Batzuek atzera egiten duten bitartean, beste batzuek bide berriei ekiten diete. Afrika osatzen duten 54 herrialdeetatik 21etan da posible haurdunaldia etetea. Horietako gehienetan abortatzeko baldintzak zurrunak diren arren —haurdun dagoen emakumearen bizitza arriskuan egotea, adibidez—, zazpi herrialdetan ez da pisuzko arrazoirik behar abortatzeko; hala nola Tunisian, Mozambiken eta Hegoafrikan.
Horien artean, hegoaldeko estatua izan zen abortua legeztatzen lehena. Hegoafrikako Gobernuak 1996an onartu zuen Haurdunaldia Eteteko Hautuaren Legea, eta 1997ko otsailaren 1ean sartu zen indarrean. Halere, badago zer egin oraindik. Izan ere, legez kanpoko kliniketan egiten dituzte urtero egiten diren abortuen erdiak baino gehiago. «Estigma da horren eragile nagusia»; hala uste du Ibis Reproductive Health erakundeko Afrikako programen zuzendari Tshego Bessenaarrek. Sinesmen kulturalek, erlijiosoek, sozialek eta politikoek elikatzen dute estigma hori: «Jende askorentzat, ama batek bere haurra hiltzea da abortatzea».
Norberaren komunitatetik harago, herrialdeko erakundeetan eta abortatzeko klinika publikoetan ere aurki daitezke estigma horren zantzuak. Mediku eta erizain askok uko egiten diote abortuak egiteari. Arrazoiak askotarikoak dira: «Mediku batzuek beren sinesmen pertsonalengatik edo erlijiosoengatik egiten dute uko; beste batzuek uste dute ez dutela nahikoa prestakuntza profesional abortu bat egiteko».
Klinikak edo ezkutalekuak
Ez da kasualitatea emakume ia guztiek legez kanpoko kliniketara jotzea. Haurdunaldia eteteko espazio bat izateaz gain, ezkutalekuak ere badira: «Ospitale publikoetan dena gelditzen da gordeta, ahoz aho zabaltzen da zergatik zauden han, zer egitera joan zaren... Legezkoek eskaintzen ez duten pribatutasuna eskaintzen dute legez kanpokoek».
Ezkutuko praktikek, ordea, badute alde ilun bat: arriskua. 2021ean Hegoafrikan abortatu zuten emakumeen %70 hil egin ziren. Gehienek legez kanpoko kliniketan eten zuten haurdunaldia, eta operazioaren osteko konplikazioen ondorioz hil ziren ia denak. Bessenaarren arabera, ez da erraza klinika horietara joaten diren emakume guztien datuak lortzea, baina «joaten diren guztiek jartzen dituzte beren bizitzak arriskuan, nahiz eta herrialdean, berez, abortua legezkoa izan».
Eta, ezkutalekuak badira, nola dute haien berri? Bada, publizitatearen bitartez. Ahoz gora esaten den sekretu bat nola, hala aurki daitezke hirietan legez kanpoko kliniken iragarkiak. «Kartelak jartzen dituzte autobus geltokietan, erakusleihoetan, seinaleetan... Askotan sakelako telefonoen zenbakiak ere jartzen dituzte iragarkietan, zera diotenak: 'Minik gabeko abortu bat nahi baduzu, deitu hona'. Eta, noski, jendeak deitu egiten du».
Zoko txiki eta ilunak dira, berez, baina egun argiz irakur daitezke haien iragarkiak. «Nahi dutena egiten dute, eta gobernua jakinaren gainean dago», dio Bessenaarrek. Hala ere, ez ikusiarena egiten dute agintariek: «Legez kanpoko klinikak eta horien atzean dauden arduradunak kriminalizatu beharko lituzke gobernuak».
Aipatu ezin den hori
Hitz bat aipatu nahi ez denean, beste formula batzuk erabiltzeko aukera ematen du hizkuntzak. Esan nahi ez den hori definitu daiteke, sinonimo batekin ordezkatu, edo eufemismo bat sortu. Horixe egiten du Hegoafrikako Gobernuak abortu hitzarekin: saihestu. «Agintariekin elkartzen garenean, gutxik erabiltzen dute abortu hitza. Horren ordez, haurdunaldiaren etetea erabiltzeko eskatzen dute. Haien arabera, hobeto ematen du belarrira».
Baina jarrera horiek elikatu egiten dute abortuaren inguruko estigma. Izan ere, aipatzen ez dena ez da existitzen; edo marjinala da, txarra. «Herrialdeko emakume gutxik dute beren bikotekidearekin, senideekin eta lagunekin abortuaren inguruan aske hitz egiteko nahikoa konfiantza».
Bessenaarrek eta haren lankideek egindako ikerketa baten arabera, emakume gazteentzat egoera are zailagoa da: «Legearen arabera, hamabi urtetik aurrera aborta dezakete hemen emakumeek, baina adingabe gehienek legez kanpoko kliniketara jotzen dute. Erruduntasuna eta lotsa handiagoak izan ohi dira emakume gazteen artean; izan ere, beren etxeetatik edo komunitateetatik botako dituzten beldur dira asko».
Abortuaren estigma GIB giza immunoeskasiaren birusarekin alderatzen du Bessenaarrek: «Urte luzez inork ez zuen GIBaren inguruan hitz egiten. Gaixotasuna ez zen aipatu ere egiten. Baina jendea horri buruz hitz egiten hasi zenean, eztabaidak sortu ziren, eta herritarrek gaixotasunaren aurkako tratamendua jaso ahal izan zuten. Bada, erabat normalizatu arte, berdin gertatuko da abortuarekin».
Borrokaren erreferente
Bessenaar institutuan zegoen abortua legezko bihurtu zutenean, eta gogoan du lorpenak sortu zuen zirrara: «Emakumeak aske sentitu ziren». Milaka emakumeren parte hartzea eta denbora behar izan zituzten abortua legezko egiteko, baina herritarrak mobilizatzea ez da inoiz erronka bat izan han: «Aldaketa handiak izan dira Hegoafrikan, gizarte mugimenduek indar handia izan dute, jendea kalera irten da. Eta horri esker gertatu dira aldaketak. Borrokatzen dakien herrialde bat da».
Kontinentean abortua legeztatu zuen lehenengo herrialdea izanagatik, Hegoafrika «erreferentea» da alboko herrialdeen begietan. Horregatik, haurdunaldia etetea legezko ez den horietan bizi diren emakume askok bidaiatzen dute hara: «Batez ere Botswanatik etortzen dira, hori delako gertuen dagoen estatua».
Erreferente den heinean, ordea, gauza onek soilik ez, hain onak ez direnek ere oihartzun handia izaten dute: «Alboko herrialdeetako emakumeek zera pentsatzen dute: 'Ene, Hegoafrikan abortua legezkoa bada, eta, hala ere, emakumeek legez kanpoko kliniketara jotzen badute, eta sufritu egiten badute, zer gertatuko da gurekin?'. Etsigarria da egoera».
Bihar: Europa.
UDAKO SERIEA. Abortua (II). Afrika.
Legez kanpoko klinikak, estigmaren ezkutaleku
Hegoafrika da haurdunaldia etetea legezko bilakatu zuen Afrikako lehen herrialdea: 1996an legeztatu zuen abortua. Halere, urtero egiten diren abortuen erdiak baino gehiago legez kanpoko kliniketan egiten dituzte; sinesmen kulturalek, erlijiosoek, sozialek eta politikoek bultzatuta, eta beldurra eta lotsa tarteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu