EAJko Euzko Gaztedi erakundeko kide bi, gizonak, Donostiako Lasarte tabernan, Le Monde egunkaria besapean. «Ni donostiarra naiz», esan du batek. «Ni, andoaindarra», besteak. 1960ko lehen urteak. Klandestinitatekoak. Diktadurakoak, alegia. Donostiarrak Segura irratirako euskarazko grabazioetan parte hartzen du; andoaindarrak nazioarteko politikari buruzko artikuluak idazten ditu 1963tik Zeruko Argia-n, Erriak eta gizonak eta Nazio arteko unea ataletan. Ramon eta Rikardo. R&R. Elkar ezagutu orduko egingo dira lagun. Rikardoren bitartez hasiko da idazten Ramon ere Zeruko Argia-n, Gazte naiz sailean, 1965eko ekainaren 6an. Ordurako Jarrai antzerki taldean ere bazebilenez, Jarraiko Saizarbitoria ezizenez ere sinatu zituen hainbat artikulu.
Ramon Saizarbitoriak (Donostia, 1944) Jarrai antzerki taldearen bitartez ezagutu zuen, hain zuzen ere, Harri eta Herri (Itxaropena, 1964) poema sortarekin euskal idazleen belaunaldi oso bat markatu zuena —64ko belaunaldia esan izan zaio—: Gabriel Aresti (Bilbo, 1933-1975). 1965ean izan zen, Arestik Beste Mundukoak eta zoro bat antzezlana sortu zuenean Jarrai taldearentzat. Saizarbitoria 64ko belaunaldiko kidea zen, baita harekin Lur Taldeko kide izan ziren Rikardo Arregi (Andoain, Gipuzkoa, 1942Mendaro, Gipuzkoa, 1969), Luis Haranburu Altuna (Alegia, Gipuzkoa, 1947), Xabier Kintana (Bilbo, 1946), Ibon Sarasola (Donostia, 1946) eta Arantxa Urretabizkaia ere (Donostia, 1947).
Haietako gehienak Lur Taldean aritu ziren. Arestik Kriselu argitaletxea sortu zuen urte berean sortu zuten, 1967an, alfabetatzea bultzatzeko. Euskara gizarte esparru guztietan erabiltzeko aldarrikapena egin zuen talde horrek, eta 1968ko urrian Euskaltzaindiak Arantzazuko Biltzarrean proposatutako euskara batua defenditu eta sustatu. Horren erakusgarri da Lur argitaletxearen lehen alearen, Euskal Elerti 69 bildumaren hitzaurreko pasarte hau: «LUR/KRISELU/HASTAPENAK euskeraren batasunaren zerbitzuan jartzen dira. Beren hautapen-kontseiluak, Gabriel Aresti, Xabier Kintana, Ramon Saizarbitoria eta Ibon Sarasolarekin osaturik dagoenak euskal gaiztoko dialekto mordoiloetan idatzitako lanak ukatuko dituela jakinarazitzen du, eta bide batez euskeraren batasunik nahi ez duten euskaldunak euskeraren eta Euskalerriaren etsaiak direla deklaratzen du». Arestik idatzia da hitzaurre hori. 1969an. Arazo ekonomikoak tarteko, bere Kriseluren katalogoa Lur-i saldu zion, eta azken horretako editore bilakatu zen. Hala, Euskal harria / La piedra vasca (Gabriel Aresti, 1967), Hamalau alegia / fábulas / faules (Tomas Meabe, 1968), Harri eta Herri (Gabriel Aresti, 1969), Nekazariaren dotrina (F. Marcos Portela, Arestik berak itzulia, 1969) eta Elsa Scheelen (Txillardegi, 1969) lanekin osatutako katalogoarekin abiatu zen Lur.
Urnietako bilera
«Gabriel [Aresti] lehen unetik egon da Lur-en, Rikardo Arregi, Ibon Sarasola, Ramon Saizarbitoria, Gabriel Aresti, Viktor Suinaga eta Enrike Villar Urnietako taberna batean elkartu eta egitasmoa —kultura apaizen esku esklusiban ez uztea— abian jartzea erabaki genuenetik». Hala kontatu zion Enrike Villarrek Anjel Zelaietari argitaletxearen sorrera, 1975eko uztaileko gutunetan.
Donostiako altzari denda ezagun baten jabe zen Villar, eta hark ere bazuen esperientzia argitalpenetan: Gaur ikerketa sozioekonomikoetarako zentrotik sortu zen Equipo Editorialekoa ere bazen. Saizarbitoriak egin zuen Gaur taldeko Luis Nuñez, Victor Suinaga eta Joxean Agirreren ezagutza, eta baita Villarrena ere. Eusko Gaztedin aritua Espainiako Alderdi Komunistatik paseak zirenekin hasi zen lanean. Eta euskarazko argitalpenen mundura jotzea pentsatu zuten Equipo Editorialekoek, gazteleraz hainbat liburu argitaratu ostean. Hala heldu zen Urnietako [Gipuzkoa] tabernako bilera, zeinetan lehen erabakia hartu zuten: Arestiri Elsa Scheelen-en edizio osoa erostea, Victor Suinagaren Seat 850 autoaren truke.
Arregi eta Saizarbitoria abiatu ziren auto hura Arestiri eramatera. Istripu bat izan zuten Mendaroko errebuelta batean. Lasarte tabernara Le Monde bana besapean sartu zirenetako andoaindarra bertan hil zen, 1969ko uztailaren 10ean. Saizarbitoria zen gidari. «Kolpe latza izan zen, oso. Inoiz ez dut hitz egin horretaz Ramonekin», dio Ibon Sarasolak.
Lur abian zen, baina. Arregi zendu berriaren irizpideei eutsiz: ekonomia, soziologia eta historia liburu dibulgatiboak euskaraz ateratzeko eta saiakera bultzatzeko helburuarekin; baita literatur lan modernoak kaleratzeko helburuarekin ere. Euskaraz sortuak zein euskarara ekarriak nahi zituzten, eta bi sail abiarazi zituzten: Kriselu eta Hastapenak. Lehena, literatur lanetarako; bigarrena, dibulgaziorako eta saiakeretarako. Arregiren Politikaren atarian lan postumoarekin ekin zioten Hastapenak sailari, hain zuzen.
Bi hariko haztegia
Bernardo Atxaga, Xabier Kintana, Anjel Lertxundi, Jon Mirande, Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola, Patri Urkizu, Arantxa Urretabizkaia... Ez dira gutxi Lur-en lehen aleak argitaratu zituzten egileak. Batzuek, Kriselu sailean; besteek, Hastapenak izenekoan. Kriseluko Euskal Elerti 69 bilduman eman zituzten, esaterako, Xabier Kintanaren Beste izakia nobela laburra; Ramon Saizarbitoriaren eta Mikel Azurmendiren poemak; eta Kintanaren ipuin bat, Azurmendiren beste bat eta Patri Urkizuren beste bat. Segidan etorri ziren Saizarbitoriaren Egunero hasten delako eta Sarasolaren Poemagintza, 1969. urtea bukatzeko.
Kriselu bilduman argitaratu zuen Anjel Lertxundik ere lehen liburua, narrazioz osatua, 1970ean: Hunik arrats artean. Urte berean argitaratu zioten Jon Miranderi aspaldi idatzia zuen Haur besoetakoa. Kintanak 1972an eman zuen lehen narrazio liburua: Behin batean. Euskal literatura 72-n, berriz, Atxagak eta Urretabizkaiak lehen literatur lanak argitaratu zituzten: Oskar ipuina eta Borobila eta puntua antzezlana lehenak; eta San Pedro bezperaren ondokoak poemarioa bigarrenak. Luis Haranburu Altunak ere antzezlan bat argitaratu zuen Euskal Literatura 72 hartan: Hil. 1973ko urtarrilean, azken egile horrek lehen nobela argitaratu zuen: Itsasoak ez du esperantzarik. Ibon Sarasolaren Gerraondoko euskal poesiaren antologia: 1945-1964 lanak itxi zuen Lur-eko Kriselu bilduma, 1973an.
Hastapenak bilduman, berriz, Arregiren lanaren ondoren, Patri Urkizuren Literatura eta kritika (1970), Aresti eta Kintanaren Batasunaren kutxa (1970), Andoni Sagarnaren Soziologiaren hastapenak (1970) eta Eusebio Osaren Pedagogia eta gizartea (1971) argitaratu zituzten, besteak beste.
«Onak asko plazaratu genituen, baina atera genuen liburu inportanteena Egunero hasten delako izan zen. Ez dut uste Lur egon ez balitz beste inork argitaratuko zionik Ramoni». Ibon Sarasolaren iritzia. Berak jaso zuen Saizarbitoriaren lehen nobelaren eskuizkribua; berak animatu zuen egokitu eta argitaratzera.
Hura eta gainerako liburuak argitaratzeko, azpimarratu duenez, funtsezkoa izan zen Enrike Villar: argitaletxe bihurtzeko derrigorrezkoa eta oso lortu zaila zitzaien argitaldari zenbakia haren bitartez erdietsi zutelako, eta haren Método de lectura rápida (1968) liburuaren salmentekin bildutako diruarekin abiatu zirelako. Are, Villarren etxea bihurtu zen Lur-en egoitza. Hala ageri da helbidea, argitaratu zituzten liburu guztietan: Villa Zutik, Paseo Arbola, Donostia. «Hasiera haietan, Arantxa [Urretabizkaia], Ramon, Enrike eta ni juntatzen ginen Villa Zutiken. Liburuen zuzenketak Arantxak eta biok egiten genituen; inprenta eta zentsura gainditzeko kontuak, Enrikek; Ramonek harremanak lantzen zituen».
Harpidetza sistema
Liburu bat plazaratzen zuten hilero. Milatik gora harpidedun lortu zituzten. «Dirurik ez genuen irabazten, jakina, baina ez genuen zorrik egiten. Harpidedunei postaz bidaltzen genizkien liburuak; jasotzean ordaintzen zituzten, eta diru harekin ordaintzen genituen inprenta lanak. Sistema oso ona zen».
Editorialak bost urte eskaseko bidea egin zuen. Euskal letra modernoetako lanik esanguratsuenetako zenbait argitaratzeko lain. Baita Kafkaren Itxura-aldaketa, Aldous Huxleyren Bai mundu berria, Franz Fanonen Afrikar iraultzaren alde eta Voltaireren Kandido itzultzeko ere, besteak beste. 1974ko uztailekoa du azken alea: Maïte Rungisen Ekonomiako lehen pausoak. Bigarren partea. Azkenaldiko liburu guztien oharra zekarren azkenak ere: «LUR editoriala euskal literatura eta kultura inprimatu aurrerakoiaren desarroiloak gaur egun dituen beharkizunei erantzun bat ematen saiatzen da. Horrela, argitaratzen dituen lanak ez dira beti editorialaren iritziekin bat etortzen. Autorea da kasuguztietan bere obraren erantzulea».
Bihar: Elkarrizketa Ramon Saizarbitoria idazleari.
UDAKO SERIEA. Elsa eta Gisele (IV).
Lugorritzeko, Lur
Kultura idatzia Elizarena bakarrik izan ez zedin sortu zuten, besteak beste, Lur argitaletxea. Bost urte eskaseko ibilbidean, toki berezia erdietsi zuen euskal letra modernoen historian: haren bitartez heldu ziren euskal irakurleen eskuetara 'Egunero hasten delako', 'Elsa Scheelen', 'Haur besoetakoa' eta beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu