharko zuela apnea haiek aztertzera. Gizonaren zurrunga batek aurrekoak jirarazi zituen. Emakumeak mihia klaskatu zuen, eta, masailak gorriturik, altxatu eta tabernara jo zuen. Gizonari begiratu zion: butakan uzkurtuta zegoen, jakarekin estalita eta puzka. Ontziaren turutak abisatu zuen segituan abiatuko zirela.
Itzultzailea: BERRIAko euskara taldea