Edorta Jimenez idazlea (Mundaka, Bizkaia, 1953) 1984an atxilotu zuten, eta, garai hartan Guardia Zibilaren kuarteletan ohikoa izaten zen tratua zazpi egunez pairatu ostean, libre utzi zuten. Baina, lehenago, han buru egiten zuen guardia zibilak bi gauza oso argi utzi nahi izan zizkion Jimenezi: bata, Sabino Aranak «alderdi espainolista bat» sortu zuela; bestea, Arana «inpotentea» zela, eta hura hil ostean haren alarguna karabinero batekin ezkondu zela eta hiru seme-alaba izan zituela.
Askotan idatzi da, gatazka armatuetan, emakumeen gorputzak konkistaturiko lur, borrokagune eta zigorrerako esparru bilakatu ohi direla. Aranaren alargun Nikole Atxikallende Iturrirekin (Sukarrieta, Bizkaia, 1873 1951) horixe gertatu zen: frankistak Bizkaian sartu zirenean, atxilotua izan zen, eta zuzenean pairatu behar izan zuen faxisten jazarpena, baina, horretaz aparte, sinbolikoki ere erabili nahi izan zuten euskal abertzaletasunaren kontra egiteko. Haren inguruan gezurra hedatuz, Aranaren eta, hortaz, abertzaletasunaren antzutasunari espainiar armadunen gizontasuna kontrajarri nahi izan zioten. Eta, kontakizun horretan, Atxikallende mutu, desagertu, ikusezin lotu nahi izan zuten. Erabilia izan zen, eta, aldi berean, ostendua eta desagerrarazia.
Pandemiak behartutako itxialdia baliatu du Jimenezek Atxikallenderen benetako istorioa idazteko. Dioenez, sukarrak hartuta jardun du, «bulkadaka, modu zoroan», egunean 15.000 karaktere inguru idatziz, hamar-hamabi orduko saiotan, eta Joseba Agirreazkuenaga historialariari esker aspalditik bildua zuen materiala erabilita. Liburua laster plazaratuko da. Lehenago, baina, BERRIA Jimenezekin elkartu da, Sukarrieta eta Busturia (Bizkaia) lotzen dituen lurraldean: «[William] Faulknerren istorioak bezala, hau ere pare bat kilometro koadroko eremu batean gertatzen da».
San Antonio hondartzan hasi ditu Jimenezek azalpenak, Sukarrieta eta Busturia udalerrien artean, udalekuetatik gertu. Mundakako itsasadarraren beste aldean, euri langarraren artean, Kanala auzoa ikusten da: «Garai hartan, ehiza oso ohiko jarduera zen Bilboko burgesiako kideen artean, eta Sabino Arana eta Luis anaia askotan joaten ziren hara, basurdetan. Normalean, Kafranga izeneko baserrian hartzen zuten ostatu. Behin, 1897an, Kanalako jaiak ospatzen ari zirela, Arana anaiek ikurrina jarri zuten; norbaitek salatu, eta guardia zibilek kendu egin zuten. Hori zela eta, Gernikako epaileak Sabino Arana deitu zuen deklaratzera».
Edorta Jimenez, Sukarrietako hilerriaren aurrean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Geroago, Arana itsasadarraren ezkerraldeko beste etxaguntza batean hasi zen ostatu hartzen Urdaibaira etortzen zenean. Etxe hark Abiña zuen izena, eta San Antonio hondartzatik metro gutxira zegoen, gaur egun BBKren udalekuak dauden lekutik oso gertu. Hango nagusi Jose Maria Atxikallendek zazpi seme-alaba zituen, eta haietako bati, Monikari, eman zioten Aranaren gelaz arduratzeko lana: «Haren ondorengoek diote Sabino harekin maitemindu zela, hark uko egin ziola, eta orduan Sabino beste ahizpaz interesatu zela, baina auskalo». Edonola ere, Arana laster hasi zen alaba gazteenarekin harremanetan, Nikolasarekin Aranak Nikole deitzen zion, hark asmatutako izendegiaren arabera.
Harreman hura «oso erromantikoa» izan zen, Jimenezen hitzetan, eta laster zeresana eman zuen. Bilboko prentsan argitaratu zen «Bilboko politikari ezagun bat» ikusi zutela «Busturian paseoan emakume baserritar apal batekin». Zurrumurruak uxatzeko, Arana Sukarrietako beste etxe batera aldatu zen, baina harremanari eutsi zioten.
Harreman hura, ordea, ez zen denen gogoko izan: «Familiak aurka egin zion [Aranari], eta alderdiak ere bai, Nikole haren mailakoa ez zelakoan. Hori kolpe itzela izan zen Sabinorentzat. Sabinok erantzun zien bizkaitarren noblezia baserritik datorrela, eta nor nobleagorik baserritar emakume bat baino?».
«Nikole Atxikallendek ia ez zekien gaztelaniaz», azaldu du Jimenezek. «Aranak lehenengo gutunak euskaraz egin zizkion: euskara arruntean, ez berak egiten zuen euskara asmatu hartan. Benetako euskaran egiten dio, ahal duenik eta benetakoenean».
Ezkontza sekretua
Abiña etxearen ondoan, San Antonio ermita zegoen. Hura da Edorta Jimenezen ibilbidearen hurrengo geltokia, hantxe ezkondu baitziren Sabino Arana eta Nikole Atxikallende, 1900eko otsailaren 2an. «Ezkontza sekretua izan zen. Eguna eta lekua zeintzuk izango ziren goiz hartan berean esan zien Sabinok Nikoleren gurasoei, ez zuelako nahi inguruko jenderik etortzea baserritar huts batekin zelan ezkontzen zen ikustera. Apaiza ere berak hautatu zuen, eta ezkontzan erabili beharreko euskarazko hitzak ere berak idatzi zituen. Gonbidatu bakarrak izan ziren anaia, arreba, emaztearen ahizpetako bat eta lau ilobak; beste inor ez».
«Nork eta noiz asmatu zuen [Atxikallenderi buruzko] gezurra? Eta zergatik sinetsi zuten?»
Edorta Jimenez. Idazlea
Ezkonbizitza ez zen gozoa izan senar-emazteentzat. Ezkonbidaiatik hasita: Lourdesera (Okzitania) joan ziren, Arana oso gaixo zegoela, eta, hark alderdikide bati idatzi zion moduan, gutxik egin zuen ezkontzarekin batera hiletak ere egin behar izan ez zituztenean. Gero, Aranaren jarduera politikoa; EAJren sortzailea birritan egon zen espetxean, bigarren aldian jada ezkondurik zegoela, eta mende hasierako euskaldun arrunten pentsamoldean laido lotsagarria zen espetxetik igaro beharra: Atxikallende inoiz ez zitzaion senarrari espetxera bisitan joan.
Aranak eta Atxikallendek ez zuten umerik izan, baina, Jimenezen arabera, frogatuta dago gutxienez bi abortu izan zituztela: «Abortu baten testigantza Sabinok berak ematen du gutun batean: 'Jainkoak nahi izan zuen guri umea eman, eta Jainkoak berak nahi izan zuen umea kendu bidean zetorrela'. Nik beste baten zantzuak topatu ditut».
Eta, gero, Aranaren gaixotasuna; gogorra, mingarria eta «eskatologikoa», Jimenezen esanetan: «Aranaren gaixotasunaren nondik norakoak ikaragarriak dira. Addisonen gaixotasuna zuen: ohetik komunera eta komunetik ohera, zikinkeria guztiak tartean. Medikuari esaldi batean laburbiltzen dio: 'goizero esnatzen naiz galtzak odolez eta zornez zikindurik'. Eta Nikole han egon zen beti. Emazteak zenbat sufritu zuen ez dago esaterik».
Nikole Atxikallende eta Sabino Arana, 1900. urtean. EUSKALDUNAA / WIKIMEDIA
Arana 1903ko azaroaren 25ean hil zen, Sukarrietan. Hil zeneko etxea erakutsi du Jimenezek: errepide ondoan dago, gaur egun Sukarrietako batzokia dagoen tokitik gertu. Hil aurretik, testamentua egin zuen Aranak, eta zeukan guztia alargunari utzi zion; lursailak, batez ere: «Sabinok eta Luisek diru guztia galdu zuten propaganda politikoa eginez, eta Luisek ez zuen ondo hartu Sabinok Nikoleri dena utzi izana. Hurrengo urteetan ez zion bakerik ematen; maiz etortzen zen Sukarrietara, bere ustez zegokiona eskatzera». Hain zuzen ere, hipotesietako bat da Atxikallende bigarrenez ezkondu zela Luis Aranak bakea eman ziezaion.
Izan ere, Atxikallende bigarrenez ezkondu zen 1910ean, ordurako 35 urte zituela. Baina senarra ez zen karabineroa edo guardia zibila bertsio hori ere zabaldu da askotan, merkantzia ontzi bateko kapitaina baizik: Eugenio Alegria Bilbao, Sukarrietakoa. Alegria 1918an hil zen, Asturiasen (Espainia), gripe espainiarrak jota. Bikoteak ez zuen seme-alabarik izan. Bigarrenez alargundu zenerako, Atxikallendek 43 urte zituen.
Espetxean
1937ko uztailean, Bizkai osoa faxisten esku gelditu ostean, eta garaituen kontrako errepresaliak hasita zeudenean, Atxikallende eta Sukarrietako beste sei lagun atxilotu zituzten, eta Larrinagako espetxera eraman zituzten; hortaz, senarra birritan egondako kartzelan egon behar izatea egokitu zitzaion. Epaiketa San Inazio egunean izan zen, uztailaren 31n EAJk 42 urte betetzen zituen egunean, hain zuzen, seguru asko epaile militarrek datu hori ezagutzen ez zuten arren—. Atxikallende eta harekin atxilotutako beste bi emakume errugabetzat jo zituzten; epaiaren arabera, «menperaldi gorri-separatistak iraun bitartean kausaren kontrako adierazpenak egin izana» izan ei zen haien delitu bakarra. Atxikallende Sukarrietara itzuli ahal izan zen. Datu horiek guztiak ezezagunak ziren orain arte, eta Jimenezek atera ditu argitara, bere ikerketari esker.
Sukarrietako hilerria da Jimenezek prestaturiko ibilaldiaren azken geltokia. Han dago lurperaturik Sabino Arana; eta han daude Nikole Atxikallenderen gorpuzkiak ere, haren izenik inongo hilarritan agertzen ez den arren. 1951ko martxoan hil zen; asko ikertu ondoren, Jimenezek jakin du zein hilobitan dagoen lurperaturik.
«Sabino Aranaren emaztea fantasia bilakatu zen, ez lekurik ez denborarik ez zeukana. Gorputzik gabeko emakume bilakatu zuten»
Edorta Jimenez. Idazlea
Hurrengo urteetan hasi zen gezurra hedatzen: «Nork asmatu zuen karabinero batekin edo guardia zibil batekin —bi bertsioak hedatu baitira— ezkondu zela eta seme-alabak izan zituela? Nork eta noiz asmatu zuen gezurra? Eta hori baino larriagoa: euskaldunek zergatik sinetsi zuten?».
Jimenezek ez dauka erantzunik galdera horietarako, baina garbi du Atxikallenderekin gertatutakoa bidegabea dela, eta historian emakume askok izandako patu bera nozitzea egokitu zitzaiola: «Sabino Aranaren emaztea fantasia bilakatu zen, ez lekurik ez denborarik ez zeukana. Gorputzik gabeko emakume bilakatu zuten». Eta 1984 urrun hartan guardia zibil hark esandako hitzak ere ez dauzka ahazteko: «Horren atzean dagoen mezua argia da: euskaldunok kaka hutsa zarete; larrurik ere ez duzue jotzen. Guardia zibila, berriz, hiper-arra da. Iruditeria faxista espainol ortodoxo horrekin jokatzen dute, eta okerrena da beste batzuk, gezurra sinetsiz, horretan erori direla».
Bihar: EAJren azken 40 urteetako ibilbidea.