Zirkulu erdia lurrean. Bi etxola aurrean. Eskopeta gerriaren parean. Plater bat airean. Danba. Beste bi gero, biak aldi berean. Zalantza eginez gero, akabo. Bi segundo, bi tiro. Danba-danba. Hainbat modalitate ditu plater tiroketak, eta ikusgarrienetako bat da olinpiar skeet-a. Bere bizitasunak harrapatu egiten du ikuslea, eta bere zailtasunak, berriz, mugara eramaten du tiratzailea. Erronka ez da edonolakoa eskopeta esku artean duenarentzat. Orduko 95 kilometroko abiaduran doaz platerak, eta, gainontzeko modalitateetan ez bezala, tiro bakarra egin ahal zaio plater bakoitzari. Kale edo bale. Eskuak izerditan, eta bihotza kolkotik atera beharrean. Presioa eta artegatasuna izan ohi dira tiratzailearen etsairik zitalenak. Baina gozamena ere bidelagun izaten du. Adrenalina berezia sortzen baitu abiadurak.
Sentipen horiek guztiak ederki asko ezagutzen dituzte Fagoaga aita-alabek. Beren haragitan makina bat aldiz bizi izan dituzte. Familia lesakarra 1990eko hamarkadaren amaieran murgildu zen skeet-ean, eta, urteen joanean, erreferentzia bihurtu da. Antton aita eta Jone alaba zaharrena hasi ziren lehenik, eta berehala egin zuten tokia onenen artean. Antton 2012ra arte aritu zen, eta, denbora horretan, ohiko bilakatu zen finaletan. Jonek, berriz, sei aldiz irabazi zuen Espainiako Txapelketa, 2007an skeet-a utzi zuen arte. Geroago hasi zen Itsaso, alaba gazteena, baina berak dauka palmaresik distiratsuena. Oraindik lehian ari da, aita entrenatzaile duela. Bikote berezia osatzen dute. Lehia handia izana dute elkarren artean. Baina beti giro onean. Ahaideak eta bidaideak direla ahaztu gabe.
Hastapenak ondo gogoan dituzte. Izan ere, hasiera bitxia izan zuen Fagoagatarren zaletasunak. 1998an izan zuten aurrenekoz olinpiar skeet-aren berri. Urte hartan, Nevadako (AEB) euskal festan trikitia jotzera joan ziren Itsaso eta Jone. Ahizpa nagusia plater tiroketan aritzen zen, eta skeet-ean saio bat egiteko aukera eskaini zioten. Txunditu egin zuten modalitate horren bizitasunak eta zailtasun teknikoak. Etxera itzultzean, aitarekin batera hasi zen praktikatzen, Irunen (Gipuzkoa). Anttonen arabera, badakien norbaitekin hastea da egokiena, baina beraiek beren kabuz ekin zioten bideari. «Gu autodidakta samarrak izan ginen. Lehiaketetan hasi ginelarik, beste tiratzaileei erreparatzen genien. Hortik abiatuta, gure teknika finduz joan ginen».
14 urte izan arte debekatuta
Itsasori ere orduan hastea gustatuko zitzaiokeen, baina 2004ra arte itxaron behar izan zuen, 14 urte bete arte, lehenago ezin baita armarik erabili. Bederen, aitak eta ahizpak izan gabeko abantaila bat izan zuen: bi irakasle zaildu eduki zituen. «Pentsa, ni hasi nintzenerako, Jone jada Espainiako selekzioan zegoen. Eta aitak ere dagoeneko hartua zuen teknika». Entrenatzen hasi eta berehala ekin zion lehiaketatan parte hartzeari. Etxekoen ildoari segitu nahi zion. Berandu gabe loratu zen: 2006an irabazi zuen bere lehen Espainiako Txapelketa, Mallorcan (Herrialde Katalanak), ahizparen kontra. «Berdinketa hausteko txanpan irabazi nion. Gainera, Espainiako errekorra puskatu genuen. Polita izan zen».
Ordura arte, Jonerena zen izana aginte makila. Baina lehen garaipen hark akuilatu egin zuen Itsaso. Plater tiroketan bidea egin zezakeela ikusarazi zion. «Nire lehen garaipena izan zen, eta behar nuen motibazioa eman zidan. Hortik aurrera, irabazten jarraitu nuen». 2007an, kanpora bizitzera joan zen Jone, eta, denbora baten buruan, utzi egin zuen skeet-a. Hala, harena izandako nagusitasuna ahizpa txikiaren esku gelditu zen.
Handik aurrera, irabazi besterik ez du egin Itsasok. 30 titulu baino gehiago eskuratu ditu. Besteak beste, bederatzi aldiz irabazi du Espainiako Txapelketa, zortzi aldiz Espainiako Kopa, eta sei bider Espainiako Errege Kopa. Eta nazioartean ere maila emana da; besteak beste, hiru aldiz izan da hamar onenen artean Europako Txapelketan. Aitaren aburuz, talentua dago horren guztiaren atzean. «Berezko gaitasuna dauka. Gutxi entrenatuta ere, mantendu egiten du maila. Bestela, ez zituen hainbeste garaipen lortuko». Bat dator Itsaso. «Horrek nire alde egin du txapelketetan. Garrantzitsua izan da dudan palmaresa lortzeko».
Berezko talentu hori nondik datorkion? Ez da zaila asmatzea. Anttonek berak aitortu du: «Nik ere bertute bera daukat». Horren lekuko da Itsaso. «Tarteka, entrenamenduetan saioren bat egiten du. Urtebete eraman dezake tiratu gabe, baina txukun aritzen da». Ez dauka alabaren palmaresik, baina bai bertute bera. Horri esker, maila oso onean aritutakoa da. Berandu hasi zen, 41 urterekin, baina skeet-ean adinak ez du beste kirol batzuetan duen garrantzirik. «Punta-puntan aritzen nintzen, 25-26 urteko mutikoen kontra. Esan daiteke adinik ez duen kirol bat dela plater tiroketa».
Zazpi bider izan zen Nafarroako txapeldun, eta Espainiako Txapelketan sei onenen artean izaten zen gehienetan. Usuki iristen zen finalera, baina, egiaren tenorean, kirioak dantzan jartzen zitzaizkion. Hala, bere mailaz azpitik jarduten zen. «Askotan, lehenengo edo bigarren sartzen nintzen finalera, eta finaletik laugarren edo bosgarren ateratzen nintzen. Oso urduri jartzen nintzen». Bada, alde horretatik ere, nabari da noren alaba den Itsaso. Berak ere dantzan izaten ditu kirioak. «Betidanik, urduritasuna izan dut oztopo nagusi. Hori gainditzen laguntzeko, trebakuntza egiteko aukera eman zidan Nafarroako fundazio batek. Horri esker, neure burua apur bat kontrolatzen ikasi nuen. Baina ez da erraza».
Etsaia, etxean
Beraz, talentua eta artegatasuna, biak dituzte berezkoak. Baita elkarren arteko lehia ere. Aurkari izan ziren hainbat urtez, Nafarroako Txapelketan —batera aritzen dira emakumezkoak eta gizonezkoak—. Eta txinpartak izaten ziren nor baino nor aritzen zirenetan. Hori islatzen du beren arteko kalaka umoretsuak. Zirikatzaileak dira biak. «Lehen aldiz, 2009an irabazi ninduen, Orbaibarren, berdinketa apurtzeko txanpan. Berak irribarrez begiratzen ninduen. Hitzik egin gabe itzuli ginen etxera». Itsasok ez du ezkutatu: oso garaipen berezia izan zen beretzat. «Urte aunitzez, beti irabazten zidan. Ahizpari irabazteak baino askoz ere ilusio handiagoa egin zidan aitari irabazteak. Betidanik izan dut lehia berezia berarekin».
Aitak 2012an utzi zion lehiatzeari. Une «egokia» zela ikusi zuen. Hori entzutean, aita xaxatzen saiatu da Itsaso. «Alaba bera baino hobea zela ikusi, eta utzi egin zuen». Barre egin, eta txantxaz, onetsi egin du Anttonek alabaren bertsioa. «Lur jota gelditu nintzen». Orain oso noizbehinka baino ez da aritzen plater tiroketan. Asko jota, Itsasoren entrenamenduetan. Bera da alabaren entrenatzailea. Beti izan da hala. «Orain, ez dut lan askorik. Maila ikaragarria baitauka Itsasok. Huts txikiak atzematen saiatzen naiz, besterik ez, xehetasun batzuk».
Aita eta entrenatzaile gisa, Anttonek badu arrazoirik pozik egoteko. Urterik urte, bere palmaresa gizentzen segitzen du Itsasok. Aurten, adibidez, Espainiako eta Euskadiko txapelketak irabazi ditu, baita Espainiako Presidente Kopa ere. Txapeldun handi bat da. Haatik, ezinezko zaio tirotik bizitzea. Espainiako Federazioak ez du horretarako baldintzarik eskaintzen. Europako herrialde gehienetan, tiratzaileak profesionalak dira, eta, beren ibilbidea amaitzean, tokia egiten zaie administrazioan. Espainian, ordea, ez dago halakorik. «Pena da, baina zaletasun gisa hartu beharra daukat. Orduan, oso zaila da nazioartean emaitza onak lortzea, profesionalen aurka ari baitzara», deitoratu du Itsasok.
Lehen, bederen, bazuen aukera nazioarteko txapelketatan aritzeko. Orain, hori ere ez.«Krisia hasi zenetik, gutxiengoen azpitik dago Espainiako Federazioa. Jada ez gaituzte eramaten nazioartean lehiatzera». Horrek, nagusiki, ondorio bat dauka: Olinpiar Jokoetan aritzeko aukerarik lortu ezin ahal izatea. «Maila badu. 75 plateretik 70 apurtutakoa da. Marka horrekin gauza oso politak egin daitezke. Baina aukerarik ez duenez…», nabarmendu du Anttonek. Gauzak hala, ametsa geroz eta lausoago dakusa tiratzaile lesakarrak. «Baztertu, ez dut baztertu, baina geroz eta esperantza gutxiago daukat».
Erronka berrien peskizan dabil Itsaso. Nazioartean jarduteko aukerarik ez duelarik, behintzat gizonezkoekin batera lehiatzea gustatuko litzaioke. Alabaina, araudiak ez du halakorik onartzen. «Maila aldetik, ez dago desberdintasunik, baina gizonezkoek 125 plater dituzte, eta emakumezkook 75 ditugu. Nik eskatu izan dut maila orokor bat egitea, baina beti ezezkoa eman didate». Anttonek nabarmendu duenez, 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan dago sexuen arteko banaketaren jatorria. «Lehen, batera aritzen ziren denak. Baina, Bartzelonan, emakume txinatar bat izan zen irabazlea. Hortik aurrera, kito: batzuk alde batetik, eta besteak bestetik».
Oztopoak oztopo, skeet-ean jarraitzeko asmoa du Itsasok. Espainiako errekor berria ezarri nahi du. 70 plater puskatu zituen 2010ean, eta hori da ondu beharreko marka. «Hori lortuz gero, nazioartean aritzeko aukera exijitu ahalko nioke Espainiako Federazioari». Saialdi horretan ere, aldamenean izango du aita. «Gogorra» omen da entrenatzaile gisa, baina, kasu honetan, ez dio gehiegizko presiorik jarri nahi alabari. «Itsasok ezin badu, berriro ere tiratzen hasi, eta nik egin beharko dut!».
UDAKO SERIEA Kirola zilbor hestean. Fagoagatarrak.
Platera non, danbada han
Olinpiar skeet proban ibilbide oparoa ari da izaten Itsaso Fagoaga lesakarra. Horretan badu zeresanik haren aitak, Anttonek. Bera ere ibilia da plater tiroketan lehiatzen, eta, gaur egun, alaba entrenatzeaz arduratzen da. Elkarrentzako modukoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu