Mendian gora eta behera korrika ibiltzen daIñigo Gabiria, ondoren amildegi batetik jauzi egin eta parapentearen laguntzazmendi horiek hanka azpian izateko. Oraintxe bertan, X-Pir lasterketa egiten ari da.
Askatasun hitza darabil Elorrioko (Bizkaia) Iñigo Gabiriak kirol gogokoenari buruz hitz egiteko garaian. Saien eta enaren ondoan hegan egiten du. «Oihal eta burdinazko makila batzuei esker, hegan egin dezaket, eta horrek ematen dizun askatasunak ez dauka parekorik». Haurra zela amets hori zuen: «Txori batek bezala hegan egitea». Horregatik ez du erakartzen paraxutak, jaistea beste aukerarik ez diolako ematen. «Segundo batzuetako adrenalina besterik ez da», haren esanetan. Hori baino nahiago du parapentearekin hegan egitea, distantzia luzeagoak egiteko aukera ematen diolako. Asmo horrekin hartu zuen parapentea lehenbizikoz, orain dela 23 urte, eta oraindik «hastapeneko ilusio berarekin» igotzen da mendira, hegan egiteko. Nabarmendu du, gainera, kirolerako afizioa mendizaletasunaren ondorio dela. «Mendia ere betitik gustatu zait, eta parapenteak agertzen hasi zirenean ikastaro bat egin nuen». Eta ordutik ez dio muzinik egin hegan egiteko aukera horri. «Han goitik mendiek eskaintzen duten paisaia itzela da». Bi zaletasun kirol berean bateratzea lortu du.
Afiziotik lehiarako pausoa emana du, gainera. Apurka kirola barneratuz joan zen heinean hasi zen lehiatzen lasterketen esparruan. Distantzia bat nork azkarrago egin, hori da haren modalitatearen helburua, eta hainbat lorpen ere eraman ditu urte hauetan guztietan: besteak beste, Euskal Herriko parapente txapelketa irabazi zuen duela hamar urte, eta duela bi lehenengo X-Pir lasterketa irabazi zuen; Pirinioak alderik alde zeharkatzen ditu X-Pir lasterketak. Oinez, korrika eta parapentearen laguntzaz gurutzatu zuen mendilerroa, mendi gainetara igo eta horietatik salto eginez «ahalik eta distantzia handiena egiteko». Joan den igandeaz geroztik, titulu hura defendatzen ari da Gabiria, bigarren X-Pir lasterketan. Hondarribiko hondartzatik abiatuta, Gironako Port de la Selvarako bidean dago oraintxe bertan, eta astea amaitzen denerako helmugara iritsita beharko luke. Hala ere, aurtengo lasterketa gogorragoa izango dela dio, «munduko lasterkaririk onenak» etorri direlako. Hori dela eta, helmugara iristea izango da haren helburu nagusia, «lehenengoa iristen denetik 24 ordu baitaude gainerakoak iristeko».
Ez da lehen aldia, ordea, munduko onenen artean lehiatzen dena. Hain zuzen ere, 2012ko X-Pir lasterketa irabazi ondoren, X-Alps txapelketara joateko deia jaso zuen. «Munduko onenak joaten dira, eta aukeratzea bakarrik sari bat izan zen niretzat». Austriako Salzburgo hiritik Mediterraneo ertzean dagoen Monako hirira joan zen, mendiz mendi lasterka eta parapentearen laguntzarekin. «Lasterketa ez zen oso ondo joan niretzat, ez bainuen ingurua behar bezala ezagutzen, eta espero baino txartoago amaitu nuen». Hamahirugarren egunean heldu zen helmugara, irabazlea baino bost egun geroago. Hala ere, lehiarekin gozatu egin zuela nabarmendu du, Alpeak gurutzatzea esperientzia «positiboa» izan zelako.
Gero eta gorago, seguruago
Ikuspegi «pribilegiatua» izaten du Gabiriak parapentea bizkarrean hartu eta amildegiren batetik salto egiten duen bakoitzean. Haren esanetan, gainera, une hori izaten da «kritikoena». Baita lur hartzeko garaia bera ere. Bi une horiek kontrolatuta edukitzeko, haizea kontran eduki behar dute, baina adierazi du gainerakoan arriskurik ez dela egoten. «Paraxut bat ere eraman ohi dugu, edozein arazo badago hura ateratzeko». Baina arazoak airean bertan daudela konpon daitezkeela dio. Are gehiago, gero eta gorago hegan egin hegaldia bera orduan eta seguruagoa dela esan du.
Agian horregatik, beldurrik ez du sentitzen Gabiriak parapentearekin amiltzen denean. «Dena kontrolpean izaten dugu, eta guretzat garrantzitsuena egoera meteorologikoa izaten da». Eta inoiz estutasunik izan badu «norbere hutsengatik» izan dela dio. Elorriarrak nabarmendu du halako egoerak batez ere lehian daudenean izan dituztela, afizioz hegan egiten duenean ez baitu horrenbesteko arriskurik hartzen. «Hala ere, norberak ikusten du noraino arriska dezakeen, eta erokeriarik ez dugu egiten». Pirinioetan, esaterako, haize bolada gogorrak izaten dira udan, eta aurreikusi du X-Pir lasterketan halakorik ere izango dela.
Haize bolada edo aire korronte horiek, ordea, ezinbestekoak dira parapentean hegan egiteko. Azalpenak eman ditu Gabiriak: «Aire beroa gora igotzen da, eta, korronte horiek aprobetxatuta, guk ere gora egiten dugu». Era horretan, ibilbide luzeagoak egiten dituzte.
Duela hiru aste Extremaduran (Espainia) egon zen Gabiria zenbait lagunekin, eta inoiz egin duen hegalaldi luzeena egin zuen: 200 kilometro inguru. «Granadaraino iritsi ginen». Orduan 3.800 metro ingurura igo zirela nabarmendu du, baina salbuespen gisa hartzen du hegalaldi hura. «Euskal Herrian, onenean 40 kilometro inguruko distantzia egin daiteke».
Orain, Gabiria Hondarribi eta Girona artean dabil, hegan edo korrika. Hala ere, lasterketa bat dela badaki, eta lasterkarien arteko lehia baten erdian dago. Baina ez da horrela bete-betean. «Bakoitzak bere bidea hartzen du, eta lehia norbere kontrakoa da, norbere buruaren aurkakoa». Helburua bizirik irautea dela dio, eta lasterketa oso «estrategikoa» delako dio lehia norbere buruaren aurkakoa dela. Lasterketa ugari, lasterketa bakarrean.
UDAKO SERIEA. Muturreko kirolak (IV). Iñigo Gabiria
Mendiak oinen azpian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu