UDAKO SERIEA. Hizkuntza baterako bidaia (II). Fernando Rey.

Itzal jokoetan aritzea

Ia berrogei urte daramatza Fernando Reyk itzulpen lanetan, italieraren eta euskararen artean. Lotsaz onartu du ez dela bidaiatu zalea, baina liburuak baliatzen zaizkio Danteren hizkuntzaren munduan murgiltzeko, betiere ofizioa ilunpean mantenduz.

'Zerua gainbehera dator'. Lorenza Mazzetti Florientziako idazlea eta Fernando Rey eta Xabier Olarra itzultzaileak. Erromara joan 2013an, eta autorearen etxean izan ziren, Zerua gainbehera dator liburua euskaratu baino lehen. BERRIA.
Yasmine Khris.
Iruñea
2022ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
«Urteak dira langile ikusezinez osaturiko armada bat lanean aritzen dela irakurleen plazer hutserako. Itzultzaileek «oharkabean pasatzea eta itzalean gelditzea bilatzen dute». Horixe dio Fernando Reyk (Iruñea, 1961), bere ibilbide osoan 70 lan inguru itzulita dauzkala. Egun, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Euskararako Atal Teknikoan dabil lanean, baina berak itzulitako obrak orriztatuz, Erresuma Batura bidaia dezake irakurleak, Sherlock Holmes detektibearen abenturei segika, edo Italia iparraldera joan daiteke, antifaxismoaren gorabeherak ezagutzera, edo poeta turkiar baten memorien artera. Bai baitago hizkuntzetara bidaiatzerik.

27 urterekin hasi zen itzultzaile gisa, bokazioa betidanik izan badu ere. Edo, berak dioen bezala, izan badugu, pluralean. «Iruñean batez ere, euskaldun guztiok gara itzultzaileak, ez baitago modurik herri honetan euskaraz bizitzeko itzultzaileak ez bagara». Medikuntza ikasi arren, beti izan du harremana euskal filologiarekin: irakaskuntzan aritu zen hainbat urtetan, eta, Nafarroako lehenbiziko itzultzaile talde administratiboa sortzeko aukera azaldu zelarik, oposizioak prestatu zituen. «Lanpostu hori lortu nuen beste sei kiderekin batera. Orduan hasi ginen zazpi txoro: lehen itzultzaileak Nafarroako Gobernuan». Irriz ekarri du gogora.

Italiar penintsulatik euskararen lurraldera igarotzen da Rey, hizkuntzen artean. «Italiera oso hizkuntza polita iruditu zitzaidalako, ikastea erabaki nuen. Hurbilekoa dugu». Iruñeko Hizkuntz Eskolan eman zuen izena, bertze lagun batekin, eta, berehala, Danteren mintzaira erabat erakargarria egin zitzaion. Izan ere, bere bi zaletasunak bildu zitzaizkion espazio berean: irakurtzen zituen italierazko obrak euskaratu zitzakeela ohartu zen. Ondorioz, itzulpen andana landu du urteekin, eta «denetik» egin du: haur eta gazte literatura, narratiba, poesia eta saiakera.

Hizkuntzalari guziek amets egin dute noizbait ikasi duten hizkuntzan hitz egiten den herrialdea ezagutzearekin. Reyk ere bai, baina onartu du ez dela bidaiatu zalea. Halere, izan du aukera Italian gutxi batzuetan egoteko, eta oroitzapen goxoak ditu. «Lehenbiziko aldian, kontaktua egin nuen hiriburuan dagoen elkarte batekin: Associazione Culturale Euskara, Erromako Euskal Etxea izenekoa, euskaltegi modukoa dena. Unibertsitate popolare bat zen, irekia eta askotarikoa, eta hango ikasleek plazer hutsagatikikasten zuten euskara. Oso esperientzia bitxia izan zen: hitzaldi bat eman nuen italieraz, bi hizkuntzen arteko loturari buruz, eta ezagutu nituen hango... erromatarrak!», azaldu du, nostalgia ariketa batean. Ondotik, bertze bitan itzuli zen, beti Erromara. Ez da sekreturik: bide guziak hara doaz.

Italiar idazleei dagokienez, sarritan erran izan da Elio Vittorini idazlea ez zela inoiz joan Ameriketara, nahiz eta estatubatuar anitzen lana itzuli. Hari jarraikiz, Reyk iritzi bera du itzulpengintzari eta (ez)bidaiatzeari buruz. Izan ere, bidaia beharrezkoa ote den ari da berekiko, eta, anartean, bertze tresnetan atzeman du plazera. «Esan dezagun literaturak aukera ematen duela bidaiatzeko, autoa edo hegazkina hartu gabe. Arriskurik edo mugitu beharrik gabe, azken finean». Iruñeko Txantrea auzotik trankil aritzen da, bere bidaia propioa osatzen. «Liburuen bidez, beste toki edo garai batzuetan murgil gaitezke; beste buru-bihotz esperientzia edota sentimendu interpretatzen ahal dugu», ziurtatu du.

Orrien ispilua

2014an, Lorenza Mazzetti zinema zuzendariari eta idazleari egin zion bisita, Xabier Olarra lankidearekin batera. Igela argitaletxeak haren obra bat argitara eman zuela eta, kontaktua egin zuen Florentziako autorearekin, eta elkarrizketa bat egin zioten bere etxean bertan, Argia aldizkarirako. «Harreman polita sortu genuen, eta gero gonbidatu gintuen berera. Handik urtebetera itzuli nintzen andrearekin eta seme-alabekin, eta elkarrekin afaldu genuen, denok eta haren kuadrillak. Poeta kuadrilla zen, jende xelebre samarra». Momentu bitxitzat dauka oroimenean oraindik, «gutxitan bezalakoa». Bazkariaren alaitasunetik harago, bizi latza eta gogorra izan zuela Mazzettik, horixe laburbildu zuten elkarrizketan: jaiotzean ama hil zitzaion, eta aita istripuz handik urte gutxira, naziek izeba eta lehengusinak tiroz hil zituzten, eta pobrezian bizi zen. Ke bihurturik bidali zuten zerura idatzi zuten Reyk eta Olarrak, 2014an. «Zerua gainbehera dator liburuan [Igela, 2013], bere txikitako esperientzia kontatzen du, ikaragarri gogorra. Sekulako trauma eragin zion tragedia bizipen horrek». Reyk itzuli zuen liburua.

Italiar idazle aski itzuli ditu Reyk, literatura garaikidearen zerrendan: Antonio Tabucchi, Andrea Camilleri, Nanni Ballestrini, Alessandro Baricco, Susanna Tamaro, Natalia Ginzburg, Paolo Giordano, Gianni Celati eta Elena Ferrante, bertzeak bertze.

Maite ditu itzulpen lanak eskainiriko bideak, zerikusi handia baitute identifikazioarekin. «Azken finean, idazle baten lanean murgiltzen zara, edo bere asmo, estetika, sentimendu edo ideietan». Buru osoa sartzen du orri artean, eta bere isla aurkitzen du nolabait, liburua ispilu bihurturik. «Identifikatzeko balio du, baina ikertzeko ere bai: autorea nor zen, zer egin zuen». Batzuekin atxikimendua izan du: «zortea» dela dio.

Gianni Celatiren hiru liburu atera zituen Igela argitaletxeak, errate baterako, eta Reyk bi euskaratu zituen. Bertzeetan gertatu zen bezala, egilearen aholkuez baliatu zen itzulpen prozesuan zalantza batzuk argitzeko. «Oso goxo erantzuten zuen; gutun truke mesedegarria eta lagungarria izan zen». Hain zuzen ere, aipatu du bertze askotan kontsulta bide dituela bertze hizkuntzetako itzulpenak —gaztelaniazkoak, frantsesezkoak...— euskarazkoa itzultzeko, baina Celatiren kasuan, ez. «Literatura esperimentala egiten zuen, oso gauza bitxiak, inongo hiztegietan agertzen ez zirenak».

Igela, adiskide paregabea

Guizzardiren abenturak liburuaz ari da Rey. 1972ko obra da, Igelak 2006an kaleraturikoa. Celatik koma bakar bat ere gabe idatzi zuen liburu osoa. «Honetan, imitatu nahi izan zuen eskizofreniko baten buru produkzioa eta ideazioa. Ideia zurrunbilo bat». Onartu du kostata aritu zela proiektu horrekin, artisau lanean, eta harremana egin zuen idazlearekin, dudak argitzeko. «Batzuetan, berak ez zekien nola erantzun. Esan zidan pertsona eskizofreniko bati aditu ziola ospitale psikiatriko batean, eta halaxe jarri zuela, jakin gabe zehazki zer esan nahi zuen», kontatu du. Estutasunetik ateratzeko, idazleak aholku bat eman zion: «Tonura hurbiltzeko eta hobeki egiteko, proposatu zidan Euskal Herriko psikiatriko batean sartzea eta eskizofreniko euskaldunei entzutea. Ez nuen bete, inondik inora», oroitu du Reyk, irriz.

Lanean, Igela argitaletxearekiko harremanari emana da, atseginez. Areago: jendeak behin baino gehiagotan pentsatu izan du argitaletxea berea zuela, baina laguntzaile gisa ikusten du gehiago bere burua. «Itzulpenak besterik egiten ez duen argitaletxe bat da, eta gauza on asko ekarri dizkio euskarari». Lan harremanetik kanpo, adiskide du Xabier Olarra, sortzaileetako bat, «ia-ia edozertarako prest».

'Tradittore' edo

Igelarekin plazaratu zuen Pereirak dioenez ere, Antonio Tabucchiren Sostiene Pereira-ren itzulpena, 2006an, eta 2007an Euskadi saria irabazi zuen, prozesu luze baten ondoren. «Itzulpena oso gustura egin nuen, plazer hutsagatik. Patxadan, egin, utzi, berriz hartu, gero beratzen utzi... garbantzuak uzten diren bezala». Emeki, denbora ezinbestekoa baitzuen altxorra labetik ateratzeko.

Itzultzaileei dagokienez, anitzetan aipatu izan da italierazko «traduttore, tradittore» dikotomia (itzultzailea, traidorea), argitan ezartzeko itzultzailearen dilema, lan fidelaren eta sorkuntzaren artean. Muga fin eta porotsu hori. «Batzuetan, traizioa egitea da bide hoberena itzulpen on bat egiteko; izan ere, urrundu beharra dugu jatorrizko testutik euskara ona sortzeko». Distantziakidetasunaren aldekoa egin da Rey, baina euskara atseginaren defendatzaile da beti. «Sormen lana da itzulpen lana? Tira, beti du sormenetik. Eta igual euskararen kasuan gehiago: oso hizkuntz ezberdina denez [latin hizkuntzen aldean], egiturari dagokionez, salto handiagoa egin behar, eta gehiago urrundu behar dugu jatorrizko testutik».

Elena Ferranteren Adiskide paregabea saga ospetsua ere euskaratu du Reyk. Napoliko tetralogia «potoloa» du bere lanetako bat, eta horrekin, bertzeak bertze,italierak duen berezitasunaz oroitu da. Eleberriak Napolin kokatuta daude, eta napoliera dialektoa gibelean da, protagonismo guzia hartu gabe. «Liburu batzuetan, presentzia handiagoa dute Italiako dialektoek. Kontua da italiera oso hizkuntza berria dela normalizazioaren ikuspuntutik. Duela 150 urte sortu zen bakarrik; beraz, bertako beste dialektoek pentsatzekoa ematen dute itzultzerakoan». Adibide batzuk: Andrea Camilleriren siziliera —«edo Camillerik duen italiera bitxia»—, Hilabete bat Montalbanoekin eleberrian (Igela, 2011); Natalia Ginzburgen «zenbait dialekto»; Pier Paolo Passiliniren Ragazzi di vita-ren romaneskoa, Erromako dialektoa —lan hori du esku artean oraintxe—. Berehala, euskararen baliokidearen galdera dator orduan mahai gainera. «Zer soluzio emanen diogu horri? Baliatuko gara euskal dialektoez horiek adierazteko». Dioenez, badaude arriskuak: «Batzuetan, gehiegi marraztu edo margotuz gero euskalki batekin, irakurlea Italiatik aterako da, eta Bizkaiko edo Nafarroako mutur batera eramanen duzu, adibidez».

Graal Saindua oraindik ez du aurkitu Reyk, baina gogoetak balio izan zion euskarari eta euskara batuari bertze buelta bat emateko. «Joera handiegia dago pentsatzeko euskara batuari buruzko pertzepzioa oso itxia dela», azaldu du. «Batua da euskarak jasoriko proposamena eta Euskaltzaindiak gero eta landuagoa duena; baina batuan gauza asko sartzen dira, jendeak batutzat ez dauzkanak». Eta batzuetan, hutsuneak hartzen du lekukoa. Itzuli ezin diren hitz horiek. Itzulezinak. The Guardian egunkariak bat hartu zuen, Ferranteren tetralogian, «ia itzulezina, baina berak hitz bat ematen dio, dena dela»: smarginatura. Gainezkaldi hautatu zuen Reyk, eta erdi asmakizun bat izan dela onartu, protagonistaren fenomeno bat sentiarazteko, «denak gainezka egin eta bere ikusmenean gauzek profila galtzen dutenekoa». Itzultzaileak ere, oro har, Ferranteren parekoak direla uste duReyk. Hark bezala, nahiago dute testua izatea protagonista, eta ez testugilea. «Seinale ona da itzultzaileaz ez hitz egitea. Zubi lana besterik ez dugu egiten». Euskara argia liburuetan, eta ofizioa ilunpean: itzal jokoetan aritzen da Rey.

Bihar: Joseba Ossa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.