Hegosudandarren irrika eta ahotsak isilarazita zeuden, eta fakzioen arteko paperezko akordioak aise apurtzen ziren gerra zibilaren garaian. 2015eko hauteskundeak ez ziren egin; horien ordez, Salva Kiir presidenteak eta Riek Machar presidenteordeak bake akordio berri bat sinatu zuten. Handik gutxira,ordea,Kiirrek Machar berriz bota zuen presidenteordetzatik, eta bat-bateko borrokek gerra Jubara eraman zuten; berehala, Ekuatoriara hedatzeko arriskua sumatu zen; bakearen bigarren porrotaren ondoren, Ekuatoriako eliteek ere helburu politikoak lortzeko gerra erabiltzeari ekin zioten, eta 2016an inoiz baino errefuxiatu gehiago zenbatu ziren Ugandako iparraldean. NBE Nazio Batuen Erakundeko agentziek Kongoko ipar-ekialdean hartu zituzten ihesian zebiltzan matxino taldeak. Riek Machar bera ere, ustez zaurituta, Kisanganiko ospitale batera iritsi zen, orduan zabalduriko zurrumurruak egiazkoak baziren.
Bortxakeria sua bezala hedatu zen, geldialdi politikoa, beldurra, segurtasunik eza eta gorrotoa nagusitu ziren heinean. Hego Sudan desintegrazio arriskuan zegoen liderren arteko gatazkaren ondorioz, eta hitz horiekin berberekin aitortu zuen hala zela Salva Kiirrek, 2016ko abenduan, Hego Sudango Elkarrizketa Nazionala ireki zuenean estatu porrotaren sakoneko sustraiak aztertzeko eta zerrapo politikoa apurtzeko. Hitza herritarrei eman nahi zien, ordura arte isilarazitako ahotsek hil ala biziko aldaketarako bidea erakutsi zezaten.
Elkarrizketa Nazionala garatzeko, presidenteak talde zuzendari bat izendatu zuen, eta hamaika helburu zehaztu. Besteak beste, hauek: biolentzia politikoa eta leinuen artekoa amaitzea, armada eraldatzea, batasun nazional indartsuago bat eratzea, estatua berregituratzea, herritarren eta gobernuaren arteko kontratua berritzea, eta aniztasuna kontuan hartuko zuen egitura nahiz baliabideak esleitzeko eta konpartitzeko araudiak garatzen laguntzea.
Elkarrizketaren katarsia
Hego Sudango 77 konderritan egin zituzten kontsultak, 2017tik aurrera, elkarrizketa nazionala bideratzeko. Parte hartzaileei bi galdera sakon egin zizkieten: arazoa zein zen, eta egoera zuzentzeko zer egin ote zitekeen. Orduan jasotako erantzunak irakurtzean nabaria da beldurra gaindituta hitz egin zutela herritarrek, katarsi betean baleude bezala, eta estreinako aldiz adierazpen askatasunerako espazio bat ireki.
Lehenik eta behin, liderren porrota salatu zuten herritarrek, gerra SPLM Sudango Herria Askatzeko Mugimenduaren kulpagatik zela esanez, promesak ez zituela bete, oinarrizko irudipen estrategikoaren falta nabarmena zutela agintariek. Salva Kiirri eta Riek Macharri karguak uzteko eskatzen zieten behin eta berriro.
Hego Sudango askapen mugimenduaren sakoneko helburua herritarren bizitza hobetzea izan zen, petrolioaren onurekin nekazaritza garatzea, hezkuntza eta osasuna zabaltzea... baina, independentziaz geroztik, aurrerabiderik ez zen ikusten. Gizabanakoak galduta zeuden, batasun helbururik gabe, eta ondare moral, politiko, ekonomiko eta kulturala galtzeko zorian. Halaxe erakusten zuen kontsultetan jasotako erantzunen bildumak.
Bi gizonen arteko gatazka
Herritarren ahotsak erantsi zuten, SPLMn tradizio despotikoak nagusitu zirelarik, autoritarismoa garatu zela azken bi hamarkadetan lehia demokratikoa saihesteko, eta konponbidea bi pertsonen arteko gatazka gaindiezinean trabatuta zegoela. Eta, ondorioz, estatua ez zela gai barne kohesioa bermatzeko, ezta lurralde osotasuna eta botere hertsatzailearen monopolioa ziurtatzeko ere.
Administrazio publikoaren maila guztietako hutsegitea ere salatu zuten. Zerbitzu sozialen falta. Ekonomia garatzeko proiekturik ere ez zela; hondatuta zegoela ekonomia. Lanik ez zen sortzen. 2005etik aurrera errepide azpiegiturarik ez zuten eraiki. Estatuaren aurrekontuaren %90 Juba hiriburuan gastatzen zen, eta ur garbi falta ikaragarria zegoen Juban bertan, Bake Akordio Orokorra sinatu zenetik, sei urtean, petrolioaren iturritik gobernuak 20.000 miloi dolar jaso bazituen ere. Funtzionarioek ere ez zituzten soldatak jasotzen. Zuzenbiderik ez, segurtasunik ez. «Hego Sudango estatua kolapsatuta dagoela edo izenez bakarrik existitzen dela esatea ez litzateke exajerazioa», dio orduko irizpenak.
«Arazoa zein den» galderari erantzunez, herritarrek gatazkaren sakoneko kausak mahaigaineratu zituzten. Horien artean, izugarrizko ustelkeria. Agintariek diru publikoa nahi bezala desbideratzen zutela, inbertsio publikoen zantzurik utzi gabe. Gainera, euren legitimitatea onartua izateko, bereizkeria etnikoa erabiliz bilatu zutela herrien babesa. Beste arazo askoren artean, inpunitatea ere aipatzen da orduko irizpenetan: «Krimen izugarriak burutu dituzten asko gobernuko ospetsuak dira orain».
Herriak hitz egin du izena eman zioten txostenari.
Kolapsatutako ekonomia
Herria pobrezia gorrian dago; Munduko Bankuaren esanetan, Hego Sudango biztanleen %82,3 pobreziaren mugaren azpitik bizi dira. Ekonomia kolapsatuta dago eta, aldi berean, laguntza humanitarioenganako dependentzia handia du 1983az geroztik. Eta elikadura segurtasunik ez da, Hego Sudanek goldatu gabeko lur emankor asko baditu ere. Zera dio garai hartako dokumentuak: «Eguneroko janaria mundu zabaleko zerga ordaintzaileengandik jasotako dohaintzei esker jasotzen dugularik, gure balio kolektiboaren sena eta harrotasuna ere irainduak dira. Eta dependentziarekin apurtzeko gaitasun eza eta agintaritzaren eta estatuaren porrota dakartza».
Elkarrizketa Nazionala garatzen zen bitartean, Riek Macharrek erbestean zen 2017tik behintzat, Hegoafrikan— eta Salva Kiirrek akordio berriak sinatu zituzten, Khartumen, 2018ko abuztuan eta irailean, gerra berriz bukatu eta gobernu berri bat sortzeko: Indarberritutako Batasun Nazionalaren Trantsizio Gobernua. Hala ere, bakea iraunkorra izango bazen, hegosudandarren arteko Elkarrizketa Nazionala eliteen arteko negoziazioa bezain garrantzitsua zen, eta eskualdeko konferentzietan elkarretaratu ziren gizarte eragileak, zentzu hertsiko elkarrizketa hasiz.
Konferentzia horietako lehena Bahr el-Ghazaleko Wauen egin zuten, 2019ko otsailean. Herri txikiek, baztertuak ez izatearren, autogobernua eskatzen zuten, eta sistema federala eratzeko proposamenak nabarmendu ziren hastapenetik. Bestetik, integrazio soziala eta garapen ekonomikoa suspertzeko azpiegiturak eraikitzearen beharra nabarmendu zuten. Bigarren konferentzia, Goi Nilokoa, Malakalen egin behar zen, baina hiria suntsituta zegoenez ordezkariei ostatu emateko tokirik ez zegoen eta osasun zerbitzurik ere ez zuenez, Juban bertan egin zuten azkenean, 2019ko maiatzean. Hirugarren konferentzia ere, Ekuatoriakoa, bertan egin zuten.
Iparrorratz berri bat
Azkenik, 2020ko azaroan egin zuten Konferentzia Nazionala. 80 konderritako 520 delegatuk hartu zuten parte. Federalismoaren hautua erabatekoa zen, hauteskunde libre eta zuzenen eskaria bezala. Batasun nazionala gizarte egonkorraren ezinbesteko baldintza dela nabarmentzeaz gainera, delegatuek euren arteko batasun eredugarria erakutsi zuten, adostasunaren bila beti. Gobernantza, segurtasuna, ekonomia eta kohesio soziala idazpuru bezala hartuta, egiazko aldaketa lortzeko iparrorratzak markatu zituzten.
Indarberritutako bake akordio horrek zehaztutako engaiamenduak berretsi eta sakondu zituzten konferentzietan: armadaren bat egitea eta profesionalizatzea, konstituzio berria egitea, lekuz aldatutako milioika desplazatuen itzulera, milizia artzainen desarmatzea, zerga sistema, berradiskidetzea...eta trantsizioa nola burutu eta itxi behar den ere zehaztu zuten orduan.
Erabaki horien guztien gordailua Jubako unibertsitatea da, han gordetzen baitira Elkarrizketa Nazionaleko dokumentu guztiak. Garapena eta bakea lortzeko, bai Salva Kiirrek eta bai Riek Macharrek trantsizioa bukatu orduko agintea utzi behar dutela ezartzen du adostutako testuak. Ezingo dute hauteskundeetara aurkeztu, bata bestearen kontra lehiatzen badira behintzat. Hala ere, ezin da jakin Elkarrizketa Nazionalaren ebazpenak noiz sartuko diren indarrean, orain arteko engaiamendu idatziak maiz promesa hutsak izan direlako munduko estaturik berrienean. Bitartean, presidente jarraitzen du Kiirrek, eta presidenteorde Macharrek.
Bihar: Etorkizunera begirako erronkak.
UDAKO SERIEA. Hego Sudan, independentziatik hamar urtera (III). Elkarrizketa nazionala.
Herriak hitz egin du
Ekonomia kolapsatuta, gerra zibil batean, egoerak gainezka egin zuen 2016an, eta Salva Kiir presidenteak elkarrizketa nazionala hasi zuen. Herritarrek beldurrak astindu zituzten, eta porrot egiten ari zen estatu baten erradiografia gordina egin zuten, agintariak seinalatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu