Euskal abertzaleen iruditerian aski erroturiko metafora da elkarrekin Maltzagaraino joatea. Telesforo Monzonen sen poetikoari zor zaio esamoldea. Hark esaten zuen abertzaleek, xede eta helmuga desberdinak izanagatik ere, gai izan behar zutela batzen zituzten helburuak lortu arteko bidea elkarrekin egiteko —Maltzagaraino joateko—.
Seguru asko, ideia hori izango zuen buruan Monzonek indar abertzaleei —eta alderdi antifrankistaren bati ere— Xibertan (Angelu, Lapurdi) elkarrizketa batzuetan parte hartzeko gonbidapena egin zienean. «Nire arima guztiaz, abertzale guztien arteko programa batua eraikitzeko ekintzetan parte hartzea da nire egitasmo pertsonala. Beti esan ohi dut guk abertzaleen artean elkarrekin konpondu behar dugula lehenik. Elkar konprenitze hori lortu eta gero, egitasmo minimo bat eskaini behar zaie Euskadin dauden beste alderdi guztiei», adierazi zion Monzonek Enbata aldizkariari elkarrizketak abiatu aurretik.
Baina abagunea ez zen egokiena. 1977ko apirilean ekin zieten elkarrizketei —apirilaren 24an izan zen lehenengoa—. Espainiako gobernuburu Adolfo Suarezek ekainaren 15erako antolatuak zituen lehenengo hauteskundeak, eta zerrendak aurkezteko epea maiatzaren 8an amaitzekoa zen. Artean bazegoen preso politikorik kartzeletan, eta alderdi guztiak ez zeuden legeztaturik; indar politiko askok biak ala biak —amnistia eta alderdi guztien legeztatzea— ezinbestekotzat zeuzkaten hauteskundeetan parte hartzeko.
Lehenengo bileratik bertatik, hauteskundeetan parte hartzeari buruzko tirabira bilakatu zen adosturiko egitasmo baten inguruko eztabaida. Eta ez zen adostasunik egon. «Haustura» gauzatu zen, Eduardo Renobalesek horri buruz idatzitako liburuaren izenburuan —La ruptura de Txiberta, Ahaztuak, 2011— iradokitzen duen moduan. Hurrengo urteetan iraun egingo zuen haustura hark, eta abertzaletasunaren bi adar nagusiek elkarri bizkar emanda —eta, askotan, elkarri eraso eginez— igaro zituzten hurrengo hamarkadak.
Lehenengo bilerak
Apirilaren 24ko lehenengo bilera hartara, Monzon eta Jose Luis Elkoroz gain —azken hori Alkateen Taldeko ordezkari gisa—, ETAm, ETApm eta EAJren ordezkariak agertu ziren. Bigarrenean, apirilaren 30ean, deialdia beste indar politiko batzuei zabaldu zieten: aipatutakoez gain, ES, EAE-ANV, EKA, ESEI, EIA, LAIA (bai), EHAS eta ETApm-tik aldendutako Talde Bereziak egon ziren. ESB ere hasi zen Xibertako taldean parte hartzen, bigarren bilera horretan egoterik izan ez zuen arren..
Hainbat lagunek osatzen zuten erakunde bakoitzaren ordezkaritza; bilera batzuetara denak joaten ziren, eta beste zenbaitetara, batzuk baino ez. EAJren ordezkari Juan Jose Pujana, Joseba Azkarraga, Gerardo Bujanda eta Koldo Amezketa aritu ziren; ETAm-ren izenean, Txomin Iturbe, Jose Miguel Beñaran Argala, Jose Manuel Pagoaga Peixoto eta Dolores Gonzalez Katarain Yoyes; ETApm-renean, Jabier Garaialde Erreka eta Mark Etxegarai. Iñaki Aldekoak (ESB), Santi Brouardek (EHAS), Iñaki Martinezek (EIA), Mariano Zufiak (EKA Euskadiko Karlista Alderdia) eta beste batzuek ere parte hartu zuten, nork bere alderdia ordezkatuta.
Laster asko, hauteskundeen gaia agertu zen oztopo nagusi gisa. EAJren jarrera argia zen: «Frankismoaren berrogei urte ilun haietatik ateratzen ari ginen», esan du Juan Jose Pujanak (Bilbo, 1943), «eta Euskal Herriaren egoera negargarria zen alde guztietatik: ekonomikoki, erakunde propiorik gabe, gure hizkuntza zapaldua eta azpiratua eta abar. Egoera hil edo bizikoa zen. Eta hauteskundeetan konfiantza politikorik ez geneukan, baina ikusi genuen gu han ez bageunden beste batzuek hartuko zutela lekua, eta erabaki zen hauteskundeetara aurkeztea».
Pujanaren arabera, «hasiera-hasieratik» bi jarrera agertu ziren»horren inguruan: «Batzuek uste genuen hauteskundeetara joan behar zela, amnistiarik egon ez arren, amnistia lortzeko indar gehiago egingo genuelako barruan egonda kanpoan baino, eta gure herriaren ordezkaritza beste inoren esku ez uzteko. Eta beste batzuen jarrera alderantzizkoa zen, amnistia lortu aurretik eta alderdi guztiak legeztatu aurretik ezin zela hauteskunde demokratikorik egin eta, beraz, boikota egin behar zela».
Batez ere, EAJk defendatu zuen hauteskundeetan parte hartzearen egokitasuna. Beste alderdi batzuek, ESEIk, ANVk eta EKAk esaterako, adierazi zuten euren hasierako planteamendua parte hartzearen aldekoa zela, baina prest zeudela abstentzioaren alde egiteko Xibertako elkarrizketetatik jarrera bateratu hori adostuz gero. ETAren bi adarrak eta KASeko alderdiak (EHAS eta LAIA) abstentzioaren alde agertu ziren amnistiaren eta alderdi guztien legeztatzearen gaiak konpontzen ez baziren.
Adostasunik egon ez arren, bigarren bilera hartatik denek onartutako erabaki bat atera zen behintzat: Espainiako gobernuburu Adolfo Suarezi elkarrizketa bat eskatzea, euskal alderdien ezinegonaren berri eman eta presoak askatu beharra transmititzeko.
Askorentzat harrigarria suertatu bazen ere, Suarezek onartu zuen bilera. Baldintza bakarra jarri zuen: euskal ordezkaritzan ez zuen erakunde armatuetako kiderik egon behar, ezta legez kanpoko alderdien ordezkaririk ere. Baldintza erdizka baino ez zen bete, Madrilera joan zirenen artean EHASeko Santi Brouard ere egon zen eta. Maiatzaren 10ean izan zen bilera.
Pujana euskal ordezkaritza horren partaideetako bat izan zen: «Suarezek argi esan zigun amnistia lortuko zela, baina ez orduan, geroago baizik». Hilabete lehenago, PCE legeztatu zuen Suarezen gobernuak; espero bezala, horrek militar frankisten haserrea piztu zuen, eta Suarezek ez omen zuen sutara egur gehiago bota nahi euskal preso politikoak askatuz. «Esan zigun momentu hartan bere kreditu politiko guztia gastatuta zeukala», gogoratu du Pujanak.
Iñaki Aldekoa ere (Zornotza, Bizkaia, 1940) egon zen bilera hartan: «Suarezek gutxi hitz egin zuen: galdera batzuk egin eta entzun besterik ez zuen egin. Poker jokalarien antzera, betileak ere ez zituen mugitu. Niri esfinge baten irudia etortzen zait burura hura gogoratzen dudanean».
Maiatzaren 12an egin zuten hirugarren bilera, Suarezekin elkartu eta bi egunera. Madrilgo bilkura izan zuten mintzagai nagusi, eta euskal indarrak ez ziren bat etorri horren balorazioan: «Batzuek, ETAkoek-eta, esan zuten horrela ezin zela, horrek erakusten zuela Suarezen borondate falta eta hau eta bestea. Baina Suarezen jarrera ez zen hori izan», azaldu du Pujanak. Berriro ere, hauteskundeetan parte hartu ala ez eztabaidagai nagusi bilakatu zen, baina EAJk argi utzi zuen hauteskundeetara joatea erabakita zeukala, eta ez zutela aldatuko erabaki hori.
Hurrengo bilera, maiatzaren 14koa, hausturarena izan zen, eta EAJk parte hartu zuen azkena. Haien jarrera aldatzerik ez zegoenez eta horrek aurrera egiteko aukerak trabatzen zituenez, aurrerantzean bileretara ez joateko eskatu zien Monzonek, eta jeltzaleek eskaera onartu zuten. Azken bi bilerak, maiatzaren 17 eta 23an antolatutakoak, EAJren ordezkaririk gabe egin ziren.
Azkenean, EAJz gain, ESBk, ANVk eta ESEIk ere hauteskundeetan aurkeztea erabaki zuten, eta berdin egin zuen EIAk, Euskadiko Ezkerra koalizioaren bidez. EHASek eta LAIAk, artean legez kanpo, ez zuten parte hartu hauteskunde prozesuan.
Berrogei urte geroago
Orduan bezala, berrogei urte geroago ere ez dago adostasunik eragileen artean Xibertan gertatu zenaren inguruan. Pujanak, esaterako, esan du orduko eztabaidak «luzeak» izan zirela, «eta garratzak; giroa garratza zen, beharbada esperientzia faltagatik, edo pentsatzeagatik norberak zuela egia osoa». Ez dator bat Joseba Azkarraga (Agurain, Araba, 1950), hura ere EAJren ordezkaritzako kide izana elkarrizketa haietan: «Nik ez nuke esango tentsioa egon zenik. Eztabaidak lasaitasunez eta normaltasunez egin ziren». Aldekoaren arabera, giroa «ona» izan zen, eta jarrerak «errespetuzkoak», eztabaidak «gogorrak» izan ziren arren.
Pujanak ETAren eta inguruko alderdien egoskorkeriari egozten dio elkarrizketen porrota: «Pena izan zen; ez zen modurik izan arrazoibide bat egiteko, geroa ikusi eta bideak zabaltzeko. Ezinezkoa izan zen. Oso zaila zen adostasuna lortzea, batzuen jarrera oso dogmatikoa zelako. ETAren eta haien ingurukoen jarrera hori zen. ETA aparteko mundu batean bizi zen, burbuila baten barruan bezala. Ez zuten kontaturik errealitatearekin: haiek ziren herria, haiek zekiten herriak zer behar zuen, eta gainerakoek ez».
«Franco hil osteko egitasmorik garrantzitsuena izan zen Xibertakoa», esan du Jose Luis Elkorok (Elgeta, Gipuzkoa, 1935). «Hark aurrera egin izan balu, beharbada azken berrogei urtean izan ditugun hainbat kontu ez genituzkeen ezagutuko. Aukera on bat izan zen, baina, zoritxarrez, ez ginen gai izan aurrera eramateko. Denok argi ikusten genuen Francoren garaiko presoak askatzea zela eman beharreko lehenengo pausoa, eta hori gabe ez zegoela ezer egiterik; denok, EAJ izan ezik. EAJk ez zuen hori baldintza gisa ikusten; beraz, apurtu zuen eta PSOErekin joan zen. EAJk beti nahi izan du Madrilen agintzen duen alderdiren batekin joan. Orduan egin zutena orain ere ari dira egiten PPrekin ituna eginda, berrogei urte geroago».
«Uste dut denok joan ginela aldez aurretik ezarritako gidoi batekin», esan du Azkarragak, «eta eseri aurretik hartutako zenbait erabakik baldintzatuta. EAJren EBBk aldez aurretik erabakita zeukan hauteskundeetara joatea; beraz, bost bilera egin ziren arren, ez zen maniobratzeko tarte handirik egon. Bai EAJk eta bai ETAk nork bere jarrerari eutsi zioten, eta ez dut uste akordioa lortzeko aukera handirik egon zenik».
Argi dago hauteskunde deialdia hain gertu egoteak baldintzatu zituela Xibertako elkarrizketak. Euskal indar abertzaleen arteko harreman prozesuari lehenago ekin izan baliote, emaitza desberdina zatekeen? Aldekoaren ustez, «politika fikzioa» egitea da horrelakoak planteatzea: «Estutasun horrek areagotu zuen zailtasuna, baina desadostasuna oso sakona zen lehenagotik ere».
Gauza batean, behintzat, bat datoz eragile guztiak. Hura aukera galdu bat izan zen: «Niretzat frustragarria izan zen hura porrot batean amaitu izana», esan du Azkarragak. «Seguru asko, batzuek beste batzuek baino erantzukizun handiagoa izango dute, baina uste dut bakea lortzeko aukera bat galdu genuela eta denok garela erantzuleak».
UDAKO SERIEA Mugarriak eta bidegurutzeak (I). Xibertako elkarrizketak.
Lekutan zegoen Maltzaga
Hurrengo hamarkadetako norabide politikoa baldintzatuko zuten gertaera ugari ekarri zituen 1977. urteak; indar abertzaleek Xibertan (Angelu, Lapurdi) egindako elkarrizketak mugarri haietako bat izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu