Topikoak egia izan ohi direla dioen esaldi topikoa bete egiten da Mark Zuckerbergen kasuan (New York, AEBak, 1984). Pertsona lotsatia da Facebooken sortzailea, bere baitan biltzen diren horietakoa; INTJ bat, pertsonalitateen sailkapena egin zuen MBTI neurketa sistemaren arabera (barnerakoia, intuitiboa, pentsakorra eta kalifikatzailea). Eskolako patioan eta herriko plazan txoko batean jartzen diren horietako bat, eta ez erdian, besteen arreta bilatuz eta bereganatuz. Eta, horrela izanda, ez da harritzekoa Zuckerberg txikitatik eduki izana zaletasun handia konputagailuekiko. 12 urte zituela, ZuckNet programa sortu zuen, aitaren hortz klinikako ordenagailuaren eta etxekoen arteko komunikazioari bide emateko. Ulergarria da, beraz, haren ekarpen nagusia Facebook izatea, elkar ikusi eta ukitu gabe —eta norberari ongi datorkionean soilik— harremanak izateko webgune bat. Eta are ulergarriagoa da Zuckerbergen proiektu kuttuna metabertsoa izatea; hau da, mundu birtual bat, mota askotako esperientzia birtualak norbere etxetik bizi ahal izateko, bizitza errealak zikindu gabe.
Berez, Facebook sortu aurretik ere baziren aurrez aurre egon gabeko adiskideak, eskutitzen bidez komunikatzen zirenak, baina Facebookek beste maila batera eraman zuen kontaktu fisikorik gabeko harremanena, baina baita voyeurismoa eta exhibizionismoa ere. «Begira zer guapo nagoen Punta Canako hondartza honetan!», «zer ongi pasatu dudan piraguismoa egiten Bidarrai aldean», eta «zer goxoa zegoen guakamolea Gironako kostaldeko txosnan». Informazio pertsonala sarea darabilten 3.500 milioi lagunen eskura.
Baina hori baino gehiago ere bilakatu da Facebook: munduari begiratzeko eta mundua azaltzeko tresna boteretsu bat. 2017an, Zuckerbergek asmo onez beteriko manifestu bat kaleratu zuen, Facebooken helburuak zerrendatuz: konpromiso soziala duen komunitate bat, ongizatea eta askatasuna zabaltzen dituena, klima aldaketaren aurka borroka egiten duena... Horren guztiaren adibide izan daiteke, baina baita horren guztiaren aurkakoaren ikurra ere; egiak, egia erdiak, gezur erdiak eta gezur erabatekoak arazorik gabe zabaltzen dituen bozgorailu indartsu bat.
Kontrol saioak
Zuckerbergek ez du, noski, bozgorailu hori mugatu nahi, eta baditu arrazoiak: Facebooken negozioari lehen pitzadurak agertu bazaizkio ere, oraindik orain ongi doakio. 2021ean ia 40.000 milioi euroren irabaziak izan zituen orain Meta izena duen konpainiak, mundu erdia begiradapean izateak publizitatea saltzeko ematen dion abantaila baliatuz.
Irabazi horietatik zati bat lobbygintzan gastatzen du Metak, eta soldatapean dituen eragile horien laguntza derrigorrezkoa beharko du, lortuko badu izkin egitea Europako Batasunean eta AEBetan jarri nahi dizkioten arau zorrotzagoei.
Fronte horretan kalte handia egin dio Frances Haugen Facebookeko langile ohiak iazko urrian AEBetako Kongresuan egindako agerraldiak. Han erakutsi zituen Metaren barne agiriek argi utzi dute enpresak bazekiela bere plataformek —Facebook ez ezik, baita Instagram ere— kalte egin diezaieketela adin txikikoei... baina ezer ez egitea erabaki zuela.
Agiri horiek gehiago asaldatu dituzte Facebooken boterea gehiegizkoa dela uste dutenak. «Hau da nire mezua Zuckerbergentzat: amaitzear daude geure pribatutasuna bortxatzen eta eduki toxikoak bultzatzen zenituen garaiak. Kongresuak zerbait egingo du», esan zuen Ed Markey senatariak. Demokratak eta errepublikanoak biltzen dituen talde batek ikerketa bat zabaldu du Instagramek gazteengan duen eraginari buruz.
Washingtonen zein Bruselan aztertzen ari diren neurrien artean daude Meta zatikatzea, uste baitute botere handiegia hartu duela konpainiak.
Noizbait urrats hori egitera ausartzen badira, ikusiko da zer gertatuko den Zuckerbergen proiektu maitatuenarekin: metabertsoarekin. Izen hori jaso du Metak eta beste enpresa teknologiko batzuek sortu nahi duten «hiru dimentsioko mundu birtualen sare integratuak». Betaurreko berezi batzuen bidez, errealitate handituak ikusi eta haietan errealismo handiz murgildu ahal izango du erabiltzaileak. Mota horretako jokoak badaude honezkero, baina urrats pare bat aurrerago egin nahi dute, eta beste arlo batzuetara zabaldu, haien artean musika kontzertuak, kirol lehiaketak, irakaskuntza edota administrazioa bera.
Errealitate birtual horretan dirutza gastatzen ari direnen artean dago Meta. Iaz, 10.000 milioi euro jarri zituen, baina horiengandik etekin handirik ez du jasoko hurrengo urteetan.
UDAKO SERIEA. Superaberatsak (II). Mark Zuckerberg.
Pantailan erosoago
Facebookekin, harreman birtualen sarea sortu zuen, eta orain, metabertsoarekin, errealitate birtualean beste urrats bat egin nahi du. Lobbyetan asko gastatzen du, Facebooken edukien kontrolari aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu