Biel Mesquida

Amaieretan aditua

Biel Mesquida Castelló de la Planan jaio zen, Valentzian (Herrialde Katalanak), 1947an. 1973an argitaratu zuen L’adolescent de sal eleberria, eta 1974an idatzi arren, 1985ra arte ezinezko egin zitzaion El bell país on els homes desitgen els homes poesia liburua argitaratzea. Zazpi narratiba lan eman ditu argitara, guztira, bost eleberri, eta hiruna poesia zein ez-fikziozko liburu. Kataluniako Generalitatek ematen duen Literaturako Premio Nazionala jaso zuen 2006an Els detalls del món lanagatik, eta Llefre de tu du azken argitalpena, 2012koa.

jarraia187096.jpg
Biel Mesquida.
2020ko irailaren 20a
19:23
Entzun

Idazlea Paristik iritsi berri da, Louvren Vermeer-en erakusketa bat ikusi ondoren. Uste dut burua nahasi didala Vermeerrek argia margotzeko duen modu horrek. Edo koloreak argiaren bidez margotzeko moduak. Eta eguneroko, etxeko, ohiko gaiak erabiltzeak: emakume bat lepoko bat jartzen, geografo bat bere bulegoan, dama bat eskutitz bat idazten, neska bat birjinala jotzen… Ikusgarritik ez dauka ezer neskame bat kopa bat esnez betetzen ikusteak. Esnezalea izena du mundu osoan ezaguna den Vermeerren margolan batek. Zergatik? Horra margolariaren eta materialaren batasuna: argi hotza leihoan behera, arreta guztia zumezko saski batean edo ogi puska batean. Dena da ederra maitasunez begiratzen duenarentzat.

Errealitate aztoragarri horretan bizi da idazlea, eta zur eta lur uzten dute inguruko gertakizunek, atsekabeturik. Urrutira gabe, atzo iluntzean kalean topatutako lagun batek, erdi negarrez lepotik heldu, eta esan zion lau garagardo hartu zituela, ama zahar etxe batean utzi berri zuelako, alzheimerrak jota. Horrek saminduta zeukan. Baina are gehiago samintzen zuen logelako atea giltzaz itxi beharrak, gauean amak hilko zuen beldurrez. Hori da errealitatea? Amets batean bezala sentitzen nintzen: malenkonia lekualdatzen, kondentsatzen eta sakabanatzen, udazkeneko ilunabar batean, ziklogenesi katastrofiko eta guzti. Zer gertatzen da gizon batek ez badaki nola desiratu, gozatu eta maitatu, edo ezin badu, edo nahi ez badu? Ia beti izaten duzu ziurtasun faltsu hori, ustez kontakizunaren hari guztiak ulertu dituzulakoa, nahiz eta oraindik ez dakizun pertsonaia nagusiak, lehen pertsonan idazten duen horrek, agertokiaren erdian azaldu nahiko duen, ikusleengandik oso hurbil, ahots gora esateko zerk sentiarazten dion; zerk pentsatzen duen bera, zerk sortzen, zerk erakusten. Ganga opakuaren kristalei distira ateratzea da nire lana. Badakit. Eta gero eta zailagoa egiten zait gangaren lilurari ihes egitea. Izugarri erakartzen nau metalezko mineralen inguruko harri horrek, interes praktikorik ez duen horrek. Eta galdu egiten naiz material horren opakutasunaren gogorduretan: material hori piztu egin behar da kondairaren distirekin, horren bidez erakutsi ahal izango baitu itxurazko iluntasunaren barruan daraman informazio misteriotsu, distiratsu eta egiazkoa. Peoi lanak, ezerezaren kaligrafoen lanak, irakurlearen buztinean aztarna uzten dutenak. Ez dakit gehiegi asaldatzen ote naizen ihes egiten didan protagonista bat esplikatzeko: aingiraren natura du, Llull maisuak esango lukeen moduan, eta eskuetan labaintzen zaizu, harrapatu uste duzunean. Ehiztariak pazientzia handiagoa behar du.

Halaxe aholkatzen zien Pla maisuak idazteko bizio zentzugabe hori zutenei. Ehiztaria bezalakoa izan beharra dago: arretatsua, pazientzia handikoa eta eretismora jotzen dakiena (ileak lazten zaizkizun une hori), txoria begien bistan eduki orduko prest egon eta airean ehizatzeko.

Nik arrazoiarekin sentitzen dut, eta zuk sentimenarekin arrazoitu: ezin elkar ulertu inoiz. Agian komeni da azaltzea nolakoa den agertokia, gizona ispilu bihurtzen baita han, eta segidan galdu, beti ispilu irudien artean. Emakumea han atzean, gazte, leiho aurreko ohean eserita, itsasoaren edertasunari begira. Konposizio horrek Edwad Hopper maitearen giro batera eraman dezake irakurlea. Ez da zertan hain perfekzionista izan. Antonioni edo Bergmanen sekuentzia bat ere izan zitekeen, Frantziako zinema moralistako sekuentzia bat, mundua eta giza harremanak ikusarazten dizkiguna. Gizonak ez dauka proiekturik. Badaki desiratua izan litekeen emakume baten gorputza dagoela han. Ihes egiten die beste gorputzarekin elkartu dezaketen hitzei. Oihal babesgarri bat dauka, berak irundakoa, inolako sentimendurik, inolako emoziorik, inolako aztoramenik ateratzen ez uzteko.

Izan ere, adi-adi begiratzen badiogu, ispiluen islen eta argi-ilunen artean, ohartuko gara barnean zabaltzen hasia zaiola aztoramenaren atsegina: hanketatik gora doakion eroaldi bat, mendeak bezain geldoa. Gizonak gelara begiratu du, han emakumeak apur bat aurrerantz mugitu baitu eskuineko oina. Ilunabarreko argiaren belusak purpuraz tindatzen du emakumearen gorputza. Baina, emakumearen jarrerari alde guztietatik darion itxaronaldi horretan, ez da jestu handi baten adorerik ageri. Jakin egin behar da erantzi duen soinekoaren toles bakoitza irakurtzen, soinekoa ohazal granate margul baten gainean datzan honetan. Gorputz gazte hori ukitu duen gauza bakoitza ez dago modu konbentzionalean jarrita.

Ikusi gabe ikusten dut emakumea; sentitu gabe sentitzen dut; desagertu egiten da, eta, bat-batean, ustekabeko itzal batean, hantxe dago. Gizonari iruditzen zaio aspaldi-aspalditik dagoela hantxe. Haren presentziaren pertzepzio biziak ez du ezeztatzen bereiztearen arte bat, barrua puskaka desegingo balitzaio bezala baita ikusten duenean nola doan denbora batere gupidarik gabe. Ez du esaldi luzerik esaten. Pentsatzen al du esaldi luzerik? Ametsez beterik dauka burua, elkarganatzez, ihesaldi librez, lorratzaz eta aztarnaz. Itsasoko kresal usain biziak erne-erne edukiarazten dizkio zentzumenak.

Aspaldi hasia izan zitekeen historia, letretatik urrun, alproja gay batek uko egin zionean Rosarekin harremana izateari, arrats euritsu batean. Pentsatuko zuen bien sexualitateak ez zirela objektu beren gainean oinarritzen. Gai zen esaldiek arnasa hartzeko moduko isiltasunak idazteko, eta berak nahi zuen tokira eramaten zuten esaldi horiek. Entzun itxitako leihoen zirrikituetatik sartzen den itsasoa. Haize handia dabil. Lehen, hareazko kala txikira jaitsi da: bi haitz eta itsaslabar baten artean itxita dago, enbataren algez josita. Aurrean dituen posidoniazko bi bola marroi eta iletsu hartu ditu, bonbilla halogeno batek argitzen dituenak. Xaboi belarraren bi sasiko lore dira. Ozen esan du, eta badaki zerbait hedatu dela emakumea ohean etzanda itsasoaren isiltasuna entzuten ari den gelarantz. Espazioaren emultsioa. Denboraren konbultsioa. Koloreen indarra. Soinuen garbitasuna. Zetaren ukitua. Emateak berez dakar ukatzeko aukera ere. Bizitza oso baten hatsa dastatzen ari dela sentitzen du gizonak. Zerbaitek ez dio uzten emakumea ohean datzan gelan etzaten. Irudimenezko plazeraren galera nahasi egiten da ur jauzian desagertzen den ibaiaren mugimenduarekin.

Ni aurrera noa, nire ibilbidean eta harenean. Bata bestearengana goaz bide arrotz batzuetatik. Kikara bat txikitu da, halaxe, lehor. Kikara aparta zen, baina aurrerantzean ez zen lehengoa izango. Ezinezkoa zen denboran atzera egitea, emozioak sortzen dituzten olatuak gelditzea ezinezkoa zen bezalaxe. Niri laztan samur amaigabeak ematea nahi nuke, behin eta berriz, haurtxo bat ferekatzen den bezala. Literatura ez dago ideiekin egina, hitzekin baizik. Hitzek erritmoarekin dantzan egiten dutenean, ideiak batu egiten zaizkie, koreografia horren harmoniak liluratuta. Maiteminduta dagoenaren begiekin begiratzen zidan. Begirada epela zen, eta nik erakarria zirudien. Ez ziren begi irrikatsuak, baizik gauza garrantzitsu bati so dagoenaren begiak. Olatuen eta haizearen zalapartak ispiluak eta islak zikintzen ditu zipriztin lausogarriz. Hala, ahal izan duzun modu bakarrean bizi izan duzu maitasun hau, iritsi aurretik galduta.

Itzulpena: BERRIAko Euskara Taldea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.