Europako soldatak nola zehazten diren jakiteko, Wages determinants in the European Union (soldaten faktore erabakigarriak Europako Batasunean) txostena egin du Eurostatek. Hau da, soldaten egiturari buruzko 2014ko ikerketa hartu du —EBko 240.000 enpresa eta 11 milioi langile ingururen ezaugarri indibidualak biltzen ditu azterketa horrek—, eta herrialdeen arteko konparazio bat egin du. Atera dituen ondorioetako batzuk hauek dira: alde batetik, langilearen adina, hezkuntza maila eta okupazioa direla eragin handiena duten faktoreak —zahartu ahala, soldata hobea da, nahiz eta erretirora gerturatutakoan egonkortu egiten den—; bestetik, enplegatzailearen ezaugarriek ere rol garrantzitsua dutela, eta enpresaren tamaina eta jarduera direla langileek esperotako irabaziak gehien baldintzatzen dituzten faktoreetako batzuk. Horrez gain, ikusi du lanaldi partziala edo aldi baterako kontratua izatea kaltegarria dela soldatentzat, nahiz eta hori ez den herrialde guztietan gertatzen.
Euskal Herriko lan merkatuari begira jartzeko eskatu die BERRIAk Maria Jose Elua Ekonomisten Euskal Elkargoko lan arloko ekonomialariari, Patricia Millan Mugarik Gabeko Ekonomialariak elkarteko kideari eta Pantxoa Bimboire Ipar Euskal Herriko Merkataritza eta Industria Ganberako presidentearen aholkulariari. Hirurak ados daude: faktore horiek badute pisua Euskal Herriko lan merkatuan ere, baina aldagai horien ertzei ere erreparatu diete.
Adinarekin hasita, aldaketa bat ikusten du Eluak. «Soldatek beheranzko joera izan dute, eta orain gutxiago kobratzen dute gazteek, baina ez nuke esango adinagatik ordaintzen zaienik gutxiago, baizik eta kontratazioetan oro har egondako beherakada horrengatik». Uste du hemendik urte batzuetarako erretiroetan ikusiko direla batik bat horren ondorioak. Era berean, esan du 2008an hasitako krisiak ere eragin duela aldaketa bat; izan ere, egonkortasuna lortzeko arazoak izan dituzte hainbatek. «40 urtetik gora lana galduz gero, lan merkatuan berriz integratzeko arazoak egoten dira, eta, nolabait esateko, edozein preziotan sartu behar izan dute langile horiek». Horri lotuta, Eurostaten txostenean ageri den ondorio bat ere aipatu du: behin-behineko kontratuak dituztenen ordainsari kaskarragoak. «Enpresako eta sektoreko hitzarmen bat izanez gero, zailagoa da soldata txikiagoa kobratzea; baina, noski, behin-behinekoek ez dute langile finkoek besteko indarrik zerbait eskatzeko».
Hezkuntzari dagokionez, jende asko «azpienplegatuta» dagoela aipatu du Eluak. «Adibidez, lizentzia bat izan arren, kategoria txikiagoetarako kontratzen dira langileak; nolabait esateko, ez da ordaintzen lizentzia hori. Zertarako kontratatzen zaituzten eta zer sektoretan: horrek du eragina batik bat soldatan». Ados dago Millan ere: «Ikasketak izatea lagungarri da, baina ez du bermatzen zure ikasketen araberako soldata izango duzunik». Eta uste du emakumeek finantza errendimendu txikiagoa ateratzen dietela ikasketei.
Alabaina, hezkuntzari lotuta, beste puntu batean jarri du arreta Millanek. «Logikoa da hobeto prestatuta dagoen pertsona batek soldata hobea izateko aukera edukitzea. Baina galdera da: jende guztiak du ikasteko aukera?». Besteak beste, gogoratu du gurasoen errentak eragina duela seme-alaben etorkizunean, igoera sozial bat izatea zaila delako. «Unibertsitateko ikasketak eta urte horietan ikasleak dituen gastuak ordaintzea ez dago edozeinen esku». Gaiarekin lotura duen beste datu bat ere eman du: unibertsitate pribatuetan ikasten dutenek publikoetan ikasten dutenek baino okupazio tasa handiagoa izaten dutela lehen urteetan. «Orduan, aukera duenak ordaindu egiten du unibertsitate pribatuan ikasteagatik. Beraz, ez dago aukera berdintasunik ikasketetarako sarbidean». Eurostaten txostenak langilearen jatorriari aipamenik egiten ez dion arren, faktore hori ere garrantzitsua iruditzen zaio. «Ikasketak homologatzeko arazoak izaten dituzte atzerritik etortzen direnek, eta ezin izaten dute edozertan lan egin. Emakume gehienak, adibidez, etxeko lanetan aritzen dira, soldata txikiekin».
Estatistika erakundeak ateratako beste zenbait ondorio ere deigarriak iruditu zaizkio. Horietako bat da lanaldi partzialetan orduko soldata txikiagoa izatea. «Alderantziz beharko luke. Kontuan hartu behar da lanaldi partzialeko kontratu horiek oso garrantzitsuak direla; izan ere, bizitzarako beharrezkoak diren zaintzak egiteko aukera ematen dute». Gobernuek eta enpresek erantzukidetasunaz hitz egiten duten arren, benetan kontratu horiek zigortu egiten direla azaldu du. «Eta babestu egin behar lirateke. Lanaldi partzialak gutxiago ordaintzeak soldata arrakala ere sustatzen du».
Era berean, enpresaren tamainaren eta sektorearen arabera aldeak egotea ere ez zaio zentzuzkoa iruditzen. «Ulergarria iruditzen zait irabazirik handienak dituzten sektoreetan soldata handiagoak izatea, baina, bestela, lan hitzarmenen bidez edo langileen estatutuaren bidez, berdintasun gehiagoko gizarte baten alde egiten saiatu behar genuke».
Soldatak finkatzeko zer hartu behar litzatekeen kontuan galdetuta, baldintza bat jo du ezinbestekotzat Millanek: «Ezin da onartu bizitza duin bat izateko aukerarik ematen ez duen soldata bat». Eluaren iritziz, berriz, kualifikazioa eta lan mota dira batik bat kontuan hartu beharrekoak: «Kualifikazioa esaten dudanean, prestakuntza eta esperientzia esan nahi dut, biak, ikasketak amaitu berri dituen batek ez baitauka lanak ematen duen ezagutzarik». Lanpostu motaren barruan, berriz, «ardura» da aintzat hartzekoa iruditzen zaion aldagaietako bat. «Lan guztiek eskatzen dute ardura, baina, adibidez, zirujau batek duena beste lanpostu batzuetakoa baino handiagoa da».
Erantzukizun soziala
Bimboireren esanetan ere, bistan da adinak, ikasketek, enpresaren handitasunak eta abar badutela eragina. «Ez zait gaizki iruditzen, baina, horien aparte, gu entseatzen gara beste gauza batzuk ere kontuan hartzen». Baionako Merkataritza eta Industria Ganbarako lehendakariaren aholkularia izateaz gain, Lantegiak elkarteko kidea da, eta elkarte horrek Euskal Herriko Enpresen Gizarte Erantzukizunerako Xartasustatu du, enpresen erantzukizun soziala bultzatzeko.
Bi eta 250 langile arteko 67 enpresak bat egin dute gutunarekin, eta, beste hainbat alderdi ez ezik, soldaten gaia ere jorratu dute. Adostutako puntu batzuek badute zerikusia Eurostaten txostenean ageri diren gabeziekin. Esaterako, behin-behineko langile kopurua gehienez ere lantaldearen %20 izan daiteke itunarekin bat egin duten enpresetan, sasoiko lanak egiten dituztenak salbu. Lan etekinen eskala ere batetik seira mugatu dute. «Gutxien irabazten duenak mila euro irabazten baditu, gehien irabazten duenak 6.000 euro gehienez». Lanbide arteko gutxieneko soldata baino %5 gehiago ordaintzeko konpromisoa ere badute enpresek, eta etekinak modu batean ala bestean hiru urteren buruan langileekin partekatzea onartu behar dute. «Lantegi batzuetan, interesa duten langileen kapitalean sartzeko aukera ere izaten dute. Hori da gorena den integrazioa langilearentzat, bistan baita: kapitalean sartzen bada, kudeaketan ere bai».
Bihar: Negoziatzeko artea.
UDAKO SERIEA. Soldatak (II). Soldata baten osagai nagusiak.
Soldataren ongarriak
Eurostaten ikerketa baten arabera, langilearen adina, hezkuntza maila eta okupazioa dira soldata batean gehien eragiten duten faktoreetako batzuk, eta enpresaren ezaugarriek ere badute pisua; adibidez, lansariak handiagoak dira enpresa handietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu