Historia handiko izena da Mazedonia. Antzinaroko herri greziarretako bat ziren mazedoniarrak, Helade edo greziar munduaren iparraldeko mugatzat hartzen zirenak. Alexandro Handia enperadorearen agintepean izan zuten loraldia, eta Erromatar Inperioaren inbasioarekin, berriz, gainbehera. Ordutik, Antzinaroko herri eta erresuma haren gutxi gorabeherako eremuaren izendapen geografikotzat gelditu zen Mazedonia, Balkanen bihotzean, eta etnia anitzentzat izan da bizileku mende luzeetan. XX. mendearen bukaeran, ordea, errepublika independente bat sortu zen izen horrekin. Ordutik, baina, arazoak izan ditu nazioartean jarduteko, Greziak ez diolako utzi izen hori erabiltzen. Arazo horietako bat izan da EB Europako Batasunarekin bat egitea. Joan den hilean, ordea, bi herrialdeetako gobernuek akordio bat egin zuten errepublikari izena aldatzeko. Ipar Mazedonia da hitzartutako izena. EBko kide bihurtzeko bidea erraztuko duen esperantza dute Mazedoniako agintariek, baina gatazka hori oraindik ez da bukatu.
EBk konponbide hori babestu du, eta, Albaniari bezala, Mazedoniako Errepublikari hitzeman dio heldu den urteko ekainean hasiko dituztela batasunarekin bat egiteko elkarrizketak. Izenaren auziak, ordea, traba handiak ditu oraindik gainditzeko, Mazedonian eta Grezian mugimendu handiak sortu baitira beren gobernuek hitzartutakoaren aurka. Mazedoniako Gobernuaren asmoa da gaia erreferendumera eramatea udazkenean. «Izenarena ez da Mazedoniak duen arazo bakarra EBranzko bide garbi eta baldintzarik gabeko bat izateko, baina baldintza nagusitzat ezarri zitzaion», erran du Marina Andeva Skopjeko Unibertsitate Amerikarreko irakasleak. «EBko elkarrizketak gibelatzeak Mazedonia-Grezia hitzarmenaren etorkizuna baldintzatu dezake, baita eremu osoaren egonkortasuna ere».
Gordan Georgiev FON Unibertsitateko irakasleak dioenez, berriz, elkarrizketak hasteko aukerak urtebetez gibelatzeak «etsipena» eragin du herrialdeko «sektore liberalean», Europar Kontseiluaren joan den hileko bileraren aitzinetik «itxaropen handia» baitzuten konpromiso sendoago bat lortzeko, Greziarekin akordioa egina zutelako. Georgieven ustez, gibelatzeak zerikusi handiagoa du EBko herrialde batzuek batasunaren hedatzearekin duten jarrerarekin, «gehienbat» Frantziak, Herbehereek eta Danimarkak. «Herrialde horien logika ez dago zuzenean Mazedoniaren aurka zuzenduta; haien barne politikarekin dago lotuago: Europako Parlamenturako hauteskundeak hurrengo urtean, beren herrialdeetan EB hedatzeak sortzen duen aurkako jarrera, migratzaileekiko beldurra...».
Andevak eta Georgievek uste dute kontuan hartu beharko dela Greziarekiko hitzarmenak eraginik izanen ote duen herritarrek EBko kide izatearen inguruan duten iritzian. EBri oniritzia ematen dioten Mazedoniako herritarren kopurua «%80 adinakoa» da, baina hitzarmenak zalantzak sortu ditu orain. «Mazedoniak izena aldatuko du, eta anitzentzat duintasun nazionala galduko du, eta Greziaren agindu bat bete. Horrek desadostasun izugarria sortu du herrialdean, eta arriskua da desadostasun horiek erreferendumaren emaitzan islatzea». Andevak ere uste du hitzarmenaren aitzinetik iritzi publikoa EBren aldekoa zela, baina orain herritarrak banatuta ikusten ditu. «Gazteak aldekoagoak izan ohi dira, uste baitute hezkuntzarako eta Mazedoniatik kanpo lan egiteko aukerak irekiko dizkiela, baina zaharrek mazedoniar identitatearen diskurtsoari eusten diote, eta kontra daude erabat».
Banaketa hori, noski, alderdi politikoetan ere gertatu da. Zoran Zaev lehen ministroak egin du akordioa Greziarekin. SDSM Batasun Sozial Demokratakoa da Zaev, argiki europazalea, eta 2016an ailegatu zen boterera. SDSM herrialdeko bigarren alderdia da, baina lau alderdi txikiagok babestu zutelako lortu zuen gobernua —albaniarren alderdiak laurak—. Horrek alderdi nagusia, VMRO-DPMNE Mazedonia Barneko Erakunde Iraultzailea-Mazedoniako Batasun Nazionalaren Alderdi Demokratikoa, oposiziora bidali zuen hamar urte boterean egin ondoren.
Nazionalisten joko bikoitza
Alderdi nazionalista eta kontserbadorea da VMRO-DPMNE, eta Greziarekin egindako akordioaren aurka mobilizatu ditu jarraitzaileak. «VMRO-DPMNE eta haren oraingo liderra [Hristijan Mickoski] egoera deserosoan daude», erran du Georgievek. «Nominalki, Greziarekin egin den akordioaren aurka daude, eta ofizialki, EBrekin eta NATOrekin bat egitearen alde. Kontuan hartuta bi prozesuak elkarrekin lotuta doazela, akrobazia politiko handiak egin beharko dituzte dilema hori konpondu eta herrialdeko bizitza politikoan baztertuta ez gelditzeko». Andevaren ustez ere, alderdi nagusia joko bikoitz batean murgilduta dago. «2017-2020rako programan nabarmendu zuen EBn eta NATOn integratzea bere lehentasunetako bat zela, baina haien erretorikak eta ekintzek ez dituzte babesten gobernua EBra eta NATOra hurbiltzeko egiten ari den ahaleginak».
Nikola Gruevski VMRO -DPMNEko lider ohi eta hamar urtez lehen ministro izan zena—2016ra arte— maiz errusiazale gisa izendatu zuten Mendebaldeko hedabideek, baina Georgievek nabarmendu du ez zela aldendu Mazedonia EBra hurbiltzeko bidetik. «Politikari pragmatiko izugarria zen. Bi aldeekin jokatzen saiatu zen, botereari eusten saiatzen zen bitartean». 2015ean protesta mugimendu zabal eta azkar bat sortu zen Gruevskiren aurka, eta, EBren bitartekaritzarekin, VMRO-DPMNEk eta SDSMk trantsiziorako gobernu bat egin zuten, eta hauteskundeak aitzinatu zituzten. «VMRO-DPMNEren politikek egoera ekonomikoa okertu zuten, dirua xahutu baitzuen identitate kultural iruzurrezko bat eraikitzeko, administrazioan eta justizian erreformak egin, ustelkeriaren aurka borrokatu eta giza eskubideak babestu eta sustatu beharrean», adierazi du Andevak. Gruevskiri maiatzean bi urteko espetxe zigorra ezarri zioten, ustelkeria egotzita.
Andevak aipatu duen «identitate kultural iruzurrezko» hori, berriz, gaur egungo Mazedoniako Errepublika Antzinaroko erresumarekin eta haren sinboloekin lotzeko joera da —Alexandro Handia enperadorearen irudiarekin, errate baterako—. Hori da, hain zuzen, Greziako nazionalistek iparraldeko errepublikari Mazedonia izena ukatzeko argudiatu duten arrazoietako bat —bertzea, berriz, Mazedoniako Errepublikak izanen lukeen ustezko asmo irredentista, Greziak Mazedonia izeneko eskualde bat baitu iparraldean—. Lehenbiziko eslaviar herriak VI. mendean ailegatu ziren Mazedoniara; beraz, errepublikako gaur egungo biztanleek ez dute inolako loturarik Antzinaroko mazedoniarrekin.
Greziako nazionalistak, ordea, urrutiago doaz, eta mazedoniar etnia existitzen dela ere ukatu egiten dute. Mazedoniako eslaviar izendatu ohi dituzte. Bigarren Mundu Gerraren aitzinetik gaur egungo Mazedonian egin zituzten erroldetan, eslaviarrak serbiar edo bulgariar gisa izendatu zituzten. Aldaketa erabakigarria mugimendu komunistak sortu zuen. Serbiako, Bulgariako eta Greziako estatuek eremua kontrolatzeko zituzten interesei aurre eginez, Mazedonia aparteko herritzat aldarrikatu zuten, eta, II. Mundu Gerran Jugoslaviako partisanoek eremua askatu ondoren, Mazedoniako Herri Errepublikaren sorrerak identitate etniko mazedoniarra errotu zuen. Gaur egun, eztabaida historiko, antropologiko eta filologikoak goiti-beheiti, finkatuta dagoen errealitate bat da. «Oker dago Mazedoniako eslaviar erratea, eslaviarrak banatzen dituena ez baita herritartasuna», azaldu du Andevak. «Ez zenuke Serbiako eslaviar edo Errusiako eslaviar erranen; serbiar eta errusiar erraten diezu».
Mazedoniako herritar guztiak ez dira mazedoniar etniakoak, ordea. %25 inguru albaniar etniakoak dira, eta independentziaz geroztik gatazka larriak piztu dira bien artean. Unerik okerrena 2001. urtea izan zen, NLA Nazioa Askatzeko Armadaren eta estatuko indarren arteko gatazkaren urtea —bake akordio bat sinatu zuten, eta NLAk armak utzi zituen—. Parlamentuko sei alderdietatik lau albaniarrak dira gaur egun—botoen %18, guztien artean—, eta gobernu guztiek beti alderdi albaniarren baten babesarekin agindu dute. Albaniarren aldarrikapen historikoek, ordea, ez dute bilakaera bera izan gobernu guztiekin. NLArekin piztu zen gatazkan, Mazedoniako alderdi nagusien beldurra izan zen albaniarren artean errepublikatik bereizteko joera azkartzea, Kosovoren ereduari jarraikiz —ipar-ekialdean eta ekialdean dira gehiengoa—. Mazedoniar nazionalisten artean guztiz ezabatu ez den beldurra da hori.
Albaniarrak, EBrekin
Alderdi albaniarrek, berriz, etnia albaniarra Mazedoniako Errepublikaren herri eratzaile gisa onartzea nahi dute, mazedoniar etniaren pareko, eta ez gutxiengo etniko gisa. Bide horretan, Zaeven gobernuak bultzatuta, parlamentuak urte hasieran onartu zuen albaniera estatu osoan ofizial izendatzea —albaniarrak gehiengoa diren eremuetan zen hala—, baina horrek mazedoniar nazionalisten haserrea eragin zuen, eta Gjorge Ivanov presidenteak ez du legea sinatu oraindik; hain zuzen, Greziarekin egindako akordioarekin ere gauza berbera egin du, aurka dagoelako.
«Mazedoniako albaniarrek izenaren gatazka ezberdin ikusten dute, ez baitie zuzenean eragiten identitatearen inguruko auziak», azaldu du Andevak. «EBren eta NATOren aldekoak izan dira beti; albaniarren alderdi guztiak [Greziarekiko] hitzarmenaren aldekoak dira, eta prozesua babesten ari dira arrakastaz bururatu dadin. Uste dut beren jarraitzaileen artean mobilizazio handi bat bultzatuko dutela erreferenduma arrakastatsua izan dadin». Udazkeneko galdeketak, beraz, garrantzi erabakigarria izanen du Mazedoniak etorkizunean hartuko duen bidean.
Bihar: Bosnia eta Herzegovina.
UDAKO SERIEA. Mendebaldeko Balkanak, EBra bidean (IV). Mazedonia.
Izenak erabakiko du etorkizuna
Europako Batasunak hitza eman dio Mazedoniari 2019ko ekainean hasiko dituztela bat egiteari buruzko negoziazioak. Baldintza bat nahitaez bete behar du, ordea: Greziarekin izena aldatzeko egin duen akordioa indarrean sartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu