Sustrai sakonak ditu sozialismoak Euskal Herrian, Bizkaian bereziki. Uda honetan bete dira 131 urte PSOEren Bilboko lehenengo batzordea sortu zela. Eta, gainera, euskal sozialismoak historikoki eragin handia izan du Espainiakoan, eta PSOEren buruzagi asko Euskal Herrian sortutakoak izan dira. Horregatik, bati baino gehiagori bitxia begitanduko zaio jakitea PSE, izendapen horrekin, duela berrogei urte sortu zela, eta 1977ko martxoaren 12an eta 13an egin zuela lehenengo kongresua.
Baina hala izan zen. Sozialistak ere, gainerako alderdiak bezala, Franco hil ostean sorturiko egoera berrira egokitu beharrean aurkitu ziren trantsizioaren lehenengo urteetan. Jose Antonio Maturana (Donostia, 1948) sei agintalditan Eusko Legebiltzarreko kide eta 1995etik 1998ra Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Lan Publiko sailburu izandakoak 1971n eman zuen izena PSOEn, eta oso gertutik bizi izan zuen prozesu hura: «Alderdia berriro eraikitzea egokitu zitzaigun 1970eko hamarraldiaren hasieran», esan du, «talde berriak sortuz, prestakuntza eskolak antolatuz, Errepublika garaiko militante zaharrak bisitatuz eta abar».
Maturanak dioenez, PSOEk Suresnesen (Frantzia) 1974ko urrian egindako XIII. Kongresua mugarria izan zen sozialismoaren berriztatze prozesuan. «Hori izan zen abiapuntua», azaldu du, «batez ere euskal sozialistek eta andaluziarrek egindako ituna, alde batean Felipe Gonzalez eta Alfonso Guerra eta bestean Enrique Mujika eta Nicolas Redondo buru zirela. Horren ostean hasi zen alderdia egitura indartsuagoa sortzen, irekitzear zegoen garaiari begira».
Andrea Micciche (Catania, Italia, 1977) Cataniako Unibertsitateko Zientzia Politikoetako fakultateko irakaslea da. 2009an, Euskadi socialista. El PSE-PSOE y la Transición en el País Vasco 1976-1980 (Euskadi sozialista. PSE-PSOE eta Trantsizioa Euskal Herrian 1976-1980) izeneko liburua argitaratu zuen. Hark uste du euskal sozialismoaren berriztatzea, batez ere 1974tik 1977ra gertatu zena, «Espainiako sozialismoaren berriztatzearen ondorio» izan zela. «Espainian ere buruzagi gazte andaluziarren belaunaldi berria agertu zen, eta irudi berria eman zuen PCEren irudiarekin alderatuta —oso zentratuta gerra egin zuten buruzagietan: Santiago Carrillo, Dolores Ibarruri Pasionaria eta abar—. PSOEk, aldiz, abokatu laboralista gazte horien irudia erabili zuen».
Mezu «erradikala»
Miccichek dioenez, trantsizioaren lehenengo urteetan PSOEren mezu politikoa «oso erradikala» zen, eta «antifrankismoaren errealitatearekin oso konektatua», batez ere hurrengo urteetan garatu zuenarekin alderatuta, eta PSOEren XXVII. Kongresua, Madrilen 1976ko abenduan egindakoa, jarri du horren adibidetzat.
«Gogoan izan behar da garai haietan Europan haize erradikalek jotzen zutela; 1968ko maiatza, unibertsitateetako erreboltak eta abar», azaldu du Miccichek. «Estatuaren egiturari dagokionez ere, diskurtsoa erradikala zen: federalismoaren aldeko apustua zegoen, autodeterminazio eskubidea aipatzen zen eta abar. Bazegoen demokraziaren eta nazio historikoen eskubideen arteko identifikazio handia».
Gainera, ezkerraren eta, bereziki, sozialismoaren arloan lehia oso handia zen: «Espainian, eta Euskal Herrian ere, ezkerreko talde mordoa zegoen, eta sozialismoak bere lekua topatu nahi zuen. Espainian, hiru alderdi sozialista zeuden, eta Euskal Herrian are gehiago, ezker abertzalea ere bazegoelako, eta, adibidez, ESB Euskal Sozialista Biltzarrea euskal alderdi sozialista izateko bokazioarekin jaio zen. Sozialistentzat, hori lehiakide zuzena zen euskal ezkerra zuzentzeko».
Horri guztiari erantzuteko, sozialismoak bere egin zituen abertzaletasunaren sinbolo eta gai asko. «Garai hartan, ikurrina, euskara, nazio eskubideak eta abar antifrankista guztien ondare ziren, ez soilki abertzaleena», esan du Miccichek. Eta sozialistak ez ziren salbuespena izan.
Miccicheren arabera, Espainiako sozialismoan Gonzalez, Guerra, Chaves eta «abokatu sevillarren» multzo horrek izan zuen eginkizuna gipuzkoarrek bete zuten PSEn. «Gehienak gazteak ziren, ikasketak zituzten, eta bazuten euskal kutsuko tradizio hori. Bizkaitarrek hobeto jasotzen zuten euskal sozialismoaren tradizioa, baina ez zuten diskurtso bat Espainiako sozialismoan gertatzen ari zen berriztatzea ekartzeko. Gipuzkoarrek, aldiz, bai. Gainera, euskal sozialista batzuek bazuten parte hartze garrantzitsua Espainiako sozialismoan: Antonio Amat, Nicolas Redondo, Enrique Mugika eta abar. Eta gipuzkoarrei utzi zieten euskal sozialismoa berriztatzeko eginkizuna. Ez zegoen gatazkarik euskal sozialismoaren eta Espainiakoaren artean, ez zegoen gatazkarik Nicolas Redondo eta Txiki Benegasen artean».
Eztabaida handia
Berriztatze horren adierazgarri nagusia 1977ko martxoko Kongresua izan zen. Donostian egin zuten, Igeldoko hotel batean, eta orduantxe hartu zuten PSE Euskadiko Alderdi Sozialista izendapena. Ez arazorik gabe, alabaina: «Eztabaida handia egon zen; ez zen kongresu lasaia izan», gogoratu du Maturanak. «Izenak, esaterako, buruhausteren bat eman zuen, batzuek ez zutelako nahi alderdiari PSE deitzea. Tirabirak egon ziren, batez ere Gipuzkoaren eta Bizkaiaren artean. Gipuzkoan, abokatu gazteen taldekoak zuzendaritzan geunden, eta bagenuen gure eragina, baina Bizkaiak zuen militante gehien. Hitz gutxitan laburbiltzeko, esan genezake ildo autonomistago baten eta langileen arazoetara lerratuago zegoen beste ildo baten arteko norgehiagoka izan zela».
PSEk garai hartan zuen jitearen adierazgarria da Euskadi socialista izeneko aldizkaria, 1975ean argitaratzen hasi zena. «Aldizkari horretan, autodeterminazioa, euskara, amnistia eta garai hartan antifrankismo osoarenak ziren gaiak agertzen ziren», azaldu du Miccichek.
Baina, denborarekin, alderdiak aldaketak izan zituen, eta, bilakaera horren ondorioz, trantsizioaren lehenengo urteetan PSEk ere defendatzen zituen zenbait planteamendu, autodeterminazio eskubidea edo Hego Euskal Herriko lurralde batasuna esaterako, albo batera geratu ziren. Zergatik gertatu zen hori? «Gauza bat da diskurtso politikoa, eta beste bat errealitatea», azaldu du Miccichek. «1977an oraindik ez dago hauteskunderik, diskurtso politikoa badago, baina ez benetako jarduera politiko demokratikorik, horretarako aukerarik egon ez delako. Eta instituzio demokratikoak eta autonomia abian jarri zirenean, gauzak aldatu ziren, eta PSE bere betiko helburuen bila itzuli zen».
Autodeterminazioaren auzian, adibidez: «1977ra arte, autodeterminazioaz hitz egiten zuten», gogorarazi du Miccichek, «baina, 1978tik aurrera, argi esaten zuten haientzat autodeterminazioa autonomia zela, eta lehenbizi CGV [Euskal Kontseilu Nagusia, autonomiaren aurreko instituzioa; Ramon Rubial sozialista izan zen presidentea] eta gero autonomia abian jarri zirenean, autodeterminazioaren arazoa konponduta zegoela pentsatu zuten». Maturanaren arabera, autodeterminazioarena «batez ere 70etako hamarraldiaren hasierako kontu bat» izan zen, baina laster alboratu zuten: «Argi ikusi genuen horrek ez zuela inolako ibilbiderik».
Beste horrenbeste esan daiteke lurraldetasunaren auziaz. Miccicheren arabera, «alde batetik dago teoria eta diskurtso politikoa, baina, gero, praktikan, nafar sozialistek ez zuten Euskadin sartu nahi. Sozialistek ikusten zuten Nafarroarena gai gatazkatsua zela, ezin zutela kudeatu 1977an uste zuten bezala. Hauteskundeak egiten zirenean, adibidez, Nafarroan ez zegoen gehiengo nazionalistarik, nafar sozialista guztiak ez zeuden bat egitearen alde, eta hor ibilbide bat hasi zen, PSE eta PSNren arteko banaketan amaitu zena».
«Lehenengo Kongresu hartan, Nafarroako Federazioa ere PSEn zegoen», gogoratu du Maturanak, «pentsatzen genuelako ikuspegi politiko eta praktiko batetik lau herrialdeko autonomia batek indar handia izango zuela, nazionalisten ideologiatik harago. Baina, denboraren poderioz, argi gelditu zen Nafarroako burkideak ez zeudela prest horretarako, ez zirela egitasmo horrekin identifikatuta sentitzen».
Ezker abertzalearen «dorpeziari» egozten dio Maturanak Nafarroan izandako bilakaera: «1977ko udan, Askatasunaren Ibilbidea antolatu zuten, eta Nafarroan egin zuten bidea konkista moduko bat izan zen», argudiatu du. «Gainera, ETAk ekinean jarraitu zuen amnistia lortu ondoren ere, eta horrek jendea urrundu egin zuen». Azkenean, eta «eztabaida handiekin», 1982ko ekainean Nafarroako sozialistek euren federazioa sortu zuten, PSEtik aldenduta.
Espainiako Kongresurako 1979ko hauteskundeetan, 245.000 boto lortu zituen PSEk Hego Euskal Herrian, bi urte lehenago baino 77.000 gutxiago. Galera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izan zen -Nafarroan, 1977an baino boto gehiago izan zituzten-. Miccicheren ustez, hauteskunde porrot hori mugarria izan zen PSEren bilakaeran, eta, horrenbestez, itxitzat jotzen du 1977ko Kongresuan irekitako aro hura: «1979an izan zen aldaketa, Txiki Benegas, Maturana, Enrique Casas, Jauregi eta abar konturatu zirenean lerro horrek ez ziela onura elektoralik ekartzen».
Eider Gardiazabalek (Bilbo, 1975) ez du gogoratzen 1977ko kongresu hartan egon ote zen. «Seguru asko bai, txikitan PSEren kongresu eta ekitaldi guztietara eramaten nindutelako», esan du. Izan ere, tradizio sozialista handiko familia batean hazi eta hezi da Gardiazabal: haren aitona Ramon Rubial buruzagi sozialista historikoa izan zen, eta ama, Lentxu Rubial, PSEren senataria izan zen.
Gardiazabalek uste du gaur egungo PSE garai hartan hartu zituzten erabakien emaitza eta ondorio dela: «Alderdia berriztatzeko zimentarriak jarri izan ez balituzte, seguru asko desagertu egingo zen», azaldu du. «Zaila da berrogei urte geroago belaunaldi hark egindako sakrifizioa eta hartutako erantzukizuna baloratzea. Kontuan hartu behar da oso jende gaztea zela: Txiki Benegasek, esaterako, hogeitaka urte izango zituen [1948an jaio zen]. Benetan eskertzekoa da belaunaldi hark egindakoa».
UDAKO SERIEA Mugarriak eta bidegurutzeak (II). PSEren I. Kongresua.
Ideia eta izen berriak garai berrietarako
Sozialistek 1977ko martxoan egin zuten kongresua, eta orduan hartu zuten PSE izendapena; alderdia berriztatzeko prozesu bati ekin zioten, Espainian PSOEk egindakoaren antzeko bati.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu