Hizkuntzarako bidaia zentzu denotatiboan egin zuen Joseba Ossak (Zumaia, Gipuzkoa, 1964): Euskal Herria uztearekin hasi baitzen hizkuntzak ikasten. Alta, nork usteko zukeen haren mapa linguistikoa Finlandiaraino hedatuko zenik? Eta Finlandia sartuko zenik haren izatearen muineraino? Aurreikusitako planek ez zuten ikusi lengoaia Ossaz jabetzen: «Ez zen planean sartzen». Eguneroko planeta suomieraz hasi zitzaion itzulika, bere itzultzaile ofizioa ere deliberarazteraino.
Euskal Herria 17 urterekin utzi zuen lehenik, urte sabatikoa hartu baitzuen komunitateetako bizitzak aztertzeko: «Iraultza handietan ez nuen jada sinesten, bai txikietan». Frantziako eta Kataluniako lurretan barrena ere ibili zen, bertako lengoaiak eta komunitateetako kodeak ikasteko. Hizkuntzen bidaia abiatua zuen; bere baliza frantsesak eta katalanak bete zioten. Irakasletza ikasi zuen gero, Donostian, «euskarazko ikasketa bakarrak zirelako»; etxeko lengoaia izan du betitik iparra. Baina ez ditu baztertu gainerako puntu kardinalak: Homerok Itakarako bidajean kontatzen duen bezala, bidea bera bidaia izan baitu Ossak, ezustekoei edekia, bizitzaren paradetan paratuz. Aldi berean, komunitarismoa bistatik galdu gabe, Donostiako Emausen sartu zen, langile eta ikasle aldi berean, 1984an. Bi urtez hala ibili zen, ikasketak akitu arte: «Komunitate bizitzan krisia izan nuen, eta erabaki nuen alde egitea. Hor hasi zen nire bidaia». Erabaki zuen giza ernaldi batez Europa kurritzea, Zumaiatik urrian ilki eta uztailean Finlandiara heltzeko. Helburua bete zuen.
Finlandiarako tira ukan zuen, Donostiako Emauseko lankide finlandiarraren eraginez, erran baitzion Helsinkiko Emausen lana lor zezakeela. Baina hori ez zen helmugaren helburua baizik izan, bidaiarenak bi izan baitziren: «Alde batetik, komunitate bizitza ezagutzea, botere harremanak nolakoak diren, gatazkak nola konpontzen diren... Han elkartu ginen. Hizkuntza sorpresa galanta izan zen; usainik ere ez nion hartzen, ez nekien nolako itxura zeukan ere. Bestetik, hizkuntzak ikasi nahi nituen: bi hilabetez Katalunian egon nintzen, lau hilabetez Frantzian eta Belgikan. Eta, gero, Finlandiara joan nintzen».
Ustearen usteldura
Bizikleta helmugarat heldu zen nahi zen tenorekoz, baina orduko oreka ez zen luzerako xutik egon. Itakak atakatu zuen Ossa: finlandierak bere begitartea erakutsi zuenean. «Tutik ere» ez baitzekien, baina lekutan zen uste izatetik suomiera zeinen urrun zegoen beragandik: «Ordura arte, hirietara iristean, centre, center... bilatzen nuen; han, ordea, keskusta zen. Telefono kabina bilatzeko, phone, téléphone, telèfon aurkitzen nuen; han ez, puhelin zen! Sorpresa galanta hartu nuen jakitean suomiera ez dela hizkuntza indoeuroparra; geurea bezala. Istorio berri bat hasi zen orduan».
Helsinkiko keskusta ediren zuen, bai ere hango Emaus, eta hasi zen hortxe lanean, aurreikusi bezal-bezala. Baina jiten ikusi ez zuena bertze zerbait izan zen: Finlandia bere baitako keskusta-raino errotik sartzea. Denak errateko, bizitza bera amodioaren istiluan sartuko zion enkontru batek bideratu zion interes linguistiko hura; hain xuxen ere, bikotekidea izanen zenak: «Miarekin [Rissanen] maitemintzea izan zen finlandiera ikasteko detonatzailea». Izan ere, Emausen talde «oso atseginak» egin baitzion batzarri, Frantzian ez bezala, han «oso piramidala» baitzen egitura: «Hiru neska polit zeuden, jator, boluntario, adineko jende asko ere bazen, jatorrak eta oso irekiak, atzerritarrekin ere bai. Hiru nesketako bat zen Mia, eta hasi zen halako harreman berezi bat, sintonia handiarekin, eta interesa pizten hasi zitzaidan, eta zerbait gehiago geroago. Magnetismoa sortu zen, eta irteten hasi ginen. Halako batean, etxetik 4.000 kilometrora nintzen, maiteminduta, laster joan beharra...».
Orduan ez ziren urrun ibiliko Garik kantatzen dituen Bernardo Atxagaren eleak: «Egun finlandiar luze-luze bat./ Aldatu al liteke bizimoduaz erabat?/ Zenbat aldiz hasi liteke zerotik?/ Galdera zailak ziren baina ez zuretzat/ zu nire laguna zara, maite zaitut».
Udako egonaldia izan behar zuena bortz hilabetez luzatu zuen Ossak, «bizitzari irekia», erabat legez kanpo; Europako Batasunik gabe, turistak ezin baitzuen hiru hilabete baino haboro han egon.
Bidaiak hizkuntza bat haboro ekarri zion, beraz, eta hizkuntzak barne bidaia berria; horretarako asmorik gabe heldu bazen ere, ikusi zuen suomiera ikastea bertzerik ez zuela, mintzaira hark harrapatu baitzuen, «33 urtez etxeko hizkuntza bilakatzeraino».
Uda luzetik landa etxeratu zen aitaren tailerraren eraikuntza lanetan aritzeko peoi gisa, «sos batzuk ateratzeko». Ondotik, Finlandiarat itzuli zen; aldi hartan, ordea, bi urte eta erdiz egoteko.
Enpatiaren enparantzan
Ossa oroit da suomierarekin topo egin zuen lehen aldi hartan euskaldun gisa enpatia sentitu zuela: «Euskara ematen zuen horrek». Asko, adibidez, hango altzari fabrika baten izena da. Gainera, bidaia hartan usaiakoa bilakatu zitzaiona puskatu zitzaion: «Frantsesek, alemanek, suediarrek... ez dakite ezer euskarari buruz, eta orduan banuen nik pilotu automatiko bat jarrita; zapaldu, eta botatzen nuen nongoa nintzen, zer zen gure hizkuntza... Baina Finlandiara iritsi, eta ez nuen azalpenik eman behar». Baski erratearekin aski zen; gehiagokorik gabe, jendeak kokatzen zuen Ossaren jatorria. Gutitua izana da suomiera, eta ahaideak dauzka Estonian, Laponian eta Hungarian; oro hizkuntza fino-hungariarren familiakoak dira. Alta, elkarren artean entelegagaitzak.
Hala, Finlandiako heziketan barneratua dute, eta erraten diete Europa hegoaldean ere badela hizkuntza ez-indoeuropar bat, suomiera bezain zaharra dena: «Orduan ulertu nuen zergatik jendeak ez zidan galdetzen nire hizkuntzaren jatorriaz». Are, ailegatu berritan, euskara ikasten ari zen finlandiar bat batu zuen, zeina Donostiako hiru damatxo kantatzen hasi baitzitzaion.
Horiek hola, euskarak hamazazpi kasu dauzkan bezala, suomierak hamasei. Ossa bi lengoaien arteko antzekotasunez ohartzen hasi zen: «Haiek ere genitiboa n-rekin egiten dute, guk bezala, -(re)n; maitemindu nintzen hizkuntzarekin ere, eta erabaki nuen han gelditzea ikasi arte».
Enpatia zen sentitu zuen lehena, baina gerora ohartu zen suomiera euskara baino egoera askoz hobean dagoela, sustut 1917an lortutako independentziatik aitzina martxan ezarri zuten hizkuntzaren berreskurapenari esker. Izan ere, ordura arte, suediera lehenik (600 urtez) eta errusiera gero (120 urtez) izan baitziren jendartearen esparru eta funtzio guzietako lengoaia dominatzaileak: unibertsitatean, administrazioan, irakaskuntzan, diplomazian, politikan... «Ehun urtean berreskurapen oso-oso bizkorra lortu zuen; normalizatzea; den-denak finlandiera hutsez funtzionatzea. Eredugarriak dira: Txillardegi eta Andoni Sagarna han ibili ziren haiengandik ikasteko».
Den orratzik meheenak bere itzala du; Finlandiarena salatu du Ossak, Laponiako samiera ahaidea gutxitua baitu, dominatua: «Haien bekatua ere badaukate, nahiz eta ez duen zerikusirik Frantzia edo Espainiarekin, ez dira hain zapaltzaileak». Hortaz, euskara bi hizkuntza horien egoera soziolinguistikoaren artean kokatzen du itzultzaileak: «Samieraren ondoan, gu oso-oso ondo gaude; gu baino askoz ere okerrago daude: hiztun gutxi dauzkate, sakabanatuak, konplexu handi samarrak, Interneten duten presentzia hutsaren hurrengoa da... Aldi berean, finlandiarrak eredugarriak dira, gu baino askoz hobe dauden aldetik». Penaz, baina aitortu du euskaraz bizitzeak dakartzan zailtasunengatik hizkuntza normalizatua hitz egiteak badakarrela «lasaitasun bat».
Azpimarratu du, bortz aldiz Euskal Herria neurtzen duen lurraldean, 5.000 hiztun baizik ez dauzkala samierak. Garbi du Inari eskualdeko dialektoa hilen dela,egoeraren larriak konbentziturik.
Finlandiako egonaldiaren paradaz baliatu zen Ossa Laponiara lau aldiz joateko; artean, kausitu zuen elur oreinaren bilketa batean parte hartzea, eta hori finlandiera ikasteari esker: «Oso zaila izan zen sartzea, baina euskaldun gisa lortu nuen. Ijito batek bere ezkontza batera gomitatzea bezalakoa da elur oreinen bilketara joatea». Ohartarazi duenez, samiera suomieraren ahaidea bada ere, herria genetikoki ipar poloari lotua da, inuitekin-eta: «Hizkuntza, ordea, finlandieratik hartu zuten, uste dut kolonizazioaren bidez, guk espainola hartuko bagenu bezala».
Bertzeak bertze, egonaldi haiek zuten Ossa idazle bertzelakatu, urte zenbaiten buruko karrikaratu baitzuen Inari Laponiako lore liburua (Begiko, 2018), duela 28 urte izkiriatua, zeinean sartu baitzuen testu bat samieraz: «Han nengoela ez neukan inondik ere idazle-itzultzaile profilik, orduan Emauseko iraultzaile txikia baizik ez nintzen. Baina bai pentsatu nuen ondo legokeela Euskal Herriko umeek ezagutu zezaten laponiarren bizitza nolakoa den, zer arazo dituzten guk bezala... Hori eduki nuen gogoan, eta handik hamar urtera atera nuen».
Itzuleran, itzulpengintza
Euskal Herriratu orduko sortu zen Ossa eta Rissanenen lehen alaba. Lanean hasi behar orduan. Ossak deliberatu zuen irakasletzan aritzearekin batera itzulpengintzan ere murgiltzea.
Afera da itzulpengintza «oso ondo» joan zitzaiola: «Itzulpengintzan arrotz gisa neukan neure burua, baina lehiaketa batera aurkeztu nintzen bost aldietan lehen saria jaso nuen. Neure buruarengan konfiantza hartu nuen horrela». Epaileak, bertzeak bertze, Txillardegi eta Xabier Mendiguren Bereziartua izan ziren. Irizpideek galdatzen zuten hizkuntza batetik bertzerat ahal bezain zuzenak izatea; hala, Ossak itzulitako lan horiek lehenago ailegatu dira euskararat ingeleserat baino: «Pentsatzen nuen hizkuntza exotikoagatik zela, baina ez, hizkuntza garbia eta eguneratua zelako eman zidaten; hala, sarkina sentitzearen konplexua kendu zitzaidan».
Polikiño-polikiño, horri eskaini zion bere lan denbora osoa, autonomo gisa hatsarrean, Bakun enpresa sortu zuen arte, 1998an: «Ezin iritsiz, krisi bat izan nuen, hain perfekzionista nintzen epeetan iristeko, testuak bikain uzteko... Medikuak esan zidan enpresa sortu behar nuela; alta, ni bohemioa nintzen, traperoa... Baina bai, beharrezkoa zen».
Gauzak horrela, 30 urtean bi nobela baizik ez dituzte finlandieratik euskararat ekarri; lanaren gehiengoa euskarak eta espainolak hartzen baitute Bakunen.
Bere buruari harrika aritu da, aitortu baitu hizkuntzek mundu ikuskera bana dutela, eta itzulpenek, hoberenak izanik ere, ezin dutela hori osoki eman: «Hizkuntza bakoitzak mundu bat zabaltzen dizu. Finlandian, ia-ia bertako batek bezala ikusten ditut gauzak, hizkuntzari esker. Deskribatzeko zailak diren ñabardurak dauzka hizkuntza bakoitzak, sentitzen dituzunak, itzultzean galtzen direnak. Etxekalte ariko naiz: itzulpengintzak mugak dauzka, ezin baita finlandiar literatura ulertu itzulpenaren bidez. Usaina hartzen diozu... baina ez duzu berdin bizitzen. Beraz, aukera dagoelarik, beti jatorrizko hizkuntzan irakurtzen dut: mundua zabaltzen dizu, barrutik ikusteko aukera ematen dizu».
Horregatik, alarma jo nahi du, 30-50 urtetan munduko 6.000 hizkuntzetatik erdiak galduko direla iragarria baitu Unescok: «Galera ikaragarria da, bakoitzak mundu ikuskera bat daukalako, eta hori ez da berreskuratuko. Paradigma ekologikoaren barruan sartu, eta berdin jokatu beharko genuke. Ingelesa oso ongi da bidaiatzeko, baina uniformetasunera garamatza, hizkuntzarekin batera kultura galduz».
Preseski, Finlandian «ezinbestekoa» den saunaren kulturazproiektu bat martxan du Ossak: Euskal Herria eta Finlandia sauna batean lotzen dituen liburua. «Jendeak ez du usainik ere harrapatzen zer den sauna bat; jendea bertan jaiotzen zen, eta, hil eta gero, bertan garbitzen zuten». Udazkenerako prest izanen du.
Bihar: Aroa Uharte.
UDAKO SERIEA. Hizkuntza baterako bidaia (III). Joseba Ossa.
Suomieraren eta Itakaren arteko bidaia
Bizitzako planetatik kanpo zegoen suomiera; alta, barneraino sartu zitzaion, mundu ikuskera berria eman zion, eta geroa baldintzatu. Itakarako bidaian bezala, egitarau hetsia baino, irekia nahiago baitu. Itzultzaile bilakatu da suomierari esker, baina zintzoki aitortu du itzulpengintzak bere mugak dauzkala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu