Etxebizitza duinerako eskubidea aski ezaguna da. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean jasota dago, baita Eskubide Sozial, Ekonomiko eta Kulturalen Nazioarteko Itunean ere. Eskubide hori azken hamarkadan jaso da Euskal Herri osoan. Are gehiago, etxebizitzarako eskubidea subjektibo gisa jaso da: administrazioek zehaztutako baldintzak betetzen dituzten herritar guztiek aukera dute auzitegietara jotzeko, eskubidea berma diezaiotela galdegiteko. Paperean hala jasota badago ere, eskubide horren balioa urardotu duten saihesbideak ere badaude. Etxebizitza duinik emateko aukerarik ez dutenean, gobernuek laguntza ekonomikoa ematen diete onuradunei, haiek etxea bila dezaten merkatu pribatuan.
Ipar Euskal Herrian aitortu zen lehenengoz eskubide subjektiboa. 2008. urtean, DALO legea sartu zen indarrean Frantzian; etxebizitzari lotutako eskubideei buruzkoa zen. «Lege aski berritzailea izan zen», azaldu du Peio Etxeberri Aintxartek, EH Baiko etxebizitza taldeko kideak. «Hor sortu zen lehen aldiz egiazko eskubide indibidual bat etxebizitzaren inguruan; herritarrek aukera zuten esateko: 'Estatuak aitortu egin behar dit eskubide hori'».
Legea indarrean jarri zutenean, aurreikusi zen 600.000 pertsonak balia zezaketela eskubide hori. Roxana Eleta De Filippis Havreko (Frantzia) Unibertsitateko Soziologia irakasleak zenbatetsi du 2010eko lehen hiruhilekora arte 140.000 eskaera aztertu zirela Frantziako Estatuan. Horietatik 43.052 aintzat hartu zituzten, eta, guztira, 12.366 etxebizitza publikotarako sarbidea eskaini zieten. Ipar Euskal Herrian apenas izan zuen eraginik, Etxeberrik gogora ekarri duenez.
Etxeberrik azaldu du DALO legea indarrean dagoela oraindik, baina praktikan erabilera gutxi duela: «Inork ez du ezer egiten, edo arras gutxi, ez baitu errealitatean ezer aldatzen». Are gehiago, uste du lege horrek etorkizunean are erabilgarritasun txikiagoa izango duela. Emmanuel Macron presidenteak 2018an sustatutako etxebizitza legeak ateak ireki dizkio etxe sozialak saltzeari; hau da, alokairutik jabetzara pasatzeari. Etxeberriren arabera, Miarritzen alokairuko etxebizitza sozial bakoitzeko 400 eta 500 eskari artean daude. «Pentsa zer zailtasun egongo den egun dauden etxebizitza sozialak saltzen badira».
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoerak parekotasun handiak ditu Ipar Euskal Herrikoarekin. Eusko Legebiltzarrak 2015ean onartutako legean eskubide subjektiboa egikaritzeko bi modu zehaztu zituzten: alokairuko etxebizitza duin bat eskainiz, edo, lehen aukera posible ez balitz, diru laguntza bat emanez. Administrazioek alokairu publikoko parke mugatua dutenez, laguntza ekonomikoa aitortu dute askotan: 250 euro.
Lege berriarekin, «atzera»
Gasteizko Kaleratzeak Stop taldeko kide Arturo Val del Olmo kritikoa da EAEko lege hori izaten ari den garapenarekin. Adibide bat jarri du: eskubide subjektiboaren onuradun izateko baldintzak duela lau urte onartu zituzten, eta ordutik ez dituzte moldatu. «Eskubidea baliatzeko baldintzak ez dituzte gaurkotu, legeak hori esan arren; 2015ekoak mantendu dira, behin-behinekoak». Are gehiago, azaldu du legea «atzerakoia» dela, etxe bat alokatzeko dagoen beste laguntza batekin alderatuta: etxebizitzarako prestazio osagarria. Legeak gehienez 250 euroko laguntza bermatzen duela azaldu du. Nabarmendu du, ordea, zenbait aldagai gorabehera etxebizitzarako prestazio osagarria 325 eurora ere hel daitekeela.
Nafarroan aitortu dute beranduen etxebizitzarako eskubide subjektiboa. 2018ko abenduan argitaratu zuten lege hori, eta 2019an sartu zen indarrean; hainbat arauditan eragiten du, eta bi urteko epea xehatu du araudi horiek guztiak bateratuko dituen testua argitaratzeko. Angel Larrea Nafarroako PAH hipotekak kalte eginikoen plataformako kidearen ustez, ikusteko dago nola garatzen den. Baina argi dago eskubide hori diru laguntza gisa irudikatu dutela, jaiotzatik bertatik. «Jakinda etxebizitza parke publikoa ez dela nahikoa beharrei erantzuteko, horren ordez prestazio ekonomikoa finkatzen du», jaso du legeak.
Laguntza hori, familiei zein gazteei zuzenduta, alokairuaren erdia ordaintzeko bideratuko da. Horretarako, ordea, baldintza batzuk bete beharko dituzte laguntza eskatzen dutenek eta alokatuko dituzten etxeek: Nafarroako etxebizitza zerbitzuan urte bat eman izana; kasuaren araberako gehienezko diru sarrerak ez gainditzea; eta aukeratutako hileko alokairua 650 euro baino merkeagoa izatea. Aldagai horien arabera, laguntza 200, 250, 300 eta 350 euro artekoa izan daitekeela azaldu du Larreak.
Merkatu pribatuan talka
Euskal Herrian aitortutako etxebizitzarako eskubide subjektiboak, edozein dela herrialdea, merkatu librera bideratzen ditu onuradunak kasu gehienetan. Peio Etxeberri kritikoa da: «Egoitzak ez direlarik existitzen, eskubidea izateak ez du ezer aldatzen: diru laguntzak eman dira, baina ez dira aski egoitza lortzeko, ez alokairuan, ez erosketan».
Arturo Val del Olmok hausnartu du laguntzen diru kopurua ez dela nahikoa merkatu pribatuan etxebizitza duin bat eskuratzeko. Gogora ekarri du etxebizitza sozialetan bizi diren familiek ezin dutela errentaren %30tik gora ordaindu. «Legeak kontraesanak ditu. Aintzat hartu beharko dira alokatzen dutenen baldintzak; bestela, onuradunek Caritasera joan behar izatea sustatzen da».
Larreak iragarri du Nafarroan egoera bertsua izango dela: «Eskubidea aitortua duen norbaitek agian ezin izango du baliatu, 650 eurotik beherako alokairua lortu ezinik». Diruaz gain, alokatzaileen baldintza «gogorrak» nabarmendu ditu, baita «irizpide pribatuak» ere. «Guraso bakarreko familiek, migratzaileek eta abarrek zailtasun handiagoak dituzte alokairu bat lortzeko, bermatutako errenta izan arren».
UDAKO SERIEA. Etxebizitzaren zimenduak (II). Etxebizitzarako eskubide subjektiboa.
Teilarik ez, eta laguntza
Euskal Herri osoan aitortua dago etxebizitzarako eskubide subjektiboa. Etxe publiko nahikorik ez dagoenez, baina, laguntza ekonomikora mugatu da eskubide hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu