UDAKO SERIEA. Sortzailea eta konplizea (II). Itziar Okariz eta Jon Mikel Euba

Konplizitatea lan metodo gisa

Artista bata, artista bestea. Lau begik bik baino hobeki ikusten dutela dioen esaerak batzen ditu, elkarrizketa baita bien sorkuntzarako metodoa. Elkarren konplize dira biak, eta elkarrekin sortzaile.

Itziar Okariz eta Jon Mikel Euba artistak, Okarizen etxeko sofan, Conan katua tartean dutela, elkarrizketako une batean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2014ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Bestearen bidez dira norbera Itziar Okariz (Donostia, 1965) eta Jon Mikel Euba (Bilbo, 1967). Berez, EHUko Arte Ederretako Fakultatean ezagutu zuten elkar, baina handik urte batzuetara heldu zen benetako topaketa. Artelekun ikastaro bat egitera joan, eta Okarizen etxean hartu zuen ostatu Eubak. «Artisten etxe bat zen hura», dio. «Sekulako maila zegoen han. Oso solasaldi onak izaten genituen». Lau sortzaile, lau horma artean: Sergio Prego, Roberto Bergado, Okariz eta Euba. Lau konplize. «Afari guztia pasatzen genuen eztabaidan. Ohitu egin ginen kozinatu bitartean eztabaidatu eta lan egitera. Artelekun piztu, eta goizeko ordu txikietara arte luzatzen ziren solasaldiak etxean. Dena zen lana orduan». Eta antzera orain ere, Okarizek dioenez. «Orain ere dena da lana; niri gustatzen zait bizitza eta lana leku berean egitea». Jadanik ez dira elkarrekin bizi, eta gutxitan izaten dute aurrez aurre egoteko aukera ere; baina aritu, ia egunero aritzen dira orain ere beren lanei buruz hizketan. Aspaldi da konfiantza lan metodo bilakatu zutela.

Lausoak dira mugak Okarizen egungo etxean ere: apenas bereizten dituzten artea eta bizitza horma fin batzuek. Nahasian sukaldea, umeen jostailuak, liburuak, diskoak eta lanerako estudioak; uztartuta sorkuntza eta egunerokoa, elkarrizketan. Eta bi artisten artekoa ere. Izan ere, aldi berean dira sortzaile eta konplize Okariz eta Euba, Euba eta Okariz. Lagun eta arte kide. Aurreko astean kanpoan izan da Okariz, adibidez, eta katua zaindu dio Eubak egun horietan: Conan. Eroso dago orain animalia biekin, hura ere sofan. Lo pasa du bien arteko solasaldiak iraun duen tartea. Konplize. Laztanen bat jasotzen tarteka. «Donostiako etxe hartan ikasi nuen aurreiritziak galtzen», onartu Eubak. «Haiekin bizitzean, bizitzen ere ikasi nuen. Ni inoiz ez nintzen gurasoenetik atera ordura arte. Erabat alfabetizatu ninduen Itziarrek». Barre Okarizek.

Jarraitzen du Eubak: «Ni garai hartan erabakitzen ari nintzen artista izango ote nintzen edo ez. Baina haiekin bizitzera joaterako, niretzat bera jadanik artista zen. Bere bikotekidearekin etengabe arteaz eztabaidatzen aritzen zela gogoratzen dut». Okarizek orain Eubaz: «Berak ekuaziora sartu zuena izan zen obsesioa. Erabat obsesiboa da. Lan eta lan besterik ez du egiten». Eubak baietz, nagusiki izerdia zela berak jartzen zuena. «Entitate erreflexibo bat ziren orduan Itziar eta Sergio [Prego]. Ni gehiago naiz egitekoa pentsatzekoa baino. Edo behintzat orduan hala nintzen». Okarizek irribarre: «Bai, bai, hori orduan izango zen, ze azken aldian ez dizkiguzu testuak besterik bidaltzen! Arteari, sistemari eta beste hamaika konturi buruzko gogoetak eta gogoetak».

Olagarro garuna

Ohituta daude taldean aritzera eta elkarri lanak erakustera. Erabat. Ideia ñimiñoena duten momentutik jartzen dute martxan makina. Okariz: «Guretzat ez da batere zaila. Erabatekoa da bakoitzak bere lanaren gainean duen erantzukizuna, baina autoretzaren mugak lainotu xamar ditugu. Afektu handiz begiratzen dugu bestearen lana, gurea balitz bezala. Erabili egiten dugu bestearen gogoa, bestearen gorputza, bestearen inpultso sortzaile guztia. Oso teknika ona da. Nik badakit nola hartzen duen kamera bat berak, badakit nola hartzen duen kamera bat Robertok. Nik badakit nola begiratzen duten eta badakit bakoitzari zer eskatu. Batzuetan ongi dago nola begiratzen duen ez dakizun jendearekin lan egitea ere... Gertatzen dena da sortze prozesuan hasi zarenean beste pertsona batzuekin garun multiple moduko bat zarela, olagarro moduko zerbait». Beraz, bi artista, baina artista bakarra dira? Barreak. «Ez genuke hori esango, baina bada denok batera artista bat osatzen dugula dioenik».

Euba eta Okariz. Katua ahaztuta, bi dira orain sofan daudenak, baina gehiago izan zitezkeela diote. Izan ere, Donostian elkarrekin bizi izan zirenez geroztik hazten joan da konplize sarea. Erdi brometan hasi du Eubak serio bukatutako azalpena: «Ezaugarri industrialak hartu ditu honek! Jende asko gaude. Ez du zer ikusirik erakusketak egitearekin, ez galeria batean aritzearekin, ez beste ezerekin. Lana da oinarria. Zu lan esperimental bat egiten ari zara, eta ni ere beste lan esperimental bat, bakoitzak badaki zein den bestearen interes gunea, eta elkartu gaitezke proba bat egiteko eta ideiak partekatzeko». Eta dioenez, bereziki indartsua da jarrera hori euskal Herrian. Hemen baino ez du ezagutu halakorik Eubak. «Estatuaren gainontzeko lekuetan badirudi jendeak bere burua zikiratzen duela. Badirudi iritziek jendea txikitu egiten dutela. Hemen, aldiz, badugu konfiantza nahikoa besteekin izandako elkarrizketa horien bidez hazten joateko». Ez da belaunaldi bereko lagunen kontua soilik, gainera. Eubak dioenez, berdin hazten da gorantz eta beherantz konplizitate sare hori.

Talde ez den taldea

Haiek koadrila ez den koadrila bat osatzen dutela dio. «Nik beti izan diet herra puntua koadrilei. Koadrila da gune perfektua zikiratze sexualerako, zikiratze komunikatiborako... koadrila da hemengo funtsezko egitura sozial eta identitarioa, baina gu guztiok horri izkin egitetik gatoz, azkenean, indibidualtasuna zorrotz errespetatzen duen koadrila bat sortzen amaitzeko. Talde izateari uko egiten dion talde bat gara. Ez gara bere buruari izena jartzen dion abangoardiako talde horietariko bat. Hau, hura, bestea eta bestea gara, eta lan egiten dugu komunitate afektibo horretan, baina helburua da testuinguru hori ez zikiratzailea izatea».

Pribatuan egin ohi dutena publikoan ere egin dute inoiz Okarizek eta Eubak. 2010ekoa dute gogoan, adibidez. 40 egunez Leongo (Espainia) MUSAC museoan itxita aritu ziren lanean ordukoan Sergio Prego, Txomin Badiola eta Euba. Hamabost bat pertsona zeuden haiekin batera itxita, eta kanpoko jendea ere gonbidatu zuten hitzaldia eta tailerrak ematera. Okariz gonbidatu zuen Eubak. «ARCOn performance bat egin behar nuen, eta horri buruzko galdera pare bat egin nahi nizkion Eubari», azaldu du Okarizek. «Publikoari etengabe eskerrak ematen aritzea zen piezaren funtsa, eta mikroa zenbat makurtu erabaki nahi nuen. Mikrofonoa baxu jartzeak, nolabait ere, makurtzera egitera behartzen ninduelako. Halakoak erabaki behar nituen, eta horregatik hitz egin nahi nuen Eubarekin». Kafea edaten zeudela egin zion komentarioa lagunari: «Gero erakutsi nahi dizut pieza hori». Eta Eubak aukera baliatu: «Ez, ez, jendaurrean eduki behar dugu elkarrizketa hori. Haiek existituko ez balira bezala, baina jendaurrean. Zer hobea benetako kasu bat aurrez aurre ikustea baino!».

Performance hura erakusten zuten sei bat bideo zituen Okarizek grabatuta. Detaile txikiren bat aldatzen zen bakoitzean, baina ñabardura guztiak zaindu nahi zituen artistak, eta eztabaida baino ez zitzaion falta. Konplizeen kontrastea. Ordukoan jende aurrean izan zuten elkarrizketa, ordea, eta irribarrez gogoratzen dute biek ezer erakusten hasterako Okarizek publikoari esandakoa: «Ez zait zuen iritzia interesatzen». Barre biek orain. «Askotan ekarri didate esaldi hori gerora!». Baina azaltzen du haren funtsa Okarizek. «Niretzat iritzi guztiek ez dute balio. Akaso haiek botere ariketa bat egin nahi izango zuten, adibidez, biotako argiena zein zen ikusteko. Niri horrek ez dit balio, eta balio ez badit, ez zait axola. Iritziak niretzat baliagarri izatea da inporta zaidana. Nik badakit, adibidez, zer espazio ideologiko eta estetikotik mintzo zaidan Txomin [Badiola], nondik Euba, nondik Sergio [Prego]... Badakit, batez ere, zer espazio den bakoitzari interesatzen zaiona. Eta horregatik hobeki uler dezaket esan nahi didatena. Badakit zer espazio habitatzen duten, eta haiei sartzen utziz gero badakit norantz haziko naizen».

Kaosaren bultzada

Kontran Euba. «Nik gero eta argiago dut: frontoi bat da behar dudana», onartu du. «Ni ez naiz Itziar bezain zorrotza. Nik beste pertsonen bidez pentsatzen dut, eta kanpoan banago eta inguruan itzultzaile bat baldin badut, itzultzaile hori bilakatzen dut nire solaskide. Nik norbait behar dut, eta beraz bera izango da norbait hori. Batzuetan gustatzen zait pentsatzea sakonean berdin duela solasaldiaren kalitateak. Teknika aski garatzen baduzu, asto bati galdetuta ere erantzun zehatza emango dizu!». Ezetz Okarizek barrez. «Bera baino mesfidatiagoa naiz ni; askoz ere mesfidatiagoa».

Anekdota bat kontatzen du Eubak. «Erakusketa handia egin behar zuen museo batean artista ezagun batek, eta han zebilen mutil bati eskatu zion iritzia. Mutil hark ausardia bildu, eta esan egin zion. 'Hau, hori eta bestea aldatu behar zenituzkeela uste dut'. Artistak denei eman zien mutil hark esan zionaren berri, eta kezkatuta joan zen gaztea etxera, artista handi haren erakusketa historikoa bere kriterio pean egin behar zela pentsatuta. Horretan zebilela ez kezkatzeko esan zion beste pertsona batek. 'Galdera bera egin die beste 40 pertsonari'». Eta hortik Okarizen gogoeta: «Kontua ez da solaskidea arduraz zamatzea. Nolabait ere, solasaldiak piztu egin behar du inoren garunak kontrolatzen ez duen zorizko mugimenduren bat. Kaos elementu bat sartu, eta hor dagoena mugimenduan jartzea da kontua. Urteak pasa ditzaket ideia batekin, eta ideia hori egon daiteke geldi edo egokia ez zaion bideren baterantz joaten, baina bat-batean sortzen da zerbait. Elkarrizketak sortzen du etengabeko lan prozesu bat. Eta prozesu hori ez dagokizu zuri soilik, elementu gehiagoren menpe dago».

Norbera norbera ez denean

Baina eta konplizeak lana amaitzean zer? Okariz: «Ateratzen den bezala onartzen duzu, inoiz ez duzu pentsatzen beste aukerarik bazenik». Eubak teorikoago: «Artelanak objektibagarriak dira. Akaso zer egin nahi duten azaltzen dizutenean ez duzu ulertzen zer egin nahi duten, baina eginda dagoenean, hor dago. Denok ikusten dugu. Hizkuntza bilakatzen da orduan, eta funtzionatzen duenean funtzionatzen du, eta funtzionatzen ez duenean ez da intentzio multzo bat baino. Ez da kontua gustuko duzun edo ez, artelan bat egitate bat da. Zentzua du. Akaso ez da zure interes esparrukoa, baina zentzua dauka. Hor dago». Onartzen du Okarizek: «Batzuetan ez duzu ulertzen nondik nora doan, edo agian zure kide horrek hartuko ditu zuk hilik ere hartuko ez zenituzkeen erabakiak, baina nik jende honekin daukat sekulako konfiantza. Ulertu gabe ere neure burua eskaintzen dut horregatik: 'Zer nahi duzu nigandik? Goazen ba, baina zuk esan nora'».

Oreka ez da beti erraza, ordea. Nola izan norbera besteekin? Okarizena da azalpena: «Nor zaren jakin behar duzu. Jakin behar duzu zure lekua zein den eta zeure burua errespetatzen, zure lana zure izan dadin». Eubak baietz: «Bestela, batzuetan gertatzen da, zerbait egin eta lan horretan zeure burua ez errekonozitzea. Niri gertatu zait, eta sentsazio hori ez zait batere gustatzen». Teknika kontua da dena, dioenez.

«Irakurri dut liburu bat literatur maisu handiei buruz, eta azaltzen du nola jende horrek bere lan txikiak erakusten zizkien lagunei, baina nola ezkutatzen zuen benetako lan handia, eta nola sistematizatzen zuten zenbat ordu pasatu lanekin, zenbat lagunekin eta... Eta ohartzen zara zerbait sortu duen orok sortu behar izan duela teknologia bat ere errealitatearekin negoziatu, eta testuinguruaz baliatu eta aldi berean testuinguruaz babesteko». Eta argia da teknologia hori Euba eta Okarizen kasuan: konplizitatea da haien lan metodoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.