UDAKO SERIEA. Lehengo lekutik bertsoa (III). Oihana Arana Cardenal

Nori eskatzen zaion zer egitea

Bertso sorta bat aukeratzeko eskatu die BERRIAk sei bertsolariri. Horien gainean egin dute gogoeta, kantatu ziren leku berean. Bakarkako bi lan hautatu ditu Aranak; Maider Arregirenak biak. Zuzenean aditu zituen, eta formaz eta edukiaz egin du gogoeta.

Oihana Arana, Ormaiztegiko Zubipe kiroldegiaren aurrean. GORKA RUBIO / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
Ormaiztegi
2023ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Kazetariaren grabagailua elkarrizketa grabatzen hasi denean, ahots bidezko mezu bat bidali dio Oihana Aranak (Eskoriatza, Gipuzkoa, 2001) Maider Arregiri: «Jakin gauza oso friki bat egingo dudala zure bertso batzuekin; kontatuko dizut zer den». Bertsoaldi bat aukeratzeko eskatuta, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan Arregik egindako bakarkako bi lan aukeratu ditu Aranak; 2015ekoa bata, eta 2019koa bestea. Inprimatuta eraman ditu bertsook kazetariarekin duen hitzordura, eta zera argitu du horiei begira: «Uste dut fase berean izan zirela biak. Bata Ormaiztegin [Gipuzkoa] izan zen, eta bestea, berriz, Irunen [Gipuzkoa], lau urte geroago». Bi saioetan izan zen Arana. «Kuriosoa da: 2015ekoa izan zen nik ikusi nuen lehen txapelketa». 2019an, gainera, bertsotan aritu zen bera ere. Arregirekin zuen harremana, baina, desberdina izan zen bi txapelketetan. Hala kontatu du berak: «2015ean, idolo antzeko bat zen niretzat. 2019rako, banengoen ni ere ahalduntze bertso eskolan, eta kantukide ginen ordurako».

Aranarentzat ariketa zaila izan da bertsoaldia aukeratzea. Bertso sorta aukeratzeko baino gehiago, bertsolaria hautatzeko ariketa egin zuen. «Iruditzen zait oso inportantea dela zeini ematen diogun autoritatea eta ahotsa».

Apur batean hausnartu ondoren, aukeratu zuen bertsolaria: Arregi. Ondoren aukeratu zituen haren bakarkako lan biak. Gai desberdinak jarri zizkioten arren, testuinguru berari heldu zion bi saioetan Arregik, Aranak azaldu duenez: «Irudikatu daiteke pertsona bera dagoela bi bertsoaldien atzean. 19 urterekin lehenengoan, eta 23 urterekin bigarrenean. Gai beraren gainean ari da bietan, baina beste konplexutasun batekin kantatu zuen 2019an».

Diskurtsoari ere erreparatu dio bertsolariak, eta aldaketa bat sumatzen du batetik bestera: «Lehenengoan, existitzen da kritika bat, baina badago moldean sartu nahi izate hori. Bigarrenean, aldiz, kritika politiko bat dago, niri izugarria iruditzen zaidana».

Azaldu du, halaber, bertsoak irakurrita Arregiren bertsolari ibilbidearen kontzientzia har daitekeela. Doinuaren aukeraketan eta neurrian ikusten da hori, haren ustez: «Lau urteren aldea dago bertsoaldi batetik bestera, eta nabari dira hazkuntza zantzu batzuk. Janzkera ere oso desberdina darama: Ormaiztegin, soineko bat zuen jantzia, eta ez dut uste Irunen soinekorik zeramanik». Nolanahi ere, antzeko elementuak ere ikusten dizkie bi saioei. Izan ere, emakume bakarra zen Arregi bietan. «Bi saioen artean lau urte pasatu ziren arren, Maiderrek etorkizun oparoko neska gazte hori izaten segitzen zuen; gezurra dena».

Aranak dioenez, ironia erabili zuen Arregik bi bertsoaldietan, baina uste du hura ezagutu gabe ezin nabari daitekeela bertsoen ironia: «Irungo saioan, nik goitik behera ulertu nuen zer egiten ari zen. Eta gogoratzen dut, bestetik, argi neukala publikoaren zati batek segur aski ez zuela ulertuko». Bertsook irakurriz gero, ordea, Arregiren mezua erraz ulertzen dela dio.

Operazio bat egiteko zain zegoela operatzeko erabakia hartu izanaz damutu zela zioen Irunen jarri zioten gaiak. Hala abiatu zuen bigarren bertsoa Arregik: «Noski nik ongi dakit/ heterosexuala/ dela gaur eguneko/ gure kapitala». Aranaren ustez, politikoa da gaiari horrela erantzun izana: «Bertso hau kantatu behar da txapelketan, e! Publiko feminista baten aurrean, oso arrakastatsua da, baina Maiderrek bi saioetan egin zuen azken. Apustu hori egiteak ere badauka meritua».

Nola uztartu, ordea, pertsonaia batetik hitz egitea eta hori egiteko zilegitasuna sentitzea? Bada, auzi konplexua zaio hori Aranari: «Nahiko buruhauste sortzen dizkigu horrek, ez baita hitz egiten gure artean, eta hitz egiten denean oso modu arinean hitz egiten baita. Nire ustez, elkarrizketa sakon bat eskatzen duen zerbait da, eta, bide batez, baita erabaki kolektibo batzuk eskatzen dituena ere; ez bakarrik bertsolarien aldetik, baita epaile eta gai jartzaileen aldetik ere. Eta publikoari dagokionez ere, gauza bera. Uste dut hezi egin behar dela jendearen belarria».

Haren hitzetan, baina, denek ez dituzte hausnarketa horiek modu berean egiten: «Oso zorrotz jartzen bagara, eta ahazten badugu bertsoa fikzioa dela, oso zaila da sortu ahal izatea. Horretan ni ere ados. Baina mugak lausoak dira, eta, gainera, bertsolariok jarri ditugu beste inori galdetu gabe». Adibide bat jarri du horren erakusgarri: «Inork galdetu dio jende arrazializatuari ea zer iruditzen zaion bertsolariok haien larrutik abestea? Denak dira guk gure pribilegiotik hartzen ditugun erabakiak. Gizon heterosexualek gure paperetik abestea txarto iruditzen zaigu gu interpelatzen gaituelako. Dena den, asko landu behar dugu hori, arinkeriaz egiten baitugu oraindik. Oso auzi konplexua da; ni ez naiz ausartzen ezer kategorikorik esatera, ez bada bertsolaritzaren ekosistema osoak hartu behar duen erabaki bat dela».

Gorputza oholtzan

Gorputzaren gaineko irakurketa ere oso garrantzitsua iruditzen zaio Aranari; izan ere, literaturan ez bezala, bertsolaritzan bat-batean eta ahots konkretu batek egiten du fikzioa: «Kontraargudioa izan daiteke esatea fikzioan dena dela libre. Hori esaten duenak ezin du erabili fikzioa sortzen aritzearen argumentua, eta gero bertsokidearen fisikoaren ala janzkeraren kontra aritu. Elkarrizketa horretan errealitateko elementuak ari baita sartzen, eta nahita ari baita hori egiten».

Aranaren ustez, txapelketetan «asko» ikusten dira Ormaiztegikoaren eta Irungoaren antzeko argazkiak; oholtzan emakume bakarra egotea, alegia. Gazteen saioetan, berriz, irudia bestelakoa dela dio. Izan ere, Bizkaian aurten jokatu den Eskolarteko Txapelketako finalean, zortzi emakume izan dira oholtzan. Haren ustez, «ez da kasualitatea» feminismoak txapelketan leku bat egin duenetik gaitegiaren eta formatuaren inguruko zalantzak areagotu izana. «Aurreko txapelketaren harira, irakasle batek esan zidan sentsazioa zuela herria, askatasuna eta halako kontzeptuak gutxi aipatu zirela. Bertsolari mota diferente asko dago orain. Bakoitzari gai horiek jarrita, badakizu bakoitzak bere harrikada botako lukeela». Haren hitzetan, «aberria egiteko beste modu bat» da gaur egungo bertsolaritza. Iazko Bertsolari Txapelketa Nagusian Irungo Ficoba erakustazokan jokatu zuten finalaurrekoa jarri du horren adibide: «Sei emakume zeuden oholtzan, eta Ane Labakak kantatu zuen oso inportantea dela lagunak zaintzea. Ea nor ausartzen den esatera hori ez dela herrigintza».

Galdera beste bat da, Aranaren ustez: «Zergatik ari da bat-batean autoritatea galtzen txapelketako ahotsa? Zergatik ari gara entzuten txapelketak gero eta antzekoagoak direla? Edo beste hau, kristoren amorrua ematen didana: jendeak esatea txapelketan dena dela prefabrikatua, eta nor bere bakarkakoak prestatuta joaten dela, historikoki gizonak aurretiko lana egin gabe joan balira bezala txapelketara». Beste era batera ari da itzultzen berezkoaren eta eraikiaren arteko eztabaida, Aranaren ustez: «Orain hala da: batetik, landua, eta, bestetik, berariaz irteten zaidana. Gezurra da. Xabier Amurizak berak ere prefabrikatzen zituen bertsoak, eta esan egiten zuen. Kontua da jende askok gutxiesteko erabiltzen duela hori».

Bihar: Xabi Igoak aukeratutako bertsoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.