UDAKO SERIEA. Lehengo lekutik bertsoa (I). Beñat Gaztelumendi Arandia

Zirriborroetan geratu zen Bilintx bat

Bertso sorta bat aukeratzeko eskatu die BERRIAk sei bertsolariri. Horien gainean egin dute gogoeta, kantatu ziren leku berean. Bilintxen alde «zirikatzailea» eta «umoretsua» erakutsi nahi izan du ale honetan Gaztelumendik: «Hori ere bazen Bilintx».

Beñat Gaztelumendi bertsolaria, Donostiako Antzoki Zaharrean. GORKA RUBIO / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2023ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Orain kasik bi mende bizi izan zen Indalezio Bizkarrondo Bilintx poeta eta bertsolaria (Donostia, 1831-1876), Donostian. Arotz gisa aritu zen lanean, Arsuaga zelako baten aroztegian. Donostiako Antzoki Zaharreko atezain ere izan zen, 1865az geroztik. Hark egiten zituen aretoa atontzeko lanak: garbitu, kanpoko ateak ireki eta itxi, itoginak zaindu, butakak eta gainerako altzariak konpondu, agertokiko dekoratua prestatu... Aretoak goiko aldean bazuenatezainarentzat propio prestatutako etxebizitza txiki bat, eta hartan bizi zen, Nikolasa Erkizia andrearekin eta seme-alabekin batera.

Egun, bada bertsolariaren omenezko plaka bat antzokiaren albo batean, han bizi izanaren oroigarri modura. Hain justu, han elkartu da kazetariarekin Beñat Gaztelumendi bertsolaria(Donostia, 1987). Izan ere, bertso batzuk aukeratzeko eskatuta, Bilintxen sorta bat aukeratu du. «Mila aukeratu nitzakeen, baina Bilintxen sorta bat aukeratzeko gogoa neukan. Donostiako bertsolaria zen, hiriburuko bertsolaria. Segur aski, hemen inguruan [Parte Zaharrean] egingo zuen bertsotan. Gutxi ziren hiriburuetan bertsotan aritzen zirenak, eta uste dut hori ere badela aldarrikatzekoa; erakusten baitu hiriburuetan ere egon direla bertsolariak, eta bertatik ere egin daitekeela bertsotan».

Are, Gaztelumendiren arabera, Bilintxek bazuen bertsolarien biografian «oso ohikoa» ez den beste ezaugarri bat ere, andaluziarra baitzuen aitona, Dionisio Ureña: «Uste dut hori ere badela aldarrikatzeko modukoa».

Bilintx hil ondoren argitaratu zen sorta bat aukeratu du Gaztelumendik: Potajiarena, zehazki. «Geratu zaigu Bilintxen irudi bat, bertsolari erromantiko batena, beti 'triste bizi naiz eta/ hilko banintz hobe', 'maiteminduta nago, baina itsusia naiz eta ez naute maite'... Badago Bilintxen halako irudi estereotipatu bat, eta, hain justu, bertso hauek ez dira sartzen irudi estereotipatu horren barruan. Horrexegatik aukeratu ditut».

Asko dira Bilintxek maitasunari idatzi zizkionak: Pozez ta bildurrak —«Dama gazte polit bat/ bada Donostiyan/ berdinik ez dubena/ zeruban azpiyan/ biyotza mugitzen zait/ modu txit eztiyan/ nere pentsamentura/ datorren guztiyan»—; Juramentuba—«Maite nazula lehen esan dezu/ berriz esan zazu arren/ ez naiz entzutez gogobeteko/ mila bider esan arren/ nun ta zerubak erabakiya/ beste moduz ez dakarren/ denbora gutxi barrun gu biyok/ izango gera elkarren»—; eta Gaztetan jarriyak dama gazte bati—«Ez naiz mutil ederra/ au lana, au lana/ ez naiz aberatsa're/ maitetxo laztana/ baina biyotz bat badet/ oberik ez dana/ betia zuganako/ amoriyoz dana»—; kasu baterako. «Eskola garaian ez zitzaidan batere gustatzen Bilintx; aspertu ere egiten ninduen. Hori sentitzen nuen beti bere bertso berberak jartzen zizkigutelako, umetan ez zitzaizkidanak batere interesgarriak iruditzen», aitortu du Gaztelumendik.

Bestelakoak ere bazituen, ordea; umorezkoak, esaterako. Gaztelumendiren ustetan, baina, horiek ez dira horren ezagun egin: «Bilintxen bertsoetan pixka bat arakatuz gero, ohartzen zara asko zituela umorez jarritakoak. Nik gogoa neukan Bilintx zirikatzaile bat erakusteko, bertsolari umoretsu bat. Hori ere bazen Bilintx».

Anekdota bat kontatzen du Gaztelumendik aukeratutako haren bertso sortak; antza, Bilintxi Oiartzungo (Gipuzkoa) ostatu batean gertatutakoa. Pilota partida bat ikustera joan zen huraOiartzunera, eta, bukatutakoan, tabernan sartu zen. Garbantzu platerkada bat eskatu, eta taberna berean zegoen apaiz batek jan omen zituen denak. «Sorta hau, konkretuki, oso ona da; dauzkan irudiengatik, esaldiak tolesteko duen moduagatik eta erabiltzen dituen errimengatik, batez ere». Sortako laugarren bertsoa jarri du horren adibide. «Imajinarazten dizu, batetik, balea antxoa jaten, eta modu berean irudikarazten dizu, bestetik, apaiza besteren garbantzuak jaten. Egia esan, bertsozale den edozeinentzat karamelu bat da Bilintxek jarritako sorta hau».

Umorearen norabidea

Bilintxek Potajiarena bertso sortan erabilitako umore mota nabarmentzekoa dela uste du Gaztelumendik. Izan ere, botere handia zuen orduan Elizak, eta, hain justu, apaiz baten gaineko umorea egin izana «oso esanguratsua» dela dio: «Garai batean gehiago ziren apaizei buruz egiten ziren bertsoak; segur aski, handiagoa izango zelako egunerokoan zuten zentralitatea. Horrek ematen die bertso hauei arrakasta: eguneroko bizitzan zentralitatea zeukan figura bat zirikatzera ausartzeak».

Umore molde horrek, baina, funtzionatuko al luke gaur egun? Bada, Gaztelumendik ezetz dio. Izan ere, haren ustez, neurri batean, desagertua da Elizak orduan zuen presentzia. «Horregatik uste dut bertso hauek, gaur egun, ez luketela grazia bera edukiko. Aldiz, esamoldeetan, badute beste grazia bat, agian orduan hainbeste aprezia ezin zitekeena». Gainera, orduko bertsolariek bertsotan umorea egiteko zuten modua eta gaur egungoek dutena desberdinak direla uste du: «Oso era desberdinean tolestatzen ditugu bertsoak, eta Bilintxen sorta honek kontrastea egiten dio gaur egungoari».

Antzoki Zaharretik oso metro gutxira, bada bertsolariaren omenezko kale bat: Bilintx kalea. Lasala plazan du mutur bat, eta Kale Nagusian bestea. 1884ko otsailaren 6an izendatu zuen hala Donostiako Udalak. 2019ko urrian, berriz, kale horretan bertan kantuan ari zela, ondorengo bertso hau kantatu zuen Gaztelumendik, Behin batian Loiolan doinuan: «Donostia ederra/ nolako klixea/ nahiz ta merezi plaza/ on bat ipintzea/ ez al degu tristea/ hola ibiltzea?/ Bilintxek kale triste/ hau edukitzea».

Izan ere, uste du hiriak ez diola merezitako aitortzarik egin bertsolariari: «Bizikletak aparkatzeko kale bat da, jendeak parrandan pixa egiten duen kale bat. Hiriko euskaltzaleek egin diote aitortza hori, baina esango nuke Donostiak proiektatu nahi duen irudiaren kontrako norbait zela Bilintx».

Bihar: Josune Aramendik aukeratutako bertsoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.