UDAKO SERIEA. Elsa eta Gisele (III).

Tabuak zintzilik daude argazkien paretetan

Mundua borroka betean zegoen duela mende erdi. Euskal Herrian ere bazen hainbat aje astindu nahia. Atzerrian kokatuta daude 'Elsa Scheelen' eta 'Egunero hasten delako', Euskal Herrian arbuiatu ohi ziren gauzak egiten ageri dira nobelotako bi protagonista nagusiak. Horrek arrastoa utzi zuen garaiko irakurle andrazkoengan. Baita gerokoengan ere.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2019ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Saizarbitoriak eta Txillardegik apustu egin zuten, zeinek nobela lehenago idatzi. 1966ko abendua izango zen, 29 edo 30. Txillardegik ez zeukan Hegoaldera etortzerik, eta harengana joan ginen. Esango nuke Zeruko Argia aldizkarian Gazte Naiz sailean genbiltzanak ginela: Ramon [Saizarbitoria], Ibon [Sarasola], ni neu, eta Mikel Lasa ere bai, seguru asko». Mari Karmen Garmendiak (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1947). Hendaiako [Lapurdi] tren geltokiko kafetegian egin zutela hitzordua,eta Jose Mari Benito del Vallerekin —ETAren beste sortzaileetako batekin— agertu zela bilerara Jose Luis Alvarez Txillardegi. «Beste hainbat konturen artean, literaturaz-eta aritu ginen, eta hantxe Txillardegi eta Saizarbitoria, nobela bana zutela proiektatua eta zeinek lehenago idatziko, elkar zirikatzen». Saizarbitoriak ez du gogoan apusturik; Txillardegi ez da bizi zalantza argitzeko.

Apustuarekin ala apusturik gabe, bada, heldu ziren Txillardegiren Elsa Scheelen eta Saizarbitoriaren Egunero hasten delako. Xabier Letek askoz geroago kantatuko zuen Habanera famatuan bezala, 1969ko Euskal Herrian nagusi zen «arrosario santua neguko gela hotzetan». Eta argazkien paretetan, Antillez gain, gauza asko zegoen zintzilik: Angola eta Vietnam; sobietarren tankeak Pragan eta maiatzeko hondartza Parisko kale harrien azpian; langile exodoa hegoaldetik Europa iparraldera; Erromako Elizaren buru Paulo VI.aren gurutzada jaiotzen kontrolaren aurka; Euskal Herria hezkuntzaren, hizkuntzaren eta kulturaren bitartez eraikitzeko egitasmoak; marxismoa eztabaidaguneetan; eliz gizon eta emakumeen sekularizazioa nonahi; ETAren lehen hildakoa eta ETAko lehen hildakoa; jazarpena eta salbuespen egoera. Testuinguru horretan heldu ziren nobelok irakurleen eskuetara —urrian, Txillardegirena; berehalaxe, Saizarbitoriarena—, emakume bana protagonista zutela. Atzerrian kokatuta daude bi liburuak, baina euskal irakurleentzat idatziak dira; emakumea gizonaren menpekotzat eta amatzat zeukan gizarte katoliko bateko kideentzat.

Anuntxi Arana antropologoak (Luiaondo, Araba, 1947) Txillardegiren beraren eskuetatik jaso zuen alea, 1970eko urtarrilean. Euskal Herrian 434 atxilotu, 189 espetxeratu, 75 deportatu eta 38 erbesteratu ekarri zituen salbuespen egoera urtetik, 1968tik, zegoen erbestean Arana, eta Bruselan ezagutu zuen Txillardegi. «Han bizi ginen geu ere Elsa Scheelen argitaratu zuenean. Gure etxetik harenera, oinez, ez zen ordu laurden baino gehiago». Garai hartan, Arana ez zen euskaraz irakurtzeko gai —«Txillardegi bera aritu zitzaigun pixka bat erakusten»—, eta atzera Euskal Herrian zen liburuok irakurri zituenerako, 1980ko hamarkada hasieran. «Ordurako, aldaketa asko gertatuak ziren: abortua legezkoa zen Iparraldean 1975etik, Franco hila zen jada, eta Espainian el destape deitu zioten hura gertatu zen». Aranak gogoan iltzatuak ditu abortatzera doan Giseleren «bakardadea tren geltoki hartan»; eta Elsa Scheelenen asperdura existentzialista. «Emakume antzua eta dibortziatua da Elsa, apez batekin harremanetan sartua. Sekularizazioaren gaia, liburua idatzi eta nik irakurri nuenerako, banalizatuta zegoen erabat Euskal Herrian».

Eztabaida iturri

Argitaratu eta berehala irakurri zituen nobelok Mari Karmen Garmendiak. Garai haietako alfabetatze kanpainako herriz herriko hitzaldiak —kanpaina horren osagarri ulertu zuen liburuok eman zituen Lur argitaletxearen sorrera bera ere—, ikastaroak eta Zeruko Argia-ko artikuluak aipatu ditu irakasle eta Jaurlaritzako Kultura sailburu ohiak: «Dena zegoen egiteko. Nazional-katolizismoak pisu handia zuen».

Emakumeen karreraren «helmuga bakarra» ezkontza zen, Aranaren esanetan: «Nik hala sentitu nuen Valladolidera [Espainia] frantses filologia ikastera joan nintzenean. Emakume batzuk errespetatzen ziren, baina Elizagatik eta zeukaten anaia, aita edo senarrarengatik. Nik ez nuen bereizten Eliza gizartearengandik. Dena bat ziren».

Horregatik ziren ausartak Elsa Scheelen eta Egunero hasten delako, Garmendiaren ustez. «Nik ez dakit zenbat irakurle izango zituzten, baina esango nuke eskandalua, batez ere, euskaltzale eta abertzale helduen artean eta Elizako zenbait sektoretan eragin zutela. Saizarbitoriarenak, batez ere. Euskaldun-fededun irizpide horiek bizirik zeuden».

Elizaren eragina nabarmendu du urte luzez Auñamendi argitaletxean lan egin duen Idoia Estornes Zubizarreta (Santiago, Txile, 1940) historialariak ere, lehenik eta behin: «Abortuaren gaia tabu zen erabat herrialde katoliko guztietan: Espainia, Frantzia, Italia, Grezia... Hego Euskal Herrian Francori egotzi ohi zaizkio halakoak, baina Eliza katolikoaren kulturari zor zaizkio abortuari, dibortzioari eta halakoei buruzko tabuak». Tabu horiek, baina, ez zuten antisorgailuen iritsiera eragotzi. «[Gregory Goodwin] Pincus doktoreari esker sortu zuten lehenengo pilula, 1956an, eta nik gogoan dut 1958an jada emakume batzuek eskatu egiten ziotela nire senarrari, ginekologoa bera».

Aldaketa, erreakzioa

Pilulen zabalkundeak gizarte aldaketa ikaragarria ekarri zuen. Nahi gabe haurdun gelditzeko beldurretik askatu zituen andreak, eta jaiotzen gaineko kontrola galdu zuten Elizako hierarkek eta gainerako gizonek. Emakumeen eskubideen eta abortuaren aldeko aldarrikapenak gero eta ozenago entzuten hasi ziren Mendebalde osoan. 1967tik, Frantziako Neuwirth Legearen ondorioz, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan pilulak eskura zitezkeen.

Giro horri erantzunez, eta hainbat elizgizon antisorgailuak erabiltzeko eskubidea onartzen hasia zela ikusita, Vatikanoko buru Paulo VI.ak Humanae Vitae entziklika argitaratu zuen 1968ko uztailaren 25ean. Erreakzio agiri horretan, gizon zein emakumeen esterilizazioa, antisorgailuen erabilera eta abortua —edozein zelarik ere kausa— gaitzetsi zituen.

«Abortuari buruz ezin zen hitz egin, kakari buruz hitz egitearen pare zelako, zikina zelako», Estornesen esanetan. 1974an hasi zen Elsa Scheelen irakurtzen. Haurdun zegoen, eta euskara maila hobetu nahi zuen, haurra jaiotzerako. «Hizkuntza maila gehiegizkoa zuen niretzat, baina, eta utzi egin nuen. Hala, Egunero hasten delako-rekin hasi nintzen. Ez nuen Saizarbitoria ezagutzen, eta haren kontatzeko erak liluratu egin ninduen. Egile gizon batek emakumea protagonista bihurtzea gai horretan, harrigarria egin zitzaidan. Andreek ere ez zuten-eta abortuaz idazten!».

Liburua irakurtzerako, bazuen abortatzeko bidaien berri: «1970 inguruan, artean klandestinoa zen ELA-STVko zazpi bat emakume elkartu ginen Gipuzkoan, eta Baionan bagenituen kontaktuak, norbaitek behar bazuen aborta ahal zezan». Eta, aldiro, baldintza negargarritan abortatzeagatik zigortutakoei edota hildako emakumeei buruzko albisteak zabaltzen ziren. Orratzekin zauritzen zuten barrena; perrexila barneratzen, gaiztotu arte.

Legeak aldatu dira ordutik, baina orduko logika askoren zantzuak aldiro agertzen dira. «Gizon gazte askoren emakumeen gaineko kontrola eta agresibitatea agerikoak dira gaur ere», dio Aranak. Emakume dibortziatuekiko aurrejuzguek hor diraute, Estornesen esanetan: «Andre dibortziatu bat ez da ezkongabe baten pareko ikusten». Eta abortuaren gaineko eztabaida sekula ez da erabat itzali.

Bihar: Lur argitaletxearen historia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.