Funtsean, gauzei hiltzen uztea da sorkuntza Igor Calonge dantzari eta koreografoarentzat (Donostia, 1974). «Inspirazio puntu bat bilatzen dut beti lanak abiatzeko; zoratzear egoten naiz ideia horrekin hasieran, eta proposamen pilo bat sortzen dut haren inguruan, baina, pixkanaka, hilez joaten da ideia hori. Ez dut inongo arazorik ideiei hiltzen uzteko, eta esango nuke hori dela nire lanaren oinarria. Hiltzen den ideiaren ondoren datorren ideia gehiago interesatzen zait beti. Hil egiten da bigarren sortu den ideia hori ere gero, eta beste bat agertzen da, hiltzen da hori ere, eta beste bat agertzen da... Dena doa eroriz, baina subkontzientean metatuz doa lanaren garapen hori guztia, eta, azkenean, sortzen den pieza beti izaten da ekoizpen momentuan bizi duzunetik gertuen dagoena». Heriotza pilaketa horren lekuko dira haren zirriborro koadernoak eta haren zaborrontziak. Ideien hilobi moduko bat, nonbaitetik, oharkabean bezala, loratzen hasia den azken ideiaren batekin.
Dantzari izan zen garai batean, baina denbora darama Calongek Cielo Raso konpainiako koreografo eta zuzendari lanetan murgilduta, eta izen horrekin sinatu ditu, esaterako, Tormenta, Jardín de Invierno eta Pereza piezak.
Dantzarien lesioengatik suertatzen zaio salbuespenen bat edo beste egitea, baina, printzipioz, utzia du jadanik dantzari rola, eta, dioenez, ez du bereziki sumatzen eszenan egotearen falta. Sorkuntza prozesua da interesgarrien zaion unea. Zirriborroen eta zaborrontzien artean eman beharreko tarte hori.
Halere, oinutsik eta kirol arroparekin hartu du BERRIA Errenteriako Dantzaguneko entsegu aretoan (Gipuzkoa). «Kanpotik begiratu, eta ideien bidez dantzariei bidea erraztea da nire lana orain». Baina, aitortu duenez, bera ere dantzan jartzea izaten da batzuetan adierazi nahi duena adierazteko topatzen duen modurik onena. «Dantzarako proposamen guztiak nireak izaten dira, baina gorputzak, haienak». Eta beti dago negoziazio puntu bat ideien eta gorputzen arteko harreman horretan.
Bidezidorrik gabe
Ideiak sakrifikatzea da sorkuntza Calongerentzat, eta, dioenez, arazorik gabe onartzen ditu heriotza horiek guztiak. Esku artean darabiltzan koadernoak dira horren froga. Hor dauzka bere zirriborro guztiak. Aurrekontu, marrazki, ideia, eguneroko egitekoen zerrenda eta koreografiari buruzko ohar nahasmen bat dira orriak. Aurkibiderik gabe. Bidezidorrik gabe. Kaosean. Izan ere, heldu nahi duen lekura heltzeko bitarteko huts bat baino ez dira ohar horiek guztiak Calongerentzat: ez die mediku batek xiringa bati dion baino atxikimendu handiagorik. «Proiektua bukatzen dudanean, zaborretara botatzen ditut koaderno hauek guztiak; zertarako behar ditut nik horiek guztiak?».
Dantzari zenean ere, sorkuntza prozesua zen maiteen zuen momentua. «Ez nintzen sekula eszenako piztia izan», aitortu du. «Nik funtzio bat bezain serio hartzen dut entsegu bakoitza». Eta Calongeren hitzetan igarri daiteke sorkuntza momentu horiek sortzen dioten lilura. «Amaiezina da espazio hori. Gauzak transformatuz joaten dira momentu horretan. Gauzak deskubritzen dituzu. Dena da berria. Operak zuzentzen zituen tipo batek esaten zuen gauzak sortzen diren unearen lehen lekukoa izatea zela beretzat hoberena, eta nik neuk hitzez hitz sinatuko nuke esaldi hori. Eraikiz eta suntsituz doazen proposamen horiek guztiak gurutzatu ostean, azkenean, jakin ere egin gabe bilatzen zenbiltzan erro hori agertzen denean, agerpen horren lehen lekukoa izatea, hori da ofizio honek duen hoberena».
Bonba bat lehertzear
Bidea bera du helburu Calongek. Aitortu du, horregatik, inoiz izan duela errezeloa prozesuak nahita luzatzen ote dituen. «Biderik luzeena eta konplikatuena aukeratzen dudala esaten dit beti bikotekideak», aitortu du, irribarrez. Gabriel Fernandes aktore eta zuzendaria du senar, eta, dioenez, kontrajarriak dira bien bideak. «Egin beharreko zuzendaritza ikasketa guztiak eginak ditu hark, eta oso funtzionala eta eraginkorra da bere lanean, baina, halere, beti lortzen du lan oso gizatiarrak egitea. Ez du puntu hori galtzen, beraz. Oso argi izaten du zer bideri jarraitu, eta oso ongi jakiten du zer egin nahi duen. Nire bidea, aldiz, askoz nahasiagoa da. Nire koadernoak kaos hutsa direla esaten dit beti, eta ikusiko balitu, burura botako lizkidake. Egia da, ordea, hitzekin lan egitea askoz ere errazagoa dela gorputzarekin lan egitea baino. Mezua askoz ere zuzenagoa eta argiagoa da beti».
Irudi gutxi batzuk badaude koadernoan, baina deskribapenak dira nagusi orrietan. Aurreko entsegu batean sortutako mugimenduak deskribatzen dituzte ohar batzuek orri batean, esaterako. Lehen oharra: «Hiru zutabe aurrean eta atzean». Bigarren oharra: «Hiru burua eta zutabea». Eta hirugarren oharra: «Lehertzen den bonba baten interpretazioa».
Bulego lana ere egin behar izaten du Calongek, eta ez du ezkutatzen lan administratibo horrek sortzen dion sakoneko asperdura. «Piezak sortzeko laguntzak urtebeteko aurrerapenez eskatu behar izaten ditut, eta, horretarako idazten ditudan dosierretan, emaitza bat aurreikusi behar izaten dut». Abiapuntua baino ez da izaten aurreikuspen hori, ordea, gero, sorkuntza prozesuak aurrera egin ahala, entsegu aretoan etengabe baitoaz ideiak sortuz eta hilez. «Sorkuntza prozesu horiek dira bizipoza ematen didaten bakarrak; ikuskizun bat egiteak dituen gainontzeko karga guztiek bizitzeko gogoa kentzen didate pixkanaka» .
Etsipen eta haserre puntu bat ere badu koreografoak. Nazioarteko bira bat dute bidean, baina laguntzarik gabe utzi ditu Espainiako Gobernuaren Kultura Ministerioak, eta kolpea izan da hori konpainiarentzat. Etxepare institutuak ematen dituen bidaietarako laguntzak baditu eskuragarri, baina eskas izan ohi direla dio. «Ekoizpenerako laguntzak ematen ditu Eusko Jaurlaritzak, eta oso ongi dago hori, baina banaketa arazo bat dago hemen. Guk Euskadin saio bakarra dugu urrian, Barakaldon, errepertorioko pieza batekin, eta, gero, hurrengo pieza Gazteszenan estreinatuko dugu azaroan. Eta kito. Hemen ez dago dantza ikustera joateko kulturarik, eta erdi hutsik izaten dira maiz aretoak. Aldiz, Hendaiara joan, eta bete-beteta egoten dira, eta berdin Hego Amerikan ere. Tradizio kontuekin lotura duten proposamenek bai, horiek izaten dute beren ibilbidea, baina besteok ez hainbeste. Eta ni zortekoa naiz, eta ez dut kexatzeko motiborik, e». Halere, koordinazio falta igartzen du laguntzak ematen dituzten bateko eta besteko erakundeen artean.
Mugimenduaren ehizan
Dantzariekin batera doa beti ideiak landuz. Entsegu aretoan. Haiekin batera. Alegia: mugimenduan doa mugimenduari buruzko oharrak hartuz.
«Agian, hasieran ematen diet besarkadak eta jauziak lantzeko kontsigna, baina, bat-batean, soilik interesatzen zait buruaren atzean agertzen den eskuaren detailea, eta, hortik, beste zerbait egitera pasatzen gara. Eta horretan ari garela, agian, burua da interesatzen zaidana, eta burua lantzera pasatzen gara, eta, hortik, belaun batera... eta, ordubeteren ostean, saturazio une bat gertatzen da, eta dantzariek galdetzen didate: 'Hasierakoarekin jarraituko dugu orduan, edo orain egiten ari garenarekin?'. Orduantxe egiten ari garena da garrantzitsuena niretzat. Laborategi momentu hori ikaragarri gustatzen zait».
Osotasuna da Calongeren beste erronka. Horregatik, bereziki zainduak izaten dira Cielo Raso konpainiaren eszenaratzeak, eta horiek ere apuntatzen ditu koadernoetan Calongek.
Ehunka eta ehunka edalontzik osatzen dute, esaterako, Tormenta piezaren eszenografia, eta banan-banan jarri behar izaten dituzte guztiak lurrean saio bakoitza hasi baino lehen, eta guztiak elkarrengandik distantzia berera: ordu eta erdiko lana kasik. Baina garrantzitsua da lan hori ere koreografoarentzat. «Nire helburua ez da dantza soila egitea. Noski, inporta zait dantza piezak onak izatea eta ongi eginda egotea, baina nik gertakizun eszeniko bat sortu nahi dut. Gorputzaren eta mugimenduaren bidez norabait eramango zaituen gertakari eszeniko bat: gogoeta eragingo dizuna, zirrara batekin utziko zaituena... Hasieratik amaierara harrapatu eta bidaia bat sortuko duen zerbait sortu nahi dut. Mugimendu hutsa ez zait hainbeste interesatzen: zerbait gehiago ere behar dut».
Sorkuntza prozesu betean dago oraintxe. Azaroan aurkeztuko dute Pequeños actos pieza, eta gustura dabiltzala dio. Ongi daki, ordea, sorkuntza prozesu guztiek beti izaten dutela krisi momentu bat. Dioenez, uneren batean beti izaten du tentazioa egiten ari den guzti-guztia zaborretara botatzeko. Lasai dago orain, ordea, eta gai da horregatik tragedia komedia puntu batez kontatzeko. «Entseguak grabatzen ditudanean, esan nahi du oso galduta nagoela. Pentsatzen dut zabor hutsa naizela zuzendari eta sortzaile modura. Neure burua zigortzen ari naizela. Eta, halakoetan, dena grabatzen dut eta obsesiboki aritzen naiz aurrera eta atzera gauzak begiratzen, eta deprimitzen naiz ezer ere ez dudalako, eta, estres eta obsesio horren erdian, bat-batean, zerbaitek klak egiten du, eta klak horretatik aurrera dena hasten da bere lekua hartzen».
Beti gertatzen zaio gauza bera. Baina, dioenez, lehen aldia izango balitz bezala bizi du gertatzen zaion aldi bakoitza. Zalantzarik ez du Calongek, ordea. Bere arrisku eta bertigo guztiekin ere, zirriborro eta zaborrontzien arteko funanbulismo ariketa hori da berak gehien maite duena.
UDAKO SERIEA Zirriborroak eta zaborrontziak (II) Igor Calonge.
Ideien heriotza
Ideiak edukitzea bezain garrantzitsua zaio Igor Calonge dantzari eta koreografoari ideiei hiltzen uztea, eta, horregatik, borroka horren lekuko dira zirriborroz betetako haren koadernoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu