Urezko hobi bihurtu da azken urteetan Mediterraneo itsasoa: migratzeko asmoak hondoratzeko eremu. Eta urezko harresi ere bihurtzekotan da orain, muga zeharkaezin. Europara heldu nahi duten etorkinak artatzeko baldintzak zorrozten ari dira itsasoak bustitzen dituen herrialdeetako agintariak: migratzaileak porturatzea debekatua dute Italiako eta Maltako gobernuek, eta Espainiakoak erreskateen estrategia aldatu du, «migratzaileak heltzea saihesteko», Iridia elkarteak eta APDHA giza eskubideen aldeko Andaluziako elkarteak salatu duenez. «Lurreko mugak militarizatu zituzten lehenik», gogoratu du Paola Arenas Gomez Alarm Phone elkarteko kideak. «Eta itsasoa militarizatzen ari dira orain».
Europako migrazio politiken ondorioz milaka migratzaileren egoera «jasanezina» dela salatu zuen joan den astean Mugak Zabalduz karabanak Andaluzian. Bidaia horren harira, inguru hartan izan da BERRIA, eta sortu den egoera aztergai izango du aste honetan, erreportaje sorta batean.
Izan ere, kontinenteko gainerako mugak itxita, Europarako sarbide nagusi bihurtu zen iaz Espainiako hegoaldea. APDHAren arabera, 64.000 pertsona baino gehiago iritsi ziren: 57.500, itsasoz, Cartagena (Murtzia) eta Cadiz (Andaluzia) arteko eremura, Gibraltarko itsasartea edo Alborango itsasoa gurutzatuta; lurrez sartu ziren beste 6.500 Ceuta eta Melilla hirietara. Oso igoera handia izan zen: 2017an, 28.500 pertsona heldu ziren hegoaldeko mugara, eta 2016an, 14.000. Itsasoan hildakoen kopuruak ere aurreko urteetako markak gainditu zituen: gutxienez 1.064 pertsonak galdu zuten bizia, baina 565 lagunen gorpuak ez dira agertu oraindik.
Aurten, berriz, behera egiten ari da iritsieren kopurua: Espainiako Barne Ministerioaren arabera, uztailaren erdira arte 14.667 lagun iritsi ziren hegoaldeko mugara, iaz garai berean baino %26 gutxiago. Mediterraneoa gurutzatzean arazoren bat dutenen deiak jasotzen ditu Alarm Phonek, 200 boluntario baino gehiagoko sare baten bidez, eta diagnostiko argia egin du Arenasek: «Iazko udan, egunean bizpahiru dei jasotzen genituen inguru horretatik; aurten, askoz gutxiago. Aldaketa handia gertatu da». Jaitsiera nabari dute erreskate taldeek ere. «Uda lasaiagoa izaten ari da», berretsi du Manuel Capak, Itsas Salbamenduan CGT sindikatuak duen ordezkariak. Marokoren «politika errepresiboari» egotzi diote aldaketa biek. Europako Batasunak 140 milioi euro eman dizkio Marokori, migrazio mugimenduak kontrolatzeko baliabideak eros ditzan: ibilgailuak, eskanerrak, droneak, radarrak... Espainiak jarri ditu 25 milioi uztailean. «Migratzaileak dauden basoetan eta etxeetan sarekadak egiten ari dira egunero; gero eta zailagoa da Marokotik ateratzea», azaldu du Arenasek.
Guardia Zibila agintean
Horri gehitu behar zaio erreskateetan zer aldaketa ezarri dituen Madrilek. Funtsean, Itsas Salbamenduaren jarduna Espainiako uretara mugatu du. Capak esplikatu du 35º 50' paraleloan dagoela bi herrialdeen arteko muga: iparraldera, Espainiaren urak; hegoaldera, Marokorenak. «Egia da Marokoren uretan sartu izan garela, noski, haiek baimenduta eta eskatuta, laguntza behar izan dutenean. Baina, oraintxe bertan, Espainiaren eremuan baino ezin ditugu egin erreskateak. Mediterraneoa zaintzen duten hegazkinak 35º 50'aren gainetik pasatzen dira hegan, eta iparraldera bakarrik begiratzen dute». Ekainaren 18an jo zuten alarma giza eskubideen aldeko erakundeek: 22 pertsona hil ziren Marokoren uretan, ez zelako inor joan haien bila.
Erreskateen estrategia berri hori betearazteko, Guardia Zibila txertatu dute Itsas Salbamenduaren organigraman: ontzi batzuetan poliziak sartu dituzte, baina, batez ere, guardia zibil bat jarri dute aginte gorenean. «Gure hierarkiaren arabera, ontziko patroiaren gainetik dorreko kapitaina dago, eremu bateko arduraduna; eta haren gainetik, maila gorenean, gobernuko ordezkariordea zegoen lehen, baina duela urtebete beste aginte bat jarri dute: guardia zibil bat». Capak gogoratu du Itsas Salbamendua erakunde zibila dela —Sustapen Ministerioaren barruan dago—: «Militarizazioaz ari garenean, kudeaketaz ari gara: militarrek kudeatzen gaituzte orain, jeneral batek agintzen baitu itsasoko aginte gorenaren gainetik. Setio egoera baten modukoa da». Gainera, orain, Guardia Zibila bera hasi da erreskateak egiten. Ulertezina zaio Arenasi: «Itsas Salbamendua kalitate handiko erakunde zibila da; hori edukita, zergatik Guardia Zibila? Azalpen bakarra zera da: Espainiako Gobernuaren intentzioa dela muga babestea, eta ez biziak salbatzea».
Zalantzazko jardunak ekarri ditu Guardia Zibilaren kontrol horrek, Caparen arabera: «Gure ontziak patera baten bila ateratzen dira, eta, Marokoko uretan aurkitzen badute, distantzia batera egoten dira; handik zaintzen dute, Marokoko patruila iritsi arte. Badaezpada egoten gara hor; zerbait gertatzen bada, patera iraultzen bada, adibidez, artatuko ditugu, baina marokoarrak iritsi arte itxaron behar dugu. Eta migratzaileak haiek eramaten dituzte. Teknikoki, ez da migratzaileak mugan bertan itzularaztea, baina moralki, bai». Arenasek ohartarazi du, gainera, Marokoren ontziek denbora gehiago hartzen dutela erreskateak egin beharreko lekura iristeko. «Sei edo zortzi ordura heltzen dira. Eta Marokok ez du erreskaterik egiten: paterak atzematen ditu».
Testuinguru horretan, tentsio handiko egoerak izaten ari dira bi herrialdeotako ontzien artean. Honela kontatu du Miguelek, Itsas Salbamenduko kide batek —izena asmatua da—: «Duela pare bat aste, patera bat hartu genuen Espainiako uretan, eta Marokoko patruila bat gure bila etorri zen, migratzaileak eraman nahi zituelako. Segika hasi zitzaigun... Guk aurrera jarraitu genuen, atzean utzi genituen arte; migratzaileak pozez zoratzen zeuden».
Esku gehiago
Hamar urte baino gehiago daramatza Miguelek Itsas Salbamenduan, eta dio denetarik ikusi duela: «Egoera oso gogorrak bizi izan ditugu, eta oso bakarrik egoten gara hor kanpoan». Kexu da erakundeak funtzio asko dituelako, eta baliabide gutxi: «Migratzaileak erreskatatzeaz ez ezik, itsasoan gertatzen diren istripuak eta ezbeharrak artatzeaz ere arduratzen gara: kayakean doan bat galtzen denean, edo laketontzi bat hondoratzen denean, edo arrantzontzi bat matxuratzen denean, edo ur azalean kutsadura fokuren bat agertzean...». Askotariko lanak. «Eta horretarako guztirako, 40 pertsona soilik daude hegoaldeko muga osoan», erantsi du Capak.
Hain justu ere, iazko udan, Más manos, más vidas (esku gehiago, bizitza gehiago) kanpaina abiatu zuen CGTk, prekaritate hori agerian uzteko. Ez zen alferrikako leloa, ontzi bakoitzean beso bakarra jardun baitzen asteetan, dozenaka lagun uretatik ateratzen. Izan ere, Itsas Salbamenduaren ontziek hiru kide baino ez dauzkate: patroia, mekanikoa eta marinel bat. Capa: «Segurtasun irizpideen arabera, eraman daitekeen gutxieneko eskifaia da hori; hala ere, inguruko ontziak gainetik ibiltzen dira: Andaluziako Juntako ontzietan bost laguneko tripulazioa dute, eta Guardia Zibilarenean, seikoa». Eta hiru izateak nabarmen mugatzen du erreskateetako jarduna, soilik marinela atera daitekeelako kabinatik. Miguel: «Patroiak ezin du inoiz ontziaren agintea utzi, ezta marinela uretara erortzen bada ere; hau ez da auto bat, ezin zaio frenoa jarri: itsasoan etengabe kontrolatu behar da ontzia, are gehiago inguruan jendea dagoenean».
Eta marinelak esku bakarrarekin atera ditzake pertsonak uretatik: «Beso batekin barandari heldu behar diot, neu ez erortzeko, eta bestearekin jendea uretatik atera, olatuen indarra aprobetxatuz: 80 kiloko pertsonak izan daitezke. Gurean oso ohikoak dira sorbaldako lesioak». Ehun pertsona inguru garraia ditzakete horrelako ontziek; 130 gehienez. Miguelek 147 lagun eraman zituen behin salbaontzian: «Hiru patera erreskatatu genituen; ez zegoen beste aukerarik». Migratzaileak ontzira igotakoan ere ez da errazagoa izaten: «Gertatu izan zait pertsona batek konortea galtzea ontzi erdian, eta nik ezin laguntzea, besteak igotzen jarraitu behar nuelako. Eduki izan ditut bi haur besoetan, zer egin ez nekiela. Zeren etengabe mugitzen ari den ontzi batean, non uzten da hilabete gutxiko ume bat?».
Joan den udan, behin-behinean, eskifaian beste kide bat jarri zuen gobernuak: laugarrena. Caparentzat, ez da nahikoa: «Espainiako Poliziak 200 kide inguru bidali zituen indargarri gisa lurrera, baina itsasoa ez zuten ia indartu. Eta uretan ere jende gehiago behar dugu; are gehiago, halako egoera kritikoak ditugunean». Ez baita jardun erraza: Itsas Salbamenduko kideek 24 orduz egiten dute lan astebetez, eta, gero, zazpi eguneko atsedena hartzen dute. Halako bi txanda daude, eta beste bat eskatzen ari da CGT. «Lankideak fisikoki eta psikologikoki deskargatzen lagunduko luke. Lesio fisikoekin ez ezik, buru osasuneko arazoekin ere badaude asko», adierazi du Capak. Miguelek berretsi du lanak eragin handia duela beren bizitzan: «Patera bat jaso duzu, eta migratzaileetako batek esan dizu bere aita beste batean datorrela atzetik, beste 40 lagunekin. Eta zu ezin zara luze egon zain, erregaia amaituko zaizulako... Alde egin behar duzu... Eta gero etortzen zaizkizu dudak: Ondo egin dut? Denbora gehiago geratu behar nuen? Zer gertatu da agertu ez den jende horrekin?».
«Gobernuek ez daukate borondaterik harrera duina atontzeko»
Bihar: Lehorreko harrera.
UDAKO SERIEA. Mediterraneoko mugan (I). Itsasoko erreskateak.
Itsasoa harresi bihurtzen denean
Migratzaile gutxiago iristen ari dira aurten Espainia hegoaldeko mugara, Maroko migrazioa zapaltzen ari delako eta Madrilek irizpide berriak jarri dituelako. Egoera aztertzen izan da BERRIA Andaluzian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu