Sabasan

Sabasango estepa paisaia

Pitillas herritik gertu, hezegune endorreiko bat dago. Ura han bertan kiribilduta dago, eta batetik bestera dabiltzan hegaztientzat oasi bilakatua da azkenaldi honetan.

Aspaldiko dike bat ikusiko da, ibilian hasteaz batera. JOSEAN GIL-GARCIA
Josean Gil-Garcia.
2020ko uztailaren 24a
16:20
Entzun

 

Pitillas herria Nafarroako erdialdean dago, Erriberri eta Tafalla gune historikoak lotzen dituen errepide bazterrean. Hango estepa paisaiak milaka bisitari erakartzen ditu, urtero-urtero. Izan ere, Pitillas eta Santakara herrien artean aintzira sonatua dago. Erdi Aroan, Sabasan izena zuen. Behiala, garaiko monarkaren ehizaldiak egiteko begiz jotako toki aparta zen Sabasangoa. Gaur egun, haatik, parajeok paradisu bilakatu dira faunarentzat, hara baitoaz hamaika hegazti nekaezin.

Ibilbidea

Ur emariari azken babesa eman zioten 2016ko abenduaren 23an, noiz eta Pitillasko eremua Kontserbazio Bereziko Eremua izendatu zutenean. Hala ere, Natura 2000 sare ekologikoan zerrendatuta agertu arren, aspaldikoa da Sabasan ordokiko ur laminak babesteko ahalegina. Tamalez, 1970eko hamarkadan oasia drenatzeko eta guztiz agortzeko proiektuaren aferak oihartzuna hartu zuen. Lurzoruaren gazitasunak, ordea, amesgaiztoaren amaiera ekarri zuen.

Kubeta endorreikoaren eskakizunetara makurtuta, hortaz, paisaia lehengoratzeko lehen urratsak egin zituzten 1980ko hamarkadan. Natura erreserbaren izendapenak Uxue mendigunearen eta Aragoi ibaiaren arteko eremu hezea balioesteko pauso garrantzitsua izan zen. Pitillasko aintzira Nafarroako hezegunerik inportanteena da uretako hegaztien habietarako, negurako eta paserako. Izan ere, aintziraren mundu bera da gunea kontserbatzeko baliorik handiena. XX. mendea amaitzear zela Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiaren arabera, Pitillasko aintziraren eremu osoa Hegaztien Babesgune Berezi izendatu zuen.

Aintzira endorreikoa Sabasango ordokian dago.
Aintzira endorreikoa Sabasango ordokian dago. JOSEAN GIL-GARCIA

Aintzira endorreikoa

Estepako paisaian dauden hezeguneetan, Pitillaskoa garrantzitsuena da Nafarro aldean. Aintzirak jatorri endorreikoa duela gogora ekartzen dute geologoek. Hezegunea eragin ozeanikotik at dagoenez, eta tokiko aterraldi luzeek eraginda, jariatzeak eraginiko higadura txikia izaten da. Horrek mesede gaizto bat egiten dio ur korronteari, itsasora bidea erabat oztopatuz. Horren eraginez, ur isuria ordokiaren barruan pilatu eta bidaia bertan amaitzen da. Buztinez, lohiz eta hareharriz osatutako lur geruza irazgaitz baten gainean kulunkatzen da ura, mantso-mantso, eguzki galdatan. Sistema zingiratsuetako urak duen irtenbide bakarra, beraz, lurruntzea da.

Pitillas aintzirara hurbiltzean, harrizko dike batek edukieran eta zabaleran eragina duela ikusiko du bisitariak. Halaxe da. Aspaldi, akaso aintzirek hizketan zekiten garaian, Sabasango ur baltsa txiki samarra zen. Baina bolumena handitu zuten gero, XVII. mendean, eta horma txiki bat eraiki zuten hego-mendebaldeko zokoan. Gaur egun, ur laminak 216 hektarea okupatzen du, eta bi metro sakon da.

Uxueko mendigunetik jariatzen diren errekastoak ez dira zalapartaka doazen horietakoak. Prezipitazio kopurua ttipia dela eta, malkoen antzeko tantek paisaia zipriztintzeko joera izaten dute. Hegoaldeko haizeak hodeitzak ekartzen dituenean, ordea, sakan nagusiek xuxurla estrainio bat egiten dute. Diotenez, zerua haserre delarik, Pitillasko aintzira betetzeko beste euri ura bota dezake supituki.

Conejera etxaldearen albotik igaroko da bisitaria.
Conejera etxaldearen albotik igaroko da bisitaria. JOSEAN GIL-GARCIA

Santo Domingo baseliza

Sabasan muinoa, ordokia eta aintzira ezagutze aldera, abian jarriko da txangolaria Pitillas aintziraren ondoko behatokian. Berez, talaia batean altxarazita dago eraikina, eta, handik, panoramika zabala dago. Aintzira eta inguraldea aitzakiatzat hartuta, hiru osteratxo patxadatsu egin ditzake bisitariak. Txakurrak ez daude baimenduta aintziraren inguruan; izan ere, kubeta endorreikotik hurbil ibiltzeko aukera dagoenez, ur laminara gerturatzen diren hegaztiak uxa daitezke.

Diketik igaro, eta labore sailak ondoan direla, aurrera joko du oinezkoak aintzira inguratzeko asmoz. Bideak bitan banatzean, erreserbako bigarren zidorrari ekingo zaio orain. Habiak egiteko garaian (martxotik ekainera) zidorra ezin da erabili, eta beste aukera batzuk baliatu behar dira paraje naturalaz gozatzeko. Ur lamina inguratzen jarraituko du ibiltariak, tamarindoak eta lezka berdeak hezegunera begira dituela. Pista zabal batera iritsita, ezkerrera egin, eta Conejera muinora begira jarriko da. Hurrengo bidebanatzean, eskuinera egin eta natura erreserbari buruzko informazio taula batera helduko da oinezkoa.

Hartxintxarreko bideari oratuta, Sabasan tontorrera hurbiltzen hasiko da. Ibilian-ibilian, eskuinera jo, eta, Pozo Pastor ubidearen gainetik igaro bezain laster, Pikarana aldera doan nekazari bidea utzi eta pinuz jantzitako muinoaren oinaldera joko du zuzen-zuzen, sakan xumea aldamenetik. Sakanari begia kendu gabe, Conejera eta Santo Domingo baseliza lotzen dituen bide zabalera iritsiko da. Eskuinera egingo du orduan, eta, aldats ttipia amaituta, tontorrera doan bidea aurrez aurre izango du. Egun ermita altxatzen den lekuan Burdin Aroko herrixka bat existitu zela irakurtzeko aukera dago informazio taulan. Mende batzuk geroago, gainera, lau dorre zituen gaztelu edo talaia garrantzitsua altxatu zen Erriberi, Santakara eta Aragoi ibarreko lurrak kontrolatze aldera.

Zirkuitu batzuk diseinatu dira Pitillasko aintzira bertatik bertara ezagutzeko.Zirkuitu batzuk diseinatu dira Pitillasko aintzira bertatik bertara ezagutzeko. JOSEAN GIL-GARCIA

Gainaldeko behatokitik jaitsi, eta atzera egingo du errekastoaren ondora itzultzeko. Nekazari horrek Conejera etxalde kuriosoraino lagunduko du. Han, eskuin-ezker egin gabe, zuzen jarraituko du. Bide zabalak ezkerraldera egingo du, apurka-apurka, eta aparkalekuraino lagunduko du.

Bihar: Iragana, harrietan irarrita (V): Ansot.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.