Bi mila eta hamar. urtean gertatu zen, inoizko tenis partida luzeenaren ondoren. 11 ordu eta bost minutu iraun zituen, eta kazetari espainiar batek bosgarren setean tie break-a jartzearen aukerari buruz galdetu zion Philip Brook All England Clubeko presidenteari. Erantzuna argia izan zen: «Hau Wimbledon da, jauna. Hurrengo galdera».
Pasadizo bat baino ez da, baina, era berean, Wimbledongo torneoa eta All England Lawn Tennis & Crocket Cluba, torneoa antolatzen duen elkartea, zer den laburbiltzeko modu argigarria. Tradizioa lehenesten da bertan, eztabaidarik gabe. 1877az geroztik jokatzen da torneoa, eta, esaterako, Nazioarteko Tenis Federazioa edota Nazioarteko Olinpiar Batzordea baino zaharragoa da. Halako itzalarekin, inork gutxik jarri ditzake ezbaian arauak, eta desafio egiten saiatu diren ia guztiak amore eman dute.
All England Cluba diru irabazi asmorik gabeko kirol elkarte bat da. 1868an sortua, eskubide osoko 375 kide ditu, 100 inguru aldi baterakoak, eta torneoko irabazle ohi guztiak. Kide txartela herentziaz jasotzen da, eta hain da esklusiboa, Brookek berak esana baita klubean sartzeko modurik «errazena» Wimbledongo torneoa irabaztea dela.
Torneoa da klubaren zeregin nagusia; dena den, 2012an, salbuespena eginez, Olinpiar Jokoetako torneoa han jokatzea onartu zuen. Txapelketa horretan, janzkera eta joko arau zurrunak malgutu egin ziren, eta iskanbila sortu zen klubeko kideen artean. Wimbledon tenis torneo zaharrena da, eta Ingalaterran, tenisa jaio zen lurraldean, jokatzen den garrantzitsuena.
Badirudi Wimbledonen ez dela denbora pasatzen, eta Erresuma Batuari egozten zaizkion balio eta topikok muturrera eramaten dira: puntualtasuna, dotorezia... Modernotasunari ateak ixten zaizkio, eta, esaterako, pistetan ez dago publizitaterik. Publizitatea jartzea diru sarrera handia litzateke, baina ez, paretak biluzik daude. Halere, ez zaio babeslerik falta, eta errentagarria da. Hainbeste, 2014an diru sariak %10,8 igo zituen; bereziki, lehen hiru txandetan kanporatuak zirenentzat (%12,5). Guztira, 31 milioi euro banatzen du sarietan. Banakako irabazleek 2,5 milioi euro irabazten dute —lehen fasean kanporatutakoek 42.000 euro inguru—. Gizonezkoen garaikurra zilarrezko pitxer bat da, eta emakumezkoena Venus Rosewater platera, hura ere zilarrezkoa. Hori ez da genero alde bakarra. Epaileek gizonezkoak abizenez deitzen dituzte, eta emakumezkoak, «Miss» edo «Mrs», andereño edo andere.
Torneoaren ezaugarri nagusia, dena den, belar gainean jokatzen dela da. Zorua da tradizioaren zirkuari zentzua ematen diona. Aurten, Novak Djokovicek, titulua irabazi ondoren ohore egin, eta erdiko pistako belar eskukada bat jan zuen 15.000 ikusleen aurrean. «Oso goxoa zegoen; aurten, ez dakit zer egin dioten lorezainek, baina oso goxoa zegoen», esan zuen gero. Izan ere, belarrak badu bere zientzia; Wimbledonen dena dago neurtua. Pista zentralean, 54 milioi hazi daude landatuta. 902 metro koadroko eremua du, metro koadroko 80 gramo, gramoko 756 hazi. Belar haziak Herbehereetatik eramaten dituzte.
2001ean, baina, lorezainen iraultza iritsi zen, bent eta fescues belar motak alboratu, eta rye mota bakarrik erabiltzen hasi ziren. Partiden tratuari hobeto eusten ziolako hautatu zuten, eta jokoa aldatu zen. 2000. urtera arte jokoa oso bizia zen, belar itxiagoarekin pilotak bote altuagoa egiten du, pista gogorrean egiten duenaren %70. Alboraturiko bi belar motetan pilota labaindu egiten zen, eta abiadura irabazten zuen; rye-arekin, berriz, bote egiten du. Lehen, sake-bolea jokoan trebeak zirenek bakarrik irabaz zezaketen Wimbledonen; 2001az geroztik, baina, demokratizatu egin da. Esaterako, deigarria da bost aldiz jokatu duela finala Rafael Nadalek, lur harrotu gaineko espezialista batek.
Gizonezkoen torneoa 1877az geroztik jokatu da, eta emakumezkoena, 1884az geroztik. Hamar aldiz bakarrik gelditu da bertan behera, lautan Lehen Mundu Gerrarengatik eta seitan Bigarrengoarengatik. 1968an, aro irekia hasi zen, hori bai, Wimbledonek zerrendaburu hautu propioa egiteko eskubidea gorde zuen, eta ez du ATP-WTA zerrenda errespetatzen. 2001era arte irizpide subjektiboen arabera aukeratzen ziren, eta tenislari askok postu asko galtzen zituzten. Egun, ordea, kalkulu bat egiten da ATP edo WTA puntuak, eta azken urtean belar gainean jokatuz lorturiko puntu eta emaitzekin. Jokalariak aldatzen saiatu izan dira, baina «hau Wimbledon da, jauna».
Navratiova eta Henman
Txapeldunei dagokienez, Martina Navratilova da inoizko handiena, bederatzi aldiz irabazi baitzuen torneoa. William Renshaw, Pete Sampras eta Roger Federerrek, berriz, zazpina dituzte. Serena Williamsek sei daramatza. Halere, Wimbledonek etxeko jokalariekin du harreman bereziena. Andy Murrayk 2013an irabazi zuenean, baziren 77 urte gizonezkoetan jatorri britainiarreko txapeldunik ez zegoela. Emakumezkoetan, Virginia Wade izan zen azkena, 1977an.
Wimbledonen, dena den, Tim Henman izan da tenislari maitatu eta gorrotatuena. Ingeles prototipoa zen: dotorea, ongi hezia... baina lau aldiz galdu zuen finalerdietan, eta inoiz ez zen finalerako sailkatu. Txalotu bezain kritikatua izan zen porrotengatik. Bere arairik onenean, 1997an, lubak pantaila erraldoia jarri zuen kanpoan, muino baten aurrean. Hori da Henmanek lortu zuen garaikur bakarra, muino horrek Henmanen muinoa izena hartu baitzuen betiko.
UDAKO SERIEA. Kirol tenpluak (III) Wimbledongo torneoa-All England Club
Munduko sororik ederrena
Badira 138 urte aurrenekoz jokatu zela; horrekin dena esana dago. Tenisaren babeslekua da, eta, modernotasunak arrakalak aurkitu baditu ere, tradizioak oraindik oso bizirik dirau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu