UDAKO SERIEA Kafea (III). Osasuna.

Mitoak aletzen

Fama txarra izan du kafeak urte askoan, baina ikerlariek mito asko eraitsi dituzte: kafeari botatakoek edo harekin batera hartutakoek eragiten dute kaltea, ez kafeak berak.

BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2023ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Ez da kafea, zigarroa da. Ez da kafea, azukrea da: edo txokolate ontza, edo galletatxoa, edo opiltxoa. Eta ez da kafea, likore zurrustatxoa da. Horiek egiten diote kalte osasunari, eta ez kafeak. Inguruan bildutakoek eta barrura botatakoek eman diote merezi ez duen fama kafeari, eta osasunean eragiten ei duen kalteari. Ikerlariak eta adituak ados jarrita daude aspalditxoan horretan: kafeak osasunean eragiten dituenak gehiago dira onurak kalteak baino. Hori bai, baldintza jakin batzuk aintzat hartuta: kantitatea, kalitatea eta hura kontsumitzeko modua, besteak beste.

Konplexua baita kafea, nahiz eta segituan egiten den lotura kafearen eta kafeinaren artekoa izan. Mila osagai bioaktibo baino gehiago dauzka kafeak, eta horietatik asko antioxidatzaileak, hanturaren kontrakoak eta minbiziaren kontrakoak ere badira. Kafeina da konposatu aktibo nagusia, hori hala da, baina badauzka beste 30 konposatu. Kafe katilukada arrunt batek 60-130 miligramo kafeina dauzka, baina baita polifenolak ere: azido klorogenikoa, diterpenoak, kafestola eta kahweola, esaterako. Eta ia denak dira onuragarriak.

OME Osasunaren Mundu Erakundeak 1991. urtera arte izan zuen kafea minbizia eragiten zuten edarien zerrendan, baina gerora egindako ikerketek sona kendu diete ordukoei. «Azken zortzi-hamar urteotan, ikerketa asko egin dira kafearen inguruan. Izan ere, orain arte egindakoak gehiago ziren behaketak. Horietan zioten kafea hartzen zutenek minbizia edukitzen zutela, baina behaketak zirelako, eta ez zirelako ohartu minbizia sortzen zuena ez zela kafea, baizik eta harekin batera erretako zigarroa, tabakoa. Edo esaten zuten kafea hartzeak diabetesa areagotzen zuela: bai, noski, azukrea botatzen badiozu erruz edo galletekin hartzen baduzu», azaldu du Mireia Alberdi dietista eta nutrizionistak.

Alberdik aitortu du kafezalea dela bera: «Mendira noanean, nik ez ditut kafeina zorrotxoak eramaten: kafez betetako termoa eramaten dut. Irekitzen dut gailurrean, eta zeinen gustura edaten dudan han». Baina serio jarri da, eta gogoeta egin du: «Jakin behar da elikagaiak ez direla onak edo txarrak. Unearen arabera, helburuaren arabera eta kontsumitzeko moduaren arabera dira onak edo txarrak».

Estimulatzailea da kafea: denak bat datoz horretan. Eta kafearen neurrian dago estimulu egokiaren tamaina ere. Agerikoak dira onurak zenbait arlotan, eta egin diren azken ikerketek hori berretsi dute: dementzia, alzheimerra eta parkinsona izateko arriskua txikitzen du; 2 motako diabetesaren kontrakoa da; bronkio zabaltzailea; kardio babeslea; laxantea; diuretikoa...

Eta onuragarria minbizi jakin batzuetatik babesteko ere: endometriokoa, kolonekoa, prostatakoa, gibelekoa eta bularrekoa, esaterako. Baina edozein kafek balio du? Denak dira osasuntsuak? «Kafearen onurei buruz ari garenean, kafe hutsari buruz ari gara. Ez azukredun kafeari buruz, ez galleta bustita hartzen denari buruz, edo txokolate ontzekin hartzen denari buruz... Horrek argi gelditu behar du: kafe hutsa da onurak dituena, izatekotan. Badauzkalako konposatu jakin batzuk, eta azken urteotako ikerketek diotelako konposatu horiek onuragarriak direla», argitu du Alberdi dietistak.

Ez da dena onura

Mito batzuk eraitsi dituzte azken ikerketek, baina kafearen kalteari buruzko beste batzuk berretsi ere bai: insomnioa eragin dezake, antsietatea, suminkortasuna, migraina eta takikardia; intolerantzia eragin dezake, eta digestioan arazoak sortu; eta haurdun dauden emakumeei eta menopausia garaian daudenei ez hartzeko gomendatzen diete: fetuan eragin dezakeelako batetik, eta menopausiaren sintomak areagotu ditzakeelako bestetik.

Eta kolesterolean ere eragin dezake kafeak: LDL edo kolesterol txarra deitutako horretan igoera eragin dezake kafe gehiegi hartzeak, baina horri buruzko argibideak eman nahi izan ditu Alberdik: «Kahweola dauka kafeak, eta horrek igotzen du kolesterola, igotzekotan, baina, kafe hori iragazten denean, txikitu egiten da kahweol kantitatea, eta ez du kolesterolean kalterik eragiten».

Prestatzeko modua

Hori baita beste gakoetako bat afera horretan guztian: kafea prestatzeko modua. Ez da berdina kafeontzi italiar batean egindako kafea, kapsulatua edo iragazitakoa. Azken hori da dietistek eta nutrizionistek gomendatzen dutena. «Prestatzeko moduak ere badu zeresana. Onurei buruz ari bagara, iragazitako kafeari buruz ari gara», argitu du Alberdik.

Eta hasi da laburbiltzen: pertsonaren eta dituen patologien arabera izan liteke ona edo txarra kafea, kontsumitzeko moduaren arabera ere izan liteke ona edo txarra kafea, eta kafea txigortzeko moduaren arabera ere izan liteke ona edo txarra kafea. Hor agertu da beste aldagai bat: «Onurei buruz ari bagara, txigortze naturalari buruz ari gara».

Izan ere, torrefaktua izaten da kafea toki askotan (gehienetan), eta horrek ez dakar batere onurarik osasunarentzat. Kafea txigortzeko modu bat da torrefaktua, eta kalitate eskasekoa. Azken txigortzea amaitu baino lehen, azukrea gehitzen zaie kafe aleei. Proportzioa: 100 kilo kaferi 15 kilo azukre, gehienera jota. Tonu beltza hartzen dute aleek, distiratsua eta karamelizatua. Eta oso zapore fuertea, trinkoa.

Elikagai errea bihurtzen da orduan kafea, eta erreak ez dakar batere onurarik osasunarentzat. Askok uste dute kafeina gehiago daukalako duela zapore hori kafe horrek, baina ez da hala. Are gehiago, erre zapore edo zapore trinko hori apaltzeko zer egiten du jende askok? Kafea gozatu. Lehenaz gainera, beraz, azukre gehiago. Eta ez hori bakarrik; Alberdik substantzia kimiko baten kalteez ohartarazi du: akrilamida. «Torrefaktua da gurean gehien saltzen den kafea eta kaferik merkeena, baina ez da batere onuragarria osasunarentzat; alderantziz, kaltegarria da. Kafea torrefaktua denean, akrilamida izeneko substantzia kimiko bat izaten du, eta minbizia sor dezake akrilamidak».

Frijitutako elikagai askotan ere agertzen da akrilamida —patata frijituetan eta halakoetan, esaterako—, eta zientzialari suediar batzuek deskubritu zuten, 2002an. OME Osasunaren Mundu Erakundeak minbizia sor dezaketen substantzien zerrendan dauka akrilamida, baina diote oso proportzio handietan kontsumitu behar dela halakorik gertatzeko.

Eta beste horrenbeste diote adikzioari buruz ere: kafeinak sortzen duela adikzioa eta abstinentzia sindromea ere frogatuta dagoela, baina oso proportzio handietan kontsumitu beharra dagoela halakorik gertatzeko. Alegia, urduria denari ez emateko kaferik, eta lo egiteko arazoak dituenari ere ez. Neurrian eta pertsonetan dago gakoa. Eta argi dago onuren zerrenda luzeagoa dela kalteena baino.

Kontsumoa bultzatu ez

Askok uste baino osasuntsuagoa da, beraz, kafea hartzea? Mireia Alberdik Bergaran (Gipuzkoa) daukan kontsultan zera esaten die bezeroei: «Kontsultara datozenei ez diet kafea hartzea gomendatzen. Ardoarekin bezala da: lehen, ardo kopa bat hartzea gomendatzen zuten, baina abstemioa denari ez dago zertan ardo kopa bat gomendatu beharrik. Kaferik hartzen ez duena, beraz, ez dago zertan kafea hartzera bultzatu».

Jada kafea hartzen duenarentzat dira Alberdiren gomendioak:«Zelan hartu kafea hobeto. Kalte egiten dion edo ez ikusi, eta, kalte egiten badio, kontsumoa kendu edo murriztu. Eta kalterik egiten ez badio, behintzat, onurak zeintzuk diren eta nola topatu ditzakeen erakutsi: azukrerik gabea izatea, hutsa izatea, torrefaktua ez izatea, dosi jakin batzuetatik ez pasatzea... kontsumitzeko modu hori hobetzea».

Bihar: Kafea (IV). Kalitatezko kafea kontsumitzen da Euskal Herrian?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.