UDAKO SERIEAK. Superaberatsak (IV). Bill Gates

Nagusiak nagusikerian

Merkatuetan jaun eta jabe. Bill Gatesekin eta Microsoftekin hasi ziren enpresa teknologiko handien monopolio jokaerak, baina jarraitzaile finak izan ditu: Bezos, Zuckerberg...

Irune Lasa.
2022ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Merkatuaren jabeak dira, eta informazio guztia dute. Zeinek saltzen duen zer eta zeinek erosten duen zenbatean. Baina, horrez gain, saltzaileak ere badira merkatu horretan bertan. Eta beren mesederako guztia. Asko saltzen dela gairen bat? Ba, salduko dute haiek ere gauza bera, edo gauza ia bera. Eta horrela gero eta handiagoak dira.

Horretaz asko daki Bill Gatesek, Microsoften jabe zela mundu osoko ordenagailu gehienetan Windows sistema eragilea inposatzea lortu zuenean. Monopolioaren moduak asko dira, baina. Horietako bat izan daiteke nagusikeria baliatuz beste eskaintzak baztertzea edo lehiakideak ia-ia ikusezin bihurtzea, bestearen produktua erakusleihoaren baztertxo batera kondenatuz —edo Interneteko bilatzailearen enegarren orrian azalaraziz—. Beste modu bat erraldoi izatearen abantailak baliatzea da, abokatu gutxiago dituzten txikiagoen ideiak lapurtuz, adibidez. Eta nagusitasuna handitzeko beste modu oso eraginkor bat zuzenean lehiakideak edo enpresa berritzaileak xurgatzea edo erostea izaten da.

Erraldoi teknologikoen artean, azken horretarako joera handia egon da azken urteetan; hala jokatu dute Facebookek Whatsappekin, eta Googlek Youtuberekin. Neurri batean, halako jokaerek bihurtu dituzte erraldoi AEBetako Amazon eta Apple ere. Eta Txinan ere ohikoa izan da Ant (Alibaba), Tencent eta kideak lehiakide edo berritzaile txikiagoak erosiz haztea.

Oraingoz, enpresa horiek oztopo gutxi izan dituzte bidean, baina azken urteetan gero eta gehiago izan dira halako jokaerei muga jartzeko ahotsak. Ez soilik botere kontzentrazioaren kontrakoenak. Kapitalismoaren defendatzaileak ere ari dira erraldoien kontra, esanez halako monopolioek lehia eta berrikuntza oztopatzen dituztela. Dena den, auzibide amaigabeetan galduta gelditzen dira akusazio asko. Hori gertatu da, esaterako, Europako Batasunak zabaldutako auzi gehienekin.

Orain gutxi, hala ere, Amazonek EBri proposamena egin dio: prest azaldu da hirugarren saltzaileen datuak soilik bere mesederako erabiltzeari uzteko eta partekatzeko. Europako Batzordeak Amazonen kontra lehia bidegabeagatik ikerketa zabaldu eta hiru urtera etorri da akordiorako proposamena. Bultzadatxoa emango zion, ziurrenik, Batasunean 2023an sartuko den merkatu digitalen legedi berriak, zeinetan isun handiak jasotzen diren hala jokatzen duten enpresentzat, diru sarrera globalen %10 arterainokoak.

Amazonenak eta Googlerenak ez dira jokaera berritzaileak, halere. Bill Gatesen Microsoft aitzindari izan zuten monopolio teknologikoan. PCetan Windows sistema operatiboak zuen nagusitasun erabatekoa Internet Explorer nabigatzailea inposatzeko baliatzen zuen Microsoftek, beste nabigatzaileen kaltetan.

Auzi luze baten ostean, Microsoft bitan banatzera zigortu zuten; enpresa batek egingo zuen sistema operatiboa, eta beste batek nabigatzailea. Azkenean, akordio batekin amaitu zen gatazka, eta Microsoftek beste nabigatzaileei lekua eta aukerak emateko moduak jarri behar izan zituen. Hori bai: bitartean, gero eta handiago bilakatu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.