Urrun zein gertu egon daitezkeen bi puntu lotzeko balio dezakete zubiek. Nahiz eta batzuetan, lotzeko funtzioa baino gehiago, banatzeko funtzioa duten. Horrelako zerbait gertatzen da Irungo (Gipuzkoa) Etorbidearen zubiarekin eta Santiago zubiarekin. Irun eta Hendaia (Lapurdi) arteko bidea egiten dute biek. Hendaiako zatia itxia du Etorbidearenak, eta Santiagokoan, berriz, orain gutxi arte migratzaileen aurkako kontrolak egiten ziren.
Irungo Udalaren egitasmoa izan zen Etorbidearen zubia eraikitzea, XX. mendearen hasieran. Bidasoa ibaiaren bi ertzen arteko komunikazioa hobetzea zen helburua. Zubia eraiki aurretik, Behobian zegoen pasabide batetik igaro behar izaten zuen jendeak alde batetik bestera, baina bidea luzea zen. Gabarra bidez ere egin zitekeen bidea; Cashimiraren bidea deitzen zitzaion bide horri. Gabarra eramaten zuen emakumeren izena zen Cashimira, eta hortik zetorren izena.
Zubi bat eraikitzeko ideia mahai gainean zegoen arren, ez zen erraza izan hura eraikitzea. Aitor Puchek urteak daramatza Irungo historia aztertzen. Haren hitzetan, udalaren proiektua eta zubia eraikitzeko gogoa hor zeuden, baina «oztopoz betetako» prozesua izan zen.
Lanak 1913. urtean hasi ziren, baina, Lehen Mundu Gerraren ondorioz, asko moteldu ziren. Izan ere, garai hartan ekoizten zen altzairuaren zati handi bat gerrarako bideratzen zuten. Beraz, zubia eraikitzeko beharrezkoak ziren lehengaiak, altzairua tarteko, ez ziren iristen.
Hiru zatitan inauguratu zuten zubia. Etorbidearen zubia izena jarri zioten, Irun etorbidearen amaieran eraiki zutelako. Lehenengo inaugurazioa 1915eko azaroaren 5ean izan zen, eta oinezkoentzat soilik ireki zuten. Bigarren inaugurazioan, 1917ko otsailaren 20an, ibilgailuei zubia igarotzeko baimena eman zieten.
1918ko azaroaren 11n izan zen irekiera ofiziala. Oinezkoen, ibilgailuen eta salgaien pasabidea ireki zen orduan. «Irekiera ofiziala atzeratzearen arrazoia Frantziarenganako errespetua izan zen. Lehen Mundu Gerran zehar eta haren ostean ez baitzegoen ospakizunetarako», aipatu du Puchek.
Irungo Udalak ordaindu zuen zubiaren eraikuntza, eta, kostuei aurre egin ahal izateko, bidesaria jarri zuten Etorbidearen zubiaren sarreran. Hamar zentimo ordaindu behar ziren igaro ahal izateko. Siseroa deitzen zitzaion jendeak bidesaria ordaintzeaz arduratzen zenari. «Horrelako pasabide batek, bai gizarteari eta baita mugimendu sozialei ere, asko erraztu zien bizitza, egunerokotasunean batez ere», kontatu du Aitzol Arroyo historialariak. Gaur egun, Irungo Udaleko Memoria Historikoko teknikaria da.
Bizitza errazteko zubia izan zen hori ihesbide bilakatu zen urteen poderioz. 36ko gerra uztailaren 17an hasi zen, eta, abuztu amaierarako, tropa frankistak San Martzial mendia pasatuta zeuden jada. Hori ikusita, Irungo alkateak gizarte zibila ebakuatzeko agindu zuen.
Exodoa
1936ko abuztuaren 30aren eta irailaren 5aren artean, Irungo herritarrek, eta baita Gipuzkoako beste herri batzuetakoek ere, Etorbidearen zubia igaro zuten, Ipar Euskal Herrira ihes egiteko asmoz. Pucheren esanetan, oso herri ezkertiarra zen Irun, eta horregatik egin behar izan zuen ihes jendeak. Egun gutxitan, biztanleriaren bi herenek egin zuen ihes. 18.500 biztanle inguru ziren guztira, 7.700 bat geratu ziren herrian.
Bonbardaketek eta suteek erabat suntsituta utzi zuten Irun. Urteek aurrera egin ahala, eta 36ko gerra amaitutakoan, jendea, pixkanaka bazen ere, bere bizitokira itzultzen hasi zen. «Biztanleria osoa ez zen berreskuratu 1950eko hamarkadara arte », azaldu du Arroyok.
Gerraostean, herrian oinarrizko elikagaietako asko garesti zeuden, eta jendeak Hendaiara joan behar izaten zuen haiek erostera. Bide batez, kontrabandoari ere ekin zioten askok. «Etorbidearen zubiak bi irakurketa ditu: tragikoa, 36ko gerran izandako ihesaldi masiboarengatik; baina badu irakurketa bihurri bat ere, irundarrek izugarrizko abilezia garatu baitzuten kontrabandorako», esan du Puchek. Ogi zuria, kafea, azukrea, olioa, Duralex plater eta edalontziak... ziren, besteak beste, kontrabandoan Ipar Euskal Herritik pasatzen zituzten elementuak.
Maila txikian egiten zen kontrabandoa zen hori. Eta bazen maila handiagoan egiten zenik, trenen bidez hain zuzen. Wolframa zen, gehienbat, kontrabandorako erabiltzen zen materiala. «Sinatutako akordioen bidez egiten zen kontrabandoa» da hori Pucherentzat. 1986an Espainia Europako Batasunean sartu zen arte jarraitu zuten herritarrek kontrabandoan.
Etorbidearen zubia, puntu estrategikoa zenez, presoen trukerako lekua izan zen 36ko gerran zehar eta haren ondoren. Adibidez, asteartean 83 urte bete ziren frankistek Luis Companys, Generalitateko presidente izan zena, naziek okupatutako Frantzian atxilotu eta frankistei entregatu zietela.
Zubi berria
1966an ireki zuten Santiago zubia, Etorbidearen zubiaren alboan. «Santiago zubia autoentzako egin zen; autoen joan-etorria arinagoa izateko», gehitu du Puchek. Lau bide ditu guztira: noranzko bakoitzerako bi. Hasieran, ibilgailu pisutsuek Etorbidearen zubitik igarotzen jarraitzen zuten.
Arroyorentzat, garai hartako beharrek eragin zuten Santiago zubiaren eraikitzea: «Turismoa eta ekonomia suspertu nahi ziren, eta nazioartekotzeko behar horri erantzuten zion zubi berriak».
Istorioz jositako zubia da Etorbidearena, eta Arroyok pena du Irungo belaunaldi gazteenek ez dutelako haren historia ezagutzen. Horregatik, lanketa berezi bat egin zuen Irungo Udalak, herriko ikastetxeekin. «Beti kanpora joateko ohitura dugu, Auschwitzera edo, historia ezagutzeko, hemen zer gertatu zen jakin gabe», salatu du.
2018az geroztik, asko dira Ipar Euskal Herrira joateko asmoz Irunera iristen diren migratzaileak. Europan sartu ahal izateko, Greziako eta Italiako bideak itxi zizkieten etorkinei, eta Frantziara iristeko beste bide batzuk erabiltzen hasi ziren. Santiago zubia igaroz, adibidez.
2018an, ezagun batzuen bitartez izan zuen Irunera iritsi ziren lehen etorkinen berri Ion Arangurenek, Irungo Harrera Sareko kideak. Kalean egiten zuten lo, eta Arangurenek eta lagun batzuek lagundu egin nahi izan zieten. Gosari bat antolatu zuten etorkin haientzat, euren oinarrizko beharrak asetzeko asmoz. Uztaileko akten ostiralean antolatu zuten gosaria, udaletxe azpian, udaleko osoko bilkurarekin bat eginez. «Hedabideak politikarien zain zeuden, eta gu topatu gintuzten udaletxe azpian. Inguruko hedabideetan agertu zen gure egitasmoa, eta oihartzuna lortu genuen», oroitu du. Geroztik, egunero, 10:00etatik 12:00etara, Irungo San Juan plazan elkartzen dira Harrera Sareko kide batzuk, migratzaileei oinarrizko informazioa eta laguntza emateko asmoz. «Baionara iristeko informazio oinarrizkoa ematen diegu: nondik joan daitezkeen, non egoten diren kontrolak... arropa edota jatekoa behar badute ere ematen diegu», aipatu du. Hasierako urteetan, Parisera bideratzen zituzten etorkinak, baina gaur egun Baionara iristen laguntzen diete, bertan aterpetxe bat baitago.
Kontrolak
Aurten 2.500 bat pertsona pasatu dira Harrera Saretik. Plataformako kideek bide seguruak zeintzuk diren erakusten diete etorkinei. «Santiago zubia eta albokoak dira, nahiz eta batzuk oinezkoentzat ez izan, Ipar Euskal Herrira iristeko bide seguru bakarrak», gehitu du Arangurenek. Izan ere, etorkinak ez dira soilik Santiago zubia igarotzen iristen, trenbideko zubia pasa duenik ere bada. Aurten bost lagun hil dira Bidasoa ibaia gurutzatu nahian, beste batek bere buruaz beste egin du, eta hiru lagun hil dira trenak harrapatuta.
Gaur-gaurkoz ez da kontrolik egiten Santiago zubian bertan. Iazko abendura arte, eguneko 24 orduetan egiten ziren kontrolak. «Oso irudi itsusia da Polizia kontrol arrazistak egiten egotea zubian», esan du Harrera Sareko kideak, eta, haren ustez, horregatik kendu zituzten. Hala ere, kontrolek hor jarraitzen dute, Hendaian bertan egiten baitira. Migratzaileak harrapatzen badituzte, Irunera itzultzera behartzen dituzte, eta beranduago saiatzen dira berriro. Katuaren eta arratoiaren jokoa da Arangurenentzat.
«Kontrol arrazistek bi gauza lortzen dituzte: batetik, sufrimendua handitzea; bestetik, migratzaileak bide alternatiboak hartzera behartzea», esan du. Migratzaileek Ipar Euskal Herrira iristeko duten beharraz baliatuz, bada migratzaileak beste bide batzuetatik eramaten dituztenak, hori bai, diruaren truke. Horiek bide arriskutsuak direla azpimarratu du Arangurenek.
Etorbidearen zubiari dagokionez, Hendaiako aldea itxia du Frantziako Gobernuak. Charlie Hebdo-ren kontrako atentatuaz geroztik, Frantziak bere mugak kontrolatzeko baimena eskatu zion Europako Batasunari, terrorismoaren aurkako neurri gisa. Duela hilabete batzuk, Frantziako Tourra zela eta, zubia ireki egin zuten, baina uztailaren 4an berriro itxi zuten. Arangurenentzat, Etorbidearen zubia itxita egotea «ez da oztopo fisiko bat, politikarien borondatearen erakusgarri baizik».
UDAKO SERIEA. Zubiak (eta V). Etorbidearen zubia eta Santiago zubia
Mugaren loturak
Irun eta Hendaia lotzen dituzte biek. 36ko gerran ihesbidea eta kontrabandorako lekua izan zen lehena; Frantziara iritsi nahi duten migratzaileen joan-etorrien testigu da gaur egun bigarrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu