Aitarekin autoan iritsi da Xuban Armendariz 10 urteko Ibarrako (Gipuzkoa) mutikoa herriko musika eskolara. Bazkalorduko atsedenaldia aprobetxatu du ikastolan, perkusioko klasera joateko: uda hasi aurretik ikasturteko azkena. Bateriaren aurrean eroso eseri, eta «zer joko dugu?» galdetu dio Ilargi Agirre irakasleari. Zetak taldearen Hegan abestiarekin hasi da atabalak astintzen, eta ETS talde arabarraren Aukera berriak etorri da ostean. Irakasleak, zuzenketa batzuk egin, eta udan etxean entseatzeko gomendioak eman dizkio. Berehala igaro da ordu erdiko saioa.
Azkue kaleko etxabe batean dago Loatzo musika eskolaren Ibarrako egoitza. Bost metro inguruko korridore labur bat eta lau gela ditu espazioak; pentagramadun arbelak eta musika ekipoak ez dira falta. Armendarizek ikasturtea bukatu du, eta irakaslea irailera arte agurtu du. Ekai Etxabe eta Naia Garmendia iritsi dira haren atzetik. 9 urteko bi neska- mutilak Musika Hizkuntzako klasera doaz. Errepasoa tokatzen da. Jada gastatuta eta nahi beste erabilita dauden ikasliburuei orriak erortzen zaizkie, ikasturteari probetxua atera dioten seinale. Ikasturtean ikasitako erritmoak eta notak errepasatu dituzte: do, sol, do, re mi, fa, mi... Euskal abestiekin jarraitu dute, Aitorren hizkuntz zaharra eta Maitia nun zira abestiak ezagutu dituzte gaur, belarria ondo afinatu eta diktaketa bidez. «Ilargi, Din dan don ez genuen ikasi, entzun dezakegu?», galdetu dio Garmendiak irakasleari. «Nola Din dan don? Udan sartzear gaude eta», erantzun dio Agirrek. Loatzo musika eskolak talde txikiak osatzeko aukera eskaintzen die ikasleei Tolosaldean (Gipuzkoa), baita soilik bi pertsonakoak ere. Hala, arreta nahiko pertsonalizatua jasotzen dute, eta eskolen ordutegiak haien beharretara egokitzen dituzte. Kasurako, bazkalorduan. Goizetik arratsaldera ikastolan duten atsedenaldian, ohikoa da ikasleak musika eskolara joatea, denbora aprobetxatzeko. Ikasleek erabiltzen duten materiala, bestalde, Loatzo musika eskolak propio sorturikoa da; denetariko ariketak daude bertan. Horrez gain, webgune bat ere badute, eta, bertan, ikasleek liburuko ariketei loturiko material osagarria izaten dute. Halaber, QR kodeen bidez, audioak entzun ditzakete.
Tolosaldeko zortzi udalek osatzen duten mankomunitatetik sortu zen Loatzo musika eskola. Hain zuzen, Anoeta eta Villabonako musika eskolek 2002. urtean sortu zuten proiektua, eta egun Anoetan dago egoitza nagusia. Eskualdeko herriei proiektua azaldu ondoren, Anoeta, Irura, Zizurkil, Aduna, Villabona, Alegia, Altzo eta Ibarrak bat egin zuten Loatzo musika eskola sortzeko proiektuarekin. Herriko instalazioetan hartzen dituzte ikasleek klaseak. Gehienek espazio propioa dute musika eskolarako, baina Alegian, esaterako, kultur etxean batzen dira; Altzon, berriz, herriko eskolan. Kopuruei dagokienez, 600 ikasle inguruko hogei irakaslek eta administrari batek osatzen dute Loatzo musika eskola. Denborarekin, poliki-poliki sendotuz doa egitasmoa. Musika Hizkuntza eta Abesbatzako klaseak izaten dituzte ikasleek, eta, horrez gain, bakoitzak bere instrumentua. Biolina, trikitia, klarinetea, tronpeta, bonbardinoa, dultzaina, pianoa, txistua, zeharkako txirula, saxofoia, gitarra—espainiarra eta elektrikoa—, baxua, biolontxeloa, perkusioa edota tronboia aukeratu dezakete ikasleek.
Musika denen eskura
Villabonako musika eskola da guztietan handiena, pare bat solairukoa. Ibarrako eskolak bukatuta iritsi da hara Agirre. Musika Hizkuntzako bi talde ditu arratsaldean. Musika Hizkuntza, orotara, lau mailatan banatzen dute Loatzon. 8 urterekin hasi eta 12 urtera arte. Mayor kaleko harrizko eraikin esanguratsu baten kanpoko aldean, karpetak eskuetan dituztela jolasean eta ilara egiten daude hamar bat ume, gurasoen begiradapean. Agirrek atea irekitzerako, korrika igo dira egurrezko eskaileretatik lehen solairura. Ikasturteko azken eskola eguna da haientzat ere, eta irakasleak eskatu die nork bere instrumentua ekartzeko. Klarinetea jo du neskatila batek. Amets, berriz, pianoarekin ausartu da, nahiz eta bere instrumentua gitarra izan. Gaztetxoenen ostean, bizpahiru urte gehiagokoak sartu dira. Eskalak egitea gustatzen zaie, eta horretan aritu dira denbora luzez. Talde bakoitzak ordu erdiko saioa egin du.
Herri handi eta hirietako herritarrek jasotzen duten zerbitzua Loatzok herri txikiei ere gerturatzen die. Horrez gain, Agirrek nabarmendu du musika eskolak ekarpen handia egiten diela herriei. «Sarritan jotzen dute musika eskoletara, eta ikasleek herri arrunt batean baino emanaldi gehiago izaten dituzte, bateko eta besteko ospakizunak direla eta». Loatzo proiektuaren helburuetako bat da, halaber, Tolosaldeko beste herrietako ikasleekin harremanak bultzatzea musikaren bidez. Halaber, Agirrek aitortu du musika eskola zenbait herritan zabalduta egoteak lan handiagoa dakarrela irakaslearentzat, baina musika eskola arrunt batekin alderatuta gehiago eskertzen dela esfortzua.
Agirrek zortzi herrietan ematen ditu perkusio eta musika hizkuntzako klaseak. Orotara 50 ikasle baino gehiago pasatzen ditu astean, horietatik hamahiru perkusio ikasleak. Eta asteko egunaren arabera, batetik bestera mugitzen da. Hala, Loatzo musika eskola berezia dela adierazi du. Bere jarduna ohiko musika eskola batekoarekin alderatuta, dezente aldatzen dela iruditzen zaio: irakaskuntza hain zabalduta egoteagatik, eta ez dena zentro bakarrean kontzentratua. Ikasleekin sortzen den harremana azpimarratu du. Irakasleen batera eta besterako mugimendua jarri du kontrako argudiotzat. «Gauza txarrik badu, gainontzeko irakasleekin harreman handirik ez izatea da; bakoitzak bere ibilbidea eta ordutegiak ditu, eta gutxitan kointziditzen dugu», dio.
Onurak herrientzat
Aduna da Agirrerentzat eguneko azken geralekua. 500 biztanle inguru dituen herria da Aduna, baina, txikia izanagatik, musika eskola dute haiek ere. Espazio txikia da bertakoa, herriko plazaren erdian. Bi ikasgela eta komuna ditu. Atarian, Mattin Ormaetxea dago Agirrek atea irekitzeko zain. 11 urte ditu, eta etxetik bizikletan iritsi da musika eskolako instalazioetara. «Asko eskertzen dut halako zerbitzu bat herrian izatea, etxetik gertu», adierazi du. Astean lau aldiz joaten da musika eskolara Ormaetxea, musika hizkuntzako, abesbatzako eta perkusioko klaseak direla medio. Gaur instrumentua tokatzen zaio. Dena ez da rocka edo punka izango; ikasturteko azken saioan, Ormaetxeak euskal doinuak, fandangoa eta arin-arina jo ditu bateriarekin. Irakaslearen zuzenketak adi eta interesez entzun ditu. Klasea bukatzerako, ama dauka zain kanpoan. Irakaslearekin ikasturteko azken bilera egitera gerturatu da, hain zuzen, Aloña Aritza. Dioenez, herrian halako zerbitzu bat edukitzea «aberasgarria» iruditzen zaio. Halaber, uste du herriko haurrak ez direla jabetzen daukaten pribilegioaz.
Herri txikietako zerbitzu eskasiaren ondorioz, herritarrek gora eta behera aritu behar izaten dute autoarekin. Horregatik, halako zerbitzu bat herrian izateak erraztasunak ematen dizkiete. «Futbol entrenamenduetara Tolosara eraman behar izaten dugu semea, eta musika ikasketak herrian egin ahal izatea abantaila handia da». Zerbitzuak irauten duen bitartean aprobetxatzea besterik ez zaiela gelditzen nabarmendu du.
Haurrez gain, adin guztietako ikasleak ditu musika eskolak. Adunan, esaterako, Juan Antonio Garciak 40 urteak pasatuak ditu, eta bizpahiru urte daramatza bateria jotzen. Alaba musika eskolara eramatean kanpoan inbidiaz gelditzen zelako eman zuen izena. «Izena eman nuen herrian bertan zelako eta etxetik oinez etor naitekeelako; bestela, asko kostatuko litzaidake herri handi batera mugitzea». Musika eskolak herriari balioa ematen diola uste du. «Herrian eguneroko arrunta egiteko aukera ematen digu, edozertarako ateratzen ibili gabe».
UDAKO SERIEA. Herri txikietako zerbitzuak (eta IV). Loatzo musika eskola.
Musika bazter guztietara
Tolosaldeko zortzi herritan zabalduta dago Loatzo musika eskola. Herritarrei zerbitzua eskaintzeaz gain, herriei bizia ematen die duela hogei urte sorturiko proiektu horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu