UDAKO SERIEA. Etxebizitzaren zimenduak (eta V). Prezioen gorakada.

Sabai gabeko merkantzia

2015etik etxebizitzaren prezioa gora doa, bai erosteko eta bai alokatzeko. Inbertsiogileen irabazi nahiak gogobetetzeko esku hartze publikoen ondorioa dela azaldu dute hiru adituk.

Sabai gabeko merkantzia.
Jon Rejado.
2019ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Etxebizitzaren prezioak gora jarraitzen du. 2015etik etengabekoa da igoera hori, krisiaren ondorioz gertatu zen beherakadaren ostean. Hego Euskal Herrian, etxebizitzen prezioak 2008koen azpitik daude oraindik: %38 merkeago daude Nafarroan, eta %25 merkeago Euskal Autonomia Erkidegoan. Alokairuak, berriz, azkarrago ari dira igotzen; iaz gainditu zen 2008ko batez besteko errenta. Are, Gipuzkoan inoiz baino garestiago dago alokairua, eta Araban eta Bizkaian aurki gaindituko da sabai historikoa, azken urteetako bilakaera mantenduz gero. Baina zergatik ari da hori gertatzen?

Prezioen bilakaera horiek ulertzeko giltza batzuk azaldu dituzte etxebizitzaren merkatua aztertu duten hiru adituk: Jaime Palomera Bartzelonako Unibertsitateko ikerlari eta hiri horretako Maizterren Sindikatuko kidea; Nekane Jurado ekonomialaria; eta Jon Leonardo, Deustuko Unibertsitateko Hiri Soziologiako katedraduna.

ETXEBIZITZA MERKATUAREN

BEREZKO EZAUGARRIAK





Etxebizitza, eskubide bat izateaz gain, salgai bat bihurtu da. Baina merkatuko beste produktuek ez dituzten ezaugarriak antzeman dizkiote adituek. Palomerak nabarmendu du etxebizitza eskaria ez dela «malgua». «Aulki bat behar izanez gero, aukera asko daude merkatuan, eta ez eskuratzea ere erabaki dezakezu; etxearekin, baina, ez dago aukera hori: bizitzeko funtsezko behar bat da». Hautua are gehiago mugatzen dituzten aldagaiak ere badaude; leku jakin batean egotea, kasurako: lanagatik, familiagatik, eskolagatik...

Kokapenean jarri ditu begiak Leonardok. «Leku jakin batean dagoen etxebizitza bat nahi dugu». Gaineratu du espazioa «bakarra eta ordezkaezina» dela. Horrek eragiten du merkatua «oso espekulatiboa» izatea, eta «presio estrukturala» eragiten du etxebizitzen eta lurraren balioan. Halaber, azaldu du leku batzuetan eraikitzeko espazioa urria izateak ere eragin dezakeela prezioan.

Halere, Juradok uste du ekonomiari lotutako ikuspuntua gainditu behar dela. «Etxebizitza espazio soziala da, non ezagutzak eta gaitasun sozialak igortzen diren». Ardatz hori aintzat hartu behar dela adierazi du, bestela azken hamarkadetan ezarri den «diseinu neoliberalean» erortzeko arriskua dagoelako.

ETXEBIZITZAREN BURBUILA,

PROZESUAREN GAINBEHERA





Juradok uste du burbuila ulertzeko atzera begiratu behar dela. 1985ean eta 1994an, Espainiako Gobernuak (PSOE) bi lege onartu zituen alokairuen sektorea «guztiz» liberalizatu eta jabetza lehenesteko. Maizter izatea garestitu zuen. «Logikoa da, beraz, askok jabetzara jo izana». Garai hartan etxegintza ekonomiaren sustatzaile nagusien artean sartu zuten.

Juradok gaineratu du egoera horretan bankuek «negozio bikaina» abiarazteko aukera izan zutela. Horren giltza batzuk xehatu ditu: bankuek zorpetzea sustatu zuten; bankuak edo horien inguruko enpresak ziren lurren jabeak eta eraikitzaileak; maileguak epe luzera eman zituzten, ez ordaintzekotan etxebizitzarekin geratzeko aukerarekin... «1988tik 2003ra arte EAEko etxebizitzen prezioa %1.550 igo zen; OCDEko gorakada handiena izan zela baiezta daiteke».

2008tik aurrera heldu zen prezioen burbuilaren gainbehera. Edonola ere, Palomerak azaldu du lehen urteetan ez zirela «asko» jaitsi: «Gerora ere garesti mantendu zituzten artifizialki: tasatzaileek, bankuek... Ez zitzaien komeni zenbaki gorri are larriagoak izatea». Palomerak zehaztu du egun bankuak etxebizitzak saltzen ari direla, Europako Banku Zentralaren kredituak baliatu ahal izateko.

Palomerak uste du gertatutakoak gertatuta administrazioak bankuen mesederako araudia egiten jarraitzen duela. Adibide gisa jarri du Higiezinen Kredituen Legea—ekainetik dago indarrean—: «Auzitegiek aitortutako gai batzuk jaso ditu, baina funtsezkoa ez dute aldatu: etxegabetzeetan kaleratuaren zorra mantenduko da».

ALOKAIRU ESKARIAK, GORA;

HORIEN ERRENTEK, EZ





Krisi ekonomikoaren testuinguruan alokairu eskariak gora egin zuen. Etxebide Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuko datuen arabera, 2017ko eskaeren %82k alokairua galdegin zuten: 46.493 guztira. Joera baten berri ematen dute datuok: gero eta eskatzaile gutxiagok jotzen dute jabetzara, eta gero eta gehiagok alokairura.

Palomerak nabarmendu du alokairuaren eskaria igo arren prezioak ez zirela igo krisiaren lehen urteetan. Alegia, eskaria eta eskaintzaren arteko korrelazioa ez zen gertatu. Are gehiago, prezioak jaitsi egin ziren. 2008an, EAEko hilabete bateko batez besteko alokairua 968 eurokoa zen, eta 2014an, 844 eurokoa. Espainiako Estatu osoan gertatu zen hori.

Juradok eta Palomerak azaldu dute egoera 2012an aldatzen hasi zela: inbertsiogileak ohartu ziren alokairuaren merkatua «urrezko arrautzen oilo berria» zela.

ARAUDI ALDAKETAREKIN

PREZIOEK GORA





Palomerak eta Juradok gogora ekarri dute Espainiako Gobernuak bi arau aldatu zituela 2012an hilabete gutxitan, PP agintean zela: Barne Zerga Erregimena, eta Hiri Alokairuen Legea. Alokairuen merkatua «dinamizatzeko» neurri gisa aurkeztu zituen Mariano Rajoy garai hartako gobernuburuak. Palomeraren eta Juradoren iritziz, horretarako balio izan zuen, baina alokairuarekin dirua irabazi nahi zutenek dinamiza zezaten: ordutik, maizterrak kaleratzea errazagoa da, kontratuak epe laburragoetan berrikus daitezke...

Horrekin batera, inbertsio funts handiei zabaldu zien atea, Socimi sozietateen bitartez: higiezine inbertitzeko sozietate kotizatu anonimoak. «Horiek paradisu fiskalen pareko abantailak dituzte», azaldu du Juradok. Funtsek Socimien bitartez alokairu etxebizitzak eskuratzen dituzte, nahierara kudeatzeko. Horren beste aldagai batzuk ere badaudela zehaztu du, build to rent formula (alokatzeko eraikita) kasurako: eraikin osoak erosi, alokairuan jartzeko.

Palomeraren ustez, funts horiek krisiaren aurretik bankuek zuten lekua hartu dute. Urte gutxian alokairuko parkearen %5 eskuratu dute, eta uste du «arraste eragina» izan dutela: prezioak igo ostean, higiezin agentziek hori bera egitea ekarri dute, eta, azkenik, jabe txiki eta ertainek ere. «Alokairuen %5 izan arren, errentak sistematikoki igo ditzakete: zergetan abantailak dituzte, eta epe laburrean arriskatzeko kapital handiagoa».

Leonardok gaineratu dumerkatu horretan eragile berriak sartu direla: turistak hartzeko pisuak. Horren albo ondorioak ekarri ditu gogora: «Auzoetan krisiak, herritarren lekualdatzeak eta bestelakoak. Estatuan alokairua merkatu librearen ordezkoa da, eta arau berberen arabera mugitzen da».

ALOKAIRUTIK JABETZARA





Jaime Palomeraren ustez, alokairuen prezio igoeraren ondorioz, herritar batzuk jabetzara bultzatuta daude. Azaldu du egun «pentsaezina» dela krisiaren aurreko etxebizitza erosketa mailara heltzea, baina zorpetzeko moduan ez dauden herritarrak etxea erostera joko dutela, alokairuen prezioak gora egiten jarraitzen badu.

Leonardok ere aipatu du alokairutik jabetzarako mugimendu hori. Haren ustez, herritarrek alokairura jotzen dute merezi baldin badie, errenta kontuan hartuta. Edonola ere, erantsi du ariketa matematiko horrek ez duela kasu guztietarako balio. Izan ere, maileguen baldintzak gogortu dituzte: «Erostea aukeratu ahal izango dute lan egonkorra duten herritarrek, eta prezioaren %20 ordaintzeko adina diru aurreztuta daukatenek».

ADMINISTRAZIOEN

ESKU HARTZEA





Hiru adituek ondorioztatu dute merkatuak ez duela balio etxebizitza arautzeko. Palomerak eta Juradok gogor egin dute arautzeko beharrik ez dela diotenen kontra. Haien ustez, Espaniako Estatuak esku hartzen du etxeen merkatuan, baina ez herritarren alde. Adibideak zerrendatu dituzte: etxebizitza erosteagatik desgrabatzeko aukera —2006. urtera arte ezin izan zen halakorik egin alokairuarekin—; jabetza pribatuko tituluak; lurraren araudia; hipoteka sistema, alokairuaren arautzea... «Merkatuak beti daude araututa, eta eraikuntza enpresen eta interes jakin batzuen aldekoa da etxebizitzarena», azpimarratudu Palomerak.

Merkatuan esku hartzeko modu hori etxebizitza eskubide sozialaren alde bideratzeko eskatu dute hiru adituek, eta, aldi berean, politika publikoetarako inbertsioa handitzeko.

Leonardoren iritziz, administrazioak «ausart» izan behar luke esku hartzean. Lur eremua eskuratzeko zailtasunen aurrean, zenbait neurri proposatu ditu, batzuk «ulertzen zailak» badira ere: jabetza eskubidearen estatus juridikoa aldatzea, baita etxebizitzarena ere; finantza merkatua moldatzea, eta banku publiko bidez «beste modu bateko» finantzaketa eskaintzea; zerga bidez zigortzea etxebizitza inbertsio eta atxikitzea; eta diruz lagundutako etxebizitza politika publikoak sustatzea, baita alokairuan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.