Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finaletan baino ez da egon Bilbo Arena aretoan Josune Aramendi Perez (Markina-Xemein, Bizkaia, 1994). «Azkenengoz, iaz», zehaztu du. Hantxe egin du hitzordua kazetariak, nahita. «Oso leku berezia da. Tira, txapelketa bera da berezia Bizkaiko bertsolariontzat». Zehazki, baina, 2016ko finala geratu zaio buruan iltzatuta Aramendiri: orduan iritsi zen lehenengoz finalera Nerea Ibarzabal bertsolari eta laguna. Baina badira arrazoi gehiago ere: Jone Uriaren bakarkako lana, kasurako.
«Betirako markatuta geratu zait final hori. Burbuila batean egon ginen», oroitu du. Etxahun Lekuek jantzi zuen txapela orduan, eta seigarren egin zuen Ibarzabalek. Hainbat bertsoaldi gogoangarri utzi zituen saioak berak, baina, bereziki, Uriaren bakarkako lanak eman zion arreta Aramendiri: «Bertsoaldia entzuten ari nintzen bitartean, pentsatu nuen: 'Uau, Jone'».
Goizaldean, parrandatik bueltan, etxera bidean doan gizonezko baten larruan abestu behar izan zuen Uriak. Emakume baten atzetik zihoan gizonezkoa, eta emakumeak haren pauso hotsak entzutearekin batera ibilkera azkartu zuela ohartu zen. Gaiari heltzeko ikuspuntu bitxia izan zen, Aramendiren ustez: «Ordura arte entzunak nituen halako gaiak, baina sekula ez gizonezko baten roletik kantatuta. Markatuta geratu zitzaidan».
Emozio ugari eragin zizkion ikuspegi aldaketa horrek: «Barrenak mugitu zitzaizkidan. Sekulako hotzikara sentitu nuen». Uriak berak egoera nola deskribatu zuen ere deigarria egin zitzaion bertsolariari: «Oso bertsoaldi bisuala da, guztiz deskribatzailea: gizonezkoak atzetik ikusten du emakumea, eta hiru bertsotan istorio oso bat kontatzen du, hasi eta buka».
Bertso sortarekin «oso identifikatuta» sentitu zen Aramendi: «Neska hori ni izan nintekeen. Uste dut aretoan geunden emakume guztiok izan genuela sentipen bera: sarritan begiratu izan dut atzera ea norbait zetorren begiratzeko, nik ere bizkortu izan dut pausoa etxera ahalik eta azkarren iristeko...». Eta gaur egun ere, egoera antzekoa dela uste du: «Zazpi urte igaro dira ordutik, eta egoera, tamalez, berbera da. Aurrerantz goazela dirudi, baina erasoak hor daude, baita beldurra ere. Orain, gainera, kontzienteago naiz beldur horretaz. Inertziaz egiten dugun zerbait da».
Bertso horiek Bizkaiko Bertsolari Txapelketako final batean abestu izanak ere badu esanahi berezia, Aramendiren iritziz: «Finala bozgorailu bat da: zabaldu nahi duzun mezua hor geratuko da betirako». Zehazki, 4.150 bertsozale elkartu ziren Bilbo Arena aretoan. «Gai hori jartzea ere ez zen kasualitatea izango; baina argi daukat guztiz bertsoaldi desberdina izango litzatekeela Uriak abestu beharrean gizon batek edo beste bertsolariren batek abestu izan balu», gaineratu du. Hirugarren egin zuen orduan Uriak. «Hortxe-hortxe egon zen buruz burukora sartzeko», zehaztu du Aramendik. Lekue eta Xabat Galletebeitia igaro ziren buruz burukora: Uriarengandik sei puntura geratu zen Galletebeitia.
«Memoria lan bat» egin ostean hautatu du bertsoaldia Aramendik: «Buruari bueltaka hasi, eta betiko bertsoaldiak etortzen zitzaizkidan gogora: bertso biralak, mundu osoak buruz dakizkienak... Beste zerbait aukeratu nahi nuen, eta bertsoaldi hau berezia da oso».
Gaztetatik erreferente
12 urte ingururekin hasi zen bertsotan Aramendi, eta handik gutxira izan zuen Uriaren berri: «Nire lehenengo plazetan ezagutu nuen Jone: Bizkaiko Eskolartekoetan, BBK Sariketetan... Gu txikien mailan egoten ginen, eta bera nagusietan, Miren Amurizarekin, Arrate Illarorekin... Horiek ziren gure erreferente orduan, baita gaur egun ere».
Azken urteotan, gainera, bertsolariak «jauzi itzela» egin duela iruditzen zaio: «Beste maila batean dago: argudiaketarako eta arrazoiketarako gaitasun beldurgarria dauka. Asko gustatzen zait». Era berean, bertsoetan aldarrikapenetarako tartea ere hartzen duela uste du: «Sarritan aipatzen du periferia, erdalguneko bertsolarien motxila hori... Ahots garrantzitsua du bertso munduan». Horren erakusgarri da joan den urteko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean abestu zuen bukaerako agurra: «[...] Erdalguneko bertsolarien/ motxilatxoa soinean/ inoiz txantxa bat ta eszeptizismo/ puntu baten ordainean/ baina ez nuke gatzik bota nahi/ ixtear den orbainean/ soilik amets bat, esperantza bat/ denbora joan heinean/ finalak jartzen ditugun hontan/ Barakaldon, Iruñean/ ia aldaketa noiz sumatzen den/ baina oholtza gainean».
Bertsozaleen artean, baina, hainbatetan aipatu izan da haren lanak ez duela behar besteko aitortzarik izan. Aramendik ere bat egiten du horrekin: «Nik sarritan izan dut sentsazioa haren bertsoaldiak beste bertsolariren batek abestu izan balitu askoz ere oihartzun handiagoa izango luketela». Alabaina, horri ere buelta ematen ari zaiola iruditzen zaio: «Sekulako lana egin du Bertsolari Txapelketa Nagusian, eta ari da beste batzuen gainetik nagusitzen».
Lehenago ez bada, abenduaren 16an itzuliko da Aramendi berriro ere Bilbo Arena aretora, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala jokatuko baita orduan. Hala eta guztiz ere, oholtza gainean baino gehiago, publiko artean irudikatu du bere burua kazetaria agurtzean: «Hementxe izango naiz, ziurrenik, antolakuntzako petoa jantzita». Aukerak egon badaude, ordea. Izan ere, sarri ez du irabazten gehien arituak, baizik eta saioari ondoen erantzuten dionak.
Bihar: Oihana Aranak aukeratutako bertsoak.
UDAKO SERIEA. Lehengo lekutik bertsoa (II). Josune Aramendi Perez.
Ileak tente entzunaldi bakarrean
Bertso sorta bat aukeratzeko eskatu die BERRIAk sei bertsolariri. Horien gainean egin dute gogoeta, kantatu ziren leku berean. Gaur, Jone Uriak 2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean abestutako bakarkako lana ekarri du gogora Aramendik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu