Orio eta arrauna

Ubera etengabean segitzen du

Orio zerbaitegatik ezaguna bada, arraun munduan duen historia eta ospeagatik da. Oriotarrek txikitatik jaso izan dute arraunarekiko zaletasuna eta sentimendua, askori zirrara edota sufrikarioa sortzeraino. Arraunak inguratu du herria, eta haren bueltan eratu dira familiak.

Guztien artean maitatuena Kontxako Bandera dute oriotarrek. 33 aldiz irabazi dute. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Mikel O. Iribar.
2020ko abuztuaren 28a
19:40
Entzun



Jaiotzatik dute emana arrauna Orion (Gipuzkoa). 6.000 biztanleko herri txiki bat izanik ere, belaunaldiz belaunaldi transmititu eta errotu da kirol hori, eta hala gertatzen da oraindik ere.Horia kolore berezia bezain handia da oriotarrentzat, eta horiak ordezkatzen du arraunarekiko duten grina, arima, sentimendua eta harrotasuna. 55 urte dira Orio Arraunketa Elkartea eratu zenetik, baina mende bat baino gehiago lehen bandera irabazi zuenetik. 1901ean astindu zuen lehenbizikoa, eta, ordutik, garaipen handiz josi du bere historia, oriotarrei zirrara sorrarazteraino. Oriok loria eman dio arraunari, baita arraunak Oriori ere.

«Txiki-txikitatik jaso dugu arraun- zaletasuna; sen berezia daukagu». Antonio Camposen adierazpena da (Orio, Gipuzkoa, 1942). Hura izan zen Orio Arraunketa Elkarteko lehen presidentea. 1965eko maiatzean sortu zuten kluba, Tradizioa galdu gabe, olinpismorantz lelopean. Hain zuzen, Camposek eta enparauek apustu serioa egin zuten. Ordura arte, Oriok garaipen sorta ederra zuen tosta finkoan, «baina arraunketa finkoa alde batera utzi, eta munduan egiten zen arraun modalitatea bultzatu genuen: aulki mugikorra». Haren esanetan, elkarteak hartutako erabakiak herrian ez zuen harrabotsik sortu, alderantziz baizik: «Herria erabat identifikatuta zegoen Orioko klubarekin, eta elkarteak hazten jarraitu zuen».

Orio Arraunketa Elkartearen hasierako egoitza herriaren aldean zegoen / J. M. Olasagasti
 


1968an eta 1969an, Nazioarteko Estropadak jokatu ziren lehen aldiz Orion, eta arraunzaleek parada izan zuten Oxford eta Cambridgen gisako talde entzutetsuak Oria ibaian lehian ikusteko. Orioren izena, apurka-apurka, Europan hedatuz zihoan, eta arraun munduan egiten ziren aurrerakuntzak txertatuz joan ziren, hala arlo teknikoan, nola entrenamendu saioetan. «Ordura arte, entrenamenduek estropada batek bezainbeste irauten zuten», dio Camposek. Handik aurrera, goitik beherako iraultza egin zuten.

Tosta finkoan lortzen ziren garaipenek, ordea, gehiago mugitzen zioten barrua herritarrari. 1970ean uretaratu zuten berriz ere trainerua, eta Camposek gogoan dauka zer gertatu zen Kontxako Banderako lehen jardunaldian: «Estropada hasi aurretik, beroketa saioa egin, eta bost minutuko serie bat egin zuten, ikuslearen harrigarri». Oriok, Juan Lizarralde Altxerri patroi zela, 45 segundo atera zizkion Lasarteri, bigarren sailkatuari. Duela 50 urteko estropada hura mugarria izan zen, Camposek dioenez: «Oriotarrei irabazteko, haiek egindakoa egin behar da».

"Txikitatik daukazun ilusioa da lehen taldean jokatzea. Edozer egiteko prest zaude hor goian egon ahal izateko"

Unai Etxeberria. Orioko arraunlaria

 

Irabazi ala galdu

Herrian bandera bat berezia eta maitatua bada, Kontxako Bandera da hori. Donostiako palmaresean, goi-goian dago Orio: 33 bandera irabazi ditu 32 gizonezkoek eta bat emakumezkoek. Arraunlariek eta zaleek garrantzi handiagoa ematen diote oraindik Kontxako Banderari ligako tituluari baino. «Herri honetan, Kontxako Bandera bizi egiten da. Eguna gertu ahala, herritarrek gero eta galdera gehiago egiten dizkizute, eta arraunlari guztiok beti esaten dugu: 'Ea noiz irabazten dugun'». Unai Etxeberria (Orio, Gipuzkoa, 1988) arrauna odolean daraman beste herriko seme bat da, 2008tik San Nikolas ontzian urte gehien daramatzan harrobiko arraunlaria.

Etxeberriak 2010ean izan zuen aukera bandera preziatu hori irabazteko, baina bigarren geratu ziren, esku hutsik. Muturreko sentimendua sortzen du horrek herrian. «Bigarren postuarekin inor ez da gogoratzen; irabazlearekin bakarrik gogoratzen dira. Lehen, dena zen irabazi edo galdu; orain, herritarrek ulertzen dute lan handia egin behar dela bandera irabazteko, taldeen arteko lehia handia baita». Etxeberriak 2017an jaso zuen saria, Kontxako lehen bandera irabazita. «Nire ibilbideko une gogoangarrienetako bat da», atera zaio barrutik.

Arraunlari oriotar batek izan dezakeen jomugarik handiena etxeko ontzi nagusian arraun egitea da: «Txikitatik daukazun ilusioa da lehen taldean jokatzea. Edozer egiteko prest zaude hor goian egon ahal izateko». Etxeberriak 2008an egin zuen jauzi lehen taldera. «Ordutik, denetik bizi izan dut: momentu onak zein txarrak». 2011ko denboraldia gurutze-bidea izan zen Oriorentzat. Gogora ekarri du zer gertatu zen. «Maila nagusitik jaitsi ginen, eta oriotarrok kolpe handia hartu genuen». Mundua gainera etorri zitzaion, baina txapeldun izaera duen talde batek gaitasuna du berriz ere jaikitzeko, eta Oriok zer esanik ez.

'Alironak' egiten du berezi

Oriok arraunean duen historiaz gain, bada beste zerbait herriari bizia eta kolorea emateaz gain, berezi egiten duena: alirona, arraunlariei egiten zaien harrera. Ainhoa Gozategik dioenez (Orio, Gipuzkoa, 1970),«Herritarrok udaletxeko plazatik balkoira begira egoten gara, arraunlariek bandera nola astintzen duten ikusten. Herriko txarangak plaza alaitzen duela, haurrei begiratzen diet tarteka, eta, seguruenik, pentsatuko dute: 'Egunen batean hor goian egongo banintz...'. Orion, arraunlariak idoloak dira».

Musikak baino gehiago, arraunak inguratzen du Gozategiren familia. Haren aita urteetan ibili da klubean bati zein besteari laguntzen, isilean; senarra, Ibon Urbieta, arraunlari olinpikoa izandakoa da; eta hiru seme-alabak arraunlariak ditu. «Arraunaren arabera egiten ditugu planak; asko baldintzatzen digu bizitza, baina, gustuko lekuan, aldaparik ez», aitortu du. «Hori bai, majo sufritzen dugu»|.

 

Orioko arraunlari guztien ametsa traineruko tostartean jokatzea da. Juan Carlos Ruiz / Foku
 

 

Familian arrauna hain errotua egonik, Gozategi ere estropuan kateaturik geratu zen. Garai hartan, ordea, aulki mugikorrean aritzea beste aukerarik ez zuten emakumeek. 90eko hamarkadatik aurrera hasi ziren lehen urratsak egiten: bateletik trainerilletaraino. Traineruan aritzea, baina, «oso urrun» ikusten zuten. «Burutik ere ez zitzaigun pasatu traineruan ibiliko ginenik», harik eta, 2010ean, emakume multzo bat elkartu, eta trainerua uretaratu zuten arte. «Ametsa egia bihurtu genuen».

Behetik gorako bilakaera

Egitasmoa indarrez jarri zen martxan, jakinda azpitik ilusioz bazetozela arraunlari gehiago, besteak beste, Itziar Olasagasti (Orio, Gipuzkoa, 1989), egun, eskarmentu handiena duen etxeko arraunlaria. «Aurretik, Tolosan eta Getarian ibilitakoa nintzen, baina herriko taldean trainerua atera beharra zegoen. Ilusioz ekin genion abenturari». Oinarri sendo bat ezartzea zen lehen helburuetako bat, eta, pixkanaka-pixkanaka, harrobiko sokatik tiraka, lehiatzeko talde bat osatu zuten. Joan den astean bete ziren hamar urte lehen bandera irabazi zutenetik.

2013tik aurrera, Euskotren ligan eta Kontxako Banderan lehiatu da Orio. «Agian, espero baino denbora gehiago behar izan dugu onenekin egoteko. Izan ere, guk hobetzen genuen heinean, aurkariak ere hobeagoak ziren», dio Olasagastik. Urteetako lanaren fruitua iritsi zaie, ordea. Iaz, Kontxako Banderako eta ligako txapeldunak izan ziren, eta herrian ere haien oihartzuna zabaltzen ari da. «Eskertzen da herritarrek gu agurtzea. Horrek esan nahi du badagoela erantzun bat Orioren partetik». Olasagasti bat dator emakumeek ikusgaitasun gehiago dutela arraunean beste kiroletan baino. «Zortedunak gara telebistan ateratzen garelako. Aurreiritzi guztien gainetik, goitik emakumeen aldeko apustua egin da».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.