Andelo

Ur andelaren ondoko herria

Erromatarren garaiko hiriaz gainera, Erdi Aroko arrastoak ikus daitezke Andelon, eta baskoien kastroa dago azpian. Andelokoa arkeologia multzoa da, hiriaz gainera ur hornidurarako sistemaren arrastoak gordetzen baitira. Inguruan duen ur andela edo biltegia du «harribitxia».

jarraia156084.jpg
Iker Tubia.
2018ko abuztuaren 30a
12:36
Entzun

Erromatar hiri bat baino gehiago da hau». Horixe azaltzen diete Andelora joaten diren bisitariei. Mendigorria eta Larraga artean (Nafarroa) dago Andeloko aztarnategia, hiri erromatar gisa ezaguna dena. Hala ere, toki horrek hainbat garaitako arrastoak biltzen ditu. Ur andela da Andelok duen bereizgarria, aztarnategiko «harribitxia», Raquel Ziriza bertako gidak azaldu duenez. Ur hornidurarako sistema «bikaina» zuen hiriak: ura presan bildu, ur biltokian gorde eta akueduktuaren bidez ailegatzen zen hiriraino.

Andelaren ondoko hiria da Andelo, baina ez etimologiaren arabera. Ikerketek diote and horrek handia hitzari eginen liokeela erreferentzia; beraz, hiri handia litzateke Andelo. Aldez aurretik, K. a. IV. mendean, bazen herri txiki bat Andeloren ondoan, eta hiri handiago horretara tokialdatu ziren. Horri loturik egon liteke. Bada beste hipotesirik ere: Andelo Antonioren hiria dela, Pompaelo Pompeioren hiria den moduan.


Ur horniduta "bikaina". Biltegitik hiru kilometrora, presa dago, ura jasotzeko tokia.

Nolanahi ere, ur biltegia da berezi egiten duen elementu nagusia. Hiritik oso gertu dago, 300 metrora, eta, Zirizak azaldu duenez, Iberiar penintsulan ez da horrelakorik aurkitu oraingoz. Bosran (Siria) bada antzeko bat, baina hura angeluzuzena da —Andelokoa irregularra—. Ura erregulatzeko biltegia zen, eta 7.000 metro kubo ur gorde zezakeen. Uste dute biltegia ez ezik urtegia eta araztegia ere bazela. Akueduktuaren bidez ailegatzen zen ura hirira, eta han castellum aquae eraikinera bideratzen zen, ura erregulatzeko. Eraikin hori oso handia da, eta oraindik ikus litezke haren arrastoak. Dena den, hainbat arkeologoren aburuz, eraikin hori tenplu bat da, eta berriki hasiko dira ikerketa gehiago egiten. Beraz, baliteke Andeloko panelen bat aldatu behar izatea hemendik gutxira.

Ibaiaren inguruan dago Andelo, baina haiek nahiago zuten ur garbia. «Hiru kilometrora aurkitu zuten», dio Zirizak. «Haien aburuz, ibaiko ura ez zen garbia. Animalia hilen bat egon zitekeen ibaian gora, adibidez». Hori dela eta, 150 metroko presa bat eraiki zuten hiritik hiru kilometrora, han isurtzen ziren urak biltzeko. Dirudienez, lehenbizikoa ez zen sobera indartsua; beraz, bigarren harresia eraiki zuten handik gutxira.

Iturranduz izena du presa dagoen tokiak. Gaur egun ibarbide bat da, eta panel batean dagoen moldatutako irudiari esker jakin daiteke nolakoa zen presa hori urez beterik zegoenean. Presa eta andela loturik zeuden, nahiz eta ubide horren arrasto gutxi geratzen diren. «Azkenean, 500 metroko kanalizazio bat aurkitu dute. Oso sinplea zen. Aurkitutakoa museo bihurtuko da». Presa eta ur andela irekiak daude mundu guziarendako.


Nekazaritzari loturiko jainko baskoia gurtzeko aldare bat dago Andelon.

Ur hornidurak egiten du Andelo berezi, baina hori ez da aztarnategian ikus daitekeen bakarra, noski. Erromatar hirian sartzeko ordaindu beharra dago. Bidegurutzearen ezkerreko aldean dago hiria. Harreraren eraikinean museo txiki bat dago, eta baita laborategia ere. Azken hori ez da erabiltzen, baina tokia prest dago ikerlarientzat indusketak egiten hasteko.

Hiri handia

Andelo hiri handia zela dio izenak, eta hala izan zen: 2.500 biztanle inguru izatera iritsi zen. K.a. 74. urtean sortu zen Pompaelo (Iruñea), eta hiri hori eraikia zegoen ordurako. XIV. mendera arte iraun zuen: garai hartan, hiria hustu egin zen, seguruenik izurritearengatik. Gaur egun, arrastoak baizik ez dira geratzen. Are, erromatar hiriaren %20 baizik ez da induskatu. Duela 18 urte utzi zioten induskatzeari. «Esaten dute alferrik dela jarraitzea, gauza bera aurkituko delako», kexu da Ziriza. 1940ko hamarkadan egin ziren lehenbiziko indusketa txikiak, baina zorroztasun handirik gabe. Geroago, 1980an hasi ziren benetako lanak, eta 2000. urtera arte aritu ziren.

Andelon sartzen direnek imajinazioa martxan jarri behar dute harrerako eraikina atzean utzi bezain pronto. Hainbat panel daude ibilbide osoan, eta asko laguntzen dute hiria irudikatzen. Lehenbizi artisauen eremua dago, garai batean arkupea zuen kalean. Bertan, tailer txikiak zeuden, baita garbitegi bat ere. «Oso handia da; 11-12 gela ditu. Beraz, baliteke eskualdeko garbitegia izatea». Erromatarrek ongi banatzen zituzten komertziorako eremua eta bizitzekoa. Artisauen eremu horretatik akueduktuaren adar batzuk pasatzen ziren, bertan baitago oraingoz ura erregulatzeko eraikintzat jotzen dena. «Andelo uraren erabateko kontrola da, hasieratik bukaeraraino», azaldu du gidak. Adar horien arrastoak ikus daitezke.

Barnerago dago bertakoen bizitokia izan zena. Erromatarrek eraikitako kaleetan barna ibil daiteke —bi kardo eta hiru dekumano—, eta hiriak nola antolatzen ziren ikusi. «Kaleak praktikoak dira: freskoak dira, eta haizea gelditzen dute». Kale batzuk oinezkoentzat ziren; beste batzuetan, gurdiak pasatu zitezkeen, eta baziren bi gurdi gurutzatu zitezkeen kaleak ere. Kaleetan ikus daitezke gurdiek harrietan utzitako aztarnak, baina zebra bideek bereganatzen dute bisitariaren arreta errazen. Harrizko igarobideak jartzen zituzten gurdi batek harrapatu gabe espaloi batetik bestera igarotzeko.

Etxe handiak ere badaude: Peristilloren etxea, Impluviumaren etxea eta Bakoren garaipenaren etxea, adibidez. Bigarrenean, impluvium-a da gorde da hobekien, erdiko patioko urmaela. Hirugarrenari bertan aurkitutako mosaikoak ematen dio izena. Etxebizitza horiek dauden inguruetan terma publikoak zeuden, bainu epel eta hotzak hartzeko, palestran gimnastika egiteko edo ur beroko saunaz gozatzeko.


Harrizko igarobideak egiten zituzten espaloi batetik bestera pasatzeko.

Baina Andelon ez dago soilik erromatarren arrastoa. Merkataritza gunearen eta bizitokiaren artean, Erdi Aroko herriaren arrastoak ikus daitezke. «Erdi Aroko garaia desordenatuagoa da. Hemen, 64 familia edo sutondo bizi izan ziren, modu xumean». Erromatarren hiriaren gainean eraikitako herriari Andion izena jarri zioten. Gaur egun, han da Andion Ama Birjinaren baseliza, eta mendigorriarrek urtero egiten dute erromeria bertara.

Baskoiak azpiko geruzan

Erromatarrak ailegatu aurretik ere bazen Andelon bizi zenik: erromatar hiria Burdin Aroko baskoien kastro baten gainean eraiki zuten, K.a. IV. eta III. mendeetakoa. Bertakoek erromatar kultura hartu zuten: jainkoak gurtzeko aldareak eraiki zituzten, nahiz eta hasieran baskoien jainkoei gurtzeko erabili. Hala, Larrahi, Losa eta Errensa jainkoei eskainitako aldareak aurkitu dituzte Andelon. Beranduagokoa da Apolo jainko erromatarraren omenez eraikitakoa, museoan ikusgai dena Larrahiren ohorez eraikitakoarekin batera.

Bestelako elementuak ere bildu dituzte museoan —batzuk han bertan daude, eta beste batzuk beste museo batzuetan—. Hala, hiru hizkuntza utzi zituzten idatzirik Andelon: greziera —haur baten eraztunean—, latina, inskripzio gehienetan—, eta iberiera. «Eremu baskoian iberieraz idatzitako esaldi bat aurkitzea goxoki bat da, eta eztabaida sortzaile», dio Zirizak. K.a. I. mendekoa da idatzi hori.

Baskoien arrastoak lurpean daude, eta oraingoz han jarraitzen dute lo. Erromatarren aztarnak ondare historiko direnez, ezin dira hondatu azpikoa azaleratzeko. Bisitariak primeran ikus ditzake gainerako arrastoak. Are, Andelok jakin-mina piztuz gero, Arellanoko eta Santa Crizeko erromatar aztarnategiak ere bisita ditzake Nafarroan.
 

 

Datuak.

 

Ordutegia

Abuztua: asteazkenetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Iraila: ostiral eta larunbata, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara. Igandean 10:00etatik 14:00etara.

Urritik abendura: ostiral eta larunbata, 10:00etatik 14:00etara, eta 15:00etatik 18:00etara. Igandeetan 10:00etatik 14:00etara.

Azaroaren 1ean: 10:00etatik 14:00etara, eta 15:00etatik 18:00etara.

Abenduaren 1, 6, 7 eta 8an: 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara.

Abenduaren 2, 3 eta 9an: 10:00etatik 14:00etara.

 

Denbora

Hiri erromatarra: 30 minutu. Multzo arkeologikoa: Ordubete edo ordu eta erdi.

 

Prezioa

Sarrera arrunta: 2 euro.

Beherapenarekin: euro 1.

 

Bisita gidatuak

Aldez aurretik hitzartu behar da: (0034) 948-74 12 73 edo [email protected].

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.