UDAKO SERIEA. Gerraurreko emakume idazleak (IV). Obraren azterketa.

Planetak testuen argitan

XX. mendearen hasierako andre abertzaleei begiratu izan zaienean, soziologiatik begiratu izan zaie batik bat, baina urria da haiek idatzitakoari buruz egindako ikerketa. Idatzi zutena apenas jarri den erlazioan orduko beste testu batzuekin, eta, jarri izan denetan, ezustekoak topatu izan dituzte aztertzaileek: modernitatearen lehen oihartzunak, esate baterako.

itziar ugarte irizar
2023ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun

Hau da zailena», abisatu dio lehen gauza Amaia Alvarez Uriak kazetariari. «Idatzi zutenei buruz bainoago, idatzi zutenari buruz hitz egitea». Eta horregatik hitz egiten dute hitz egiten dutenek, hein batean, oinak oso lur ziurrean sentitzen ez dituenaren zuhurtziaz. Gerraurreko emakume idazleak berreskuratzeko lehen urratsa haien izenak eta bizi ibilbideak azaleratzea izan baita, baina urri baitira oraindik ere haien testuetan sakon murgil egin duten saioak.

 

Xabier Altzibar EHUko irakasle ohiarena da horietako bat. Julene Azpeitiaren biografiari eta obrari buruzko lan mardula plazaratu zuen duela bi urte —Askatasun eguzkia baino beharrago—, eta Azpeitiaren eta belaunaldikideen idatziek ageri duten «taldetasuna» nabarmendu du lehenik: «Elkarren arteko atxikimendua oso garbi nabari da testuetan. Nolabait, euskararen aldeko militanteak dira, eta ideologia abertzalean euskarak duen rolaz jabetuak. Ikusten dute hor badutela zer egina; konfiantza erakusten dute beren buruengan, eta, aldi berean, deskonfiantza gizasemeen politikagintzan». Gaiak, berriz, lau dira harentzat: «Doktrina abertzalea, emakumeen antolaketa, gizarte gaiak —klase ezberdintasunak, umeen heziketa, jatorriari buruzko aurreiritziak, senide arteko liskarrak...—, eta erlijioa».

Luzearren 1930eko deiaren ostean ugaritu baziren ere andrazkoak letren plazan, lehenagotik ere hasiak ziren batzuk argitaratzen; Tene Mujikak eta Katalina Eleizegik, esate baterako, 1910eko urteetan eman zituzten euren estreinako piezak. 1920ko hamarkadan, berriz, aurten duela ehun urte argitaratu zuen Mujikak Miren Itziar'i idazkiak eta olerkiak, eta «mugarritzat» jo du Altzibarrek. «Abertzaletasun konfesionalaren alde jarduteko beldur den emakumea irudikatu zuen Tenek, eta jarraibideak eman zizkion: haurrei euskaraz irakastea, euskal ohiturak indartzea, aukeran senartzat gizaseme euskotarra aukeratzea... Mugarria da doktrina bat formulatu zuelako, eta liburu bat delako, emakume oso gutxik lortu zutena».

Alvarezek, berriz, Eleizegi du sakon aztertua. Doktore tesia eskaini zion, eta, haren antzezlanek eredu tradizionalari segitu bazioten ere, «emakume izateko modu desberdinak» garatu zituela adierazi izan du. Berriki, Ehazek argitaratutako Ekin eta joka. Azken ikerketak euskal teatroaz (2018) liburuan garaikide izan zituen beste obra batzuekin erkatu ditu Eleizegiren antzezlanak —«hauekin falta dena hori da: dialogoan jartzea beste obra batzuekin»—, eta han ere sakondu du aurreko ideian. Hala idatzi du: «Bere azken lan ezagunean, taula gainera eraman zuen egokitu zaion rola gainditzen duen Katalina Erausoren bizitza; protagonista bihurtu zuen ezkondu ez zen, ama izan ez zen, moja izatetik ihes egin zuen eta gizon moduan aske bizi eta bere ametsaren atzetik zorionaren bila joan zen pertsona». Garai hartan pil-pilean ziren gaiei —nazioa, generoa, klasea— leku egin ziela eta «girotze historiko aberatsa» landu zuela ere nabarmendu du liburuaren lehen kapituluan.

Zalantzak eta esanindarra

Olerkigintzan, bestalde, Jon Kortazar EHUko irakasleak aztertu zituen gerraurreko bi emakume poeta literatur kritikatik estreinakoz, 1995ean: Frantziska Astibia Onintze eta Sorne Unzueta Utarsus. «Garbi zegoen izarrak aztertuak genituela, Lauaxeta eta Lizardi, baina planetekin zer gertatzen zen ikertzea falta zen; Aitzolen inguruan zegoen Yakintza aldizkarian zer zegoen begiratzea otu zitzaidan, eta beste horrenbeste Lauaxetaren inguruko Euzkerea aldizkariarekin». Hor agertu zitzaizkion bidera Onintze eta Utarsus, eta haien testuetan, berriz, «irudi topikoetatik aparteko zerbait». Hots, modernismoaren zantzuak.

Onintzeri dagokionez, zera nabarmendu zuen: obra murritza bada ere, fedearekiko zalantza agertzen duen joera existentzialista bat ageri dutela haren olerkiek—«Gure biyotzetik ken lizuna», eskatzen dio lerro batean Jainkoari, esate baterako—. Horrekin batera, erotismoaren, bitalismoaren eta gaztaroaren gorazarrea ere aurkitu zuen Kortazarrek haren lerroetan, baita «lirismoaren» arrasto zenbait ere. «Bere bidez agertzen dira Euskal Herrian existentzialismo eta modernismo sentikor baten lehenengo oihartzunak».

Eta antzeko bideak urratzen ikusten du Utarsus ere. Hark «olerki aberkoia» gehiago landu bazuen ere —Itxartu, euzko alabea! (1931) da haren testurik ezagunenetako bat—, estetika modernistaren koordenatuetan kokatu zuen Kortazarrek; hiztegiaren berritasuna, «metrikaren iraultza» eta modernisten giro zehaztugabea jarri zituen horren erakusletzat. «Dena laino mehe batek estaltzen du [Utarsusen poesian] eta errealitatearen ikuspegia ez da inoiz garden agertzen».

Aurrerago, iragan mendeko beste emakume idazle batengana ere eraman zuen beste lan batek Kortazar. 1938an Bartzelonan argitaratu zen Euzkadi egunkaria aztertu zuen orduan, eta Errose Bustintza Mañariko-ren gerrari buruzko testuak topatu zituen: «Gerra eta gerraren mina adierazteko erabiltzen duen sentsibilitatea nabarmendu nahi nuke», esan du. «Bartzelonatik idazten du, baina oso begi zuzena du gerrak sortzen duen sufrikarioa adierazteko. Asko estimatzen dudan kasu bat da». Denera, ehun ipuin baino gehiago plazaratu zituen Euzkadi-n Mañarikok.

Sentsibilitatea goratu du Altzibarrek ere Azpeitiaren idazkeratik. «Sentiberatasun sakoneko idazlea da, deskripzioez eta elkarrizketa biziz baliatzen dena sentimenduak adierazkortzeko. Grazia eta espresio indar handia dauzka; ahozko tradiziotik datorren kontaera bat, baina euskara landua erakusten duena».

Osatu zituen itzulpen lanak ere oroitu ditu, eta erantsi garai hartako idazleek beste ezaugarri komun bat dutela, neologismoak. «Kuriositate filologikotik bada ere», hitzen lanketa hori aipagarritzat jo du Alvarezek ere: «Horrek ere badu sormenetik».

Irizpideak eta baldintzak

Haien obraz aritzean, galderarik arantzatsuenetako bat kalitate literarioaren zenbaterainokoa izaten da —batik bat, helburu politikoei segika idatzi zutelako—. Hori, baina, euskal literaturaren historiako «gatazka klasiko bat» dela dio Alvarezek. «Apaizek idatzi zutena literatura da, ala XX. mendean hasten da benetako literatura? Gaur egungo galdera da: autofikzioa literatura-literatura da? Hor geruza asko daude, eta jakina da irizpide literarioak boterea duenak ezartzen dituela».

Haren ustetan, beste bat da idazle hauen lana baloratzeko hartu beharreko ikuspuntua: «Garai hartan emakume idazleek lortu zuten legitimazioa beren testuak argitaratzeko, hain zuzen, helburu politikoa zeukatelako. Horri esker eman zioten baimena, bai besteek eta bai eurek euren buruei, sortzeko eta bide bat egiteko. Batzuk geratu ziren idatzi politikoak idazten, eta beste batzuek bide luzeagoa egin zuten». Aurreiritziak indarrean daudela dio; eta «kritikatu» aurretik, haien lanak irakurri behar direla uste du.

Halaber, eta testuz kanpoko elementua izan arren, obrak beren testuinguruan aztertzeko baldintza materialei begiratzea ere inportantea dela aipatu du Alvarezek; esaterako, edo batik bat, idazten jardun zuten andreetatik zenbat ez ziren ezkondu, zenbatek ez zuten izan haurrik. «Emakume idazleen historian agerikoa da horren eragina. Dirua, zaintza lana, denbora... egungo gaiak dira, baina betiko gaiak dira».

Mujikaren eta Eleizegiren kasua izan zen hori, besteak beste, eta biengan ikusten du «idazle bokazioa» Altzibarrek. Baita Azpeitiarengan, Mañarikorengan eta Jule Gabilondo Maite-rengan ere. «Argi ikusten dut, asko eta jarraitutasunez idatzi zutelako, batzuk baita gerraostean ere».

Bihar: Lorea Agirre eta Nekane Goikoetxea (V).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.