UDAKO SERIEA. Naziogintza eta estatugintza (II) Diskurtsoa

Nazioa husteko garaia?

Independentziaren eta demokraziaren arteko lotura egitea. Hori da urte hauetan izaten ari den eztabaidetako bat. Eta gehiengoak lortzeari begira, diskurtsoa ere bide horretan jorratzea proposatzen da.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2014ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Euskal Herria desberdina dela aldarrikatu izan du euskal nazionalismoak. Espainiako eta Frantziako estatuen nazionalismoei eusteko eta euskal nazioari iraunarazteko, horiek izan ditu oinarrian: diferentziak. Hizkuntza, kultura, historia eta ohiturak, adibidez. Berezitasun propioak ditu euskal nazioak, partikularrak deitu izan direnak. Eta independentzia horiei bizirik iraunarazteko aldarrikatu du nazionalismoak. Diskurtso horrek mugak dituela azpimarratu dute urte hauetan hainbat adituk. Euskal Herrian, diferentzia edo berezitasun horiek partekatzen ez dituzten herritarrak baitaude. Independentziaren alde gehiengoak lortzeari begira, nazioaren aldarrikapena alboratu eta demokraziaren aldeko diskurtsoa lantzearen beharraz hainbat eztabaida izaten ari dira. Horren adierazle izan daiteke diskurtsoan zer jauzi egin den, hain zuzen, nazioa oinarri duen autodeterminazioaren aldarrikapenetik herrian sostengatzen den erabakitzeko eskubidearen eskaerara. «Helburua ez da estatua lortzea, nazioa garelako; helburua da estatua izatea, demokrazia eskatzeko», adierazi du Jule Goikoetxea EHUko irakasleak.

Imanol Galfarsoro irakasle eta pentsalariak, esaterako, Twitterren irakurrita zuen txio batekin azaldu du gaur egun diskurtsoarekiko dagoen erronka. «Estatu gabeko naziotik, nazio gabeko estatura», zioen txioak. Diskurtso demokratikora egin beharreko jauzi horri kritika egiten zion txiolariak mezu horrekin. Bada, trufa gisa idatzitakoa lelotzat hartu du Galfarsorok. Askatasunaren eta demokraziaren diskurtsorako jauzia «zirt edo zart» egitekoa da, haren arabera. Baina independentismo demokratikoaren ideiak prezio bat du, pentsalariaren ustez: euskaldun etnikoaren desagertzea.

Euskal nazioa kultura eta folklorearekin identifikatu izanak euskal nazioari kalte egin diola uste du Goikoetxeak. Euskal Herrian euskal nazioaz harago doazen nazio nortasunak baitaude: espainiar zein frantziar sentimenduak, adibidez. Abertzaletasuna eta independentismoa elkarrekin lotuta joan direla dio, eta, ondorioz, euskal nazioko kide sentitzen ez direnen independentziarekiko atxikimendua zaildu egiten dela. Goikoetxea: «Naziogintza egiten baldin bada estatua lortzeko, abertzaletasunaren ildotik jotzera behartzen duzu jendea ». Horregatik, beharrezkotzat jotzen du nazioaren aldarrikapenetik independentzia demokraziarekin lotzen duen mezua lantzea. Dio horrek ez duela esan nahi nazioa bera alde batera geratzen dela. Naziogintzaren esanahia aldatzen da. Inkesta moduko elkarrizketa bidez azaldu du bere jarrera Goikoetxeak: «Demokrazia nahi duzu? Bai. Non? Hemen. Ados, euskal demokrazia nahi dugu orduan. Eta, horretarako, zer behar da? Estatua. Kito. Hor berdin da zein naziotakoa zaren». Demokraziaren izenean independentziaren alde egitea errazagoa da, irakaslearen arabera: «Nork esango dizu euskal demokraziaren aurka dagoela?».

Galfarsororen arabera, independentismo demokratikoaren ideia indartzen ari bada ere, ahula da oraindik. Dioenez, gaur egun, kultur berezitasunaren ideia da nagusi Euskal Herrian. Eta horren adibidetzat jarri du Gure Esku Dago plataformaren irudigintza. Berezitasun diskurtsoa zentrotik periferiara eramatea proposatzen du Galfarsorok. «Erresidual» bihurtu beharko luke, haren ustez: «Diferentzia etniko linguistikoa eta berezitasun kulturalarekin azpimarratzen den partikularismoaren zentzuak berea egin du». Pentsalariaren ustez, hainbat urtean subordinazioan bizitzera ohitu egin da euskalduna, eta ezberdintasun kulturala aldarrikatzea berdintasun politikoa azpimarratzea baino atseginagoa bihurtu dela dio: «Euskaldun subordinatua desagertu egin behar da. Ongizate publikoa eta unibertsala garatu nahi duen estatua eraikitzeko ez dugu nazio etnikoaren beharrik». Nazio kulturalaren aldarrikapenarekin, estatu demokratiko eta kosmopolita eraikitzeari bideak ixten zaizkiola uste du Galfarsorok: «Independentzia lortzeko diskurtso demokratikoaren unibertsaltasunaz baliatu behar dugu». Euskal Herrian benetako estatua eraiki nahi baldin bada, kosmopolita izan beharko duela dio: identitatearen eraikuntzan zehaztugabea, alegia: «Estatua bera, inolako elementu arrazista, erlijiozko edo, oro har, kulturaletan erortzen ez den neurrian izango da baliagarria». Diferentzian oinarrituriko aldarrikapenetik berdintasunean oinarrituriko estatu demokratikora eman beharreko jauziaz ari da. Alain Badiou filosofoaren hitzak ekarri ditu gogora ideia horri erreferentzia egiteko: «Hemen dagoen edonor hemengoa da». Frantziar filosofoaren arabera, demokrazia modernoa inolako identitate aldagairik faktoretzat hartzen ez duen neurrian da posible. Horrekin bat egiten du Galfarsorok: «Estatuari dagokion esparruko hiritar oro hartzen du bere barnean». xehetasun gisa aipatu du, horregatik nahiago duela «estatua euskal herrian» terminoa «euskal estatua» baino. «Euskal» adierazlea identitate konkretu batekin lotzen baita.

Demokrazia garatu ahal izateko baldintzak zeintzuk diren zehaztea beharrezkoa dela uste du Goikoetxeak: «Estatua behar baldin badugu demokrazia lortzeko, has gaitezen definitzen zer-nolako egiturak behar ditugun». Gaur egun dagoenaren eta behar denaren analisia beharrezkoa dela dio. Baina berebiziko garrantzia eman dio diskurtso berria hedatzeko praktikari: «Diskurtsoa, praktika berrien bidez lortzen duzu». Herrian diskurtsoa gizarteratzeari begira, Gure Esku Dagoren lana aipatu du: «Herrietan konfiantza sareak sortu dira, eta diskurtsoaren praktika gauzatu da».

Galfarsorok nabari du beldurra diotela sektore batzuetan estatua eraikitzeari. Horren sintomatzat aipatu du euskal komunitarismo «antiestataletik» sustatzen den dimentsio kulturalaren indar sinbolikoa: «Berdintasuna, unibertsaltasuna, kosmopolismoa... Ezin dira edozein preziotan erosi. Independentziak subordinazioaren amaiera eskatzen du, euskal berezitasunaren kapital sinbolikoarekin ateratako etekinak amortizatzea. Horregatik, kulturgintzaren esparru batzuetatik estatua osatzearekiko erresistentziak: subordinazioa errentagarriagoa zaie askatasuna baino».

Testuinguruaren arabera aldatu du diskurtsoa euskal nazionalismoak. Horretan ari da gaur egun ere. Mugimendu independentista hedatzeko formularik egokienaren bila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.