Soldata baten osagai nagusiak

Soldataren ongarriak

Eurostaten ikerketa baten arabera, langilearen adina, hezkuntza maila eta okupazioa dira soldata batean gehien eragiten duten faktoreetako batzuk, eta enpresaren ezaugarriek ere badute pisua; adibidez, lansariak handiagoak dira enpresa handietan.

Enplegu azoka bat, San Josen. JEFFREY ARGUEDAS / EFE
Miren Garate.
2020ko uztailaren 29a
17:21
Entzun

 

Europako soldatak nola zehazten diren jakiteko, Wages determinants in the European Union (soldaten faktore erabakigarriak Europako Batasunean) txostena egin du Eurostatek. Hau da, soldaten egiturari buruzko 2014ko ikerketa hartu du —EBko 240.000 enpresa eta 11 milioi langile ingururen ezaugarri indibidualak biltzen ditu azterketa horrek—, eta herrialdeen arteko konparazio bat egin du. Atera dituen ondorioetako batzuk hauek dira: alde batetik, langilearen adina, hezkuntza maila eta okupazioa direla eragin handiena duten faktoreak —zahartu ahala, soldata hobea da, nahiz eta erretirora gerturatutakoan egonkortu egiten den—; bestetik, enplegatzailearen ezaugarriek ere rol garrantzitsua dutela, eta enpresaren tamaina eta jarduera direla langileek esperotako irabaziak gehien baldintzatzen dituzten faktoreetako batzuk. Horrez gain, ikusi du lanaldi partziala edo aldi baterako kontratua izatea kaltegarria dela soldatentzat, nahiz eta hori ez den herrialde guztietan gertatzen.

Euskal Herriko lan merkatuari begira jartzeko eskatu die BERRIAk Maria Jose Elua Ekonomisten Euskal Elkargoko lan arloko ekonomialariari, Patricia Millan Mugarik Gabeko Ekonomialariak elkarteko kideari eta Pantxoa Bimboire Ipar Euskal Herriko Merkataritza eta Industria Ganberako presidentearen aholkulariari. Hirurak ados daude: faktore horiek badute pisua Euskal Herriko lan merkatuan ere, baina aldagai horien ertzei ere erreparatu diete.

Adinarekin hasita, aldaketa bat ikusten du Eluak. «Soldatek beheranzko joera izan dute, eta orain gutxiago kobratzen dute gazteek, baina ez nuke esango adinagatik ordaintzen zaienik gutxiago, baizik eta kontratazioetan oro har egondako beherakada horrengatik». Uste du hemendik urte batzuetarako erretiroetan ikusiko direla batik bat horren ondorioak. Era berean, esan du 2008an hasitako krisiak ere eragin duela aldaketa bat; izan ere, egonkortasuna lortzeko arazoak izan dituzte hainbatek. «40 urtetik gora lana galduz gero, lan merkatuan berriz integratzeko arazoak egoten dira, eta, nolabait esateko, edozein preziotan sartu behar izan dute langile horiek». Horri lotuta, Eurostaten txostenean ageri den ondorio bat ere aipatu du: behin-behineko kontratuak dituztenen ordainsari kaskarragoak. «Enpresako eta sektoreko hitzarmen bat izanez gero, zailagoa da soldata txikiagoa kobratzea; baina, noski, behin-behinekoek ez dute langile finkoek besteko indarrik zerbait eskatzeko».

«Zertarako kontratatzen zaituzten eta zer sektoretan: horrek du eragina batik bat soldatan»

Maria Jose Elua. Ekonomialaria


Hezkuntzari dagokionez, jende asko «azpienplegatuta» dagoela aipatu du Eluak. «Adibidez, lizentzia bat izan arren, kategoria txikiagoetarako kontratzen dira langileak; nolabait esateko, ez da ordaintzen lizentzia hori. Zertarako kontratatzen zaituzten eta zer sektoretan: horrek du eragina batik bat soldatan». Ados dago Millan ere: «Ikasketak izatea lagungarri da, baina ez du bermatzen zure ikasketen araberako soldata izango duzunik». Eta uste du emakumeek finantza errendimendu txikiagoa ateratzen dietela ikasketei.

Alabaina, hezkuntzari lotuta, beste puntu batean jarri du arreta Millanek. «Logikoa da hobeto prestatuta dagoen pertsona batek soldata hobea izateko aukera edukitzea. Baina galdera da: jende guztiak du ikasteko aukera?». Besteak beste, gogoratu du gurasoen errentak eragina duela seme-alaben etorkizunean, igoera sozial bat izatea zaila delako. «Unibertsitateko ikasketak eta urte horietan ikasleak dituen gastuak ordaintzea ez dago edozeinen esku». Gaiarekin lotura duen beste datu bat ere eman du: unibertsitate pribatuetan ikasten dutenek publikoetan ikasten dutenek baino okupazio tasa handiagoa izaten dutela lehen urteetan. «Orduan, aukera duenak ordaindu egiten du unibertsitate pribatuan ikasteagatik. Beraz, ez dago aukera berdintasunik ikasketetarako sarbidean». Eurostaten txostenak langilearen jatorriari aipamenik egiten ez dion arren, faktore hori ere garrantzitsua iruditzen zaio. «Ikasketak homologatzeko arazoak izaten dituzte atzerritik etortzen direnek, eta ezin izaten dute edozertan lan egin. Emakume gehienak, adibidez, etxeko lanetan aritzen dira, soldata txikiekin».

Estatistika erakundeak ateratako beste zenbait ondorio ere deigarriak iruditu zaizkio. Horietako bat da lanaldi partzialetan orduko soldata txikiagoa izatea. «Alderantziz beharko luke. Kontuan hartu behar da lanaldi partzialeko kontratu horiek oso garrantzitsuak direla; izan ere, bizitzarako beharrezkoak diren zaintzak egiteko aukera ematen dute». Gobernuek eta enpresek erantzukidetasunaz hitz egiten duten arren, benetan kontratu horiek zigortu egiten direla azaldu du. «Eta babestu egin behar lirateke. Lanaldi partzialak gutxiago ordaintzeak soldata arrakala ere sustatzen du».

«Lanaldi partzialak babestu egin behar lirateke. Gutxiago ordaintzeak soldata arrakala sustatzen du»

Patricia Millan. Ekonomialaria


Era berean, enpresaren tamainaren eta sektorearen arabera aldeak egotea ere ez zaio zentzuzkoa iruditzen. «Ulergarria iruditzen zait irabazirik handienak dituzten sektoreetan soldata handiagoak izatea, baina, bestela, lan hitzarmenen bidez edo langileen estatutuaren bidez, berdintasun gehiagoko gizarte baten alde egiten saiatu behar genuke».

Soldatak finkatzeko zer hartu behar litzatekeen kontuan galdetuta, baldintza bat jo du ezinbestekotzat Millanek: «Ezin da onartu bizitza duin bat izateko aukerarik ematen ez duen soldata bat». Eluaren iritziz, berriz, kualifikazioa eta lan mota dira batik bat kontuan hartu beharrekoak: «Kualifikazioa esaten dudanean, prestakuntza eta esperientzia esan nahi dut, biak, ikasketak amaitu berri dituen batek ez baitauka lanak ematen duen ezagutzarik». Lanpostu motaren barruan, berriz, «ardura» da aintzat hartzekoa iruditzen zaion aldagaietako bat. «Lan guztiek eskatzen dute ardura, baina, adibidez, zirujau batek duena beste lanpostu batzuetakoa baino handiagoa da».

Erantzukizun soziala

Bimboireren esanetan ere, bistan da adinak, ikasketek, enpresaren handitasunak eta abar badutela eragina. «Ez zait gaizki iruditzen, baina, horien aparte, gu entseatzen gara beste gauza batzuk ere kontuan hartzen». Baionako Merkataritza eta Industria Ganbarako lehendakariaren aholkularia izateaz gain, Lantegiak elkarteko kidea da, eta elkarte horrek Euskal Herriko Enpresen Gizarte Erantzukizunerako Xarta sustatu du, enpresen erantzukizun soziala bultzatzeko.

«Ez zait gaizki iruditzen horiek eragina izatea, baina gu entseatzen gara beste gauza batzuk ere kontuan hartzen»

Pantxoa Bimboire. Lantegiak elkarteko kidea


Bi eta 250 langile arteko 67 enpresak bat egin dute gutunarekin, eta, beste hainbat alderdi ez ezik, soldaten gaia ere jorratu dute. Adostutako puntu batzuek badute zerikusia Eurostaten txostenean ageri diren gabeziekin. Esaterako, behin-behineko langile kopurua gehienez ere lantaldearen %20 izan daiteke itunarekin bat egin duten enpresetan, sasoiko lanak egiten dituztenak salbu. Lan etekinen eskala ere batetik bostera mugatu dute. «Gutxien irabazten duenak mila euro irabazten baditu, gehien irabazten duenak 5.000 euro gehienez». Lanbide arteko gutxieneko soldata baino %5 gehiago ordaintzeko konpromisoa ere badute enpresek, eta etekinak modu batean ala bestean hiru urteren buruan langileekin partekatzea onartu behar dute. «Lantegi batzuetan, interesa duten langileen kapitalean sartzeko aukera ere izaten dute. Hori da gorena den integrazioa langilearentzat, bistan baita: kapitalean sartzen bada, kudeaketan ere bai».

 

Giza Kapitalaren Teoriaz bi hitz

Luis Belaustegi. Soziologoa eta EHUko Lan Harremanen eta Gizarte Langintza Fakultateko irakaslea

Jacob Mincerren (1974) lana erabili du Eurostatek Wages determinants in the European Union azterketa egiteko. Eta Mincerren ikusmoldean, soldaten egitura bi aldagairen araberakoa da: ikasketak eta lan esperientzia —horiez aparte, Eurostatek beste aldagai batzuk ere hartu ditu kontuan: lanaldi partzialak, enplegua finkoa den, enpresaren ezaugarriak...—. Aurrena, aipatu behar da Minceren lana Giza Kapitalaren Teoria (GKT) korrontean koka daitekeela. Ikusmolde horren arabera, ez dago lan merkatu handi eta bateratu bat, lan merkatu profesional desberdinak baizik; eta batzuetan langabezia edo soldata baxuak izan daitezke; besteetan, aldiz, soldata altuak. Eta hor dator gakoa: soldata urri edo ugariko lan merkatuetan jardutea pertsonaren prestakuntzarekin dago lotuta harentzat. Labur esanda: «Esadazu nola inbertitu duzun zure burua kualifikatzen eta nik esango dizut zer-nolako soldata duzun».

Gizaki subjektiboak hartzen dituen erabakietan oinarritzen da ikusmolde hori: bere lan indarra saltzen duen enpresaritzat hartzen du gizabanakoa. Hortaz, inbertsio erabaki horiek egokiak direnean, irabaziak etorriko zaizkio soldata altu baten itxuraz; kontrakoa eginez gero, langabezia. Arrisku eta irabazien logika hobesten da; hau da, gizaki orok irabaziak gehitu eta kostuak gutxitzea nahiko luke; halako arrazionaltasun ekonomikoa ei da pertsonen portaera gidatzen duena. Zer da giza kapitalean inbertitzea? Hain justu, ikasketa formalak eta lan esperientzia, baina baita zainketa medikuak, migrazioa eta sistema ekonomikoari buruzko informazioa lortzea ere. Langabezian bazaude edo, nahiz eta lana izan, pobrea bazara, funtsean, zure errua da, erabaki desegokiak hartu dituzulako zure lan indarrari balioa ematerakoan: okerreko ikasketak, ez zenuen master hura egin, ez zenuen onartu baldintza kaxkarreko lan hura esperientzia izateko, ez zenuen jaioterritik alde egin...

GKTk kritika sendoak izan ditu. Hauek dira marxismotik egindako batzuk: gizakien formakuntza prozesuan ez duela kontuan hartzen gizakiak maila diferenteetan daudela kokatuta gizarte egituretan, eta horrek «inbertsio» erabakiak hartzeko ahalmena mugatzen duela; GKTren aldekoentzat kapitala eta lan indarra berdin sortzen diren arren, berdintze horrek bi osagai oso desberdin horien arteko harremanak iluntzen dituela; GKT langileak esplotatzeko legitimazio bat izan daitekeela, arazo sozial eta pertsonalak «psikologizatu» egiten dituelako, hau da, errua pertsonak harturiko «inbertsio» erabaki txarrei bakarrik egozten diela, sistema kapitalista garbi eta zilegitua agertuz...

Autore ez marxista batzuek ere kritikatu dute GKT. Hona hemen argudio batzuk: enpresariek ez dutela ordaintzen ikasitakoa, baizik eta horiei esker espero duten errendimendu altuagoa; eztabaidagarria dela oso GKTk ezartzen duen hezkuntza eta ekoizkortasunaren arteko lotura hain zuzena; enpiristegia dela, eta gizabanakoen portaera ez dela beti «ekonomikoki arrazionala» izaten, eta merkatuak ere ez beti hain perfektuak...

Esanda dago zalantzagarria izan daitekeela GKTren aldekoek heziketa eta soldataren artean —edo hobe heziketa-ekoizkortasuna-soldata— egiten duten lotura zuzen eta nahiko sinplea. Beste faktore batzuk ere tartekatzen dira, eta horietako bat oso inportantea izan daiteke: jarduera sindikalaren eragina. Ezin dira soldatak azaldu lan harremanak eta hitzarmen kolektiboak kontuan hartu gabe. Nire ustez, gizarte modernoetan bi bide nagusi daude desoreka ekonomikoari aurre egiteko: estatuaren politika babesle eta aukera berdintzaileen aldekoa (ongizate estatua), eta lan negoziazioa maila guztietan (negoziazio kolektibotik gizarte kontzertaziora).

Aurreko guztia gogoan izanik, Eurostaten txostena oso baliagarria izan daiteke, eta zalantzarik gabe gehitzen du dugun heziketa eta lanaren (soldatak eta diru sarrerak) arteko loturari buruzko jakinduria, baina betiere bere interpretazio eremuan kokatuta. Bereziki inportantea da interpretazio eremu hori, askotan, lan politikak itxuratzerakoan kritikak ez baitira behar beste gogoan izaten, eta, horregatik, batzuetan eraginkorrak baino ideologikoak bihurtzen baitira.

 

Bihar: Negoziatzeko artea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.