«Maitemintze izugarri bat». Hizkuntza batek ez, bik piztu diote maitemina Idoia Santamaria itzultzaileari (Donostia, 1962): ingelesak harrapatu zuen unibertsitate garaian, eta alemanak urte batzuk geroago. Eta, alemanak bezainbeste, Berlinek. Bi horiek dira hizkuntzaren bidez egin dituen bidaia nagusiak, baina era askotako bidexkak eta joan-etorriak zabaldu zaizkio haien inguruan, eta, urte gutxian, alemanezko literaturaren erreferentziazko itzultzaile bihurtu da, Europa erdialdeko hiru egile gorenen lanak euskaratu baititu: Friedrich Durrenmatten Epailea eta haren borreroa (2018), Ingeborg Bachmannen Aldibereko (2019) eta W. G. Sebalden Austerlitz (2022).
Itzulpenak marraztu dizkion bideez hizketan hasita, begien bistakoa da Santamariaren gose intelektuala, egile horien biografietatik beren herrialdeen historiara doana eta asko hedatzeko joera duen dokumentazio lanean islatzen dena.
Ingelesa eta alemana ikasi aurretik, ordea, frantsesa ikasi zuen, «oso umetan», Donostiako ikastola hasi berri bateko giroan. «Baina ez dut sentsazioa nire esfortzuarekin ikasi nuela, baizik eta modu oso naturalean. Ikastolatik ateratzerakoan, andereño Felitxurengana joaten ginen, eta egiten genuen frantsesez jolastu, frantsesez ikasi... Garai hartan, guri normala iruditzen zitzaigun; urteak pasatu ahala konturatu naiz nola ez zen batere gauza normala».
Amaren aldeko izeba batekin osatu zuen ikasketa, besteak bezain bereziak ziren eskola batzuekin. «Berak frantsesez oso ondo hitz egiten zuen, baina ez zegoen alfabetatua —hemendik hara zerbitzatzera joandakoa zen—, eta, udan, hona etortzen zenean, niri deitzen zidan, diktatzeko bere lagunei idazten zizkien gutunak».
Ingelesarekiko bat-bateko lilurak bultzatu zuen, ondoren, bere kabuz hizkuntza hori ikasten hastera. «Nola nahiko obsesiboa naizen gauza guztietarako, bete-betean sartu nintzen». Bolada batzuk egin zituen Ingalaterrara joaten, eta berehala hasi zen ingelesez asko irakurtzen eta, batez ere, musika entzuten. «Etxean neuzkan disko guztiak jartzen nituen kaskoekin, Bruce Springsteenenak, adibidez, ikusteko ea kontrakzioak-eta non egiten zituzten abeslariek. Belarriko zera hori oso gustukoa dut hizkuntzarekin».
Bitartekaririk gabe
Alemana ikastera ez zuen eraman kolpetik jasotako grina batek, baizik eta ezagutzan sakontzeko gogoak. Santamariak hobeto ulertu nahi zituen Europa erdialdeko historia, literatura eta artea, horien zalea zenez gero: «Banekien hizkuntzarik gabe hurbilketa oso badaezpadakoa zela». 1989an joan zen lehen aldiz Alemaniara, Frankfurtera, ikastaro trinko bat egitera. Han zegoela eraitsi zuten Berlingo Harresia. «Txundigarria izan zen. Neure buruari esan nion: 'Hurrengo urtean Berlinera noa; prozesu hori gertutik ikusi beharra dago'».
Eta horrela iritsi zen maiteminaren muinera: Berlinera. «Tarte luze batean gelditzeko joan nintzenean, berehala iruditu zitzaidan hiri horretan inolako arazorik gabe biziko nintzatekeela. Ez hiri polita zelako, gaur egun askoz txukunduago dago, baizik eta indar izugarria zeukalako. Jende gaztez beteta zegoen, eta mugimendu kultural izugarria zuen, ofizialki potentea, eta estraofizialki beste horrenbeste».
Kapela fabrika bat izandako eraikin bat izan zuen lehendabiziko etxea. «Aspalditik zegoen okupatuta, eta kontratu bat sinatua zuten okupatzaileek jabeekin. Etxe azpian kafetegi bat zegoen, eta ondoan zinema ttiki-ttiki bat, astero zineforuma prestatzen zuena; auzokoak hara joaten ziren iluntzeetan. Nik esaten nuen: 'Hau existitzen da benetan? Utopia egia da: hemen dago!'». Zerikusirik ez Euskal Herrian sumatzen zuen giroarekin: «Hau zen gauza gris ilun bat...».
Berriro azaldu du: hiriarekin berarekin maitemindu zen. «Batzuetan, etxetik kanpo hiri batera joaten zara, eta han norbaitekin maitemintzen zara. Orduan, dena prisma horretatik desbirtuatua gelditzen da, nolabait esateko. Oso ondo dago, esperientzia hori ere primerakoa da, baina niri Berlinen gertatu zitzaidan maitemindu nintzela hiriarekin batere bitartekorik gabe. Alegia, ni han nengoen, bakar-bakarrik, eta primeran».
Tartean, irakurle
Santamaria aspaldi dabil itzulpengintzan lanean; hasieran, ikus-entzunezkoetan aritu zen, batez ere bikoizketarako testuak prestatzen, eta, gero, bestelako testuekin. Elhuyarren lan egiten du 2004az geroztik.
Itzuli zuen estreinako literatura lana Edward Morgan Forsterren Aingeruak nekez ausartzen diren tokian izan zen, 1992an. «Ez zen izan esperientzia ikaragarri ona, nire erruz. Nahiko bizimodu desordenatua neukan orduan; hori lanorduez kanpo egiten nuen, asko atzeratu nintzen, eta beldur handia nion. Literatura iruditzen zitzaidan gauza sakratu bat; edozer erabaki hartzen baldin banuen, ematen zuen profanatzen ari nintzela ez dakit zer aldare».
Emaitzak zapore gazi-gozoa utzi zion, eta batetik horrek, eta bestetik familian urteetan izan dituen zaintza lan handiek, literatur itzulpenetik aparte izan zuten urte askoan. «Nire ohiko lanorduez kanpo ezin nion dedikatu beste ezeri kalitatezko denborarik. Jarraitzen nuen, noski, irakurtzen, alemanez, ingelesez eta frantsesez, baina irakurlea nintzen, ez itzultzailea».
Halako batean, aukera izan zuen kanpora joateko berriz, eta erabaki zuen alemanari «astindu on bat» eman behar ziola. «Denbora askoan ez nuen erabili lanerako. Hemen, alemanarekin, ez baduzu bilatzen, zaila da kanalak izatea». Berlinen denboraldi batzuk igaro ondoren erabaki zuen aukerarik izanez gero alemanetik literatura itzultzea. EIZIEren Literatura Unibertsala bildumarako deialdi batera aurkeztu zen, Durrenmatten eleberria itzultzeko, eta irabazi egin zuen. Hura argitaratu ondoren atera zuten Bachmannena, eta berari eman zioten hori ere; Euskadi saria irabazi zuen itzulpenarengatik.
Handik gutxira proposatu zion Lander Majuelo Igelako editoreak Sebalden Austerlitz itzultzeko. «Sekulako sustoa hartu nuen. Liburua ezagutzen nuen, irakurria neukan gaztelaniaz, Miguel Saenzen itzulpenean, eta oso gogoan neukan askotan pentsatu nuela: 'Nola arraio itzuli du hau tipo honek?'». Hala ere, ezin izan zion ezetz esan liburu kutun bat euskaratzeko eskaerari.
Izugarrikeriaren literatura
Lan bakoitzaren dokumentazio prozesuak aukera eman dio mundu batean murgiltzeko. «Horrek arriskua dauka: sartzen zara, hasten zara irakurtzen bat, gero hurrengoa... eta pasatu ditzakezu horrela bost urte, eta lerro bakar bat ere ez itzuli. Askotan pentsatu dut, gainera, nire ziurtasunik eza bridatzeko modu bat ere badela: helduleku bat».
Gainera, egileekin sortu duen loturak hor jarraitzen du lanak bukatu eta gero ere. «Asko gustatuko litzaidake Vienara joatea, Bachmannekin harreman estuagoa izateko. Gainera, bera jaio zen ingurura joan nahiko nuke, Klagenfurt ingurura, eta Austriaren eta Esloveniaren arteko muga hori ezagutu».
Alemania ez ezik, hizkuntzaren inguruko lurralde osoa ere interesatzen zaio Santamariari, eta zenbat eta gertuagotik begiratu Austria-Hungariako Inperioa izandako lurraldeei, orduan eta konplexuagoa da dena. «Guk alemanak ikusten ditugu betiere holokaustoaren eragile bezala, eta hala da, baina egia da Bigarren Mundu Gerra bukatu eta gero Errumaniaren, Ukrainaren eta Poloniaren administraziopean gelditu ziren lurraldeetan germanofonoak gutxiengo bat izan zirela, eta asko oso gaizki tratatuak».
Inguru horretan bete-betean sartuz gero, holokaustoari ezin zaio iskin egin, gaia aldez edo moldez agerikoa delako idazle askoren obra literarioan ere, zuzenean zein zeharka. «Holokaustoa interesatzen zait. Batetik, izugarrikeria hori ulertu nahian, eta, bestetik, horrek eragin duen gogoeta literario historiko guztia: Hannah Arendtek esaten duena, Philip Larkinen bidaia bere familiaren jatorrira...».
Santamariari zirrara berezia eragiten dio Sebalden lumak Austerlitz-en. «Memoriari buruz egiten duen hausnarketa izugarria da. Nolako konplexutasunez tratatzen duen pertsona bati gerta dakiokeen guztia, pertsona baten burutik pasatu daitekeen guztia horrelako gauza bat bizi ondoren. Asko gustatzen zait sentimentalismorik gabe nola uzten zaituen benetan petrifikatua».
Santamariak zabal-zabalik ikusten ditu alemanezko literatura euskaratzeko bideak, baita hark itzulitako hiru egileetan sakontzekoak ere, begikoak baititu Sebalden lanak —Luftkrieg und Literatur, adibidez (Aireko gerra eta literatura, 1999)—, Bachmannen beste istorio batzuk... «Uste dut asko daukagula hor itzultzeko». Irribarre erdia jarri zaio ezpainetan. «Niri ez litzaidake batere axolako inguru horretan jarraitzea, e».
Bihar: Fernando Rey.
UDAKO SERIEA. Hizkuntza baterako bidaia (I). Idoia Santamaria.
Utopiaren hiriarekin maitemintzea
Urte gutxian, Friedrich Durrenmatt, Ingeborg Bachmann eta W. G. Sebald itzuli ditu Idoia Santamariak alemanetik euskarara. Hango hizkuntza ikastera joan zenean liluratu zuen Berlinek, eta pasioz arakatu du Europa erdialdeko historia garaikidea, interes berezia ipiniz literaturan eta hizkuntzaren gorabeheretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu