Iritzi bilketa

Mende zaharra oinarri, mende berria helburu

Komunismoaren mendeurrenari buruzko udako serieari amaiera emateko, BERRIAk zenbait iritzi bildu ditu, tradizio politiko horrek ezkerraren teoriari eta praxiari egindako ekarpenaz eta, batez ere, etorkizunari begira «XXI. mendeko komunismoak» izan ditzakeen ezaugarriez.

Bandera komunista bat, iaz Bilboko etxe batean zintzilik, Maiatzaren Lehenean. MARISOL RAMIREZ, FOKU
gotzon hermosilla
2021eko abuztuaren 26a
16:34
Entzun

Zenbait aditu eta eragileri komunismoaren iraganaz eta geroaz hausnarketa egiteko eskatu die BERRIAk, hiru galderaren bidez:

1. Zure ustez, zer ekarpen egin die komunismoak ezkerraren pentsamenduari eta praxiari?

2. Nola baloratzen duzu XX. mendean «sozialismo erreala» deitu zen esperientzia historikoa?

3. Zer ekarpen egin dezake komunismoak XXI. mendean? Zure ustez, zein izan beharko lirateke pentsamendu eraldatzailearen gakoak mende honetan, eta zer rol izan behar du marxismo klasikoak pentsamendu horren eraikuntzan?

EDUARDO SANCHEZ IGLESIAS

FIM Ikerketa Marxisten Fundazioa

«Komunismoak kolpe hilgarria eman zion kolonialismoari»

1. Nire ustez, komunismoak erdigunean jarri zituen langile mugimenduaren pentsamendua, kolonialismoaren kontrako borroka eta «nekazarien auzia», Gramscik zioen moduan. Ezkerrak utzi zion mundua Europatik pentsatzen zuen ideologia izateari, eta herri askok kolonialismoarekin hausteko erabilitako lanabes politikoa bilakatu zen; kolonialismoa, gaur egun ulertzen dugun moduan, baina baita herri askok estatuen barruan pairatzen duten «barne kolonialismoa» ere. Komunismoa, berez, gaur egungo ezkerra osatzen duten hiru osagai ezinbestekoren batuketa izan zen: langileen auzia, nekazarien auzia eta herrien autodeterminaziorako eskubidea. Iraultza periferiara eta ekialdera aldatu zen, eta orain bere osotasunean ikusten hasi garen mundu sistema berri bat sortu zuen.

2. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunarekin milioika pertsona hasi ziren kapitalismoaren alternatiba bat pentsatzen eta eraikitzen. XX. mendearen hasieran, SESB sortu zenean, nagusi ziren bi kapitalismo motez ari gara: kolonialismoaz eta faxismoaz. Komunismoak biak menperatu zituen. Sozialismoa eredu gisa Europako zenbait herrialdetara hedatzeak, nazio askapen mugimenduekin batera, Europako mendebaldeko langile mugimendua indartu zuen, eta horrek burgesia jarrera defentsibo batera eraman zuen, ongizate estatuen eredu gisa ezagutu dugun garaian. Komunismoak kolpe hilgarria eman zion kolonialismoari, Hegoafrikako erregimen arrazistari eta neokolonialismoari (Kuba AEBen aurrean). Munduko herrialderik handiena (Errusia) eta jendetsuena (Txina) industrializatu zituen, eta Europan ongizate estatua eraikitzeko modua eman zuen faktore nagusia izan zen. SESBeko eta Europako esperientzia sozialisten desagertzearekin, kapitalismoa bere zama erreakzionario guztiarekin itzuli da.

3.Komunismo hitzak gaurkotasuna berreskuratu du 2008ko krisiaren ostean. «Komunismo berria» pentsatzeko lau arlo agertzen zaizkigu: lehena, komunismoa bakearen adierazpen goren gisa ulertzen duena, «gerra hotz berriaren» testuinguru honetan; bigarrena, komunismoa desberdintasunik gabeko gizartea pentsatzeko tresna gisa; hirugarrena, bizi dugun krisi ekosozialari aurre egiteko ideologia gisa, eta, azkenik, periferiatik datozen mugimendu sozial eta kulturalen ideologia, Hegoalde globalaren berpiztearen adierazpen politikoa. Kapitalismoaren porrotaren lau agerraldi dira, eta komunismoaren etapa berri baten oinarriak jartzen dituzte.

FLOREN AOIZ

Iratzar fundazioa

«Emantzipazioaren esperientziak ugariak eta oparoak dira»

Floren Aoiz
Iñigo Uriz, Foku

1. Izugarrizko ekarpena egin dio komunismoaren erreferentziak emantzipazioaren kausari, kapitalismoaren jatorri historikoa eta munduari egiten dion kaltea agerian uzteaz gain, beste mundu baten zerumuga irudikatu duelako. Komunismoaren ideiek hamaika borroka inspiratu dituzte; borroka horiek aurrerapenak ekarri dituzte, eta kapitalismoaren oldarkortasuna mugatu: ikusi besterik ez dago zer ekarri duen zerumuga horren ahultzeak.

2. Sozialismo erreal gisa ezagututako esperientziak ugariak dira, askotarikoak, eta denbora luzez garatu dira. Lehen munduko potentzia bilakatzeko bidean doan Txinak sozialistatzat hartzen du bere burua, baita Kubak ere, esaterako. Propaganda neoliberala oso oldarkorra izan da: guziak zaku berean sartu ditu, satanizatzeko, alternatibaren erreferentzia ezabatu nahian. Ez genuke amu hori irentsi beharko. Bilan historiko zorrotz eta kritikoa egin nahi baldin badugu, esperientzia horien ekarpenak, hutsuneak eta kalteak aztertu beharko ditugu, beldurrik gabe. Izan ere, urratsak egin dira mundua hobetzeko, eta eraginkorra izan da munduko beste eskualdeetan, adibidez, ongizate estatuaren ereduaren alde, eta deskolonizazio eta askapen borroken aldeko laguntzaren esparruan. Oro har, esperientzia onuragarria izan da, akatsak eta desbideratzeak ahaztu gabe ere, eta beste zibilizazio baten itxaropena hauspotu du, baina alde ilunak ere gogoan hartu behar ditugu, jakina.

3. Ezker eraldatzaileak aurkitu behar ditu esperientzia horietatik ikasteko formulak, nostalgian erori gabe, erronka nagusia eredu berrien eraikuntza baita. Emantzipazioaren esperientziak ugariak eta oparoak dira: herrien askapen borrokak, dekolonizatzea, feminismoa, ekologismoa, demokraziaren birkokapena… Horiek sozialismoaren eta komunismoaren leloen inguruan garatutako pentsamenduaz eta praxiaz artikulatu behar dira, tokian tokiko ereduak eraikiz. Ez dago marxismo bakar bat, marxismoak baizik, eta komunismo hitza formulazio vintagea baino gehiago izatea nahi izanez gero, berritu eta aberastu behar dugu, ez sektarismorako totem gisa erabili. Inoiz baino begi bistakoagoa da beste zibilizazio bat behar dugula, eta komunismoa derrigorrez hartu behar da aintzat mundu berria inspiratzeko, baina horrek ikuspegi kritikoa eskatzen digu aldi berean, akats larri eta kaltegarriak egin baitira, jende askoren begietan nekez ahaztuko direnak.

VALENTINA TORRES ZORRILLA

Artista eta Txileko PCko kidea

«Sozialismo errealaren etapak argiak eta ilunak ditu»

Valentina Torres Zorrilla
Podemos Euskadi

1. Analisi historikorako eta baldintza sozial eta ekonomikoen azterketarako ezinbesteko tresna izan da marxismoa. Hari esker, politika errealitatearen kritika erradikalerako eta errealitate berriak sortzeko lanabes bihurtu da.

2. Dudarik gabe, etapa horrek argiak eta ilunak ditu. Esperientzia komunistek lagundu zuten gerraosteko Europa berreraikitzen, herrialdeak demokratizatzen eta ongizate estatua sendotzen; II. Mundu Gerraren osteko liberalismoaren aurrean esperientzia berri eta alternatibo bat ekarri zuen. Lorpen horiek gorabehera, gabeziak ere izan zituen: dogmatismoa, askatasun falta eta. zenbaitetan, testuinguru historikoaren irakurketa okerra.

3. Leninismoak hasieran, eta estalinismoak geroago, marxismoaren oinarrizko planteamenduak gauzatzeko modu bat ekarri zuten, baina ez zen horretan agortu, eta ezin dira hartu politika komunista baten paradigma bakartzat. XXI. mendeak dogmatismo ekonomizistaren kritika bat ekarri du, eta ordezkaritza esparru tradizionaletara, hots, estatura eta alderdira murriztu zen etika politikoarena.

Hauek dira mende honetako komunismoaren erronka nagusiak: genero ikuspegia txertatzea orain arte soilik lan produktiboa aintzat hartu duten analisietan; neoliberalismoak sorturiko ingurumen arazo larriak; migrazioa, eta lan automatizatuaren eragina.

Ane Ibarzabal eta Unai Martinez

ANE IBARZABAL ETA UNAI MARTINEZ

GKS Gazte Koordinakunde Sozialista

«Galdera da ezkerrak ezer ekar diezaiokeen komunismoari»

1. Komunismoak, historiaren garai jakin batean sortu zen gizateriaren emantzipaziorako proiektu moduan, inflexio puntu bat ekarri zuen historian. Ordutik aurrera, klaserik gabeko gizartearen eraikuntza bihurtu zen giza askatasunerako beharrezko baldintza. Sinpleki esateko: komunismoaren agerpenaren ondoren, proiektu baten izaera aurrerakoi edo erreakzionarioa, beste ezer baino lehen, klaserik gabeko gizarteari (eta, ondorioz, burgesiaren boterearen ezabapenari) egiten zaion ekarpenaren arabera neurtu behar da. Horrek, besteak beste, esker-eskuin dikotomia beste estadio batera eramatea eragin zuen, izan ere, giza emantzipazioaren auzia dominazio burgesaren suntsipenean eta zapalkuntzarik gabeko gizarte komunistaren eraikuntzan kokatu zuen. Beraz, galdera honela formulatu ahalko genuke hobekiago: ezkerrak ezer ekar diezaioke komunismoari?

2. Uste dugu XX. mendeko sozialismo errealak lorpen handiak egin zituela eta horri aitortza egitea tokatzen zaigula. Beste alde batetik, uste dugu sozialismo errealaren herentzia modu kritikoan jaso behar dugula, begi bistakoa baita ez zuela lortu sozialismoa egonkortzea eta gizarte komunista errealizatzea. Ariketa kritikoak, ordea, benetakoa izan behar du; hau da, XX. mendeko esperientzien balorazio zorrotz batetik gaur egunerako irakaspenak atera behar ditugu.

3. Gizateriaren askatasunerako proiekturik aurrerakoiena egun komunismoa dela uste dugu, eta, ondorioz, komunismoa indar erreal bihur dadin lanean dihardugu, beste asko bezala. Komunismoaren ekarpena, beste ezer baino lehen, historikoa da, gizateriaren historian atal berri bat irekitzea ahalbidetuko baitu.

Komunismoak, proiektu gisa, unibertsaltasuna dauka printzipio nagusi modura, gizateriari zuzendua baitago, baina horrek ez du esan nahi partikulartasunak arbuiatzen dituenik. Kontrara, zapalkuntza guztiak borrokatu, erreakzionarioak ez diren berezitasun kulturalak errespetatu eta horien, zein norbanakoen garapen arrazional eta librerako baldintzak jarri behar ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.