UDAKO SERIEA. Tomatea (III). Ikerketa.

Nola eman irtenbideak

Lanerako esparru zabala ematen die tomateak ikerlariei. Intia eta Neiker institutuek hainbat entsegu dituzte abian jarrita. Ekoizleekin elkarlanean ari dira, ahalik eta produktu «jasangarriena» jartzeko kontsumitzailearen esku.

Mota ezberdinak. Tomate mota ezberdin asko daude. Euskal ikerlariak tokiko tomatearen inguruan ari dira lanean, batik bat. JOHN WATSON-RILEY / EFE.
enekoitz telleria sarriegi
2021eko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Erantzunak» eta «irtenbideak». Horiek dira gehien aipatzen dituzten hitzak, eta diote horiek «ematea» dela euren egitekoa. Carlos Marzo Intia Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologia eta Azpiegituren Institutuko ikerlaria da, eta Patrick Riga, berriz, Neiker Nekazaritza, Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundekoa. Biek diote tomateak ematen duela «jokoa», sortzen duela «interesa», eta biek aipatzen dituzte behin eta berriz bi jarduera: «hidroponikoa» eta «ekologikoa».

Ekoizleekin ari dira elkarlanean, eta kontsumitzailearen mahaian ahalik eta produktu «jasangarriena» eta «zaporetsuena» jartzea dute helburu. Intiak, Sartagudan eta Cadreitan (Nafarroa) ditu ikerketarako guneak. Marzok azaldu duenez, haienak dira entsegu batzuk eta enkarguz egindakoak besteak: «Abian jarritako gure ikerketetan ari gara nekazarientzat irtenbideak topatu nahian herbiziden arloan, akaroen kontrolean... Kontratupean ditugun horietan tomate kontzentratuaren inguruan ari gara ikertzen, cherry motako tomatearen inguruan».

Sartagudako lursailean ekoizpen ekologikoari buruzkoak lantzen dituzte, eta Cadreitako lursailean ekoizpen integratuari buruzkoak. Azken horretan biodi- bertsitatea hobetzea, fitosanitarioen erabilera murriztea... dute helburu. Hidroponikoa eta ekologikoa hitzetik hortzera darabiltza Marzok. Horren inguruan ari dira euren lana josten. Argibideak Marzorenak dira: «Hidroponikoa ezin da izan ekoizpen ekologikoa,ekologikoaren helburuetako bat lurraren hobekuntza delako, eta hidroponikoak ez duelako lurrik erabiltzen. Horrek ez du esan nahi ezin dugula egin hidroponikoaren erabilera ekologiko bat. Horri buruz ari gara ikertzen».

Pasioz mintzo da Intiako ikerlaria. Tomatearen inguruan duten ikerketarik puntakoenaz galdetuta, ekoizpen hidroponikoan «ongarrien zirkulazioari» buruz dutena nabarmendu du. «Hidroponikoan urari botatzen zaio ongarria, ur hori putzu batera doa, baina berriz erabiltzen da, berriz jartzen dugu zirkulazioan. Ongarrien erabilera eraginkorragoa egiten da horrela, eta, batez ere, ongarrien erabilera murrizten dugu horrela».

Tokiko tomate motak ere lantzen dituzte Intian. Marzok Tuterako itsusia izeneko tomatearen inguruan egiten ari diren ikerketa nabarmendu du. Industriarako erabiltzen direnen artean, aldiz, H9036 izeneko tomatearen inguruan dituzte entsegu gehien eginda. «Tomateak jokoa ematen du. Badirudi baratzeetako produktu soil bat dela, baina gauza asko mugitzen dira tomatearen inguruan. Nafarroako Agrobioteknologia Institutuarekin ere ari gara lanean, bioestimulatzaileen bidez, fosforoaren eta ongarri nitrogenatuen erabilera nola gutxitu aztertzeko, eta izurriteen eta gaixotasunen kontra landareen erresistentzia gehitzeko».

Produktu fitosanitarioen erabilera debekatu dute, eta tomateak behar ditu konponbide «jasangarriak», Marzok dioenez. Erantzun horiek ematea da haien egitekoa: «Baimendutako produktuak erabiliz eta tomateak dituen arazoei konponbideak emanez».

Marzok ez du bere beste beste «kezka»ezkutatu: biodibertsitatearen galera. «Biodibertsitatearen galerak eragin du akaroak deskontrolatzea, eta horri ere irtenbidea eman behar zaio. Tomateari buruzko entsegu guztietan loreak ikusten dira inguruan, eta ez da kolorea emateko bakarrik. Biodibertsitatea gehitzea, eta polinizatzaileak eta izurriteen kontrolatzaileak gehitzea bilatzen dugu horrekin».

Tomateari buruzko interesa

Patrick Riga Neiker institutuko ikerlaria da. Urteetako eskarmentua du landareen ekoizpenaren alorrean, eta dio tomateak «interesa» pizten duela ekoizle, kontsumitzaile zein ikerlarien artean: «Mota askotako tomateak daudelako: morfologikoki, cherry erako txikiak zein kiloko tomateak izan daitezkeenak, kolore askotakoak, zapore askotakoak... Ez da patata bat. Patatak ez du horrenbeste joko ematen. Sukaldariei ere potentzialitate hori duela iruditzen zaie».

Neiker ikerketa zentroan bi lan ildo dituzte zabalik tomatearen inguruan: barietate komertzialena eta tokiko barietateena. Aurreneko ildoan Jack izeneko tomatea da «izarra», Rigak azaldu duenez: «Ekoizpen integratuan egiten da eta Eusko Label zigiluarekin saldu daiteke».

Bertako barietateen inguruan, aldiz, «balorizazioa» lortu nahi dute. Euskal Herriko 100 tomate espezie inguru dituzte germoplasma bankuan —hazien bankua—. Bilduma hori ikertzen segitzen dute, euskal tomatearen hobekuntza eta bereizketa lor- tzeko helburuarekin. Hala, gene- tikoki identifikatu nahi dute zein den ekoizlearentzako eta kontsu- mitzailearentzako tomaterik aproposena. «Bertako produktuak sartzeak, gurea denari balioa emateaz gain, ekoizleari aukera ematen dio bere eskaintza dibertsifikatzeko. Barietate bakoitzak ditu bere abantailak eta bere desabantailak. Tokikoak edo tradizionalak izan daitezke bigunagoak, eta lehenago hondatzen dira, baina haiek komertzializatzeko zirkuitua aldatu eta salmenta zuzenagoa egiten baduzu, arazo hori ekiditen duzu».

Neikerreko ikerlariak dio «normalean» tokiko barietateak « zaporetsuagoak» direla eta horiek «babestea eta mantentzea» dela haien helburua. Dena dela, abian dituzten ikerketa ildoetan jorratzen dituzte landaketarako teknikak, eta ikertzen dituzte «jasangarritasuna» eta «produktibitatea». Ikerketa sakonak dira tomatearenak: dentsitateak, txertaketak, tenperaturak... «Barietate gehienak, izan ere, lurrik gabe landatzen dira, ia dena hidroponikoan. Ekologikoan ere bai, baina gutxiago. Euskal Herrian hidroponikoa da nagusi». Entsegu guztietan neurtzen dituzte «ekoizpen komertzialari» dagozkion alorrak, baina baita ere «kalitateari» dagozkionak: «Kalitate sentsoriala: azukreen kantitatea, azidotasuna, gogortasuna, urtsutasuna... eta alderdi organoleptiko guztiak, eta osasunarekin zerikusia dutenak: C bitaminak, fenolak... osasunarentzat onak diren horiek».

Ekoizleekin batera

Erantzunak eta irtenbideak bilatzea da ikerlarien lana, eta horretan ari dira Intian eta Neikerren. Baina ez da bakoitza bere aldetik ari. «Elkarlana» da sustatu nahi dutena. Patrick Rigak argi dauka hori: «Proiektu horietan guztietan ekoizleek parte hartzen dute, zeren gure ikerketen transferentziarik egiten ez badugu, ez dute ezertarako balio. Kooperazio eta elkarlan proiektuen bidez antolatzen da hori guztia».

«Uztartze» lan bat da ikerlariek egiten dutena. «Zubiak» jartzea da haien egitekoa. Eta ez da lan «erraza». Ekoizleari kontsumitzailearen arabera jokatzea dagokio nahi baino gehiagotan. Hala dio Patrick Riga Neikerreko ikerlariak: «Ekoizlearen erabakiak eta interesa kontsumitzailearen araberakoak dira. Egin genuen bere garaian ikerketa bat tomatearen dibertsifikazioari buruzkoa. Aztertu genuen merkatua. Badaude mota batzuk jendeak ezagutzen ez dituenak, baina dastaketak egiten direnean, gustatu egiten zaizkio jendeari, eta harrapatu egiten dute. Eskariaren arabera dabil ekoizlea. Marketinak jendea mugitzen du, baina ekoizlea ekoiztera dedikatzen da, eta ez dauka normalean marketin kontuetan aritzeko ez denborarik eta ez aukerarik».

Joera bat nabarmentzen du Rigak: bertako tomatea geroz eta gehiago ekoizten da, eta ekoizle horiek zuzeneko salmenta egiten dute. «Irudipena daukat kontsumitzaileak geroz eta gehiago eskatzen duela zaporetsua eta bertakoa dena, ingurumenarekin kezkatuta dagoen kontsumitzailea da, 0 kilometroarekin kezkatuta dagoena, gasen emisioarekin kezkatuta dagoena. Belaunaldi berrietan geroz eta gehiago ikusten da hori».

Tomate urtea ote? «Uda hasiera kaskarra izan da tomatearentzat, batez ere, baratzeak aire librean dituztenentzat. Euri gehiegi, hotza... alegia, gaixotasun asko». Eguzkiak du giltza.

Bihar: Tomatea (IV): ekoizleak eta landatzeko moduak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.