Osaba-ilobek esperientzia handia dute plazan. Esperientzia horrek eskaintzen dien talaiatik mintzatu dira, familiaz, belaunaldien arteko desberdintasunez eta bertsolaritzaz.
Ez da beste munduko ezer familia berean bertsolari bat baino gehiago egotea. Adibide ugari daude: Kexux, Amets eta Maddalen Arzallus, Xabier eta Miren Amuriza, Fredi eta Xabier Paia... Baina Enbeita familia apartekoa da. Bat edo bi beharrean, enbeitatarren sei belaunaldi aritu dira bertsotan. Izen handiak eman dizkio bertsolaritzari Muxikako (Bizkaia) familiak: Kepa Enbeita Urretxindorra eta Balendin Enbeita, besteak beste. Ez dira urrun geratu Enbeita familiako azken bi belaunaldiak, uzta oparoa eman baitute. Azken bi belaunaldi horien erakusle dira Jon Enbeita (Muxika, Bizkaia, 1950) eta Onintza Enbeita (Muxika, Bizkaia, 1979). Familiako ohiturari segituz, bertsolaritza egin dute euren afizio, «naturaltasunez eta oharkabean».
Izan ere, bertsolaritza beti egon da presente Enbeita familian. Onintza Enbeitarentzat saihetsezina izan da: «Jaio nintzenetik, aitita —Balendin Enbeita— gurean bizi zen, eta bertsoa eguneroko kontua zen». Gogoratzen ditu umetan saioetara joateko aititaren bila joaten zirenekoak. Baita irratikasetearekin grabazioak egin eta gero hark eta bere ahizpek kaseteak entzuteko uzten zituenekoa ere. Jolas dibertigarria zen harentzat. «Nik ez nuen ikusten aitita zen bertsolariagatik. Guretzat, Balendin gure aitita zen. Domeketan tabernatik patata frijituak ekartzen zizkigun gizon hura zen». Urteekin, ordea, nor zen eta egin zuenaren inguruko kontzientzia hartu zuela azaldu du. Osaba txapelketetan aritzen zen garaietan hura ikustera joaten zirela ere gogoan du. «Osabekin berdin. Ikusi ditut agertokian, baina hala ere gure osabak izaten jarraitzen zuten». Horregatik, bertsolaritza ez da inoiz elementu negatibo bat izan, «jolas polit bat» baizik. Presentzia beti egon bada ere, argi utzi dute inor ez dela bizi izan bakarrik bertsoetatik, eta, ondorioz, haren «jostagarritasuna» aprobetxatu dutela.
Onintzarentzat, jolas moduan hasi zen hura, ordea, bere bizitzako zati garrantzitsu bihurtu da. «Onintza Enbeita naiz, Maguregi ere bai, baina batez ere Enbeita. Jendeak beti lotzen zaitu abizenarekin». Garai batean «kokoteraino» zegoela esan du, batez ere plazara irten eta konparazioekin hasten zirenean. Hala ere, estilo eta bide propioa hautatu zituen unea iritsi zen. Osabak ere presio bera sumatu zuen bere garaian: «Asko begiratzen dizute. Nire gazte denboran, aitarekin eta aititarekin alderatzen ninduten beti». Onintza, ostera, bere belaunaldiko Enbeita guztiak bezala, Jonekin konparatzen zuten.
Haatik, oso gauza «naturala» dela uste du Onintzak, ez dela bereziki enbeitatarrei gertatu zaien zerbait. Futbolera jotzen du egoera irudikatzeko: «Kazetariek Xabi Alonso Perikorekin alderatzen dutenean, beti galdetzen dut ea zer zerikusi zuen orain hogei urteko futbolak gaur egungoarekin». Ez du lotsarik, ordea, Enbeita izateaz. «Agian, Onintza Enbeita ez banintz, ez nintzen izango gaur egun naizena». Harro sentitzen da Jon ere, nahiz eta horrek jendearen presioa ekarri dion. «Asko eman dit naizena izateak», esan du inongo duda izpirik gabe.
Askok galdetzen diete posible ote den Enbeita familian bertsolaria ez izatea. Biek argi eta garbi erantzun dute batzuek bertsotara jo dutela baina besteek ez, eta ez dela inolako «traumarik» egon. Onintzak bere etxeko kasua jarri du adibidetzat: «Etxean hiru ahizpa gara, eta nik baizik ez dut bertsotan egiten. Hori bai, besteak ni besteko bertsozaleak dira, edo gehiago». Jonentzat, horren arrazoi nagusia da familian bertsoa «naturaltasunez» hartu dutela. «Ez gara ohartzen, eta ez dugu ikusten bizitza beste modu batera».
Bertsolaritzako erreferente
Bertsoak baino gehiago eskaini ditu Enbeita familiak, baina mundu horren parte garrantzitsu dira. Balendin Enbeita izan zen agian ezagunena, birritan izan zelako Bizkaiko txapeldun, eta, beraz, Bizkaiko bertsolaritzaren erreferente izan da. Haren sei semetatik bost ibili dira oholtza gainean, eta loben artean beste horrenbeste dira bertsotan aritu direnak.
Bakoitzak bere erara bizi izan du, hala ere, bertso mundua; batzuek gehiago, eta beste batzuek gutxiago. Horregatik dio Jonek «natural» ikusten duela enbeitatar bat bertso munduan aritzea. «Beste nonbaiten, arraroa da bertsolari bat agertzea; gure familian, bertsozalea ez izatea da arraroa. Hori horrela da ez delako inor derrigortu; izan ere, derrigortuz gero, gorrotatu egiten da».
Dena ez da presioa, eta babesa ere sentitu du Onintzak bertsolari familia baten parte izanik. Saio batean jaso dezakeen berotasunetik harago, familiak bertsolari gisa bizi duena ulertzen duelako. Haren esanetan, familiak ulertzen duelako lan orduez gainera entrenatzera joan behar duela. Jonek, aldiz, ez du sentitu horrenbeste laguntza. Zortzi urterekin hasi zen bertsotan, eta, garai hartan, bertsolari gehienak hogei urtetik gorakoak ziren. Onintzari esan dio bere garaian bertso eskolak ez zeudela, ezta gazteen txapelketak ere. «Irla bat nintzen», zehaztu du Jonek, «nire bertso eskolak aitarekin ziren, tabernan». Horregatik, egoerak desberdinak zirelako, Onintzak dio ezin direla belaunaldiak konparatu: «Ez da berdina diktadura garaian bertsotan hasi, edo gu hasi ginen bezala hastea: etxean eta bertso eskolan».
Bertsoen eboluzioa nabari
Bertsolaritzak izandako garapenaren irudi dira bi bertsolariak. Nabaritu duten aldaketa nagusia adina da, batez ere txapelketetan. Jonek, 1980ko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu zuenean, 29 urte zituen, eta gazteena zen. «Aldaketa bat egon zen denbora laburrean. 1980ko txapelketan, gazteena nintzen; handik hamabost urtera, ordea, zaharrena». Hori du gogoan Onintzak ere bere lehen saioetan. «Hasi ginenean, Jonen belaunaldia zaharra iruditzen zitzaigun». Jonen eta Onintzaren artean 29 urteko aldea dago, eta batera aritu izan dira oholtza gainean. Azken txapelketei erreparatuz gero, ordea, adin tartea murriztu egin dela diote, eta ados dira gaur egun bertsolariak arinago erretiratzea dela arrazoietako bat. «Bizkaiko finalean, Arkaitz Estiballes bakarrik zen ni baino zaharragoa», jarri du adibide gisa Onintzak. Uste dute plaza asko gaztetu dela. Jonek gogora ekarri du bere garaian 40-50 urteko bertsolariak zirela gehienak. «Niri tokatu zait zaharra izan behar zenean gaztea izatea, eta gaztea izan behar zenean zaharra izatea».
Plazan dabiltzan bertsolarien adina aldatu den bezala, gaiei heltzeko modua ere aldatu egin dela uste dute. Onintzak bi arrazoi ikusten ditu horretarako: gai jartzailea eta gaia formulatzeko era. «Zorionez, garai batetik hona asko aldatu da, batez ere nesken ikuspegitik. Orain, gu ere gaia gara, eta ez norbaiten emaztea edo ama». Bertsolaria ez dela «estralurtarra» azpimarratu du. Hots, euren kezkak jende arruntaren kezkak direla. «Gaiak kantatzeko modua ez da aldatzen belaunaldi batetik bestera, adinaren arabera baizik. Desberdin ikusten duzulako, esaterako, etxebizitzaren arazoa 20, 40 edo 60 urterekin».
Familiako kideen antzekotasunei eta desberdintasunei erreparatu diete. Ikuspegi kontua dela esan du Jonek: «Etxean, bikiak bereizten dira; kanpokoentzat, ordea, berdinak izaten dira». Onintzaren iritziz, «familia markatuta egon da ideologikoki, euskararekin oso lotuta egon garelako; horretan baditugu antzekotasunak. Gero, bertsotan antzekotasunik dugun edo ez, hirugarren batek esan beharko du». Adibide bat gehitu du: «Nahiz eta Oihanek eta nik urtebeteko aldea izan, bi mundu gara. Bai abesteko eragatik, bai adierazteko moduagatik». Bakoitzak bere «zigilua» daukala esan du Jonek.
Familian hainbeste bertsolari izan arren, ez dute bertsotan egiten elkarrekin daudenean. «Gabonetan edo halako ospakizun bereziren batean, baten bat hasten bada, bertsotan jarraitzen dugu, baina normalean ez. Ez dago kanturako obsesio hori. Beste nonbaitera bagoaz, eta eskatzen badigute, bai, baina guk geuk etxe barruan ez dugu bertsotan egiten». Enbeitatarren bazkari eta afarietako ezaugarri nagusia beste zerbait dela azaldu dute. «Eztabaidak, historikoak», bota du Onintzak, «aitita bizi zenean, semeekin, eta orain, anaien artean». Hori bai, bat bertsotan hasiz gero ez dagoela enbeitatarrak geldituko dituenik diote barre artean. «Imajinatzen dut pilotari familiak ez direla pilotari buruz hitz egiten ariko bazkarietan», jarraitu du Jonek.
Enbeita sendia bertsoengatik da ezaguna, baina, Muxikan daudenean, konturatzen dira bertsoez gain hainbat kontutan hartu duela parte familiak. Onintzak gustuko du herriko elkartera joan eta familiakoen pasadizoak entzutea. «Bai onak, eta bai ez horren onak». Hor konturatzen da herritik kanpo figura mota bat izan direla, eta herrian beste bat.
Baina, bai herrikoentzat eta bai kanpokoentzat, Enbeita abizena eta Muxika estuki lotuta egon dira. Lotura horren harira, Onintzak kontatu du Madrilera Kongresura lehen aldiz joan zenean politikari batekin izan zuen anekdota: «Euskal parlamentariek afari bat izan genuen, eta Iñaki Anasagasti aurkeztu zidaten. Muxikakoa nintzela esan nioenean, galdetu zidan Balendin Enbeita deituriko bertsolari handi bat ezagutzen ote nuen. Hasieran pentsatu nuen adarra jotzen ari zela». Muxika bertsoekin lotzea ohikoa bada ere, Jonek azaldu du errealitatea zeharo ezberdina dela: «Ez dakit nik zer uste duten dagoela Muxikan bertsoekin, baina ez da bertso askorik entzuten». Normala da «gaizki ulertua»; izan ere, Enbeita familia gutxi balitz bezala, Jon Lopategi bertsolaria ere herri berekoa da.
Txikitasunean erosoago
Bertsolaritzan urteak pasatu ostean eta txapelketak eta plazak ezagutu ostean, formatu txikien aldekoak dira biak. Hala ere, bertsolaritzak biak behar dituela gaineratu dute. Jonek ez du uste elkarren aurka jarri behar direnik plaza eta txapelketa:«Bai bertsotan eta bai kantuan, nahiago dut hartu eman zuzena duen formatua, erosoago sentitzen naiz, baina txapelketak bertsogintzari eman diona ezin da ukatu». Onintzak berdina pentsatzen du: «Bertsolaritzak dena behar du: erakusleiho bat behar du, eta betiko zaleak behar ditu».
Bertsoak inoiz utzi ez baditu ere, azkenaldian askok galdetzen diote Joni ea oraindik mikrofono aurrean segitzen duen. «Txapelketatik erretiratzen zarenean, gutxiago deitzen dizute plazetan aritzeko». Ez du asko aritzeko obsesiorik. Plazak nekatu egiten duela diote biek. Ez da damu Jon hartu duen erritmo berriaz. «Lantzean behin saio batekin erritmoa mantendu nahi dut ez herdoiltzeko». Onintzak ere ez du bertsolaritza alde batera uzteko intentziorik: «Ez dakit noiz arte izango naizen bertsolaria, baina bertsozalea, beti».
Enbeita familiaren etorkizunari ere ez diote beldurrik; ziur dira hurrengo belaunaldiak bertsotan jarraituko duela. «Pozik egotea da garrantzitsua». Berez, enbeitatarren zazpigarren belaunaldia hasia da bertso munduan murgiltzen. Enbeita familiaren historiari buruz idatzi zuen liburua oraindik luzatuko dela dio Jonek. Onintzak abizena galduko ote den zalantzan da: «Neska bertsolari asko etorri dira azken belaunaldian». Segituan erantzun dio Jonek:«Familian bi abizenak dira garrantzitsuak, ez bakarra».
UDAKO SERIEA. Belaunaldiz belaunaldi (I). Jon Enbeita eta Onintza Enbeita
Naturaltasun osoz eta ohartu gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu