UDAKO SERIEA. AEBetako hauteskundeak (IV). Black Lives Matter.

Zorrak kitatzeko garaia heldu da

Joe Biden presidentegai demokratak sostengua agertu dio beltzen eskubideen aldeko mugimenduari, baina haien aldarrikapen nagusiak betetzera konprometitu gabe. Gazte afro-amerikarrentzat, ordea, ez da nahikoa hautagai demokrataren erantzuna.

Gazte bat BLM jartzen duen kartel bati begira, Washingtonen. SHAWN THEW / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Beltzak dira Alderdi Demokrataren zutaberik sendoena. Atzera begiratu besterik ez dago. 2008an, John McCain hautagai errepublikanoak hautesle zurien botoen %55 eskuratu zituen, eta galdu egin zuen, urte hartan Barack Obamaren alde bozkatu zutelako beltzek, tsunami erraldoi bat balira bezala. 2016an ere, beltzen botoa eskuratu zuen Hillary Clintonek, baina parte hartzea ez zen izan aurreko bi aldietan bezain handia, eta galdu egin zuen. Adituek argi dute: Joe Biden hautagai demokrata gai bada Obamak adina boto ez-zuri jasotzeko, ziurra du garaipena. Bidenek berak ahalegina egin du komunitate beltza erakartzeko amaitu berri den Alderdi Demokrataren kongresuan, esanez «iluntasunaren aroa» amaituko dutela denen babesarekin. Batzarrean Bideni babesa ematen izan da Barack Obama presidente ohia bera ere.

Tradizioz, demokratekiko leiala da komunitate beltza, baina leialtasun hori ez da doakoa, are gutxiago azken hilabeteetako gertakarien ostean. Maiatzaren 25ean, polizia zuri batek George Floyd 46 urteko gizonezko afro-amerikarra hil zuen Minneapolis hirian, itota. Protestak piztu zituen hilketak, Minneapolisen bertan lehenik, AEBetako hiri eta herrietan ondoren, eta mundu osoan azkenik. Ez zen polizien esku hiltzen zen lehen herritar beltza, baina testuinguruak poliziak zortzi minutuan baino gehiagoan eduki zuen belauna Floyden lepoan, hura eskuburdinak jantzita zegoela eta hiru hilabetean gertatutako bigarren hilketa izateak martxoan, Poliziak tiroz hil zuen Breonna Taylor, Louisvilleko bere etxean amorrua eragin zuten. BLM Black Lives Matter mugimenduak bideratu zuen sumin hura. Plataforma 2013an jaio zen, Trayvon Martin nerabe afro-amerikarraren hilketa salatzeko Twitterren sortutako traol baten haritik Martin tiroz hil zuen gizon zuri batek, eta errugabetu egin zuten. Mugimendua indartuz joan zen, eta, urtebete geroago, Michael Brownen eta Eric Garnerren hilketen ostean, nazioartean ere egin zen ezagun. Geroztik, beltzen eskubideen aldeko borrokari eutsi dio.

AEBetan BLM mugimenduaren protesten harrabotsa dagoeneko isildu bada ere, plataforma ez dago geldirik, eta haien aldarrikapenek indarrean jarraitzen dute. Floyden hilketak Poliziaren indarkeriaren aurkako ahotsak altxatu zituen, eta Minneapolisen, esaterako, Polizia Departamentua desegitea proposatu zuen udal gobernuak. Alderdi Demokratak, berriz, gaitzetsi egin zuen segurtasun indarren indarkeria, eta itolarria eragiteko teknika estatu mailan debekatzea proposatu zuen Kongresuan. Biden bera Floyden hiletan izan zen, familiak gonbidatuta, eta aste honetan Floyden anaia izan da demokraten kongresuan.

Baina keinuak ez dira aski. Urteetan euren sostengu nagusi izan den komunitatearekiko zorrak kitatzeko garaia iritsi zaie demokratei, baldin eta azaroaren 3an ezustekorik nahi ez badute. «Bidenen kanpaina arduradunek ondo baino hobeto dakite urrun daudela mugimendu honen eskariak betetzetik, eta hori ezin dugu onartu. Demokratek irabaztea nahi badugu, Bidenek urrats bat gehiago egin behar du», ohartarazi du Alicia Garzak, BLM mugimenduaren sortzaileetako batek. Poliziari finantzaketa kentzeaz ari da. Hori da mugimenduaren aldarrikapen nagusietako bat. Polizia desegin eta komunitatean oinarritutako bestelako segurtasun eredu bat sortu nahi dute.

Bidenek ia ziurra du afro-amerikar helduen babesa; errepublikanoak berriz gobernuan ez ikustearren, demokraten alde egingo dute haiek. Baina ez da gauza bera gertatzen belaunaldi gazteagoekin, manifestazioetan nagusi ziren horiekin. «Ezin dituzu hauteskundeak irabazi afro-amerikar guztien sostengua ez baduzu, eta krisi garaietan duzun portaerak erabakiko du hautesle horien norabidea. Normaltasunera itzultzea ez da nahikoa. Bidenek zuzen jokatzen ez badu, kolpea hartuko du. Afro-amerikar heldu eta gazteen botoa behar du; ez du irabaziko horiek gabe», ziurtatu du Garzak. BLM mugimenduaren sortzailea ez da horrela pentsatzen duen bakarra. Duela aste batzuk, 50 bat talde progresistak gutun bat bidali zioten Bideni, eskatuz ziurta dezala Poliziak ez duela dirurik jasoko estatuko aurrekontuetatik.

Lehen zantzuak

Demokraten artean ezkertiarrenek inoizko ordezkari gehien lortu dituzte aurten, bai eta inoizko ekarpen ekonomikorik handiena ere. Batez ere, Floyden hilketaz geroztik. Kentuckyn Ordezkarien Ganberarako lehiatu den hautagai demokratetako bat izan da Charles Booker afro-amerikarra. Azkenean, boto moderatuari esker, hautagaitza Amy McGrathek eskuratu du, baina soilik 15.000 botoren aldea atera dio Bookerri. «Gazte afro-amerikarrek demokraten ohiko politikak baino zerbait gehiago nahi dute, eta hautagai moderatuek ez diete halakorik eskaintzen. Entzungor egin digute, ziurtzat jotzen dute gure babesa izango dutela, eta gurekin hitz egiten dute soilik euren alde bozkatzea nahi dutenean; ondoren, berriz ere desagertu egiten dira», kritikatu du Bookerrek, kanpainako agerraldietako batean. Protestak hasi aurretik, hilabetean 100.000 dolar ingururen ekarpenak biltzen zituen hautagai demokratak, baina ekainean bi milioi dolar biltzea lortu zen. Bere kanpainako arduradunen esanetan, Bookerrek, orain arte politikarekiko interesik agertu ez duten hautesle afro-amerikarrak, mugiarazteko gaitasuna izan du.

Horren guztiaren jakitun egon arren, hautagai moderatuago baten aldeko apustua egin du Alderdi Demokratak, nahiz eta Bidenek, afro-amerikarren babesa bermatu asmoz, Kamala Harris jarri presidenteordetzarako hautagai. Izan ere, inork ez du zalantzan jartzen komunitate beltzari eginiko beste keinu bat dela Harrisen aukeraketa. Baina alderdian beldur dira oraingoan keinuak ez ote diren nahikoak izango.

«Mugimendu honek [Black Lives Matter] politikagintzan sartu ditu afro-amerikar gazteak. Bidenek orain eskaintzen duen baino askoz gehiago nahi dute horiek, eta ez dute edozeren truke amore emango. Eta hori ez da nahitaez Bidenen mesedetarako», azaldu du LaTosha Brownek, Black Voters Matter mugimenduko kideak. Afro-amerikarren botoari esker irabazi zituen Bidenek Hego Carolinako primarioak, eta, geroztik, haren sostenguak gora egin du komunitate horretan. Afro-amerikarrek begi onez ikusi dituzte orain arteko proposamenak, hasi justizia erreformatzeko egitasmoetatik eta hogei milioi dolarreko aurrekontua lukeen indarkeria eragozteko programetaraino. Baina presidentegai demokratak ez du etengo Poliziaren finantzaketa.

Hautesle moderatuak dira gazte afro-amerikarrek eskatzen duten urrats hori egiteko Bidenen oztopo nagusia. Izan ere, hainbat inkestaren arabera, estatubatuarren %58 Poliziari finantzaketa kentzearen aurka leudeke. «Gazteei esaten diegu entzuteko prest gaudela, haien minarekin bate egiteko eta haien poza gozatzeko. Helburu berak ditugula azaltzen diegu, eta herrialde honetako Polizia erreformatu nahi dugula, eta soilik eskatzen diegula hori egiteko aukera bat», azaldu hautagai demokrataren kanpainako arduradun batek.

Abuztu hasieran plazaratutako inkesten arabera, ordea, gazteek eta zehazki gazte afro-amerikarrek ez dute batere argi Bidenen alde egingo ote duten. Hala, 30 urtetik beherako afro-amerikarren %47k ia ziurtzat jotzen dute Bidenen alde bozkatuko dutela, baina kopuru bera da hari buruzko gauza onei buruz galdetuta isilik geratzen dena ere.

Chicagoko Unibertsitateko irakasle Adam Greenek argi du horren zergatia: «Afro-amerikarrak alkatetzetara heltzen ikusi dituzte, lehen presidente beltza ezagutu dute, baina aldi berean ohartzen dira horrek guztiak ez duela haien bizimodua batere aldatu». Zenbakiek argi uzten dute gazteen eta helduagoen arteko aldea: galdekatutakoen artean, %43k uste dute demokratek kontuan hartuko dituztela Kongresuan proposamenak egin eta erabakiak hartzerakoan; baina 30 urtetik beheragokoen erdiek pentsatzen dute ez dagoela alderik demokraten eta errepublikanoen artean, beltzen eskubideen alorrean egiten dituzten politiketan. «Orain arte, aurkaria bezain arrazista ez izatea nahikoa zen bozak irabazteko, baina garai horiek joan ziren. Gazteek zerbait gehiago nahi dute, hitz hutsalak baino gehiago», nabarmendu du Greenek.

Hala, ataka estuan dago Biden. Izan ere, zenbakiek argi uzten dute gaztea eta afro-amerikarra izateak ez duela nahitaez esan nahi demokraten aldekoa izatea. Aldiz, duela lau urte argi geratu zen moduan, beltzen parte hartzea oinarrizkoa da demokratentzat bozak irabazteko.

Bihar: Txinarekiko harremanak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.