UDAKO SERIEA Kafea (I). Historia eta ekoizpena.

Mundu osoa sorgindu du aleak

Afrikan du jatorria kafe landareak, eta, gutxienez VI. mendetik, handik kanpo ere ekoizten da: gaur egun, eremu tropikalean hedatuta dago haren produkzioa. Munduan 12,5 milioi nekazarik egiten dute behar horretan, eta plantazioen %90 familienak dira, txikiak. Kooperatibetan batzen dira zenbaitetan.

Mundu osoa sorgindu du aleak.
amaia igartua aristondo
2023ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Sorginkeria bat, funtsean. Hori da kafea, haren aurkikuntzari buruzko kondairan iradokitzen denez. Etiopiako artzain bat omen zen Kaldi, bere ahuntzak mendira eramaten zituena bazkatzera. Egun batean, itzultzeko ordua zela, animaliok ez zioten kasurik egin haren deiari; ez ziren agertu, nahiz eta hainbatetan oihu egin. Fruitu gorri batzuk jaten topatu zituen Kaldik, haietatik ezin urrunduta. Eta hala geratu zen bera ere, probatu zituenean. Sorginduta.

Hutsune bat betetzen du kondairak, ohi bezala: ezezaguna baita noiz eta nork topatu zuen kafea, baina jakina da aspaldi atera zela jaioterritik, Afrikatik. Uncommon Grounds liburuan (1999), Mark Pendergrast ikerlariak azaltzen du batik bat kolonizazioaren bitartez hedatu zela alea, Arabiar penintsulara aurrena, VI. mendean. «Etiopiarrek Yemen inbaditu eta kontrolpean eduki zutenean 50 urtez, litekeena da kafe plantazioak kokatu izana deliberatuki». X. mendean aurkitu daiteke beste helduleku bat, ordukoa baita kafearen lehen aipamena, Al-Razi izeneko Persiako mediku batek egina: buncham edariak osasunean eragiten zituen onurak aletu zituen tratatu batean. Alabaina, orduko horrek zerikusi gutxi zuen egungoarekin: seguruenik, XV. mendean hasi baitziren aleak txigortzen, xehatzen eta infusioa egiten, Pendergrasten arabera.

Hedatuz joan zen kafearen produkzioa, baita kontsumoa ere: ikerlariak dioenez, XV. mende bukaerarako, erromes musulmanek eramana zuten Persiara,Turkiara eta Afrika iparraldera, eta ordurako ondasun preziatua zen merkataritzan; geroago heldu zen Ameriketara, XVIII. mendearen hasieran. Gaur egun, kafea ekoizten duten herrialdeek gerriko bat osatzen dute eremu tropikalaren luze-zabalean, eta eremu are handiagoa hartzen dute inportatzaileek; izan ere, ICO Kafearen Nazioarteko Erakundearen datuen arabera, tropikalak ez diren guneetan kontsumitzen da kafe gehien. Hala, diru asko mugitzen du nazioarteko merkataritzan, Juanjo Martinez Oxfam Intermon GKEko Bidezko Merkataritzako ekoizleen arduradunaren berbetan. Perdergrastek Uncommon Grounds-en 2019ko ediziorako hitzaurrean zehaztu duenez —Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen datuetan oinarrituta—, nekazaritza arloko commodity-rik baliotsuenen artean, laugarrena da —prozesatu gabeko lehengaiak dira commodity-ak; hau da, balio erantsirik gabekoak, jatorriaz aparte—.

Familien kontua

Mugen barruan ere, munta handiko produktua da kafea: guztira, 12,5 milioi nekazarik egiten dute lan ekoizpenean, ikerlariaren arabera; herrialde batzuetan, ekonomiaren oinarrietako bat da, eta, zenbaitetan, baita diru sarrera iturririk behinena ere —Ugandan, esaterako—. Mendekotasun horrek arriskuak ditu, Martinezen esanetan. «Kafearen nazioarteko prezioa jaisten bada —hori gertatu zen 2000ko hamarkadaren hasieran eta orain dela lau urte, pandemia baino lehen—, oso arazo serioa izan liteke herrialdearentzat». Alabaina, eskariak leundu egiten ditu arriskuok, kafezaleek egunero hartu ohi baitute edaria; zail baztertuko lukete, nahiz eta prezioa igo.

Orobat, kontsumoa bezain egonkorra da ekoizpena; ez da, behintzat, beste landare batzuena bezain gorabeheratsua. «Azken bi urteetan, entzuten ari gara oliba olioaren ekoizpena ikaragarri jaitsi dela, lehorteak oliben uztan izandako eraginagatik. Baina herrialde tropikaletan beti egoten da urtaroren bat euri jasa indartsuekin, eta, hortaz, kafea beti ekoizten da, gehiago edo gutxiago». Alde horretatik, plagak dira mehatxua: kasurako, Erdialdeko Amerikan, gorrinak hamabost-hogei urte daramatza buruhauste izaten, dioenez.

Izurri batek erantzun bateratua behar du, baina, oro har, kafe plantazioak sakabanatuta egoten dira, kafearen gerrikoa txatal mordo batez osatuta baitago: hain justu, familien laboreetan ekoizten da munduko kafearen %90, gutxi-asko. Eremu txikiak dira, eta kide gutxik lantzen dute bakoitza. «Badaude salbuespenak: Asia, oro har, eta, bereziki, Vietnam. Han, tamaina ertain eta handiko plantazioak daude, kontratupeko beharginekin». Gehienetan, ordea, lagun gutxi batzuen gain daude zaintza, ekoizpena eta ekoitzitakoari aterabidea emateko ardura. Horiek horrela, fruituak merkeegi saldu behar izaten dituzte sarritan, baliabide faltagatik, batez ere.

Egoera paradoxikoa da, Martinezen irudiko. Commodity bat denez, kafeak nazioarteko prezio bat dauka ezarrita, baina prezio hori esportatzaileari ordaintzen zaio; esportatzeko ahalmenik eduki ezean, bitartekari batengana jo beharra dago, eta hark eskainitakoari men egin. Ekoizle familientzat, hori da ohiko bidea. Bitartekariak ez dira izaten konpainia handiak, edo horiekin erlazionatutako eragileak; kontrara, ñabardura txikiek bihurtzen dute norbait bitartekari. Esaterako, aski da furgoneta bat edukitzea, ezinbestekoa baita kafe aleak eramateko mendi puntako plantaziotik kooperatiba edo fabrika batera, haietan prozesatu eta ostean esportatu ahal izateko. Dena dela, nazioarteko prezioan saldu ahal izateak ez du bermatzen bidezko truke bat; sarri, baxuegi ezarrita dago, eta, bitartekariak bere zatia eskuratu ostean, oso urria da ekoizleek jasotzen duten kopurua.

Hartu-eman hori du jomuga bidezko merkataritzak, besteak beste. «Sustatzen dugu familiak batu daitezen kooperatibetan, eta izan daitezen esportatzeko bezain handiak; bai nazioarteko ordainsaria jasotzeko, bitartekaririk gabe; bai bidezko baldintzetan saldu ahal izateko, Fair Trade International erakundeak ezarritako prezio minimoetara helduta», azaldu du Martinezek. Kooperatibek ez dute zertan erraldoiak izan esportatzeko ahalmena edukitzeko: nahiko dira 1.000 kide inguru, haren iritziz. Zehazki, 8.000 lagun dira jada Ugandako hegoaldean 2008an Oxfam Intermonek sortu zuen kooperatiban. Gune horretan, robusta kafe asko ekoizten da, eta bereziki merke ordaintzen da merkatuan —kalitate eskasenekoa baita—, bidezko merkataritzak ezarritako langaren oso azpitik.

Bihar: Kafea (II): Prozesua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.