Soldatei buruzko informazioa jakin nahi izanez gero, estatistika erakundeetara jotzea da aukeretako bat. Aldi baterako enplegu enpresek ere aldiro egiten dituzte ikerketak, erakusteko, besteak beste, zer profilek duten arrakastarik handiena eta zer lanpostutan ordaintzen den gehien. Lan hitzarmenen erregistroa kontsultatuta, sektore horretan irabazten denari buruzko arrasto batzuk atera daitezke. Halaber, sortu dira gaian espezializatutako plataformak ere. Langileek emandako datuei esker, zenbait enpresatan zenbat irabazten den jakiteko aukera ematen dute batzuek. Beste batzuek, berriz, zeure datuak sartu eta zenbat irabazi behar zenukeen kalkulatzen dute, ea merkatuaren egoera kontuan hartuta goitik edo behetik zabiltzan. Baliabide horiek guztiak erabiltzen dira lansariei lotutako datuak lortzeko. Ez dagoelako beste modurik. Izan ere, oro har, gutxi hitz egiten da soldatei buruz, bai behintzat norbere soldatari buruz.
Josu Larrinaga Soziologiako doktore eta EHUko Gizarte Antrologia graduko koordinatzailearentzat, ulergaitz samarra da espezie hain enpatikoak eta lehiakorrak izan arren, hau da, onartuak eta goraipatuak izateari hainbesteko balioa eman arren —eta jakinik estatusaren adierazleetako bat dela soldata— zergatik ezkutatu ohi den norbere irabaziei buruzko informazioa. «Baina kontuan hartu behar da zer-nolako baldintzetan bizi garen gaur egun». 1980ko hamarkadara atzera eginda, azaldu du ordutik aurrerako politika neoliberal guztien ardatza izan dela kontsumoa sustatzea kredituaren bidez, eta, aldi berean, soldatak baxu mantentzea. «Kredituaren bidez, kontsumitu egiten du jendeak, eta horrela adierazten du estatusa, baina, segur aski, gehienok pentsatzen dugu kobratzen dugun soldata txikia dela, benetan txikia delako oro har».
Larrinagaren esanetan, herritar gehienak zorpetuta bizi direnez, berez apalak diren soldatak are xumeagoak bihurtzen dira kredituari dagozkion gastuak ordaindutakoan. «Irabazten dugun soldata txikia dela eta lotsatzekoa edo ezkutatzekoa dela pentsatzeko joera are gehiago indartzen du horrek». Soldatarekin gertatzen den bezala, bakoitzaren zorrari buruzko hizketagaiak ere ez dira ohikoak izaten lagunarteko solasaldietan. «Etxeko ekonomia estatu sekretua da; neurri handi batean, badakigulako gure aukeren gainetik bizi garela kredituaren bidezko kontsumo horrek bultzatuta».
«Etxeko ekonomia 'estatu sekretua' da; neurri handi batean, badakigulako gure aukeren gainetik bizi garela»
Josu Larrinaga. EHUko antropologia irakaslea
Thorstein Veblen soziologoa ekarri du gogora (Manitowoc, Wisconsin, 1857 - Kalifornia, 1929), kontsumo arranditsua ideiaren sortzailea. «Haren esanetan, batez ere estatusa adierazteko kontsumitzen dugu; izan ere, egiten dugun kontsumoaren parte oso txikia da bizitzeko behar dugunari lotutakoa. Gure gizartean, autoa da horren adibiderik garbienetakoa».
Beste muturreko egoera dutenek, hau da, diru sarrera handiak dituztenek zergatik ez duten horiei buruz hitz egiten galdetuta, zenbait arrazoi aipatu ditu. Besteak beste, azaldu du aberats asko aberats direla badakitelako ogasunarekin nola jokatu eta ahalik eta zerga gutxien nola ordaindu. «Errenten batezbestekoak ematen direnean, altuak izan ohi dira, eta horren arrazoia da badagoela zati txiki bat, ez hain txikia, kristoren errentak dituena». Diferentzia sozialak oso nabarmenak direla zehaztu du, «eta oso mingarriak». Iaz, AEBetan, aberats talde batek ondasun handien gaineko zerga bat jartzeko eskatu zuen, behar baino gutxiago ordaintzen zutela iritzita. «Hori egiten dute ezegonkortasun soziala eta gatazkak sortzeko beldur direlako, dagoen pobrezia mailarekin badakitelako askok beren aurka jotzeko tentazioa izan dezaketela».
Epaitua izatearen kezka
Raquel Traspaderne soziologoaren ustez, «epaitua izateko beldurra» izan daiteke soldaten bueltan dagoen isiltasunaren arrazoietako bat. «Beldurra diogu dugun soldataren arabera epaituak izateari». Eta esan du beren ustez dagokien baino gutxiago irabazten dutenek sentitzen dutela beldur hori, baina baita dagokien beste edo gehiago irabazten dutela uste dutenek ere. «Adibide bat jarriko dut: demagun soldata txikia duen kontulari bat naizela. Badaukat rol bat, baina ez rol horri ustez dagokion soldata. Beraz, ez dut esango zenbat irabazten dudan, ez sentitzeko porrot egin duen pertsona moduan epaitzen nautela. Izan ere, geure burua asko definitzen dugu daukagun soldataren arabera». Lanpostuarekin bat datorren soldata dutela pentsatzen dutenek, berriz, horri buruz hitz eginez gero «harroputz moduan» hartzeko beldurra izaten dutela esan du. «Inbidiaren kontua sartzen da pixka bat hor. Ez baldin badakigu hizketakidearen baldintza pertsonalak zein diren, beldurra ematen digu gainetik begiratzen ari garela pentsatzeak».
Alabaina, bi egoerak alderatuz gero, uste du soldatari buruz hitz egiteko erreparo handiena ustez beren lanpostuari dagokion baino soldata txikiagoa dutenek izaten dutela. «Izan ere, porrot sentimendua izaten da barruan, eta norbere barruko epaiketa hori gogorra da. Soldata estandarra irabazten dugunean, edo handiagoa, kanpoko epaiketa baten beldur izaten gara, baina lasai egoten gara geure buruarekin».
«[Soldata txikiagoa dugunean] porrot sentimendua izaten da barruan, eta norbere barruko epaiketa hori gogorra da»
Rakel Traspaderne. Soziologoa
Arlo pribatuan ez bezala, arlo publikoan soldatak publikoak izaten dira, egoten da modua jakiteko zenbateko ordainsaria dagokion lan kategoria bakoitzari. «Eta uste dut garrantzitsua dela hala izatea. Sektore publikoa, sortzez, ongizate estatuaren interpretazio moduko bat da; ongizate gizarte batean, halakoak izan behar lukete lanpostu guztietako soldatek». Haren iritziz, funtzionarioekiko batzuetan sortu ohi diren aurreiritziek badute horrekin zerikusia. «Izan ere, funtzionario baten parekoa izan daiteke gure rola, baina, askotan, enpresa pribatuek ez dute hainbeste ordaintzen».
Galdetuta ea jendeak frustrazioa sentitzen duen lankideek edo lagunek baino gutxiago irabaziz gero, batzuetan hala dela uste du Traspadernek. «Gutxiago gastatzeko aukera izango dugunez, garapen bital txikiagoa izango dugula pentsatzen dugu, gizarte kontsumista batean bizi garelako, eta, zoritxarrez, asko irabazten dutenei begi hobeekin begiratzen dielako gizarteak». Eta enpresak ere horrekin jolasten direla gaineratu du. «Neuri gertatu zitzaidan behin: esan zidaten ez esateko zenbat irabazten nuen, enpresan bazegoelako jendea nik baino gutxiago irabazten zuena denbora gehiago eman arren».
Arlo publikoko soldatei helduta, prestigioa eta soldata ez direla beti eskutik helduta joaten azaldu du Larrinagak, gertutik ezagutzen duen adibide bat jarrita: unibertsitatekoa. «Askotan, unibertsitateko irakaslea izatea estatusa ematen duen zerbait da, horrela dago zabalduta gizartean, baina askok oso gutxi irabazten dute, lotsatzeko moduko aldeak daudelako nolabaiteko ziurtasuna dugun langileen eta egoera prekarioan daudenen artean». Beste sektore askotan ere egoera antzekoa dela gaineratu du —administrazio publikoarentzat baina azpikontratatuta aritzen direnen artean, bankuetan..—, hau da, badutela estatusa, baina haien soldatak ez direla jendeak uste bestekoak.
«Enpresatik enpresara ere alde handiak daude, eta, gaur egun, segur aski, soldata ona edo txarra edukitzearen adierazlerik onena adina izango da, antzinatasuna». Ikerketa soziologikoetan eta abar, aldaketa bat igartzen duela dio, eta azaldu du jada ez dela soldata estatusa adierazten duen faktore bakarra, lan motak eta lanpostuaren ezaugarriek pisu handiagoa dutela.
«Estatusa adierazteko kontsumitzen dugu. Gure gizartean, autoa da horren adibiderik garbiena»
Josu Larrinaga. EHUko antropologia irakaslea
Onuradunak, enpresak
Jabetza pribatuko ekonomia batean, pentsaezina iruditzen zaio enpresa bakoitzean ordaintzen diren soldatei buruzko informazioa edonoren esku egotea. «Segur aski, horrek berekin ekarriko luke soldatak antzekoagoak izatea. Baina ez da soldata bakarrik: gaur egungo ereduan, soldatak ezkutatzeko mekanismo ugari daude. Adibidez, zuzendaritzetako kideek akzioak erosteko lehentasuna izan dezakete, edo informazio pribilegiatua beren aukerekin ondo jokatzeko eta epe laburrean irabazi oso handiak lortzeko».
Soldaten inguruko gardentasun faltaren onuradun nagusiak, Traspaderneren iritziz, enpresaburuak dira, soldata baxuagoak ordaintzeko aukera izaten dutelako. «Eta kategorien truke bat egitea ere errazago dutelako: adibidez, kontulari bat edukitzea lantaldean baina administrari laguntzaile baten soldata ordaintzea». Alabaina, gizarte gisa «autokritika» egiteko premia ere ikusten du. Soldata baxuek produktu merkeen kontsumoa bultzatu dutela dio, eta, aldi berean, gaur egungo ekoizteko moduaren ondorio ere badirela soldata baxuak. «900 euroko soldatekin hiru euroko kamisetak erosten baditugu, ez gara aurrezten ari, gure soldatari dagokionaren arabera kontsumitzen baizik. Ondorioz, enpresa batzuek asko irabazten duten arren, besteei lana kentzen diegu, eta kontsumo merkeko eta soldata baxuko gurpil horretan sartzen gara».
«Ingalaterran 'feedback'-erako ohitura handiagoa dago: asko estimatzen da lan baldintzen berri ematea»
Rakel Traspaderne. Soziologoa
Kontatu du beste herrialde batzuetan ez direla hainbeste ezkutatzen soldatak. «Nik Ingalaterrako kasua ezagutzen dut, eta han feedback-erako ohitura handia dago: asko estimatzen da lan baldintzen berri ematea». Lanez aldatu behar izanez gero eta lagunen bati lanpostua interesatuz gero soldataren berri ematea normala dela kontatu du. «Enpresek beraiek ere sustatzen dute hori, profesional onenak edukitzeko». Haren ustez, horren arrazoi nagusia da «soldatak bat datozela lanpostuen rolekin».
Hemen, berriz, lan eskaintzak argitaratzen direnean ere, askotan, ez da soldata zehazten. «Sektoreko hitzarmenari dagokion soldata», «20.000-26.000 euro bitartean», eta antzeko esaldiak ageri ohi dira, eta lan elkarrizketetan bertan ere, soldata zein den galdetzeko kezka izaten dute batzuetan hautagaiek. «Dirua behar dugulako egiten dugu lan; beraz, ez da galdera txarra. Diplomaziaz galdetzeko aholkatu ohi dut nik, ahal bada beste galderaren bat egin ostean galdetzea, eta soldata zehatzari buruzko galdera egin beharrean, soldata tartea aipatzea, urteko soldata zenbaten bueltan ibiliko den edo».
Zenbat irabazten da?
Herritarren batez besteko soldatei buruzko azterketak egiten dituzte estatistika erakundeek. Langile batzuen eta besteen artean dauden aldeei buruzko informazioa ere ematen dute, sektorea, sexua, adina eta beste aldagai batzuk kontuan hartuta.
Estatistika erakundeak
INE. INEren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, batez beste, urtean 28.204 eurokoak dira soldata gordinak, eta Nafarroan, 26.330 eurokoak. Industrian ordaintzen da gehien; eta 7.500 euro inguruko arrakala dago gizonen eta emakumeen artean, emakumeen kaltetan. 2017koak dira azken datuak.
INSSE. Pirinio Atlantikoetako batezbestekoa ematen du erakunde horrek, eta pentsa daiteke buelta horretan ibil daitezkeela soldatak Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan. Sektore pribatuan langileek batez beste 21.100 euro garbi irabazten dituztela kalkulatu du: 23.970 euro gizonek, eta 17.590 euro emakumeek. 2006koak dira azken datuak.
Bihar: Soldata baten osagai nagusiak.