UDAKO SERIEA. Kirol tenpluak (V). New Yorkeko maratoia

Mundu bat korrika

Milaka eta milaka korrikalari, Verrazano zubian. BERRIA.
Julen Etxeberria.
2015eko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Maratoi batengatik galdetu, eta New Yorkekoa aipatzea. Biak bat datoz. Ez da harritzekoa, ezagunena da mundu osoan egiten diren maratoien artean. Han jaio zen maratoi modernoa. Ordu arte ekitaldi nahiko xumeak ziren, lau urtean behin, Olinpiar Jokoekin bat eginez, lortu ohi zuten bakarrik oihartzuna. New Yorkeko maratoia, ordea, mugarri izan zen 42,195 kilometrokoen lasterketaren hedapenean. Sekulako bultzada eman zion probari, eta mundu osora zabaldu. Hala ere, New Yorkekoa bakarra da oraindik ere, mitikoena. Jendetsuena ere bada. Iaz, adibidez, 50.000tik gora lagun aritu ziren korrika. Eta datorren azaroaren 4an gutxienez beste horrenbeste ariko dira, berriz ere, hiriaren luze-zabalean korrika.

Hala, 45 urte egin behar dira atzera, New Yorkeko maratoiaren lehen ekitaldiaren berri izateko, 1970eko irailaren 13ra, zehatzago izanda. Ekitaldi ezin xumeagoa izan zen lehenbiziko hura: bai aurrekontua, mila dolar (900 euro inguru); bai parte hartzaileen kopurua, 127 (tartean, emakumezko bakarra); eta bai eman zituzten sariak ere, eskumuturreko ordulari bat eta boloetako garaikur bat (aurrez erabilia). Ekitaldi hark, ordea, xumetasunetik adina izan zuen gogortasunetik eta mitikotasunetik. Central Parketik korrika abiatu ziren 127 ausartetatik 55 iritsi ziren helmugara, erdiak ere ez. Gary Muhrcke etxeko korrikalaria izan zen lehena helmugan, 2.31.38ko markarekin. Eta ez uste txalo zaparrada ikusgarria jaso zuenik helmugara iritsitakoan. Ez berak ez beste guztiek. Oharkabean iritsi ziren ia. Ehun ikusle eskas izan ziren helmugan. Gutxiago egon ziren ibilbidean.

1976ko ekitaldia, mugarri

Jauzi handia dago orduko 127 korrikalarietatik egungo 50.000ra. Eta horretan mugarririk baldin badago, 1976ko ekitaldia da. AEBek bigarren mendeurrena bete zuten urte hartan, eta haren aitzakian, eta ahalik eta jende gehiago erakartzeko, Central Park utzi eta maratoia New Yorkeko bost barrutietara zabaldu zuten antolatzaileek. Zirkuitu txiki eta mugatu batetik hiri erraldoi baten luze-zabalera hedatu zen lasterketa. Urte hartan abiatu zen lehen aldiz maratoia State Islandetik. Probak, ordea, betiko helmugari eutsi zion. Ez zegoen Central Parkek baino xarma handiagoa zuen amaierarik. Hala, iraganeko abiapuntua etorkizuneko helmuga bilakatu zen. Erabakiak berehalako arrakasta izan zuen: 2.088 korrikalarik parte hartu zuten urte hartan.

Ia 40 urte joan dira, baina orduko arrakastari eusten dio oraindik ere ibilbideak. Handiagoa ez duenean. Ibilbide ederra baita. Hasi Staten Islanden, zeharkatu Verrazano zubi amaigabea Brooklynerako bidean, iritsi Queensera, zeharkatu Queensboro zubia East Riverren gainetik, sartu Manhattanen, Lehen Etorbidetik, igo Bronxera, eta berriro itzuli Manhattanera, Bosgarren Etorbide ospetsutik, eta sartu Central Parkera, eta atera, Columbus Circletik pasatu, eta sartu berriz Central Parken, azken kilometroari ekin eta Tavern on the Green ostatuan amaitu. 42,195 kilometroko ibilbide ederra, hiriko bost auzo, bost barruti, hamaika kultura eta milaka txoko ezagutzeko aukera ematen duen turismo pasiera nekagarri bat.

Ibilbidea da maratoiaren arrakastaren gakoetako bat. Giroa da bestea. Lehen, ehun ikusle izan ziren maratoiaren lekuko; orain, bi milioitik gora dira. Ikusle soilak ez, festa giro paregabeko protagonista bihurtzen dira New Yorkeko herritarrak azaroko lehen igandean. Txalo zaparrada amaigabeak, oihuak, mozorroak, musika bandak, korrikalariei emateko etxetik eramandako janari eta edariak... Lasterketa barruan korrika edo bide ertzetik begira, baina New York hiria maratoiaren gune bihurtzen da urtero. Lorik egiten ez duen hiria —hala deitzen dioten hiriari, egunez eta gauez duen bizitzagatik— maratoiaren aitzakian antolatutako festari begira egongo da, proba telebistaz ikusiko duten 250 milioitik gorako ikusleak bezala.

Negozio erraldoia

New Yorkeko maratoia, noski, negozioa ere bada. Mundu osoko milaka lagun erakartzen ditu urtero, eta, hango antolatzaileek egindako kalkuluen arabera, 340 milioi dolar (300 milioi euro) pasatxoko negozioa sortzen da lasterketaren inguruan. 2012an, oso argi geratu zen maratoiak hiria behar duela, eta hiriak maratoia. Sandy urakanak gogor jo zituen AEBak, eta tartean New York. Michael Bloomberg orduko alkateak ahalegin guztiak egin zituen maratoia egin zedin, Broadwayko esaldi ezagunak dioen bezala, ikuskizunak jarrai zezan. Bloombergi kritika gogorrak egin zizkioten hirian milaka lagun ur, argindar eta gas gabe zeudela halako festa erraldoi bat egin nahi izateagatik. Bloomberg ez zegoen maratoiak eragindako diru sarrerei uko egiteko prest. Azkenean, atzera egin zuen, eta lasterketa bertan behera utzi zuen. 2012ko hura da egin ez den ekitaldi bakarra.

Festa, negozioa eta, noski, lehia. Lasterketak baditu bere korrikalari kutunak, mitikoak. Grete Waitz norvegiarra da horietako bat. Inork ez du irabazi hark baino gehiagotan maratoia: bederatzi aldiz iritsi zen lehena helmugara, 1978tik 1988ra artean. Tartean hiru aldiz ondu zuen munduko marka, New Yorken aritutako lehen hiru aldietan, hain zuzen. Bill Rodgers estatubatuarra da gizonezkoetan lasterketa aldi gehienetan irabazi duen atleta, lau aldiz, 1976tik 1979ra egindakoak, hain zuzen ere. Alberto Salazar estatubatuarrak —kubatarra jaiotzez— amaitu zuen haren nagusitasunarekin 1980ean. Mo Farah atleta britainiarraren egungo entrenatzailearena da New Yorken egindako azken munduko marka bakarra. 1981ean egin zuen: 2.08.13. Egun, Kenyako bi atletarena dira New Yorkeko maratoiaren marka onenak: Geoffrey Mutaik du marka gizonezkoetan (2.05.06, 2011n egindakoa) eta Margaret Okayok emakumezkoetan (2.22.31, 2003an egindakoa). Haien herrialde berekoak dira Central Parkeko helmuga garaile moduan zeharkatu duten azkenak: Wilson Kipsang eta Mary Keitani.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.