UDAKO SERIEA. Lehengo lekutik bertsoa (IV). Xabi Igoa

«Kubo» baten ertzetan

Bertso sorta bat aukeratzeko eskatu die BERRIAk sei bertsolariri, eta kantatu ziren leku berean hausnartu dute horiei buruz. Maialen Lujanbiok 2009ko Txapelketa Nagusiko Bergarako saioan kantatu zuen bakarkakoa izan du hizpide.

Xabi Igoa bertsolaria, Bergarako Labegaraieta kiroldegiaren aurrean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
iraia vieira gil
Bergara
2023ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Erreferente izan dituen bertsolarien artean bat hautatu behar izatea ez du gogoko Xabi Igoak (Aramaio, Araba, 1992). «Uste dut bertsolari bakoitzak badaukala berea, eta aniztasun horrek egiten gaituela, mugimendu bezala, interesgarri», azaldu du. Askotariko iturrietatik edan du Igoak bertsotan hasi zenetik: «Amets Arzallusekin hasi eta Andoni Egañaraino». Maialen Lujanbiok Euskal Herriko txapela lehen aldiz irabazi zueneko txapelketa, ordea, «mugarri» izan zen Igoaren bertsozaletasunean.

12 urterekin hasi zen Igoa bertso eskolan, eta Manex Agirre izan zuen bertan irakasle. 2005. urtean, Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia) izandako lehen finala ikustera joan zen, baina ez zion txapelketari arreta handiz erreparatu; lau urte igaro behar izan ziren horretarako. «2009ko txapelketa berezia izan zen niretzat: ia osorik jarraitu nuen lehenengoa izan zen, oso gertutik bizi izan nuen, eta haren oso oroitzapen ona dut harrezkero». Saio batzuk zuzenean ikusi zituen, eta gainerakoak irrati eta telebistaren bitartez aditu. «Ordurako bideoak igotzen zituzten Internetera, eta Hitzetik hortzera programa ere bazegoen».

2009ko Txapelketa Nagusiko saio guztien artean, baina, Bergarako Labegaraieta kiroldegian (Gipuzkoa) jokatu zena du gogoan ondoen Igoak. «Maialen Lujanbioren bakarkakoak oihartzun handia izan zuela gogoratzen dut: txapela irabazteko bidean, bere lehenengo bakarkakoa izan zen», gogorarazi du. Bergarako saio horretan Lujanbiok erabili zuen doinua, gainera, berritzailea izan zen orduko entzuleentzat. Mikel Laboaren Eguzkiak urtzen du han goian doinua erabili baitzuen. «Publikoari asko gustatu zitzaion», Igoak. «Dena izan zen ona: doinu berria, gaia hartzeko helduleku oso interesgarria eta bertso ederrak».

Argazkirik gabeko hitzak

Argazkilari baten larrutik kantatu behar izan zuen Lujanbiok Bergarako saio hartan. Urte batzuk lehenago itxi zuten Euskaldunon Egunkaria-ren auzia hartu zuen gaiari erantzuteko abiapuntu, eta hura itxi osteko egoera kontatu zuen kantuz. Horren harira, kazetari eta herritarrek jasan zuten errepresioa ere salatu zuen ariketa hartan. Lujanbiok kantatutakoek barrenak mugitu zizkien askori. Lehen entzunaldian hunkitu zuen bertso sorta hark Igoa. Lehen bi zatiak ditu berak gustukoen: «Iruditzen zait bertsoek egiten dutela deskripzio lan itzela, sartzen zaituztela egoeran. Tentsio hitza aipatzen du pare bat aldiz, eta hori da, hain zuzen, bertso horiek transmititzen dutena».

Igoaren ustez, delikatua izan zitekeen abiapuntua, baina bertsolarien eginkizunetako bat memoria egitea dela azaldu du. «Bizi duten gizartearen kontakizun edo gogoeta bat egin behar dute bertsolariek».

Oso gaztea zen Igoa Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean; 11 urte baitzituen artean. «Ezin izan nuen egoera hura lehen lerrotik bizi». Uste du Lujanbioren bertsoek, baina, garai hura behar bezala deskribatzen dutela. Izan ere, orduko garaiari erantzun zioten bertsoek. Gaur egun bertso horiek zentzurik ote duten? Bada, hori beste kontu bat dela dio: «2009ko azaroaren 7an behintzat, hemen [Bergaran], zentzu handia zuen hori kantatzeak».

Igoaren iritziz, gauza asko aldatu dira harrezkero gizartean; nahiz eta baden bere horretan jarraitzen duenik ere. Bergarako saiotik bi urtera, hain zuzen, Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman zituzten bi bertsolari, Gasteizen egin zuten presoen aldeko ekitaldi batean parte hartzeagatik. «Badakigu errepresio bat dagoela», aitortu du. Eta «zentsuraren» beste adibide bat eman du segidan: «Aurtengo Espainiako hauteskundeen aurretik ere, hainbat kultur eta sormen ekitaldi debekatu zituzten».

Bertso sortaren egiturari dagokionez, Igoak uste du horrelako zerbait egitea «zaila» dela, eta bereziki azpimarratu nahi izan ditu kontakizunean Lujanbiok egiten dituen hitz jokoak. «Lehen bertsoaren azken hiru puntuetan, aurretik esandakoari buelta ematen dio. Lehen puntuetan kontatzen du zer pasatu den, eta gero dio ez dela ezer pasatu». Beste bi bertsoetan ere estrategia bera erabiltzen du Lujanbiok. «Sorpresazko ukitua dute, nolabait», zehaztu du Igoak.

Argiaren norabidean

Hitzak erabiltzeko Lujanbioren trebeziaz gain, bada Igoak Bergarako bertso saioa aukeratzeko beste pisuzko arrazoi bat: bat-batekotasuna. Dioenez, «gogoan izateko modukoa» da Lujanbioren orduko bakarkakoa, baina baita Jon Martinekin abestu zuen zortziko txikiko ariketa ere. «Argindarra joan zen bertso saioaren erdian, eta haiek bertsoetarako baliatu zuten egoera». Azaldu du, halaber, landu behar zuten gaia ez zela «batere sinplea». Gaiak hala aginduta, herri bereko bi herritar ziren. Martin igandero joaten zen mezetara, eta eliza erdi hutsik egoten zen. Egun hartan telebista meza grabatzera joan zela-eta, inoiz ez bezala, Maialen ere joan zen.

Martinek eman zuen lehen kolpea, baina Lujanbioren ahotsak oholtza hartu bitartean joan zen argia. Abesteari utzi ordez, mikrofonotik aldendu eta bertsotan jarraitzea erabaki zuen bertsolariak. «Mikrofonoa ez zihoan, eta horrek tope egiten zion bertsolariari ahotsaren proiekzioan», azaldu du Igoak. Martinek ere Lujanbiok egin zuen gauza bera egin, eta, zorionez, saioak aurrera jarraitu zuen. «Gertatutakoa gaian sartu eta, argia bueltatu zenean, ez ziren gaitik aldendu; mantendu egin zuten», gogoratu du.

Bertsolari bezala, biek egindako bat-bateko lana «zinez baloratzekoa» dela uste du Igoak, modua eman zuelako publikoak gozatzen jarrai zezan. «Iruditzen zait momentuak, bere horretan, badaukala xarma eta magia berezi bat, bat-batekotasunak dakarrena». Era berean, argindarra joan izanak gaiari buelta emateko aukera eman zien bertsolariei. «Hainbat kontu ekarri zituzten azalera bien artean, Maialenen bakarkakoarekin alderatuz, gaia askoz ere umoretsuagoa izanagatik ere».

Etxetik oholtzara

Eskolan bertso zaharrak landutakoa da Igoa, baina kontatu du Lujanbioren belaunaldiak izan zuela harengan eraginik handiena. Bertsotan gaztea zela hasi bazen ere, aurrerago zaletu zen sutsuki. «Etxe euskaltzalea zen nirea, eta telebistako bertso saioak ikusten genituen igandeetan, baina bertsolaritzak ez zuen egun duen lekua».

Oroitu du 2009ko Bergarako saio hark areagotu zuela zaletasun hori. «Bi puntu nagusi nabarmenduko nituzke: aurretik aipatutako bat-batekotasuna, eta, horrez gain, Maialenen bakarkako artelan hori. Zortziko txikiko ariketan, berriz, oso zuzenak izan ziren Jon eta Maialen. Txapelketa bezalako formatu zurrun batean, umoreari eta une horretan gertatzen ari zenari egin zioten lekua». Horregatik ere badute meritua bi bertsolariek, Igoaren iritziz: «Txapelketa kubo bat da, eta hortik ateratzea zaila da askotan. Haiek lortu egiten zuten, eta hori da, benetan, azpimarratzekoa dena».

Bihar: Haira Aizpuruak aukeratutako bertsoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.