Ertzainak Borrokan taldeak salatu du ERNE, Esan eta SIPE sindikatuak akordio batera heldu direla Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailarekin, «taldearen bizkar». Ohartarazi dute «oso zaila» izango dela akordioa sinatu dezatela eragoztea, sindikatuek gehiengoa daukatelako. Taldeak ohar bidez azaldu duenez, sindikatuek kontzentrazio batera deituko dute ekainaren 27rako, baina, benetan, ekainaren 19an sinatuko dute akordioa. «Azkenik, kontzentrazioa helduko da, eta euren aldeko komunikabideak aktibatuko dituzte kolektiboaren zati handi batek babestu duela esateko», idatzi dute.
Berez, ertzainek urteak daramatzate baldintzak hobetzeko eskatzen, baina azken hilabeteetan lehertu da egoera, Ertzainak Borrokan taldea azaleratzearekin batera. Sindikatuetatik kanpo sortua da. Apirilean hasi ziren sareetan bideoak zabaltzen, eta mugimendu asindikal moduan sinatzen dituzte oharrak. Maiatzaren 8an egin zuten indar erakustaldi handia, Bilbon. 2.000 pertsona bildu zituzten manifestazioan, Efe agentziaren arabera; 7.800 ertzain dira guztira. Itun berri bat ari dira eskatzen, eta Frantziako Tourraren segurtasuna ari dira auzitan ipintzen. Itun duin barik ez dago Tourrik. Hamabi urte hitzarmen barik lelopean, 1.100 euroko soldata igoera eskatu dute, besteak beste. Josu Erkoreka sailburuak, hala ere, esan du lan gatazkak ez duela Tourra baldintzatuko, beste giza baliabide batzuk dituztelako.
Sindikatuak, jokoz kanpo
Sindikatuak ezustean harrapatu ditu mugimenduak. Antolatu dituzten mobilizazioetara batu zaizkie, eta batzar bat egin zuten elkarrekin hilaren 9an, baina ez ziren akordio batera heldu. Ertzainak Borrokan taldeak ohar bidez adierazi zuenez, Segurtasun Sailak egindako proposamena ertzain guztiek bozkatzea aldarrikatu zuten, baina sindikatuek ez zuten onartu. Gainera, pankartetan euren zigilua jartzeko eskatu zieten sindikatuei, nahiz eta legez ez izan ordezkaritzarik.
Ertzainak Borrokan taldeak ERNE, Esan eta SIPE sindikatuei aurpegiratu die Erkorekarekin «soinez soin» joatea, eta haren berbekin «bat egitea». Hiru sindikatuek, berriz, argudiatu dute taldeak haiei «agindu» nahi ziela, eta «askatasun sindikalaren aurkako eraso zuzen» bat egiten ari zirela leporatu zioten, «mehatxuekin» eta «irainekin». Hala ere, batera egin zuten berriro ere herenegun elkarretaratzea Gasteizen. Euspelek, ordea, ez zuen sinatu oharra. Ekainaren 14an plazaratu zuen bat Ertzainak Borrokan taldearekin batera, akordioa ertzain guztiek bozkatzeko aldarrikapena onartzen. Izan ere, Euspelek ez du deitu 27ko protestara.
Sindikatuak eta Ertzainak Borrokan taldea, banatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu